Ile sozialak, ile politikoak (II): antropologo estralurtar baten begirada

Image

1. Beste mundu batzuetan bezalaxe

Irakasle ikasketetan (HUHEZIn) generoaren inguruko moduluaren hasieran ikasle batzuek ez dute ikusten gaia tratatzeko beharrik. Generoa, sexua, feminismoa, patriarkatua, queer filosofia… Zertarako hori guztia gutxi gora-behera berdinak eta askeak baldin bagara jada? Azken finean denok gara libreak nahi duguna egiteko, ezta? Nik nahi dudana egiten dut… Orrazkera honekin, arropa honekin, zapata hauekin baldin banoa nik aukeratu ditudalako da; modu honetara jokatzen badut edo hitz egiten badut nik aukeratu dudalako da…

Miresgarria da gazte askok haien askatasun pertsonalean daukaten fede biribila; bejondeiela irauten dien bitartean. Moduluaren helburua, baina, fede horretan pitzadurak irekitzea da, eta depilazioaren gaia tresna eraginkorra suertatzen da helburu hori lortzeko.

Ikasleek gogor kritikatzen dituzte BESTE kultura eta lurralde batzuetan historian zehar eta gaur egun edertasunaren edota egokitasunaren izenean emakumeek jaso dituzten gorputz aginduak (agindu exijenteak, mingarriak, osasunaren kontrakoak, mugimenduen mugatzaileak…): emakume txinatarren oin apurtuak, jirafa emakumeen lepoak,  nesken ablazioa… Zelako krudelkeriak ikusten ditugun beste garai eta inguru batzuetan…

Baina antropologo estralurtar bat ikerketa bidaia batean gurera hurbilduko balitz, nola behatuko luke mendebaldeko gizarteetan emakumeen artean horren hedatuta dagoen depilazioaren arau ez idatzia? Ikusiko luke adin batetik aurrera gorputzean ileak dauzkaten emakumeek (gehienek) errotik mozten edo erauzten dituztela, hamaika modutara, baita bigunak edota sentiberak diren parteetan ere (ezpainaren gainean, besapean, zangosagarretan, izterretan, iztaietan, aluan…).

Bai, egia da egungo depilazio sistema batzuk ez direla mingarriak eta nahiko eraginkorrak direla (garestiak izateaz gain), baina horraino heltzen diren emakume gehienek badaukate istorio bat kontatzeko.

2. “Emakumeen narrazioak depilazioarekin lotuta”: antropologo estralurtarraren ikerketa

Emakume bakoitzak istorio bat kontatu ahal du depilazioarekin lotuta. Begoña (50 urteko donostiarra) dago estralurtarrak elkarrizketatuen artean. Laburbilduta, honako testigantza eman dio ikerlariari:

Begoña 16 urterekin hasi zen depilatzen, nahiko berandu bere lagunekin konparatuta. Ordurako aspaldidanik sentitzen zen deseroso arropa batzuk eramatean edo hondartzara joatean, bere gorputzaren ileak begi bistan utzita. Argizari beroarekin hasi zen kentzen  hanketako eta iztaietako ileak. Oroitzen da itxaron behar zuela senideek etxea hustu arte bere etxeko sukaldean adiskide batekin biltzeko arratsalde osoan zehar. Zera deskribatu dio antropologoari: argizari beroaren usaina, lapikoan eta zoruan gelditzen ziren tantak eta txurretoiak, hanketan atxikitako arrasto zailak, argizari gogortutik tiratzeko uneetan aieneak, beste norbait sukaldean agertzen zenean urduritasuna eta prisak…

Udan hiru astetan behin gutxi gora-behera egiten zuten deskribatutakoa. Tarte horren azkeneko egunetan ileak nahiko luzeak ziren eta bi emakumeek praka luzeak eramaten zituzten hankak ez erakusteko; egun horietan ez ziren igerilekura ez hondartzara joaten. Urgentea bazen, xafla pasatzen zuten hanketatik eta iztaietatik, baina saiatzen ziren hori ez egiten ileak askoz azkarrago ateratzen zirelako. Begoñak narratzen du goiz batean xafla erabili behar izan zuela lagunekin egun horretan bertan hondartzara joan ahal izateko; itsasoko uretan bainatzea oso mingarria gertatu zitzaion larrututako poroetan oinazea eragiten ziolako ur gaziarekiko kontaktuak, baina agoantatu zuen eta ez zuen ezer ere adierazi.

