Musika, euskara, generoak … Gasteizko Inauterietako desfilea. (Zer ikasten dute umeek?)

Igandea da eta gaur eguerdian konpartsen desfilea ikusi dut Gasteizen. Lagun batzuekin espaloian leku on bat bilatu  eta, aurreko urteetan bezala, hotzak lagun, desfilea oso osorik irentsi dut. Ordu eta erdi, aurten azkar joan da eta. Aurrean dauzkagun umeek primeran pasatu dute, eta neuk ere dantza apur bat egin dut, libertitzeko eta freskotxotik defenditzeko asmoz.

Irakurleak badaki kontua nola doan. Kasu honetan 20 konpartsa izan dira (auzoak, parrokiak, elkarteak, ikastetxeak…). Bakoitzak mozorrotzeko motibo bat dauka, eta gutxienez bi kanta aukeratu ditu partaide guztiek aldi berean dantzatzeko, musika ekipo indartsu baten bidez entzunarazten direnak. Konpartsa bakoitzaren aurrean karroza bat joaten da non lagun batek edo bik bere konpartsako kide guztiei koreografia gogorarazten dieten.

“Zer ikasten ari dira umeak?” Galdera horrekin behatzen dut askotan aurrean daukadan errealitatea. Esan gabe doa umeak eta gazteak etengabe ikasten ari direla errealitatearen eta pertsonen harremanen inguruan (besteok ere bai, ez zait ahazten), eta jarduera ororen bidez informazioa eta balioak heltzen zaizkiela. Gaur ume asko zeuden bai desfilean bai ikusleen artean, eta begi horiekin aztertu dut jarduera: zer ikasten ari dira desfilean parte hartzen duten umeek? Zer ikasten ari dira desfilea ikusten duten umeek?

Abestiak. Entzun dudana mainstream musika izan da, radioformuletan entzuten dena. LMFAOren I´m sexy and I know it eta PSYren Gnamnam Style abesti biralak ez dira faltatu, ezta beste garai bateko Tengo un tractor amarillo edo Michael Jacksonen Thriller. Baina musika latinoa eta regetoia izan da musikarik entzunena. Hona hemen titulu esanguratsu batzuk: Tacata, Checherereche, Rayos de sol, Sube las manos p´arriba… Gogoratzen ditut pasa den urteko Una vaina loca, Danza Kuduro… Aurten ere nire buruari galdetu diot ea umeek eta gazteek abesti horien bideoak youtuben behin baino gehiagotan ikusi dituzten, abestiak hobeto barneratzeko asmoz. Irakurleak unetxo bat baldin badauka, baten bat ikustera gonbidatzen dut, haietan zabaltzen diren emakumeen (eta gizonen) irudiak eta rolak aztertu ahal izateko. Ugariak dira, adibidez, bikiniz jantzikako emakume gazte eta mardulak, trafikante txuloen itxura daukaten gizonezko kantariei gustua emateko prest. Zelako bazka ume eta gaztetxoentzat…

Euskara. Abesti guztiak gaztelaniaz eta ingelesez egon dira. Bestela esanda, ez dut abesti bakar bat ere euskaraz entzun. Nik neuk behintzat ez. Ordu eta erdian. Lau ikastetxek (gurasoen elkarteek, zehatzak izateko), bi eskaut taldek eta aisialdiko talde batek parte hartuta ere. Nire ustez, gaur zerbait garrantzitsua ikasi dute umeek euskararen erabilpenaren inguruan. Edo zekitena konfirmatu dute, berriro ere.

Ea zerbaitek adierazten zuen Santanderreko, Zamorako edo Soriako desfilea ez zenik? Hizkuntzaren aldetik ezerk ez. Baina bestela, bai, detailetxo bat: konpartsa baten lehenengo ordezkariek ikurrina bat zeramaten eskuetan, Gasteiz eta Arabako Integraziorako Elkarte Dominikarraren (ADIVAren) ordezkariek , hain zuzen. Paradoxa majoa, e?

