D ereduko geletan ikasleek irakasleei gaztelaniaz? (Arrue txostenetik datu bat)

Duela egun gutxi post hau argitaratu nuen: Elkarrizketan amak euskaraz eta semeak gaztelaniaz. (TELP estrategiak seme-alabekin?). Bertan nire kezka agertzen nuen euskaraz mintzatzen diren guraso batzuek onartzen dutelako haien umeek haiekin gaztelaniaz aritzea.

Gertatuko da gauza bera irakasleekin D ereduko ikasgela batzuetan?

Arrue proiektuaren txostena kaleratu berri da: Ebaluazio diagnostikoa 2011: ikasleen hizkuntza erabilera datuak.

Oso interesgarria. Eta kezkagarria aldi berean. Argi eta garbi umeen euskara erabilpena ez da suziriak botatzeko modukoa, eta nabarmen jaisten da LHko 4. mailatik DBHko 2. mailara (horiexek dira, hain zuzen, aztertu diren mailak).

Txostena aurkezteko prentsaurrekoan irakasleen lana goraipatu da:

“Bi irakatsaldietan joera oso argia da irakasleari euskaraz egitea […]. Argia da ondorioa: ikasle asko, nahiz eta ikaskideekin gaztelania erabili, euskaraz aritzen dira maisu-maistrekin hitz egitean. […]  Maisu-maistrek egindako lana goraipatu dute datuak ikusita, euskararekin izan duten atxikimendua. Baztarrikak adierazi du hori dela gakoa: «Ezinbestekoa da herritarren atxikimendua, borondatea. Euskarak erakargarri izan behar du, seduzitu egin behar du».

Badago, baina, beste datu bat agian hausnarketa merezi duenik. Ikerketak honako hau dio:

-LHko 4. mailan, ume guztien %64 daude D ereduan.  Baina umeei galdetzen zaienean zein hizkuntzatan hitz egiten dieten haiek irakasleei GELA BARRUAN, beti euskaraz erantzuten dutenak %53 dira!

(Eta euskaraz gehiago gaztelaniaz baino %20,5 dira, bietan %13,1, gaztelaniaz gehiago %7,1, beti gaztelaniaz /5,8, beste hizkuntza batean %0,5).

-DBHko 2. mailan , gazte guztien %58,8 daude D ereduan.  Baina gazteei galdetzen zaienean zein hizkuntzatan hitz egiten dieten haiek irakasleei GELA BARRUAN, beti euskaraz erantzuten dutenak dira %36,5!

(Eta euskaraz gehiago gaztelaniaz baino %24,5, bietan %12,6, gaztelaniaz gehiago %13,2, beti gaztelaniaz /12,7, beste hizkuntza batean %0,5).

Nire ondorioa da D ereduko gela batzuetan gertatzen dela ikasleak gaztelaniaz aritzea irakaslearekin, batez ere DBHn. Ez dakigu irakasleak ere gaztelaniaz hitz egiten duelako edo, berak euskara erabilita ere, onartzen duelako ikasleak berari gaztelaniaz zuzentzea. (Etorkinen datuak ez du aldea erabat azaltzen: Hegoamerikatik etorritako ikasle iritsi berriak ez dira horrenbeste).

Hamaika galdera sortzen zaizkit:

-Ze oinarri pedagogikok azaltzen du D ereduko geletan ikasleek irakasleekin euskara ez erabiltzea?

-Zein da hizkuntza jokaera hori daukaten irakasleen azalpena? (Ikertzea merezi duela uste dut).

-Lotuta dago jokaera hori “tolerantziaren” paradigmarekin, alegia, ezin dela ikaslea ia ezertara behartu, eta ikasleak ez badu nahi, ez du nahi eta errespetatu behar da? (Seme-alaben erantzunak gaztelaniaz onartzen dituzten gurasoen kasuak azaltzeko, hori da nire hipotesi nagusia).

-Aurrekoarekin lotuta: pentsatuko dute irakasle horiek umeekin estrategia bakarra motibatzea eta erakartzea edo seduzitzea dela? (Elebakarrek hori esaten dutenean , deseroso sentitzen gara euskaldun batzuk, baina ez al daukagu geuk ere oso barneratuta gure estrategia bakarra motibatzea izan behar dela, eta ez presiorik egitea?).