Besapeetan mingarriegia egiten zitzaion argizariaren prozedura, eta xafla pasatzen zuen, hurrengo egunetan azala oso narritatuta geldituko zitzaiola jakinda ere. Begoñak ur oxigenatua erabiltzen zuen ezpainaren gaineko biloak oharkabe pasarazteko, batzuetan baita depilatzeko pintzak ere. Diru apur bat izan zuen momentutik aurrera estetizien kabina batera joaten zen hanken kontua egitera. Geroago ileak erauzteko makina elektriko bat erosi ahal izan zuen eta bere ahizpa txikiarekin hasi zen konpartitzen. Bere egoera ekonomikoak lagunduta, depilazio elektrikoa egin zuen aurpegian; ile bakoitza kentzeko orratzaren zartadaren mina aipatzen dio ikerlariari. Duela hamar urte depilazio laserra egiteko behar zuen diru kopurua bildu zuen, eta gaur egun gutxitan joan behar izaten du saio bat egitera, ateratzen zaizkion ile urriak kentzera hain zuzen. Begoñak 17 urteko alaba bat dauka eta makina elektrikoa pasatu dio neskari hankak egiteko. Alabak ur oxigenatua eta xafla ere erabiltzen ditu. Laserra egiteko asmoa dauka, behar den diru kopurua lortu bezain pronto; amari opari moduan eskatu dio jada.

Antropologoak jarduera hauek sortzen dituzten harremanen inguruan galdetzen du. Begoñak azaltzen dio bere bikotekide eta lagun maskulinoek gutxi jakin dutela gai hauei buruz (depilazioa ez zen gizonen aurrean egiten eta haiei ez zitzaien kontuari buruz zehaztasunik ematen). Bikotekide eta lagun femeninoen artean, berriz, aholkuak eta esperientziak konpartitzen ziren: non egiten dizuten depilazioa merkeago nahiz eta txiringitoa apur bat kutrea izan, elkarrekin joateko hitzorduak, ze makina elektrikok egiten duen min gutxiago, lagunari zein egunetan utzi ahal zaion makina maileguan, non eskaintzen dizuten laser depilazioa bono ekonomiko bat aprobetxatuta…

Depilazioaren zergatia azaltzeko eskatzen dio antropologoak: Begoñak harridura apur bat adierazten du galderaren aurrean. Ohitura bat da, azaltzen dio, ia emakume guztiek egiten dute; batzuek zortea daukate eta ile gutxi ateratzen zaie, baina besteek horrela jokatu behar dute. Ileak airean joango bazina, oso arraroa izango litzateke, jendeak begiratuko lizuke, haien artean komentatuko lukete eta agian zerbait esan. Desatsegina izango litzateke.

Antropologoak grabagailu positronikoa itzaltzen du eta Begoñari eskerrak ematen dizkio. Ondo ikasita dauka ez duela pentsatzen duena adierazi behar. Orain badoa; beste elkarrizketa bat egin behar du hogei minutu barru beste leku batean.

3. Mutilak ere Depilatorren mehatxupean

Gorputz dismorfia nahasmendua honela definitzen dute zientzialariek: norberaren gorputzaren ustezko akats baten inguruko gehiegizko kezka. Edertasunaren industriak ahalegin handiak egin ditu bere historian zehar nahasmendu hori sortzeko eta areagotzeko emakumeen artean. Argi dago: konbentzitzen bagaituzte gure gorputzaren atal batzuk inperfektuak direla eta arreta behar dutela, prest egongo gara produktu kosmetikoetan gure kontsumoa handitzeko: buruko ilea, betileak, betzuloak, betazalak, aurpegiko zimurrak, lepoaren azala, paparra, bularrak, besoak, eskuak, azazkalak, sabela, zelulitisa, gorputzaren beste ile guztiak…

Zenbat kezka, denbora, diru… inbertitzen dugun gure ustezko inperfekzioak lantzen…

Inperfektuak diren gorputzak, bide batez, politikoki desaktibatuta gelditzen dira (auto-estima birrinduta, ea ze emakume gazte ausartzen den, adibidez, hitza  publikoki hartzen…). Jope, jokaldi bikaina sistemaren aldetik.

Azken urteotan mutilak ere industria horren helburu bihurtzen ari dira, eta depilazioa fenomenoaren adibide argia da:hondartzan gero eta soin, bizkar eta hanka depilatu gehiago ikusten dira gizon gazteen artean. Populazioaren erdia depilaziora ekartzeak enpresari batzuk aberastuko ditu. Izugarria da: gizonek depilatzeko daukaten superfiziea orokorrean zabalagoa da emakumeena baino; ileak orokorrean gogorragoak. Pena: emakumeak eta gizonak askatu beharrean, proposatutako bidea denok esklabo bihurtzea da; emakumeak ez gara askatasunean irabazten ari, baina gizonak ari dira haien askatasuna murrizten.

