Nire iloba batek euskal dantza egiten du talde batekin eta, izeba kariñoso moduan, taldearen saio batzuetara joan behar izaten dut, batez ere orain, kurtso bukaeran. Ez naiz ausartzen esaten ez dela nire jarduerarik gogokoena, ez horixe. Santi Leonek horrelako zerbait esan zuen bertsolaritzaren inguruan eta begira zer gertatu zitzaion. Ez dakidanez euskal dantza ere euskaltasunaren esentziaren barruan dagoen (musarekin eta herri kirolekin batera? Trikitia eta polarren ondoan?), badaezpada ez naiz arriskatuko. Beno, barkatu maltzurkeria, kar kar; post honen benetako gaia ez da euskal dantzak gustuko izatea ala ez. Gaurko nire gogoeta da zein rol daukaten emakumeek eta gizonek euskal dantzan eta zein leku dagoen bertan heteronorma jarraitzen ez duen edo jarraitu nahi ez duen ume edo gaztearentzat.
Hasteko azaldu behar dut neuk ere uste dudala etorkizuna (ona izango bada) queer-a izango dela. Etorkizun horrek ez du esan nahi emakumeak gizonak bezalakoak izango garenik, Polanski zinema zuzendariak duela aste gutxi amorruz beteta iragarri zuen bezala, baizik eta nahi dugun bezala izango garela, besterik gabe; norberak nahi duen bezala. Pertsona bakoitzak ez du bere burua momentu oro emakume edo gizon moduan definitu beharko ezta momentu oro gizon ala emakume den argi eta garbi adierazi beharko arroparen bidez, jokaeraren bidez… Alegia, emakume batek ez du zertan izango Polanskiri gustatzen zaizkion modukoa gure egungo gizartean eroso sentitzeko; posible izango da, bai, rubiaz tindatzea eta takoiak eramatea, baina baita ere depilatu gabe eta mahoizko buzo batekin agertzea, edo hori guztia aldi berean, edo hori guztia baina egun desberdinetan… gizartearen santziorik jaso gabe. (Disfrutatzen dut Polanski eta enparauen aurpegiak irudikatzen azkeneko aukera horien aurrean!). Posible izango da, halaber, norberak sexu edota maitasun objektua aukeratzea gizarteak zein generotakoa izan behar den esan gabe. Ze etorkizun majoa, hara!
Hau azalduta, esango dut ezagutzen ditudan dantza taldeak (euskal, pasodoble, tango, swing…) nahiko urruti ikusten ditudala utopia horretatik. Gaia ez dut sakontasunez ezagutzen eta ikusle moduan soilik hitz egiten dezaket. Nire buruari galdetzen diot ea euskal dantzan, adibidez, generoaren inguruko hausnarketarik egin den, bertsolaritzan azken hamarkadan horren emankorra izan dena. Nik ikusle moduan behintzat ez dut igarri.
Ilobaren taldean honakoa ikusten dut. Neska ala mutila zaren arabera, oso arropa desberdina egokitzen zaizu. Bikoteak heterosexualak izaten dira eta generoen rolak diferenteak dira. Mutil dantzak eta neska dantzak ere badaude, baina dantza mistoetan ez dugu ikusiko bi mutil bikote bat osatzen eta rol desberdin horiek egiten; bi neskek bai osatu dezakete bikotea, mutilen faltan. (Dantza taldeetan mutil gutxiago apuntatzen direnez, oso preziatuak dira). Neska batek mutil rola betetzea ondo ikusita dago; beste arloetan bezala, prestigio estatusean igotzea da eta. Mutil batek neska rola betetzea, berriz, barregarria da besteen aurrean, gizonek emakumeen gauzak egitea estatus jaitsiera delako. Bestalde, gay moduan agertzeko beldurra handiegia da gizonek emakumearen rola jokatuta; bollerak, berriz, existitzen ez direnez (gizarteak haiekin itsuarena egitea erabaki du), errazago zaie neskei bikoteak osatzea.
Mutilek osatutako bikoteak ez dira irensteko errazak gure gizartearen parte esanguratsu batentzat. Pasa den udan Kepa Blazkezek eta Xabi Aizpuruak testu eder batean denuntziatu zuten baztertuak izan zirela Donostian gidatutako plaza dantza saio batean bikote bat osatzeagatik.
Gertaera oso indartsua da bere horretan; heteronorma noraino daukagun sartuta adierazten du. Eta Euskal Herrian bertan, ez soilik guri atzerakoiagoak iruditzen zaizkigun auzo erkidego edota herrialdeetan.