-Irakasle horiek hala uste badute, orokorrean aplikatzen dute “tolerantziaren” paradigma, edo euskararen erabilpenari aplikatzen al diote batez ere edo soilik?

-Zer dauka txarrik presioa egiteak?

-British School bateko ikasle bati onartzen al zaio eskolako hizkuntzan irakasleari ez hitz egitea gela barruan?

-Non ikasi behar dute umeek eta gazteek gutxieneko “euskaraz ari zaidanari nik euskaraz egiten diot”?

Esta entrada fue publicada en anitzak. Guarda el enlace permanente.

4 respuestas a D ereduko geletan ikasleek irakasleei gaztelaniaz? (Arrue txostenetik datu bat)

  1. Itziar dijo:

    Batzuetan zenbakiak hotz-hotzak suertatzen dira. Ez dakit zer gertatzen den D ereduko gela guztietan, bai ordea nire alabaren gelan, adibidez. Beti euskeraz. Gure kasuan lehen lerroetan aipatutako kasua ematen da. Nik berari euskeraz eta berak niri gaztelaniaz. Zergatik?
    Jaio zenetik bion artean, ama-alabaren arteko harremanetan, beti euskeraz. Plisti-plasta, lotara, kendu, etorri bihotza, jan, ez ikutu, ziren gure harreman-mailan erabiltzen genituen hitzak. Baina hiru urte bete zituenean aurpegiratu zidan: Zergatik zuk aitarekin gaztelaniaz eta nirekin euskeraz? – Aitak ez dakielako, maitea. – Ba ni ez dut desberdina izan nahi. Zuen artean gaztelaniaz, nirekin ere bai.
    Komentatu nion andereñoari, eta serio serio niri begira, errekonozitu zidan: Ba, egia esan, arrazoi osoa du umeak.
    Horrez gero alabak bere erabakia hartu zuen, nik errespetatzen dudana, eta berak ere neurea errespetatzen du.
    Ez dut uste horrenbesteko garrantzirik eman behar zaienik zenbakiei. Hobe genuke norberari nahi duen eran hitzegiten onartzea, azken finean euskara, gaztelania edo edozein hizkuntza bai, baina batez ere, gure arrazoiak eta gure irizpideak izateko eskubidea, eta gure askatasuna maite dugu.
    Agurra

  2. Esti dijo:

    Esperientziatik mintzo naiz: ikasgelan ikasleak euskara erabiltzera behartuta sentitzen dira eta horrek ez duela hura hizkuntza (hots, komunikazio tresna) moduan antzematen laguntzen (iruditzen zait sentipen hori gizartean euskararen inguruan dauden diskurtsoen isla dela: euskara nazioaren izenean saltzen zaigu, ez komunikazio tresna bezala. Niri, euskaldun aktibo izan arren, nekagarria egiten zait planteamendu hori). Hizkuntza klase bi eman nituen aurreko seihilabetekoan (thank God ez dut horrelakorik berriro egin beharko) eta bi ikasle kenduta gainerakoak klasean zeuden “requirement” bat zelako (pd. AEBetako unibertsitate batean nabil). Ondorioa: kurtso hasieran gorrotatu egiten zuten hizkuntza jakin hori eta klasea gainditzea beste helbururik ez zuten (normala dena, niri beste horrenbeste gertatzen baitzitzaidan matematikekin institutuan). Euren pertzepzioa aldatzea izan zen nire zeregin nagusia seihilabetekoan zehar, alde batera utzita zuzentasuna (helburua zen haiek hitz eginaraztea target hizkuntzan, ez beren hankasartzeak agerian uztea eta uneoro haiek zuzentzea, euskararekin egiten dena/duguna). Eta bai, haietako batzuk maiz ingelesez aritzen ziren euren artean eta baita nirekin ere, jakin arren beren parte-hartze nota ez zela ona izango. Baina nola aldatu hori, hizkuntza klase bat denean, alegia, hizkuntza ez denean giro natural batean aurkezten baizik eta ikasgelan? ikasgelaren arauak denok dakizkigu (jende honi Foucaultek presondegi eta ikasgelaren arteko harremanari buruzkoa azaldu beharko zaie). Zer izan behar du irakasleak, polizia? Frankismo garaiko metodoetara itzuli behar dugu, ala?

