¿Pero es que tú no sabes castellano o qué?

Nire ilobak -11 urte- bi aldiz entzun du esaldi hori azkeneko hilabeteotan.

Lehenengoa, udako barnetegi batean. Testuingurua: barnetegi horretara heldu berritan, lagunik gabe, taldekide guztiak euskaldunak. Mutila hasi da euskaraz hitz egiten kide berriekin eta lehenengo erantzunak euskaraz jaso arren, lagunak berehala pasatu dira gaztelaniara. Goiz horretan bertan, beste elkarrizketa bat hasi nahian,  taldekide batek hauxe esan dio besteen aurrean: ¿pero es que tú no sabes castellano, o qué? Jarraipena imajinatu ahal dugu: hortik aurrera berak ere gaztelaniaz.

Bigarren aldiz institutuko lehenengo mailan (D ereduan) entzun du. Testuinguru ia berbera: institutuko lehenengo egunean, kide berriekin harremanetan hasteko, lehenengo ahaleginak euskaraz egin ditu. Erantzunak euskaraz jaso ditu baina laster dena gaztelaniaz hitz egin da taldean. Bera euskaraz saiatu da berriro, baina handik gutxira, kide batek hau esan dio: ¿es que tú no sabes castellano? Ondorioa berbera izan da: hortik aurrera harremanak zuzenean gaztelaniaz. Eta halaxe da: ilobak azaldu duenez, ehunka ikasle dauden ikastetxe horretako patioan ez du hitz bat ere euskaraz entzuten; euskara ikastetxean lan egiteko hizkuntza (baino ez) da.

Ondo begiratuta, zelako esaldi indartsua bere soiltasunean. Zenbat gauza adierazten duen. Besteak beste gazte horien artean ohikoa eta naturala gaztelaniaz hitz egitea dela –euskaraz jakin arren– baita testuinguru horietan ere; bestela jokatzen baduzu, negatiboki nabarmentzen ari zara. Eta ez baduzu dagokizuna egiten, zure berdinkideek egin beharrekoa gogoraraziko dizute. Sorpresa ere adierazten du galderak: nola da posible euskaraz egitea gaztelaniaz jakinda? Labur esanda: hezkuntza sisteman euskara ikas/irakastean inbertitutako esfortzua hezkuntza sisteman bertan gelditzen da; gazte horiek ez dute geletako hormetatik ateratzen.

Ilobak bere amari kontatu dionean, amak ez du jakin zer esan. Iruditu zaio semea ia baimena eskatzen ari zitzaiola. Edo absoluzioa. Gaztetxoak etxeko diskurtso ideologiko-filosofikoa ezagutzen du eta barneratuta dauka, baina nerabe baten helburu/ardura nagusia kideekin bat etortzea da, “enkajatzea” da. Amak pentsatu du mutilak ez duela aukera handirik.

(Ziur asko lagun minak egingo ditu institutuan eta euskararen aldeko jaietara joateko elkartuko dira. Diskurtsoa VS Bizitza: betiko dikotomia).

Zer esango dut euskararen egoera soziolinguistikoari buruz dagoeneko esanda ez dagoena? Neuk ez daukat hitz berririk.

(Ze frustrazio. Ze pena. Ze kezka).

Esta entrada fue publicada en anitzak y etiquetada , . Guarda el enlace permanente.

23 respuestas a ¿Pero es que tú no sabes castellano o qué?

  1. Ana I. Morales dijo:

    Zure lobaren istorioak zehatz eta mehatz deskribatzen du nire semearen bizitza. Tira, nire semearenak bariante bat dauka: institutuaz kontatu duzuna igual-iguala da, hitzez hitz, azken xehetasuneraino, baina horri gehitu behar zaio udako piragua ikastaroko «habla la lengua del país» eta bere herriko musika eskolako «el euskera es una puta mierda, habla castellano». Sufrimendu handia, nik ere ezin dut ezer gehitu, ez daukat hitzik, ez daukat ideiarik. Negargura bakarrik, bera ere sufritzen eta armairuan sartzen ikusten ari naizelako.

