“Ospitalera joan behar dut”. Genero aginduak ospitalizazioaren aurrean…

Image

(Emakume gorputzak ospitalean…).

Pasa den astean ebakuntza bat egin behar zidaten eta banekien ospitalean egun batzuk emango nituela. Aurreko egunetan dena prestatu behar izan nuen gero eroso egoteko, lehendabizi ospitalean eta baita etxera bueltan ere.

Etxea esparru pribatua da; ospitalea, berriz, publikoa. Horrek ondorioak dauzka, argi eta garbi konturatu naizenez. Nola sentitu eroso ospitalean? Zer behar nuen horretarako?

Arroparen gaia: kamisoi batzuk eta kulero batzuk erosi behar nituen. Kuleroak banituen, bale, baina kulero zuriak erostera atera nintzen; nola jantziko nituen ospitalean nire kulero beltzak? Zuriak izan behar zuten. Kolore eta forma soiletako kamisoiak ere erosi behar nituen; nire lo egiteko kamiseta ilunek ez zuten ospitalerako balio.

Ileen gaia: ilez betetako hankekin nola jokatu (“bilo” hitza suabeegia da ziur aski). Erabaki salomonikoa: belaunetaraino soilik depilatu, alegia, kamisoiek estali gabe utziko zuten tartea lumatu. Ebakuntza-gelan arroparik gabe ikusiko ninduten zirujauek, bai, baina kalkulatu nuen ez zitzaiela gehiegi inportako nire hankak goitik behera eta akatsik gabe depilatuta ez egotea elkarrekin egongo ginen tarte laburrean. Nik denbora hori lotan pasatu behar nuenez, nire aldetik ere arazorik ez.

Besapeen depilazioa alboratu nuen (ez dut inoiz egiten, luzea izango litzateke orain azaltzea): bular batean zenez ebakuntza, imajinatu nuen ospitalean moztuko zizkidatela besapeko ile horiek. Besapeak, beraz, bakean utzi nituen, baina ez gaian apur bat pentsatu baino lehen.

Ospitalera joan baino egun batzuk lehenago ilea hennaz tindatu nuen eta apur bat moztu ere. Ez nekien ze umore izango nuen ebakuntzaren ondorengo hurrengo asteetan, eta hobe tarte baterako kontu hori konponduta uztea. 

Zertarako kalkulu eta buelta hauek guztiak? Hain zuzen, ospitaleko egonaldian arretarik ez erakartzeko nire itxuraren gain, baloraziozko begiradak (kritikoak?) ekiditeko. “Neutroa” (kar kar) izateko. Edo, nahi badugu, emakume onaren edo egokiaren (edo garbiaren) itxura ospitalean emateko, leku batean non desabantailan gauden, non beste batzuek gure osasunaren alde lan egin behar duten gu ahul –fisiko eta psikologikoki– sentitzen garen bitartean. Non osasun langile horien sinpatia eta beroa sentitu nahi ditugun. Leku batean non bisitak jaso behar ditugun, gure amarena edo aitaginarrebarena barne, adibidez. Buf.

Eta ospitalean gaixo on edo egoki moduan agertzeko era generikoa da, nire ustez: emakume moduan zegokidana planteatu zitzaidan eta bizitzan zehar barneratutakoa martxan jarri zitzaidan.

Ospitaleko gelan zegoen aldameneko emakumea urgentziaz sartu zen; apain-apain depilatuta zeuzkan hankak (osorik, ez nik bezala) eta imajinatzen dut kulero diskretuak eramango zituela kolore eta forma soilak zituen bere kamisoiaren azpian.

Besapeko ileak egin zizkidan erizaina harrituta gelditu zen ni ikustean: “emakume gehienak etortzen dira hona ile bat gabe gorputz osoan”. (Orduan neu gelditu nintzen harrituta).

Ze prestaketa egingo dute beste emakumeek ospitalera joan baino lehen? Nireak bezalakoak edo antzekoak? Ezagutzen ditudan gizonek ez dut uste horrela jokatuko zutenik. Edo erratuta nago? Beste agindu batzuk sentituko dituzte?

Prestaketak egin ahala, pentsatu nuen genero aginduei obeditzen ari nintzaiela: emakume ona/egokia/garbia/beharbezalakoa izateko baldintzak betetzen ari nintzela. Egiten ari nintzenaz kontzientea nintzen, baina hala ere egin egin nuen: ez nintzen ospitalera joan nire kulero beltzekin, nire lo egiteko kamiseta ilunekin ez nire hanketako betiko ileekin. Eroso eta deskantsatuta egon nahi nuen ospitalean.

Zenbat lan, deskantsatu ahal izateko. Redio.

 

Esta entrada fue publicada en anitzak y etiquetada , , , . Guarda el enlace permanente.