(Momentu honetan antropologoa poz zientifikoz gainezka dago: datu oso interesgarriak eta bitxiak ari da jasotzen bere ikerketa taldearekin konpartitzeko. Etxeko komunitate zientifikoa flipatuta utziko du, alajaina!).

4. Drag queen, drag king, drag whatever you want. Ezetz egin performance bat?

Drag queen tailerren antzera, Drag king tailerrak genero aginduak nabarmentzeko eta deseraikitzeko tresna majoa dira. Estrategia eraginkorra modu bibentzialean ikasteko gizona iruditzea emakumea iruditzea bezain artifiziala edo eraikia dela. Jarduera horietan “gizonez” jantzitako emakume koadrila bat ateratzen da (festa batera, taberna batera…) elkarrekin maskulinitatea performatzera, eta batzuetan baita ere inguruan sortzen diren erreakzioak jasotzera/behatzera/grabatzera.

Aspaldidanik dakigu gure gorputzak politikoak direla (patriarkatuaren eta kapitalismoaren guda zelaiak, kolonizazio eremuak…). Gure ile sozial eta politikoak paseatzera atera ditzagun: lagunak, uda badator, bildu gaitezen eta goazen depilatu gabe gure maukarik gabeko elastiko, soineko, gona, short, praka piratekin terraza batera te berde bat (edo whatever you want) hartzera.

Arraio! Ze ekintza sinple eta subertsiboa izan daitekeen! Egingo nuke herritar batzuentzat askoz asaldagarriagoa izan daitekeela hori drag queen edo king koadrila batekin topo egitea baino.

Nor animatzen da?

Esta entrada fue publicada en anitzak y etiquetada , , , , . Guarda el enlace permanente.

6 respuestas a Ile sozialak, ile politikoak (II): antropologo estralurtar baten begirada

  1. Oso ona! Guztiz identifikatuta sentitu naiz! Ados nago, askoz gehiago asaldutuko luke emakume ez depilatu kuadrilla batek udako egun batean! Ausartuko ote gara inoiz?

  2. marijodeo dijo:

    Zintzo diotsuet, praka piratekin terraza batera joateko arazorik ez, baina hondartzara bikiniarekin, uf! Ez nago prestatuta horretarako.

  3. abarquin dijo:

    Erraza ez da, neskak, argi dago!
    Nire ustez, horrek argi uzten du ze indartsua den depilatzeko agindu soziala. Izan ere, emakumeok nahiko modu akritikoan jarraitzen dugu eta gure ondorengoei ere horrelaxe transmititzen diegu, ia zerbait naturala balitz bezala. Baina lege ez idatzi horren indarra nabarmentzen da hasten garenean pentsatzen ez dugula obeditu behar, markatutako bidetik aterako garela.
    Zergatik kostatzen zaigu horrenbeste arau horretaz paso egitea? Nire ustez inplizitu batean oinarritzen da: nik, emakume moduan, ez nuke leku horietan horrenbeste ile eduki beharko (hori da emakume irudi guztietan ikusi dudana; haiek ez daukate ilerik). Baina eduki badauzkat; beraz, ez naiz haiek bezalakoa, ez naiz emakume erabat egokia. Ondorioz, dagokidana egingo dut: ile horiek desagerraraztea (gizarteak erakutsi didan bezala). Zaratarik atera gabe kenduko ditut (ileen borrokaren kontra nire ahalegina ezkutatuta) eta publikoki haiek gabe agertuko naiz, inoiz eduki ez banitu bezala, hasieratik bertatik emakume egokia izan banintz bezala. Neuk ere emakume egokiaren fantasia hori islatu nahi dut ahalik eta hoberen.
    Inplizitu hori faltsua da, noski: emakume gehienok ditugu ile horiek “deslekuetan”. Hondartzan ikusten ditugun emakume ia guztiek (ilerik ez daukaten gutxi batzuek ezik) azaldu ahal izango lukete zer egin duten, noiz, nola… erakusten dituzten gorputzetatik ileak kentzeko, hain zuzen hondartzara horrela etorri ahal izateko.
    (Ni bakarrik igual ez naiz ausartzen, baina lagun batzuekin batera, eta te berde bat hartu ondoren, bai naiz gauza tontokeria batzuk egiteko, kar kar).

  4. Miren Vives dijo:

    Erabat ados ni neu ere. Ez dakit inoiz ausartuko naizen, baina gaia kaleratzea eta zenbaitzun ahotan dagoela jakiteak pozten nau. Oraintxe deskubritu berri dut zure bloga eta oso eskertuta eta pozik nago. Mila esker, adi-adi ikasten jarraituko dut!

  5. Pingback: I. Kontuz, ileak!

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s