Tira, badakigu beste dantza batzuetan antzeko gertatzen dela. Gasteizen swing talde batzuek kalea hartzen dute noizean behin. Bertan ere rolak generikoki banatuta daude argi eta garbi (mutilak gidatzen du eta neskak figuratxoak egiten ditu), mutil gutxiago daude eta oso kotizatuta, mutilen faltan neskek haien artean bikoteak osatzen dituzte baina mutilek inoiz ez…
Eta noiz arte izan behar da horrela? Noiz irekiko dira beste aukera batzuk? Dantzaren munduak tradizioari begira egon behar du soilik (eta tradizioa patriarkatua da) edo etorkizunari begira ere ba al dauka zer hausnartu?
Zorionez, beste batzuk proposamen interesgarriak egiten ari dira, non eta nahiko “binarizatuta” dagoen dantza jakin batean: tangoan. Tango queera da. Mariana Docampok ezin hobeto azaltzen zuen zer den Pikara magazine blogean, apur bat oharkabe pasatu zen artikulu batean: “una práctica donde dos personas, sin importar su identidad, puedan bailar tango en el rol que deseen”. Testuari egindako komentario batean hau ere azpimarratu dut: “Como argentina que soy me llena de orgullo que se lleve a cabo esta iniciativa. Me encanta que se pueda bailar tango entre dos personas y no entre dos sexos”.
Arranopola, zirraragarria iruditzen zait. Ezin dut etorkizun hobea irudikatu.
Gora tango queera!
Gora euskal dantza queera!
Gora, gora eta gora!!!
Betiko legez, oso azterketa zorrotza eta elefante tamainako egiak (ezin da behar beste azpimarratu gure gizartean gizonena egitea estatusean gora egitea dela emakumeentzat, baina andreena egitea gizonentzat, aldiz, jaistea). Dantza garaikidea kenduta, nik dakidanagatik dantza guztiak guztiz estereotipatuak dira genero rolei dagokienez. Niri bereziki jasanezina egiten zait hori ballet klasikoan, eta, zeresanik ez, bere deribatu deportiboetan: irristaketa artistikoan eta gimnasia erritmikoan.
Txalo eta txalo nik ere amesten dudan etorkizun queer horren deskribapenagatik: nik ikusten dudan bezalaxe azaldu duzu: «hori guztia aldi berean, edo hori guztia baina egun desberdinetan… gizartearen santziorik jaso gabe… norberak sexu edota maitasun objektua aukeratzea gizarteak zein generotakoa izan behar den esan gabe». Gure begiek ikusiko balute!!!
Aupa June,
Aritz Ibañez naiz, Iruñeko dantzaria. Gai arras interesgarria atera duzu mahai gainera eta puri-purian dena han hemenka! Esate baterako Baztan aldean, zenbait urte daramatzate mutil-dantzetan mutilek soilik, ala neskek ere pare hartzen ahal duten eztabaidatzen, eta momentuz luzerako doa kontua. Beste zenbait tokietan (Zuberoan, Kortes-en, tradizio berriak sortu dituzten hainbat herrietan…), gai honi buruzko erreflexioa egin behar izan dute eta toki bakoitzean eman diote irtenbidea modu batean ala bestean.
Nire ustez, beraz, dantzaren munduan bizien dagoen eztabaidetako bat da hau. Gure taldearen kasuan (Iruñeko Duguna), beste zenbait taldetan ezagutu genuen ereduari jarraikiz (Eibarko Kezka, Elgoibarko Haritz), mutilak alde batetik eta neskak beste alde batetik ensaiatzea baztertu eta denak elkarrekin ensaiatzera pasa ginen duela 5-6 urte. Neskek mutilen dantzak ikasten dituzte eta mutilek neskenak, denei eskatzen zaie berdin. Gero emanaldietan saiatzen gara tokian-toki hartu dituzten erabakiak aintzat hartzen, baina beti malgutasunez. Emazteak dantzaren mundutik aparte egon dira neurri handi batean, gizonek apartatuta, gizarteko beste zenbait funtzioetatik apartatuta egon diren bezala. XXI. mendean, guretako hori ez da onargarria eta honi buruzko erreflexio bat ezinbestekoa da. Dantza taldeetan neskei nola eman merezi duten parte hartzea? Gu horretan saiatzen gara.