  2. J. dijo:

    ORGULLOSO NAGO (Xabi Aburruzaga)

    Euskalduna naiz eta
    orgulloso nago
    Euskalduna naiz eta
    orgulloso nago
    Euskal Herria maite
    dudalako klaro
    Ai, oi, ai
    dudalako klaro
    nahiz eta en erderaz
    askozaz gehiago.

    Pankartaren atzean
    noa deiadarrez
    Pankartaren atzean
    noa deiadarrez
    ez dugu onartuko
    horrelakorik ez
    ez, ez, ez
    horrelakorik ez.
    Gero lagun artean
    no, no, no, dame tres.

    Ez diot huts egingo
    ezelako jairi
    ez diot huts egingo
    ezelako jairi
    ni euskararen alde
    banabil ibili
    JI, JI, JI
    banabil, ibili
    mozkorra ke pillamos
    en el ibilaldi!

    Nik euskaraz badakit
    ez dakit dakizun
    Nik euskaraz badakit
    ez dakit dakizun
    ohituragatik soilik
    erderaren lagun
    baina ni orgulloso
    porke soy euskaldun!

  3. Pingback: ¿Pero es que tú no sabes castellano o qué? : Aldaba

  4. Aipatzen duzun berdina bizi du gure alaba zaharrenak. 13 urte ditu, DBH 2. mailan dago D ereduan. Aurreko astean etxean zegoela, galdetu zidan: «ama zer egingo dut?» Whatsapp-ean talde bat egin zuten klasekideak. Bere lehen mezua euskaraz bidali zuen eta jarraian taldeko batek erantzun zion: «a mi no me hables en euskara, a ver si aprendes a hablar como es debido». Neskatoa triste zegoen, baina batez ere beldurtuta, esan zidan «euskaraz egiten badut lagunak nirekin haserretuko dira». (Horrela bazen, horiek ez zirela lagunak erantzun nion.) Harrezkero badakit euskaraz bidali dituela mezu batzuk, baina tamalez, idatzi duen gehiena erdaraz izan da.
    Alabak bertsotan egiten du eta lagunak joan izan dira bera ikustera eta lehiaketetara animatzera ere. Esan duzun moduan Amelia, Diskurtsoa VS Bizitza: betiko dikotomia.
    Nik ere ez dut hitzik honen aurrean.

  5. Santi Leoné dijo:

    Bazen txiste bat: -Zure gurasoak irakasleak dira, ezta? -Zergatik? -Asteburuetan ere euskaraz egiten dutelako.
    Bada, horixe…

  6. Lekittarra dijo:

    Beste esaldi hau bota zidaten niri behin koadrillan euskalduna zen beste batekin hitz egiten nenbilenean: HABLA EN CRISTIANO!
    Oso indartsua eta gauza asko adierazten duena, ezta?
    OHARRA: Jesukristok arameraz hitz egiten zuen, euskarak baino hiztun gutxiago dituen hizkuntza.

  7. Zure ilobak zorte ona izan duela esango nuke, zoritxarrez. Gureari ez zioten galdetu «¿Pero es que tú no sabes castellano o qué?». Ikastolakide batek esan zion: «¿Pero es que tú no sabes HABLAR?»

  8. Eta neuri behin heldu batek «en nuestro idioma» esan zidan; filmetan «in English» diotenean gaztelerara bikoizteko erabiltzen duten trikimailua ikasita zuen nonbait.

  9. Pingback: ¿Pero es que tú no sabes castellano o qué? | zuzeu.com

  10. como te llamas dijo:

    Ni zorionekoa naz, egia diotsuet. Ez naiz bolizko dorrean bizi, ez pentsa, Elorrion, baina gure seme-alabak euskaldun petoak dira, eta badakit adisketuko direla luze gabe orain arrotz zaizkien gauza batzuekin. Baina unean unekoa bizi behar, amigo!
    Alabak dagoeneko 5 urteko mailara joaten da. Itzelak esaten dizkigu gure sorginak, alajaina, eta zuekin, konpartitzea baino ez zait geratzen, uzker somatzen zaituztet eta (ezta gutxiagorako!). Hara, eskolan etorri berriak zituela eta, senegaldarrak zein boliviarrak, horrela esan zigun behin:
    -Ama, gaur neska marroia etorri da eta «como te llamas» egiten dau berba!
    Harrezkero, askotan aipatzen digu «como te llamas» hizkuntza, hizkuntza arrotza zaiona, bistan denez. Batzuetan, «no pasa nada» be deitzen dio. Persianeroak ere hitz egiten duen hizkuntza. Adiskidetzen doa, aizue.
    Lehengoan, berriz, Markinaldean gengozela gazteren bat ezkontzen zela eta, hauek ere Bilbotik etorritakoak ziren nonbait, pintxo-pintxo ziren jantziak, gorbata eta jaka dotorez mutilak, soineko eta pamela ederrarekin nesketako bat.
    Gure seme-alabak eurei begira zeuden lelotuta. Alabak, noski, ikusten zuena adierazi behar:
    Ama, horiek ere «como te llamas» egiten dabe berba!
    Eta gure semeak arreba txikiari:
    -Bai, eta telebistakoak dira. Ezta, ama?

  11. bgonauta dijo:

    Bi gauza:
    1) Eskolan beti izan naiz arraroa. Euskaraz nekielako, eskolan beti gaztelaniaz hitz egin (zuzen gainera) badut ere. Euskal kulturari buruz ezer egin behar bazen, ni aukeratzen ninduten eskolakideek eta Euskaltzaindiaren zalantza zerbitzutzat hartzen ninduten (ez eskolan bakarrik, etxera ere deitzen zidaten). Baina nirekin ikasi duen inori galdetzen badiozu zergatik nintzen ni eurak baino «euskaldunago», erantzungo dizute nire etxera deitzean amak «¿Está Begoña en casa?»-ri «Bai, oraintxe jarriko da» erantzuten zielako dela. Orain dela 8 urte amaitu nuen eskola eta oraindik «Bai, oraintxe jarriko da» hori gogoratzen dute nire ikaskideek. Horrela nola ez sentitu «estigmatizatu»?
    2) Orain dela 6 hilabete, nagusiagoa izanda, euskalduna izatea estigma ez dela jakinda eta nire lagunen artean (eskolako lagun berak) euskararen aldeko interesa susmaturik, Whatsappeko taldean mezu guztiak euskaraz idazteko apustua egin nuen (euskaraz tabernan, giro euskaldunean eta lagun birekin baino ez dut egiten oraindik eta beldurra ematen dit talde osoaren aurrean saltoa egitea). Baita nire erabakiari irmo eutsi ere. Ba abuztuan EGA duen batek esan zidan «Bego, tus mensajes paso de leerlos porque escribes en euskera raro y no te entiendo». «Euskera raro = bizkaiera bastante klaro idatzia». Ez nuen etxetik bidali koldar hutsa naizelako, baina momentuan sentitu nuen pena eta amorrua deskriba ezinak dira.

  12. Pingback: EUSKARAREN GORABEHERAK HIZKUNTZEN EUROPAKO EGUNEAN | Maxixatzen

  13. Martin Rezola dijo:

    «¡Aiba! En casa habláis siempre así, en euskera?!» Galdetu zigun harrituta behin, zure ilobaren adin bereko gure alabaren ikastolako gelakide batek, etxera afaltzera gonbidatu genuenean.

    Kezka-penatan gogaide nauzu, Amalia.

  14. ibai dijo:

    Kaixo Amalia, mezu hauxe idatzi berri dut Zuzeu-n. Ez dakit zergatik ez dizudan lehenago zuri bidali. Dena den, hara, kakotx artean, aldakatxoren batzurekin:

    «¿pero es que tu no sabes castellano, o qué? galderari EHko euskaldun bati irribarrez ematea dagokion erantzuna zehazki da: “si se ESPAINOL, baina normalean ez dut espainolez egiten euskalduna naizelako”.

    Izan ere, deserosoa da euskara egiten duen norbait, ez baita hizkuntza asuntoa bakarrik – hizkuntza ez da sekula hizkuntza bakarrik- ezta nerabeen artean ere. Egin proba D ereduko ikasle erdalzaleen artean “castellano” delako hizkuntzari “espainol” deitzen eta ikusiko duzue zer nolako aztoramena sortzen den eta zeinen erreakzio bitxiak topatzen diren. Oso da mamitsua eta interesgarria.

