Neska gazteak dantzan: talde koreografiak eta «enpowerment»

Aurreko post-arekin lotuta, irakaslea den lagun batek komentatzen zidan beste eredu batzuk behar dituztela gazteek, beste bideoklip batzuk non emakumeak eta gizonak ez dituzten estereotipoak haragitzen. (Irakasleok ere behar ditugu, gazteei proposatu ahal izateko). Ez naiz hitz egiten ari material didaktikoez, sexismoa lantzeko materialez, material musikal arruntez baizik, non neskak ez diren momentu oro SEXY edota TXEPEL agertzen, besteak beste…

Boteprontoan bideoklip bakar bat aipatu ahal izan diot nire lagunari: Zea Mays-en Negua joan da ta. Izugarrizko arrakasta izan du klipak gazteen artean, eta hainbat neskak Ainhoa Moiuaren mugimenduak ikasi dituzte. Horrelako produktu kultural batek eduki dezakeen zeharkako eragin positiboa izugarria da. Egia da bideoklip hori berezia dela bere generoan, baina gaztetxoentzat horren majoak diren beste hainbat egon behar dira, diot nik; ea zerrendatxo bat osatzen joaten naizen…

Tira, kontu honekin lotutako gai batekin nator gaur: nesken taldeen koreografiak festetan eta festibaletan.

Ostiral arratsaldean festibal batean egon nintzen, non auzo bateko aisialdi programako taldeek hartzen zuten parte eta ikuskizuna eskaini zuten: zirku taldeko umeek, bertsolaritza eskolako gaztetxoek, dantza taldeko neskatxoek… Festa eta giro bikainak, alajaina!

Bertan parte hartu zuen dantza taldearen koreografiak azken urteotan hainbat lekutan ikusten ari naizen zerbaitez hitz egiteko aukera ematen dit: nesken taldeen dantza estiloaz hain zuzen. Auzoko festetan eta festibaletan ikusten ditut neska gazteek osatutako taldeak eta beti sentsazio berbera izaten dut: “uf, ahalegin majoa dago hemen, baina ez, hau ez da kontua…”.

Kanta oso desberdinak aukeratu daitezke eta horrek eragina dauka, dudarik gabe, baina dantza estiloa antzekoa da eta goiko adjektiboak etortzen zaizkit beti gogora: sexya eta txepela.

SEXYA

Neskak ez ditut dantzan erabat eroso ikusten: jakinda edo jakin gabe, sexy agertzeko ahalegina dago lotuta koreografia eta janzkerarekin, baina gaztetxoak baino ez dira eta ez dute mugimendu sexy horietan konbentzimendurik erakusten. Apur bat lotsatuta ikusten ditut, haien mugimendu horiek bukaerara eraman gabe. Azken finean publikoan pertsona nagusiak daude, eta haien laguntxoak ere bai, haien adineko neskak eta mutilak: talde horren aurrean sexualki agertzea ez da erosoa. Izan ere, mutil batzuek mugimendu horiek  imitatu ahal dituzte, dantzariak barregarri uzteko asmoz. Desegokitasun puntu bat dabil airean: publikoan dauden neska batzuek irribarre batzuk trukatzen dituzte eta guraso batzuek ere elkarri begiratzen diote.

TXEPELA

Baina niretzat esanguratsuena beste zerbait da. Nola esango nuke?: dantza “ahula” da. Adin horretan hain –eta bereziki neska askorentzat– garrantzitsua den “hemen nago ni” edo “hemen gaude gu” (autoestima, autoafirmazioa) ez dago presente estilo horretan; ez da inolaz ere transmititzen. Menpeko dantza da, edo menpekoen dantza, nahi badugu, beste batzuen desio sexualaren menpekoa. Ez du  esaten “boteretsua naiz” baizik eta “sexualki mutil batzuen gustukoa izan nahi dut”.  Nahiko inkontzienteki izango da agian, zeren kontzienteki egiten dena da bideoklipetan agertzen diren emakumeen mugimenduak imitatzea. Izan ere, mutil batek nekez dantzatuko luke horrela, barregarri geratzeko beldurrez. Gure etxeko gaztetxoak ere auzo lotsa eta erruki apur batekin behatzen ditu dantzariak.

Baina hori al da gaurko neskek behar dutena? Zergatik ez sentitu “empowerment-a” dantzaren bidez?

(Euskaraz “jabekuntza” eta “ahalmentzea” hitzak sortu dira empowerment edo empoderamiento izendatzeko. Termino horietan, baina, “botere” hitza ez dago presente… Niretzat pena da. Botere kontzeptuari beldurrik ote diogu? Zer dauka txarrik?).

Interneten nabigatzen beste eredu batzuen bila, Ciudad Realeko Royal groove zone taldearekin egin dut topo eta dantza egiteko beste modu batzuk aurkitu ditut: Sarak asmatutakoa, Lil Glam-ek asmatutakoa, Mcube-k asmatutakoa  eta Lil Glam-en beste bat. Taldearen webean beste koreografia batzuk ere aurkitu daitezke (hemen).

Lagun batek esaten dit dantza hauen estiloa maskulinoa dela… Ez nago oso ados. Nire ustez gehienek indarra adierazten dute eta aniztasunaren aukera ere bai (janzteko, nork bere ukituarekin dantzatzeko…). Koreografiok ez dira txepelak eta ez dira “sexyak” modu konbentzionalean, baina gorputzaren ederra transmititzen dute, eta nola! Dantzariak potenteak dira, erakargarriak…

Tira, badagoela bizitza dantzaria Rihannaz haratago.

Ez dakit zuek nola ikusiko duzuen…

(Baaaale, abesti gehienak mainstream-mainstream dira, eta bideo original gehienak eta haien letra asko benetan puaajjjjj dira. Gainera, Royal groove zone erakundearen ingelesezko musikarekiko zaletasun itzelaz ere hitz egin daiteke. Bueno, bueno, dena aldi berean ez, ni gaur neskek eta mutilek nola dantzatzen duten fijatuko naiz. Zooooragarria!).

Esta entrada fue publicada en anitzak. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Salir /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Salir /  Cambiar )

Conectando a %s