2009. urtean tradizio berri bat abiatu genuen Iruñean, San Fermin Aldapakoaren Ezpata-dantza. Eibarko Kezkakoen Arrateko Ezpata-dantzaren ereduari jarraikiz, neskak edo mutilak ez, dantzariak hartu genituen aintzat dantzak eta jantziak sortzerakoan, eta beraz, dantzariek dantzatzen dute bertan, zango artean zer duten, horri erreparatu gabe.
Tradizioa patriarkatua dela diozu, eta ez naiz ni hori ukatuko duenik, baina niri min egiten dit tradizioa beti balore txarrekin lotzea! Tradizioan gizonek elkarrekin dantzatu izan dute, Argentinara joan behar izan gabe.
http://www.dantzan.com/bideoak/zeberio-intxaurraga-jota (00:37)
Edo http://www.dantzan.com/bideoak/bizkaiko-jotak-arratiako-jotak
Adibide bat baino ez da, gehiago ere badaude!
Gai honi buruzko kezka hor da eta poliki-poliki saiatzen ari gara, ahal dugun gisan, modu egokienean bideratzen.
Izena aldatu dizut nahi gabe, Amelia… barka!
Oso sarrera interesgarria Amelia.
Arrazoi duzu, euskal dantzan, oro har, ez dago zirrikitu askorik heteronormatik kanpo. Esango nuke gogoetak oso eremu txikietan eta urratsak ere oso urri eman direla, baina urrats txiki-txiki batzuk eman dira, hala ere. Urrats horiek momentuz genero bereizketarik gabeko dantzen eremutxo bat eraikitzera joan dira nagusiki. Alegia, orain gutxi arte gizonezkoen eremu itxitzat jotzen ziren zenbait dantzetan, emakumeak integratzea, eta zenbait kasutan genero ezaugarri bereizgarririk gabe. Azken horren emaitza genero markarik gabeko dantzariak dira, dantzariak besterik gabe, generoa aintzat hartu gabe, ez jantzi eta ez koreografiari dagokionez. Urrats txikia da, eta zenbait talde eta dantzatan solikik gertatu da oraingoz, baina bidea egiten ari dela iruditzen zaigu, nahi baino polikiago bada ere.
Bikote dantzen kasuan, esango nuke eremu desberdinak bereiztu behar direla, dantzak berak baino testuinguruak baldintzatzen baitu rola eta heteronorma. Fandangoa bera oso era desberdinetara gorpuzten(!) da erromeria «libre» batean, dantzaldi gidatu batean edo talde baten emanaldi-ikuskizun batean.
Tangoa aipatu duzu artikuluan, eta oso adibide paradigmatikoa da hasierako tangoak nagusiki gizonek gizonekin dantzatzen baitzituzten. Harrigarria da ohartzea nola bikote homoarekin (gizon-gizon) hasi, gero bikote heterora (emakume-gizon) pasatu, eta transizio horretan genero rol sendoak eraiki diren. Orain identitatea aintzat hartu gabe rol-en hautaketa librea erabiltzen hasi garelako pozten garen. Pozik gaude jokatu beharreko rola hautatu dezakegulako gure genero identitateak baldintzatu gabe, baina irudipena dut rol-ak tangoarekiko konsunstantzialak direla dioen arraina irentsi dugula.
Iaz zenbait dantza solte txapelketetan bi neskak osatutako bikotea aurkeztu zen. Zenbaitek, aitzindaritzat jo zuen. Gure tradizioa zein gutxi ezagutzen dugun frogatzen dute horrelakoek. Genero bereko dantzariek bikotean dantza egitea gure tradizioan ohikoa izan da. Emakumeek, lehen eta orain, elkarrekin dantzatu izan dutela jakina da, baina gizonezkoek ere, emakumeekin baino maizago beraien artean, bikote dantzetan ere bai, dantzatu izan dute. Horra adibide polit bat: http://www.dantzan.com/bideoak/bizkaiko-jotak-arratiako-jotak
Hezkuntza Orokorreko irakasleei dantza ikastaroak eskaintzen dizkiegunean, Aiko taldearekin ikasitako «Maritxu eta Bartolo» terminologia erabiltzen dugu dantzen rolak banatzeko. Baina ohar argi batekin: «Guri bost ajola zaigu zuetako bakoitza bere bizitza erreal zein fikziozkoan Maritxu(a) ala Bartolo den, edo zernahi delarik ere Maritxu(a)rena ala Bartolorena egin nahi duen. Hau dantza baino ez da, ez zaigu inporta zuen generoa ez sexu identitatea. Baina bikotean dantza egitea motorrean ibiltzea modukoa da. Terko jarriz gero biren artean gidatu liteke motorra, baina nik aukeran nahiago kaskoa ipinita eta bakarrak gidatzea, eta besteak errebueltetan gorputzarekin albo batera eginez laguntzea. Biok gidatu nahi baduzue egin txandaka. Orain, bakarrik eskatzen dizuegu aukeratzeko Maritxu(a) ala Bartolo izango zareten. Lasai, balts bat dantzatzeko bakarrik izango da.»