    Honekin ez naiz ari esaten inolaz ere zure ilobak erantzun hau eman behar duenik ez erantzun hau emanda ezer konponduko duenik. Ez da hamaika urteko nerabe batek borrokatu beharreko kontua hori baizik eta kolektiboki landu beharreko zerbait.

    Diskurtsoa aipatzen du Amaliak: hein handi batean, ¿no sabes castellano o que? galdera azken hogeita hamar urteotan burutu den espainolaren normalizazioaren aldeko diskurkortsoa sozializatzeko lan nekaezinaren emaitza da (“salba dezagun erdaldun bakarra inposiziotik! ezaguna”), oso aintzakotzat hartzekoa, EAEn alderdi politiko abertzaleak gehiengoa izan direla kontuan hartuz gero. Kasu honetan, beraz, diskurtsoa vs bizitza ez, baizik eta espainolaren aldeko diskurtsoa eta bizitza.

    Espainolaren normalizazioaren diskurtso hau, berriz, osatu da zeuk aipatu duzun diskurtso ideologiko-filosofiko zehatz baten aurkako lanarekin desideologiaren eta despolitizazioaren izenean. Hala, zuk esandako diskurtsoa eremu pribatura -familiara- zokoratu da, eta publikoki, berriz, tabu bihurtu.

    “si se ESPAINOL, baina normalean ez dut espainolez egiten euskalduna naizelako” erantzuna hainbat euskaldunentzat bortitza da, ia fanatiko batena. Eta, halere, benetan da neurriz kanpokoa? ala erantzuna jasotzen daukanak dauka konpondu beharreko arazoren bat? Bistan da arazoa erantzun horrekin molestatzen denak daukala.

    Izan ere “Espainolez badakit, baina normalean alemanez egiten dut alemana naizelako”; “espainolez badakit, baina normalean alemanez egiten dut frantsesa naizelako” etabarrek inor asaldatzen ez baldin badu, zer egin du abertzaletasunak gaizki esaldi berbera Euskal Herrian euskaraz dakien norbaitentzat pentsaezina (tabu) izan dadin eta, “¿pero tu que…” bezalako bat, aldiz, natural irtetzen den gogoeta.

    Amaitzeko. Arazoa larria da, baina ez dut uste konponbide hain zaila duenik. Proposamen xume bat: sar ditzagun Lehen Hezkuntzatik Bigarren Hezkuntzarainoko eskola curriculuneam, kulturaniztasuna dela-eta, hizkuntzen arteko bizikidetza eta asertibotasuna lantzen dituen gaia, zeharo lotua Euskal Herriko eguneroko errealitatearekin -whattsap-etako hizkuntzak etabar-. Jo dezagun, hastean ordu bat edota, nahi izanez gero, baita gutxiago ere, hilabetean pare bat ordu.

    Landu eta eztabaida bedi ikasleen artean hizkuntza ezberdinen arteko bizikidetza zertan den, konparti bitez iritziak, arazoak, konponbideak. Egin bedi gazteek gaur gaurko bizi bai baina berbalizatu eta antolatu ezin dutena berbalizatu eta antolatzeko modua. Lagun bekiegu hezten gizarte elebidun/eleanitzaren konplexutasunean. Baietz gisa horretako galderak eta zaputzak desagertu/anormalizatu eta, ondorioz, euskararen erabilera normalizatu eta erraztu?

    Agur bero bat.

    Betiere, esan bezala, asertibotasunetik, eguneroko bizitzan gainerako kontuetarako balio duen gauza da-eta, gainera. Asertibotasun horrek lagunduko luke bai “pero es que tu..” bezalako galderak erantzuten, bai, GARRANTZITSUAGOA dena, erantzuna onartzen.

    Zalantzarik ez dut harritu eta poztuko gintuzketen gauzak ikusiko genituzkeela, eta emaitza ikusgarriak hamar urteren bueltan. Denbora eta diru gutxi eskatzen duen zerbait da, borondate kontua, hortaz.

