Ile sozialak, ile politikoak (I): emakumeen hankak

Image

Duela aste batzuk June Fernández kazetariak buruko ilea moztu zuen eta Pikara Magazine blogean zehatz-mehatz azaldu zuen. Argia aldizkariak horren laburpena eskaini zigun.

Non zegoen gakoa? Ilea benetan motz-motza utzi zuela. Dakigunez, gure gizartean ez da arrunta emakume batek horren motza eramatea; aukera hori gizonen ezaugarria da, ez emakumeena, ez gaitezen nahastu. Eta Junek ekintza hori emakumetasun normatiboaren kontrako transgresio moduan egin zuen, emakumetasun normatiboa deseraikitzeko beste urrats baten moduan.

Emakumeentzako arau ez idatzi horren mila adibide dauzkagu aurrean eguneroko bizitzan; gehienetan oharkabe pasatzen zaizkigu. Bat ematearren: nola jakin ikastetxe batean zorriak agertu direla? Denbora gutxian hainbat mutiko kaskamotz ikusten ditugulako. Nesken kasuan ez da horrelakorik gertatzen: zorriak berberak izanda, neskatxoen adatsak mantentzeko familiek egiten duten ahalegina nabarmena da.

Izan ere, June Fernándezek bere post-ean jaso dituen erreakzio eta aholku batzuk azaltzen zizkigun, orain daukan itxura “maskulinoa” leuntzeko eta apur bat “feminizatzeko” (besteak beste, gehiago makilatzea, metxa batzuk tindatzea…).

Pikara Magazine blogaren jarraitzaile amorratua naiz eta aipatutako artikulua biziki interesatu zait, baina ez dakit kazetariaren keinuaren esanahia horrenbesterako den… Erakusgarri moduan, komentarioen artean hainbatek esaten zioten (nahiko konbentzionala iruditzen zaidan era batean) ikaragarri guapa dagoela ilea horrela moztuta. Zertaz hitz egiten ari gara orduan? Gaia ez zen bada transgresioa?

Ingurune batzuetan begiradak eta komentarioak jasoko ditu emakumeak, bale, baina ile estilo hori ez da horren ez-ohikoa eta, adibidez, aspaldiko partez hainbat emakume famatu horrelaxe agertu zaizkigu (eta haietako asko ezer ez transgreditzeko asmoz).

Tira, nik esango nuke emakumeen benetako ile sozialak ez direla burukoak, beste lekuetan dauzkagunak baizik. Hanken ileak, adibidez. Zuk zeuk zenbat emakume ezagutzen dituzu hankak depilatzen ez dituenak? E, baina tranparik gabe diot, hau da, hanketan edota iztaietan ilaje majoa edukita, aitzurra pasatzen ez dutenak. Laser depilaziorik eginda eduki gabe, jakina.

Emakumeen derrigorrezko depilazioa da gakoa. Burua soiltzen baduzu, mari-mutil edo bollera itxura eduki ahal duzu, xelebre bat izango zara… baina hankak eta iztaiak depilatu gabe badaramatzazu, orduan, aurrekoaz gain, emakume zikina izango zara, emakume utzia, zure burua behar bezala zaintzen ez duzuna, apaintzen ez duzuna… “Higuin” puntu bat gehitzen dio kontuari. Begiradek eta komentarioek adieraziko dizute hori guztia, konturatu ez bazara. Zure senide batzuek zure hobe beharrean ohartaraziko dizute; beste emakume batzuek ere ikustaraziko dizute. Txutxu-mutxuak eta begiradak ez dira faltako, ez horixe, baita soilik jakingura adierazten dutenak ere: depilatu gabeko hankak erakusten ausartzen diren emakumeak hain gutxi direnez, horrelako adarrak nork daramatzan jakiteko kuriositatea behin eta berriro agertuko da.

Horregatik diot: zein da benetako transgresioa, benetako dekonstrukzioa? Buruko ilea moztea? Ez: hankak (edo iztaiak, edo besapeak…) ez depilatzea.

Ez naiz neguko depilazio ezaz hitz egiten ari, hankak praka luze batzuen barruan hibernatzen jartzen ditugunean. Ezta biloak berriro mozteko asti faltagatik egun batean lugorri estiloan igerilekura joateaz… Ez. Honako honetaz hitz egiten ari naiz: depilatu gabe hondartzan bikini edo bainujantzi arrunta janzteaz; depilatu gabe lanera, ikastera edota pubera soineko, gona edo minishort batzuekin joateaz. Horixe da kontua nire ustez: minigona galant bat hanka iletsu batzuen gainean eramatea.

Horrela esanda, erraza dirudi, ezta? Baina ze zaila izan behar den, zelako presioa egon behar den, ze sendoa izan behar den genero agindua…  horren emakume gutxik norma hori saltatzeko. Nik neuk ez dut kasurik ezagutzen.