Eskerrik asko komentarioengatik!
Oso gustura ikusi ditut bai bideoak bai Aritz Ibañezek gaiaren inguruan tuiteatu dituen argazkiak (http://sustatu.com/1371125753356?utm_source=newsletter&utm_medium=email). Bestalde, asko poztu naiz jakiteaz talde batzuetan gaia presente dagoela eta bideak bilatzen ari direla (ea hausnarketa beste talde batzuetara zabaltzen den 🙂 ).
Nire kezka hezkuntzarekin ere lotuta dago. Binarizatuta dauden dantza taldeetan (berdin zein dantza den), gizarte osoan gertatzen dena islatzen da, ados: emakumeek eta gizonek itxura eta rol desberdinak dauzkate eta betiko estereotipoekin lotuta daude. Islatu, beraz, bai, baina ez hori bakarrik. Aldi berean talde horietan ere umeak eta gazteak ikasten ari dira, hezten ari dira: talde horiek binarismoa birproduzitzen dute, hedatzen laguntzen dute.
(Nire ustez generoaren inguruko gogoetak ekarpen interesgarri batzuk egin ahal dizkio dantzaren berriztatzeari).
Ausnarketa beste talde batzuetara zabaltzeko orduan daukagun arazo handi bat inbilibilitatearena da. Gizarte honetan gatazkak erakartzen ditu fokoak, urrats baketsuak itzalean geratzen dira. Adibidez, urtero irailaren 8an begi guztiak gaztakara begira jartzen dira, Hondarribiara begira. Egun berean, beste toki batean, Arraten, dantza eta tradizioa genero berdintasunean ari da, baina eredu hori inbisiblea da, baita feminismoarentzat ere. Ondorioz, tradizioan generoarekin jokatzeko eredu desberdinak daudela ez da ezagutzen, soilik gatazka eragiten dutenak ezagutzen dira, eta horrek bide hauek zabaltzea saihestu eta mugatzen du.
Umeekin nahiko esperientzia kaskarra izan dut. Seme-alabekin zur eta lur geratu naiz zein txiki direnetik hartzen duten kontzientzia beraien genero roletaz. Bagenekien jaio orduko umeak generoaren arabera desberdin jantzi, zaindu, tratatu, hitz egin eta laztantzen ditugula. Bereizketa horiek kontrolatzen saiatu arren —norberak bere burua ere ez du kontrolatzen beti, eta zer esanik ez ingurukoak—, bagenekien nahi eta nahi ez umeek identitate sexuala ongi definituta jasoko zutela. Baina ez nuen espero hain azkar eta hain modu bortitzean adieraziko zutenik. 2-3 urtekin oso argi zuten beraien identitatea eta jokatu beharreko rola. Eta hortik aurrera horretan sakontzen joaten direla ohartu gara. Badaukagu lana rol horiek pitzatu eta queer izaera transmititzen gure seme-alabei.
Dantzan.com-en eman dugu sarrera honen berri: http://www.dantzan.com/albisteak/euskal-dantzak-eta-generoa
Egun on.
Ondo dago dantzariok eta dantza taldeok geure buruaz hausnarketak egitea eta kritikak onartzea. Esandako gauza askorekin konforme nago ni ere, baina oraindik ere harritu egiten naiz euskal dantzak beti tradizioaren ikuspegi itxienarekin lotzen ditugunean.
Izan ere, eta hori ere aipatu beharko genuke, helduen dantza taldeetan behinik behin, dantza dela neskak eta mutilak elkarrekin entsaiatzen duten diziplina gutxienetako bat. Eta oraindik harridura handiagoa sortzen dit, kirolaren eredua hor egonda, inor gutxik kritikatzea eredu horiek: hor bai, txiki-txikitatik, neska taldeak alde batean, eta mutilak bestean. Hor ez dago eredu parekiderik. Ez du inork eskatzen Realean gutxienez sei jokalari emakumezkoak izatea eta bost gizonezkoak, parlamentuan bezala. Eta natural-natural ikusten dugu hori, ezta? Nola nahastuko ditugu denak talde berean!