  15. arlotea dijo:

    enfin. pena, amorrua eta ezina!

  16. Manex dijo:

    Ibairi iruskin bat baino ez.
    Amaliaren Diskurtsoa vs Bizitza egokia iruditzen zait bada. Izan ere nahiz eta orokorrean oso zabaldua egon «espainolaren aldeko diskurtsoa» vs Bizitza, beste eremu askotan oso zabaldua dago «euskararen aldeko diskurtsoa» (adibidez ikastola askotako ume, nerabe eta gazteak, «lezioa» oso ondo ikasia dutenak, bai etxean bai klasean) eta bestelako «bizitza»: inoiz ez dizu hitz txar bat esango zuk eurei euskaraz egin ezkero, are gehiago zu agertzerakoan euskara zuzenean euskaldun bat topatzearen alaitasunez erantzun euskaldun ederra emango dizu… eta zuk buelta eman bezain laister, gaztelerara joko du ziztu bizian.
    Beraz, bai, ni Amaliarekin bat, Diskurtsoa vs Bizitza.
    Gainontzekoan, zure hezkuntzarako proposamenarekin bat nator. Orain, horrek, lagundu arren, eta «espainolaren aldeko diskurtsoa» kontrajartzeko balioko duen arren, ez du bermatuko erabilera, beste diskurtsodun gazte-neraberen bizitzak gaur egun erakutsi bezala.

    • ibai dijo:

      Kaixo Manex. Beharbada ez naiz behar bezain argi esplikatu.

      Diskurtsoa VS bizitza, nik ulertu dudan bezala, zera da, esan bai «gu euskaldunak gara eta horregatik egiten dugu euskaraz», nahi bai, baina gero eguneroko bizitza dago, disgusturik hartu nahi ez baldin baduzu badaezpada ere erdaraz egitea komeni zaizula esanez: Euskarari eta euskalduntasunari buruzko diskurtsoa dut, baina gero eguneroko bizitza dago diskurtso hori ñabartuz. Amaliak hori esan nahi zuela ulertu dut.

      Horregatik, kontrajartzen nion «diskurtsoa ETA bizitza»: hau da, zein diskurtso nagusitzen den gizartean, halakoa izango da bizimodua ere.

      Egia da zenbait gunetan «euskararen aldeko diskurtsoa» jabetu dela «normalitateaz» eta horrek ematen dituela bere fruituak, zuk adierazi duzun borondate on hori, besterik ez bada ere euskaraz egiten duenari euskaraz erantzutekoa, nahiz eta gero norberak bere bizitzan -eskubide osoz- erdaraz jarraitu. Biziki estimatzen dudan jarrera da, bereziki egunerokoan taigabe erdaraz erantzuten didaten D ereduko ikasleekin lan egiten dudalako.

      Zehaztuko dizut, batez ere bere burua abertzaletzat jotzen ez duen jendearen artean estimatzen dudala jarrera hau, alegia, bizikidetzaren amorez, nahiz eta norbere egunean egunerako aukera espainola izan, euskaldunekin euskaraz egiteko zibismoa erakustea txapela kentzekoa iruditzen zait.

      Baina Amaliak aipaturiko adibidea genuen hizpide. «Euskaren aldekoa diskurtsoak» zentzurik ez daukan egoera bat deskribatzen du ezinhobeto. Ez da hutsetik sortu den zerbait, baizik eta «euskararen aldeko diskurtsoa» bezainbeste edo gehiago normalizatu den beste diskurtso edo hizkuntzen arteko harremanaren ikusmolde bat baizik, arreta handiz landu eta zaindua. «Espainoalen aldeko diskurtsoa», berez, ez da izen horrekin sekula aipatzen, bestela baizik, «hizkuntzen despolitizazioaren diskurtsoa» legez.

      Nik esaten dudana da «hizkuntzaren despolitizazioaren diskurtsoa» oso politikoa dela, hizkuntzari buruzko diskurtso guztiak bezala, bestalde. Gertatzen da, ordea, politikak onak zein txarrak izan daitezkeelarik, despolitizaziorena denik eta diskurtsorik gaiztoena dela, eztabaida politiko sano eta eraikitzailea bera burutzeko posibilitatea errotik ukatzen duelako.