Gehitu behar da, gainera, gure gizartean genero agindu hori azkeneko hamarkadetan nabarmen indartu dela, komunikabideek zabaldutako estereotipoen ondorioz hain zuzen. Zentzu horretan 70 eta 80etan iragartzen zen askatasuna argi eta garbi deuseztatzen joan da, ze pena. Izan ere depilazioaren exijentzia beste eremu batzuk konkistatzen ari da eta, pornoaren eraginez, alura ere heldu da, emakumeon esklabutzak areagotzeko.

Depilazioaren komisarioak ez dira falta, batzuk oso bortitzak. Adibide grafiko bakar bat: duela pare bat uda kiosko guztietako erakusleihoetan Cuore aldizkariaren portadek emakume famatuen deskuiduak nabarmentzen zituzten: Julia Roberts, Shakira, Beyoncé… hankak eta besapeak behar bezala depilatu gabe harrapatuta! Gorputz atalen argazki handiagotuek izarren bekatuak begietatik sartzen zizkiguten. Ze ondo; horrela emakumeok gogoratzen dugu zein garrantzitsua den depilazioarekin inolaz ere ez despistatzea; beti egongo da eskarnioa egingo digunik. Eta neska gazteek, aldi berean, lehenbailehen barneratuko dute gorputzeko iletxoak ze arduratsu desagerrarazi behar dituzten oharkabe pasatu ahal izateko.  Bide batez, azkenik, denok ikasten dugu ondo depilatu gabeei iseka egiten.

Oharkabe pasatzea, kar kar.

Zenbat indar behar den genero presioez paso egin ahal izateko…

Esta entrada fue publicada en generoa y etiquetada , , , . Guarda el enlace permanente.

4 respuestas a Ile sozialak, ile politikoak (I): emakumeen hankak

  1. Pingback: Utzi bakean pubiseko ileak | Jalgi hadi plazara

  2. June dijo:

    Kaixo Amelia:

    Bere garaian post hau irakurri nuen, baina azkenean komentatzea ahaztu zitzaidan. Zurekin bat nator. Ez depilatzea da seguruenik transgresio handienetariko bat. Nik bularretakoa askotan erabiltzen ez dudalaren inguruko post batean ere onartzen nuen. http://gentedigital.es/comunidad/june/2012/05/14/bra-burning-reflexiones-sobre-el-sujetador/ Egunero makilatzeari utzi diot, takoiak eta bularretakoa erabiltzeari utzi diot, baina depilazioarekin etzi egin dut. Laserrarekin nabil, ez dudalako lortu nire hanka iletsuak maitatzea (eta ni oso iletsua naiz) eta aldi berean arropa gutxi eramatea gustoko dut. Beraz, miresgarria iruditzen zait norbaitek arau sakratu hori apurtzen duenean.

    Bestetik, Cuoreren inguruan, beste egunean komentatu nuen Facebook-en famatuen aurpegiko ile errubiloak ere kritikatzen hasi direla. Ai ama.

    Besarkada bat

    • abarquin dijo:

      Eskerrik asko zure esperientzia konpartitzeagatik, June! Bai, hanken kontua ez da makala. Izan ere, ez naiz gai izan lagun talde minimorik biltzeko post batean proposatu nuen performancea egiteko (depilatu gabeko hankak airean, elkarrekin freskagarri bat hartzera joateko)🙂. Beno, dena esateko, ni ez nago nire momenturik iletsuenean kimioterapia hartzen ari naizelako, baina prest nengoen hanketako ileak boligrafo beltzez pintatzeko, kar kar.

      Nire aldetik, ez nago lezioak emateko moduan; izan ere, duela hilabete batzuk ospitaleratu behar izan nuenean, puntuz puntu betetzen joan nintzen niregandik emakume moduan espero zena, edo nik uste nuena espero zena, hanketako depilazioa barne. ARGSSSS. Amorru gehien ematen didana intsumisioa egin ez izana da, alegia, egiten ari nintzenaren kontzientzia edukitzea ez zela nahikoa izan errebelatzeko.

      Duela aste batzuk nire auzoan neska gazte bat ikusi nuen, lasai lasai, minigona batekin hanka zinez iletsu batzuen gainean. “Aupa zu” esateko gogoa sartu zitzaidan, baina pentsatu nuen oharkabe pasatzeko eskubidea hori ere bazela, nik ezer ez esatea. Bururatu zitzaidan, halaber, gaztea, argala eta guapa (jende askok esango luke guapa zela eta nik ere bai) izateak apur bat lagunduko ziola konbentzioaz paso egiten, gizartearen presioa ez zela horren gogorra izango; nagusiagoa, potoloagoa eta ez hain polita (kanonak jarraituta) izanez gero, are zailagoa izango zela. Edozein modutan ere, nire miresmen oso-osoa gazte horrentzat. Esperantzarik badago!!!!

      Besarkada bat zuretzat ere!

  3. Pingback: I. Kontuz, ileak!

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s