Generoak. Lehen esan bezala, abestien aukeraketaren bidez (eta atzean dauden bideoklipen bidez) asko ikasten ari dira umeak emakumeei eta gizonei buruz eta haien arteko harremanei buruz. Mozorroen aukeraketaren bidez ere bai. Konpartsa gutxitan zegoen mozorro berbera partaide guztientzako (batean denak ziren soldadu napoleonikoak, beste batean eskimalak…). Beste batzuetan posible zen generorik gabeko mozorroa eramatea (txori koloredunarena). Konpartsa gehienetan, berriz,  emakumeek eta gizonek mozorro desberdina zeramaten, generikoki determinatuta. Kasuren batean mozorro berbera izan arren, emakumeek gonatxo bat eramaten zuten, bereizi ahal izateko.

Inauterietan derrigorrezko dimorfismo hori ikustean, beti sortzen zaizkit zalantza berberak. Ze leku dauka queer-a den umeak, tokatzen zaizkion praka eta kapela edo gona eta diadema eramaten gustura sentitzen ez denak? Ze askatasun dauka ume bakoitzak nahi duena aukeratzeko edo generikoki bere burua ez sailkatzeko? Bestalde, egokia da ume bakoitzari generikoki “dagozkion” konbentzioekin derrigorrez hornitzea momentu oro? Zergatik ez aukeratzea umeak eta gazteak generikoki halabeharrez definitzeko eskatzen ez duen mozorrotzeko motibo bat? Queer militanteek esaten dute “binarismoak gaixotzen gaituela”. Hori egia dela uste dugunok kezkarekin ikusten ditugu binarismo hori bultzatzen dituzten esparruak.

Genero “transgresio” gutxi ikusi dut desfilean: emakume batzuek “gizonen arropa” eramaten eta gizon gutxi batzuek “emakumeen soinekoak” eramaten. Hori bai, azkeneko horiek beti geratzen dira barregarri: gizonentzat “emakumeen” gauzak erabiltzea mailaz jaistea da eta txantxa sortzen du.

Azkenik, ekonomikoki eta sozialki pairatzen ari garen garai latzei erreferentziarik egon den? Gutxi batzuk. “Carpe diem” antzerki et kultur taldearen karrozaren atzeko partean “Stop deshaucios” irakur zitekeen , eta Abetxuko auzoarenean “RIP recortes”. Horretaz gain ez dut gehiegi nabaritu 2013 gorrian gaudela eta ez 2007 puztuan.

Hemen nire harridura aitortu behar dut. Alde batetik argi ikusten dut ze ahalegin dagoen konpartsa bakoitzaren desfilearen atzean: mozorroa aukeratzeko, lortzeko edota josteko, abestiak hautatzeko, koreografiak asmatzeko eta ikasteko, desfilean bertan parte hartzeko… Zenbat ordu, zenbat igande urritik hona. Baina diziplinaz gain, lidergoa ere ikusi dut, eta auto-antolakuntza ere bai. Alegia gizarte zibilaren ezaugarri nabarienak. Eta urtero bezala, gaur eguerdian ere pentsatu dut 4.000 lagun hauek udaletxearen edo banketxe baten aurrean jarriko balira aldarrikapen baten inguruan, agian eskatutakoa lortu egingo luketela. Murrizketa sozialen kontra udaletxearen atarian, adibidez, horrela jantzita eta musikaz lagunduta, nahiko balute.  Esan bezala, herritarren ahalegina, diziplina eta lidergoa ikusi ditut gaur desfilearen atzean. Eguna iritsiko da non ludikoak soilik ez diren egitasmoetan ere horrela jokatuko dugun?

Hori guztia ikusi dut gaur eguerdian; detaile garrantzitsu askok, ziur aski, ihes egin didate. Hala ere, ziur nago gaurko desfilean ere umeek eta gazteek zerbait ikasteko aukera izan dutela hainbat arlotan.

(Testu honen bertsio laburragoa Berria egunkarian argitaratu da, 2013-2-17ko edizioan)

Esta entrada fue publicada en anitzak y etiquetada , , , . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s