      Neuk buruturiko proposamenak ez du erabilera masiboa bermatuko, noski, baina bai erabilera erraztu eta, ondorioz, emendarazi. Izan ere, lagunduko du orain norbaitek euskaraz egiten duelako deseroso eta erasokor sentitzen direnek, ¿pero es que tu…» galdetzen duten horiek, euren konplejoak eta agresibitatea gainditzen eta, ondorioz, euskaraz egiten dutenak horregatik erasotuak izan ez daitezen. Hala, euskaraz egin nahi ez duenak ez du egingo, baina besterik ez bada ere, egin nahi dionari ez dio galeraziko.

      Adeitasunez.

  17. abarquin dijo:

    Ikusi dut nire ilobarena esperientzia konpartitua dela, eta baita nik sentitu ditudan frustrazioa eta kezka ere. Baina horrek ez nau kontsolatzen; kezka areagotzen dit.

    Komentarioetan irakurritakoaren harira, oraindik pare bat ideia. ZuZeu aldizkariaren eztabaidan, Fermin Morrokozokok zera esaten zuen: uste zela (genuela, zenutela) euskaraz jakitea aski zela. Orain badakigu ezetz. Ez gara enteratu berri, gainera. Eta orduan, zer?

    (Proposamenen bat irakurri dut komentarioen artean; proposatzeko ordua da, bai).

    Iloba hezkuntza erakunde batean sartu berri da non sei urte emango dituen (egunean klasean sei ordu, eta hango lagunekin ikastetxetik kanpo pasako dituenak) eta badirudi sei urte horiek erdaldunak izango direla irakasleak presente ez daudenean. Berarentzat eta besteentzat. Eta ez da institutuan gertatu den zerbaitengatik, zeren joera sartu eta lehenengo egunetik azaldu da. Ikusiko da gero institutuak zer egiten duen horrekin -zer egin nahi duen, zer egin ahal duen- baina lehenengo eguneko pasadizo hori ez da, printzipioz, institutuaren “errua”.

    Nire kezka ez da etxeko gaztea soilik, ikasle guztiak baizik. Soziolinguistikaz nik baino gehiago dakitenek azaldu ahal izango digute zer gertatzen den nire ilobaren institutuko gaztetxoekin (eta beste hainbat institututako gaztetxoekin; ze institututan ez den halakorik gertatzen jakitea ondo legoke). Komentario batzuetan erreferente eskasak (irakasleak, gurasoak) aipatzen dira, eta ez dut hori ukatuko, baina nik gazte askoren ibilbidean irakasle saiatuak eta euskararekin jarrera ona daukaten gurasoak ere irudikatu ahal ditut. Eta hori ez da nahikoa izan. Gazte erdarazaleen artean etxeko euskaldunen bat ere egongo da, gainera, bere nagusien etsipenerako (kasu batzuk ezagutzen ditut).

    Gaztetxo horiek (lehenengo mailan hasi direnak) ia umeak dira, ezin ditugu epaitu eta “ideologikoki errudun” moduan kondenatu. Dakigunez, umeek ez dute arrazoi ideologikoen arabera funtzionatzen nagusion erara. “Euskara salbatzea” ez da inoiz izango ume baten arrazoia euskaraz hitz egiteko. Hori azaltzen dion nagusiari gustua ematea eta berak esandakoa eginez bere afektua jasotzea, berriz, bai izan daiteke arrazoi bat. Baina gauza desberdinak dira, ez ditzagun nahastu. “Adin ideologikoan” sartzen direnean (hamaseitik aurrera, hogeitik aurrera… pertsonaren arabera), eta zirkunstantzia nolakoak diren, batzuk euskarara itzuliko dira (zenbat?); besteak ez.

    Zer dago nire ilobaren kideen jarrera eta hautuaren atzean? Ez direla nahiko trebeak euskaraz? Lagunarteko euskara edo ahozko hizkera informala euskaraz falta zaiela? Ohitura aldatzea oso zaila dutela? Euskarak ez diela guaiak izatearen sentsazioa ematen? Beste zerbait? Dena batera? Esan bezala, batzuek diagnostikoa hobeto egin ahal izango dute, ondorioak atera eta proposamenak egin. Baina, demontre, momentu honetan garrantzitsua den zerbaitekin kale egiten ari gara.