8 respuestas a “Ospitalera joan behar dut”. Genero aginduak ospitalizazioaren aurrean…

  1. Angel dijo:

    Ongi adierazten du artikuluak zein nekagarria den genero aginduei obeditzea, eta zer kasu zehatz eta delikatutan men (kasu honetan, women) egiten diegun. Neure buruari galdetu diot ospitaleratzekotan, edo ospitaleratu nautenean, honelakoei kasu egin ote diedan. Bilogintza ez ohi dut bereziki zaindu, bizarra ongi egina, ohi baino hobeki, alegia, eramateaz arduratuko nintzen arren, zuk diozun higiene-irudia emateko (nago holakoetan ez dagoela moden edo hipsterkerien xehetasunetan sartzerik). Dena den, [confession warning!!!] gorputza depilatzen ez badut ere, hala egitera, baliteke ospitalera joan aurretiko asteetan ez egitea, kirolaria izatearen aitzakia nigan sinesgarria ez denez gero. Honekin ez dut esan nahi ilearen kezka genero bakoitzak berdin bizi duenik.

  2. ana morales dijo:

    Bikain laburbildurik: zenbat lan deskantsatzeko! Eta halako erabakiak ez dira bakarrik hartzen ospitalerako: emakume askok medikuarenera, fisioarenera edo masajistarenera joateko ere hartzen dituzte. Nire lankide batek normalean ez du titizorrorik erabiltzen, baina laneko errebisioa daukagunean jantzi egiten du, medikuak zer pentsatuko beldurrez.
    Eta ez, ez dut uste gizonek horretaz pentsatzeko tarterik ere hartzen dutenik halako egoeretan.

  3. Goio Arana dijo:

    Ba, ez akaso maila berdinean, baina, gizakumeok ere nik uste dut horrelakoetarako prestatzen garela normalean baino gehiago: bizarra egin, arropa garbia hartu, alegia, kurioso joan.

    Akaso, ez da “genero” kontua bakarrik, “klase” kontua ere izan daiteke. Badakizue, medikuaren aurrean dotore egon behar…

  4. Ba bai. Oso bikain laburbildurik.
    Besarkada handi bat eta deskantsatu, majerrima!

  5. Marijo dijo:

    ai, maitia, ezin ukatu neure burua ere zure mezu eta kezka horietan islatuta ikusi dudala. Niri, gainera, gauza bitxia gertatu zitzaidan: kamisoi eta bata erosi eta dendan bertan ahaztuta utzi! gauez konturatu nintzen eta inongo lotsarik gabe dendako jabeari deitu nion gauez (ezaguna nuen, hori bai). Kamisoia zertarako behar nuen adierazi nionean, bitxia izan zen erreakzioa: bezero askok (emakumezko zein gizonezko) holakoetan(ospitalizazioetan, alegia) erosten omen dituzte neuk erosi nuen tonu “pasteleko” arropak, eguneroko azpikoerropen kolore “biziegiak” (suabe esateko) desegoki direla pentsatuz. En fin, nire kasuan ongi etorri zitzaidan dendariarekin hartu nuen kafea, ebakuntzak eragiten zidan panikoa kamisoien-kasuistikan masterra zuen tiparekin estaltzeko aukera izan bainuen. Dena dela, maitia, asko pozten naiz ongi zaudelako! muxuak!!

  6. Pruden dijo:

    Kaixo, Amelia,
    Deskantsatuta zaudenez gero (kar-kar-kar!) kontra egingo dizut pittin bat.
    Genero-aginduak existitzen dira, horretan ez dut dudarik; kontua da, berez, kategoria zabalago baten parte direla, dei ditzagun “konbentzio sozialak”. Eta horiek guztiok lotzen gaituzte, gizon eta emakume. Kontua da ea emakumeak bereziki lotzen ote dituen, estuago, zorrotzago… Eta ziur aski bai, hala da (demagun), baina gizonak ere lotzen gaitu edozein espazio sozial zapaltzen dugun une beretik: kalea, kafetegia, lantokia, ospitala, oporretako hoteleko piszina… gizonok ere gure ardurak eta esturak ditugu. Emakumeek handiagoak?
    Utzidazu zalantza txiki bat agertzen: janzkera eta itxura fisikoari dagokionez gizonak “feminizazio” prozesu azkar batean sartuta gaudela iruditzen zait, hots, “irudiaren” menpe gero eta gehiago. Eta ez zait gustatzen fenomeno hori, batzuetan uste dut nahiago dudala gizon “tradizional” eta “arduragabeagoak”, “modernoak” baino. Baina neurriz, jakina. Eta non dago neurri hori?
    Enfin, ez zait oso kontra-egite gogorra atera, ikusten duzunez.
    Besarkada bat.

  7. arlotea dijo:

    Tira, Prudenek utzitako haritik tiraka. Gizonezko batek aukeran du depilatu ala ez depilatu, zarpail samar joan ala ‘txukunago’, txandal batekin agertu ala gorbatarekin, bere hautuen arabera izango da itxurazko langile proletarioa, kirolari porrokatua, ejekutiboa, intelektuala, mendizalea, zarpail-despistatua…
    Emakume batek aukera batzuk badauzka, baina gutxiago eta murriztuago.

    Eta ile kontutan gizonezkook ‘irabazi’ ditugu esparruak: aukeran dugu ile motza ala adats luzea, bizarra/bibotea/perilla… depilatu gabe ala depilatuta… aukera guztiak gure esku. Emakumeek, ordea…

  8. Jaione Agirre García dijo:

    Zelako egiak eta oso ongi kontatuta, Amelia! Eta umorez, gainera! Besarkada handi-handi bat!

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s