    Oharra: gaia konplexua da, are gehiago hizkuntza minoritario bati buruz ari garela kontuan hartuta. Neurriak beharrezkoak dira, baina iruditzen zait pedagogikoagoak izan behar dugula. Hau da, tonua (autoritarismoa baztertu) eta teknikak (zigorren ordez bestelako metodoak asmatu) zaindu behar ditugu. Bi arlo horietan lan dezente dugu egiteko. Ta ez zait balio esatea “besteek hala egin badute guk zergatik ez?”, nazioaren inguruko mitoei buruz azkenaldian hainbat esaten ibili diren bezala. Bada ezin dugu horrelakorik ametitu bestelako kontzientzia dugulako gaur egun, eta ohartu egiten baikara noiz ari zaiguten arrain usteldua saltzen. Gure arraina izateak ez du kiratsa desagerrarazten laguntzen. Arrazakeria (ikus Ana Urkizaren azken perla) arrazakeria izango da, berdin du zein den diskurtsoaren bozeramailea (Fanonek esan bezala, beltzak ere arrazistak izan daitezke eta badira). Hainbeste kritikatu ditugu frankismoaren teknikak autoritarioak/kolonialak zirelako, eta gu haiek errepikatzetik gertu gaude (eta errepikatu ere egin ditugu: haur eskolako oroitzapen traumatikoena irakasleak gazteleraz hitz egiteagatik zigortzen gintuenekoa da). Nola borrokatu euskararen kontrako aurreritziak euskara ez diren hizkuntzei euskarari berari aplikatu zaizkion neurriak (zigorra, ezinikusia) euskara ez diren hizkuntzei aplikatzen bazaizkie? Ez al dugu modu horretan neurri horien erabilera justifikatzen eta egia bilakatzen? Ez al dugu aitortzen hizkuntza batzuk baliogarriagoak direla, hobeak direla? (Bestetik, ezin dugu ahaztu ingelesak, espanierak, eta “mainstream language” bezala ezagutzen ditugun hizkuntzentzat “funtziona” dezakeela errepresioaren metodoak, aparatu politiko, ekonomiko eta sozial indartsua dutelako atzean–horrek, jakina, ez du esan nahi metodo onargarria denik–baina gure kasuan, erabat kontraproduzentea da: sinesgarritasuna galdu ez ezik oso postura konprometigarrian jartzen gaitu). Yasemin Yildiz irakaslearen “Beyond the Mother Tongue: the Postmonolingual Condition” liburuaren aurkezpenean egon nintzen duela egun batzuk, eta berak esan zuenez oraindik ere monolingualismoaren logikaren barruan operatzen jarraitzen dugu nahiz eta gaur egun talde gutxi batzuk dira erabat monolingualak direnak. Nazioaren izenean tematzen gara hizkuntza bakar/unibertsala defendatzera, errealitatea kontrakoa denean. Hizkuntza minoritarioentzat horretaz jabetzea ezinbestekoa da, monolingualismoaren logikari lotuta jarraitzen badugu galtzeko guztiak ditugulako. Nire ustez, aztertzekoa dena da nola euskara integratu errealitate hizkuntz aniztun horretan, eta ez nola euskara Hizkuntza (bakarra, nagusia, nazionala) bilakatu.

  3. Amelia Barquín dijo:

    Umeak, euskaren erabilpena eta hezkuntza. Horiexek dira, agian, eztabaida honetako gakoak. Zer pentsaturik eman didate komentario batzuek. Gauza batzuk hobeto ulertzen lagundu didate.
    Haratago joan nahian bi esaldi hauetatik (beti ere testuingurutik atera gabe) abiatu nahiko nuke:

    Hobe genuke norberari nahi duen eran hitzegiten onartzea, azken finean euskara, gaztelania edo edozein hizkuntza bai, baina batez ere, gure arrazoiak eta gure irizpideak izateko eskubidea, eta gure askatasuna maite dugu. (Itziar)
    […] ikasgelan ikasleak euskara erabiltzera behartuta sentitzen dira eta horrek ez duela hura hizkuntza (hots, komunikazio tresna) moduan antzematen laguntzen […]. (Esti)

    Galdera gehiago etortzen zaizkit burura:

    -Zer da hezkuntza? Uste dugu oraindik balio batzuetan oinarritu ahal dela (hori esaten dugu batzuok oraindik irakasle ikasketetan)? Edo gure gizarte likido honetan (non dena –Zygmunt Baumanek azaltzen duen bezala–, azkar kontsumitzen den merkantzia den, eta ez dagoen ezagutza, lotura, konpromiso finkorik), hezkuntza ere erabat likidoa izan behar da, balio sendorik gabe, helmugarik gabe, proiektu konpartiturik gabe?