    Zuen baimenaz, aukera aprobetxatuko dut nire harrikada bat botatzeko, alegia, Euskal Telebistak umeei eta gazteei eskaintzen dien kakazaharraren kontra harria botatzeko. Familian umeak eta gazteak dauzkagunok etsita gaude bertako telebistak ematen digunarekin. Ze aukera galdua, redio. Norbait infernura joango da horregatik.

    Zenbat ordu ematen dute gure txikiek telebistaren aurrean astean zehar? Telebista da ikusle horientzat euskararen inputa (`sarrera´) aberasteko aukera bikaina (oso garrantzitsua familia erdaldunen umeentzat) eta hori erakargarriak diren produktuekin lortzen da. Baina nola lehiatu, adibidez, Clan-eko Bob Esponja edo Boing-eko Hora de aventuras programekin (neuk ere gustura ikusten ditudanak)? ETBko Maite Kuttuna programa laidogarriarekin, adibidez? Adibide borobila da: programa hori literalki “kaka” eta “zaharra” da, zaborra eta zaharrunoa. (Erabat ados Iratxe Fresnedak Garan idatzi zuen kritikarekin). Zer egin dugu telebista hori merezi izateko?

  18. ibai dijo:

    Ideologiari buruz, labur: guztiz ados nago 11 urteko ume batek ez duela euskaraz «euskara salbatzeko» egiten eta esan gabe doa adin horretan «errudun ideologikorik» ez dagoela. «Pero es que…» dioen ume horren errua lotsagabekeriari dagokiona da, ez ideologiari dagokiona. Besterik ez genuen behar.

    Azpimarratu nahi nuena da jendea «adin ideologkoan» sartu aurretik sartzen dela ideologia bera jendearen baitan eta beharrezkoa dela horretaz jabetzea. Giroan ideologia zein den, halako erreakzioak aurkituko dituzu: toki batzuetan beste batzuetan baino matxistagoak, adibidez. Eta kasu honetan, euskararen aurkako ideologiaren diskurtsoa normalizatu izanaren atzean esan liteke badirela erantzule batzuk -ez umeak, noski- izan pentsamendu marko toxikoak gizarteratu dituztelako (euskararen inposizioa/euskaraz ez jakiteko askatasuna), izan marko horiek bere horretan onartu eta elikatu dituztelako.

    Eta Euskal Telebistari buruz, zure baimenarekin, zurekin harrika jarraituko dut. Izan ere, egia esango badizut egunotan bikotea eta biok gai honi buruz egunkarietara eskutitz bat idaztekoak izan baikara, kexuka.

    Euskararen erabilerari dagokionez, umeentzako katea, marrazki bizidunen katea, ESTRATEGIKOA da. Esango nuke bere garaian, Euskal Telebista sortu eta gu hazi artean -35 urte ditut- marrazki bizidunei dagokionez behitzat, Euskal Telebistak jakin izan zuela erdarazko aukerekin arrakastaz lehiatzen eta horrek eragin handia izan duela, onerako, marrazki bizidun horiekin hazitako guztion euskararekiko harremanean.

    Helburuak, hortaz, erdarazkoak bezain euskarazko marrazki bizidunen kate ona eta, modako hitza, erakargarria sortzea izan behar luke.

    Eta audientzia baxuak igo behar omen direla-eta konponbideak «maite kuttuna» izan behar baldin badu, arreglatuta daude. Hori programatu duenari galdetuko nioke ea nork eman dion baimena jendearen etxeetara kaka eta zaborra isurtzeko, zuk diozun bezala, hori baita telebista piztu eta telesail hori agertzean gertatzen dena.

    Eta kritikak proposamena eskatzen duenez, hara: kate erdaldunetako marrazki bizidunekin lehia dezaketen produkturik aurki ezin bada, beste kateetan arrakasta lortzen ari diren produktua erosi, garantiadunak, alegia, eta euskaraz ere jar litezke.