Ez dezagun ahaztu kirola ere, dela futbola, dela saskibaloia, dela rugby-a, tradizioa dela. Eta eredu sortzailea, kultur aktibitateak diren baino askoz indartsuagoa gainera.
Xabier Etxabe.
Amelia sarrera bikaina oraingoan ere! 🙂
Gure herriko gazteok Euskal Dantzen tailerra abiaraztera goaz udako jai guztietan dantzarako prest egoteko eta zure sarrera hau mahaigaineratu berri dut taldean apurtxo bat hausnartzeko eta Euskal Dantza Queerra planteatzeko, ea nola hartzen duten ideia, niri behintzat bikaina iruditzen zait! Gora Euskal Dantza Queerra!
Maiteminduta nago zure blog honekin. Jarraitu horrela!
😉
-Ahots-
Kaixo Guztioi,
Ni txistularia naizen aldetik, ongi ezagutzen ditut «euskal dantza tradizionalak», ez dantzatzeko moduan, baina bai asko nondik datozen eta nola heldu diren guganaino.
Dantza batzuk, lehenago gure herrian nekazal giroan egiten ziren lanen teatralizazio bat besterik ez dira, adibidez:
– Kaskarotz: kostaldeko arrantzaleen emazteak arrainarentzako saskiarekin
– Zozo dantza: Emakume batzuk igitaiekin eta gari sorta batzuekin
– Zahagi dantza: Gizonezkoak atxurrarekin lurra jorratzen
Eta ezagutzen ez ditudan asko ziurrenik.
Niretzat, dantza hauek badaukate generoa, asmatu zirenean, orokorrean, genero zehatz bateko pertsonek egiten baitzituzten lan hauek.
Beste alde batetik, badira beste era bateko dantzak, norbaiten omenez edo norbait agurtuz egiten direnak, adibidez:
– Hainbat ezpata dantza
– Oñatiko Korpuzti eguneko dantzak
Eta kasu honetan ere, beste hainbat. Hauetan, nire ustez behintzat, zein generotako dantzariak ari diren dantzatzen ez du axola, ez baitago dantzan bertan horretarako pistarik ematen duenik. Hori bai, nire gustorako, ezpata-dantzariak neska edo mutilak izan, orain erabiltzen den jantzia erabili beharko lukete, dantzak berak estetika oso markatu bat baitu eta estetika hori aldatzea dantza bera aldatzea litzateke eta.
Badira ere hainbat soka-dantza Euskal Herrian, mutilek dantzatzen dituztenak neskak plazara atereaz. Hauen inguruko nire eritzia, denen gustokoa izango ez bada ere, horrela mantentzea da (ez naiz talibana nire eritziarekin hala ere). Eta nire arrazonamentua dantza hauek ere zerbait islatzen dutela da, izan ere badaude beste sokadantza batzuk (bat behintzat bai, Lekeitioko nesken soka-dantza) non garatu den ingurunearen berezitasunagatik neskek dantzatzen dutena gizonak plazara atereaz.
Azkenik, gogoratu nahiko nuke gaur egun Gipuzkoako dantzen artean neskek egiten dituzten batzuk (Makil txikien dantza, zinta dantza…) lehen gizonezkoen dantzak zirela (brokel dantza saileko dantza guztiak edo gehienak bezala). Hala ere, orain dela urte ez gehiegi dantza batzuk neskek egin zitzaten erabaki zen, eta gaur egun horrela ezagutzen ditugu.
Ez nuke hitz hauekin inolako sentsibilitaterik mindu nahi. Dantza taldeak txistuz lagunduz eta bestelako iturrietatik edanda garatu ditudan ideiak adierazi besterik ez nuen egin nahi.
Dena den, ez dezagun ahantzi tradizioa hilik dagoela iruditu arren, guztiz bizirik dagoen zerbait dela, eta gaur ezagutzen duguna ez dela orain urte batzuk gure aurrekoek ezagutzen zutena, ezta hemendik urte batzuetara gure ondorengoek ezagutuko dutena ere.
Eskerrik asko, Amelia, horrelako post interesgarriagatik.
Oso interesgarria: Emakumeak Tolosako bordon-dantzarien artean lehen aldiz (http://www.dantzan.com/albisteak/emakumeak-tolosako-bordon-dantzarien-artean-lehen-aldiz).