    -Badakigu maparik ez dela egongo, baina ez dugu ipar-orratzik beharko?

    -Balio batzuk baleude hezkuntzan (hori onartuko bagenu), gazteek nola barneratzen dituzte? Hezkuntzak zerbait bultzatu behar du eta pertsonengan eragin behar du? Edo erakutsi behar du soilik zer dagoen gizartean?

    -Ez al dira umeak eta gazteak eragin sendoak jasotzen ari beste hainbat instantziatatik, eta haiek sendo esaten diete nola bizi eta zer eta nola kontsumitu behar duten? Haiek eragin bai eta hezitzaileok ez?

    -Seme-alaba txikiei telebista gauean ikusten ez uztea, Disney Channel telebistaren aldagailutik kentzea, nintendoaren orduak asteburura mugatzea, Monster High panpin guztiak ez erostea, umeekin etxeko garbiketan kolaborazioa konpartitzea, hitz egitean besteen txandak errespetatzea (gehi ume batzuek beti oso gustura onartzen ez duten guztia; jarri hemen nahi duzuena, hezitzaile/guraso bakoitzarentzat garrantzitsua izan daitekeena)… Hori guztia egitea ez da batzuetan erakustearen ondorioa, eragitearen ondorioa da. Presioari erantzuten dio askotan, ez bakarrik sedukzioari, eredua emateari, motibazioa lantzeari, metodologia bikaina erabiltzeari. Zilegi da horretan guztian eragitea?

    -Dendetan lehenengo hitza euskaraz egitea zer da? Gurasoen elkartearen bileran euskaldunak hitz batzuk euskaraz esatea, nahiz eta denek ulertu ez, zer da? Santander bankutik dirua beste leku batera eramatea? Superfizie handietan erosketa guztiak ez egitea, komertzio txikiak biziraun dezan…? Jendeak horrelako gauzak egiten ditu herritar moduan jabetzen edo ahalmentzen denean. Hori guztia zer da? Ez da eragitea, ez da presioa egitea mundua eraldatzen joateko hein txiki batean bada ere? Eragitea ez da egokia ez delako nahiko postmoa, nahiko guaya, nahiko arina, besteekin nahiko errespetuzkoa? Eragitea erradikala da? Edo erradikala (“erroetara joaten dena”) da?

    -Euskararen erabilpenak alderdi asko dauzka hezkuntzarekin lotuta, dudarik gabe. Ez naiz zentratuko orain alderdi metodologikoetan eta motibazionaletan (denok kontziente gara ze garrantzitsuak diren eta honako eztabaida hau ez da hori). Oraingo gakoa beste nonbait dago: txandak gelan errespetaraztea autoritarioa da? D ereduko DBHko gela barruko komunikazio hizkuntza euskara izatea autoritarioa da? Guraso batek bere umearekin komunikazioa euskaran oinarritzea autoritarioa da? (Beti ere hori baldin bada guraso horrek bultzatu nahi duena; bestela ez, noski).

    -Nik neuk nahiko nuke D ereduko gelan nire umeek eta haien gelakideek irakasleari euskaraz hitz egitea. (Izan ere, orain dela gutxi konturatu naiz hori ez gertatzea posible dela, Arrue txostenari esker, hain zuzen). D eredua aukeratu dugu haientzat eta ez beste bat. Tira, nik neuk nahi nuke irakasleak eragitea, hainbat arlotan eragitea, eta horretan ere bai.

    Baina ikusten dut ez gaudela horretan ados… Nahiko nuke elkarrizketa honek jarraitzea eta beste ikuspegi batzuk jaso…🙂

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s