    Hain arraroa ere ez da: Kataluniaan peppa pig katalanez espainolez zein katalanez ikus liteke, katalanez telebista katalanean eta espainolez, espainolean.

    «Bob Esponja» edota «Bob Belakia»…ea guraso/umeek zein aukeratzen duten. Nik uste sorpresa atseginak hartuko genituzkeela.

    Agur bero bat, Amalia.

  19. ibai dijo:

    Bi lerro gehiago soilik, aipatzea ahaztu dut eta. Ez dugu egunkarietara eskutitzik idatzi hotsa iritsi delako EITB haur gazteentzakoprogramazioa eraberritzeko egitasmo anbiziotsu bat aurkeztekotan omen dela.

    Animo eta ea ba asmatzen duten, ziur nago-eta etxe horretan gauzka hobeto egin nahi eta egin ahal dezakeen jenderik ez dela falta!

  20. Sara dijo:

    11 urteko ikaslea (euskaldun berria) gazteleraz hitz egiten herri-ikastolako patioan: «zuk ez al dakizu eukaraz hitz egiten ala? … alde hemendik español ….» Ideologia ? Filosofia ?
    Badira gurasoak euren seme-álabei gaztelerazko telebista kateak debekatzen dizketenak…
    Badira gurasoak eskola inguruak zelatatzen dituztenak beste ihaurrek gaztelaniaz hitz egiten badute salatzeko !

    Pena eta kezka bai Amelia!
    Zu bezalako pertsona aditu batek salaketak biltzen konponduko al du auzia ?

    IBAIrekin bat nator , zorionak Ibai! hori bai proposamen xumea bezain argia, hortaz; lagun bekiegu hezten gizarte elebidun/eleanitzaren konplexutasunean. «ASERTIBITATETIK ! gela barrutik hasita … horra hor gakoa eta Unibertsitaeko adituak ondoan laguntzen !!

    (Catalunyaren ibilbideari erreparatu beharko genioke … transizio politikoa, bakea, elkartasuna, jarrera irekia mundu osoari + kultur guztietatik aberasten eta HEZKUNTZAN bikainak — bejondeiela !

  21. Manex dijo:

    Epa Ibai:

    Bat nator esaten duzun ia guztiarekin.

    Eta bat nator ere «zibismo» jarrera hori duten gaztetxo/gazte/helduak, bereziki zuk diozun bezala, sentimentu espainolekoak badira, atseginez ikustean.

    Aldiz uste dut benetan kezkatzekoa dena, naturala eta ulergarria eta azaltzeko argudioak egon badauden arren, bestea dela. Hots jarrera hori jatorri, ikasketa, giro eta ideolojia euskaldun eta abertzalekoen artean topatzea. Eta ni bizi naizen hiri eremuan behintzat oso zabaldua den kontu bat da.

    Adibide bat jarriko dizut: auzoko jaiak, txosnagunea, rock kontzertu bikaina, euskaraz, publikotik letrak oihukatzen dira masiboki (oso datu positiboa, hiri erdaldunean gazteek euskarazko musika kontsumitu eta gozatzea), bataz besteko adina publikoan 20 urte eman dezagun. Belarriak apur bat finduta kontzertua bukatu ondorengo euskararen erabilera? %5 ingurune euskaldunetako herriren batetik etorritako gazteak kontuan hartuta? baikorregi agian %5?

    Ni horrek kezkatzen nau gehien. Izan ere «dena» alde izanda (ezagutza %100, giro euskaltzalea, diskurtso euskaltzalea, giro hurbilekoa – jendeak elkar ezagutzen du -..) ere ez da euskaraz egiten halakoetan hiri eremuetan, behintzat ni bizi naizenean. Eta faktoreak azaldu, azaldu daitezke. Eta luze azaldu ere. Eta gehiago aztertu beharko da, eta abar.

    Baina kezkagarria da, eta tristea. Eta ni behintzat askoz gehiago penatzen nau hau ikusteak eta bizitzeak espainol taliban baten bat-bateko purrustadak baino. Jarrera zibikoa da, bai (eurekin hitz egin ezkero denek erantzungo dute euskara zuzenez, euskaraz eskatu dezakezu txosnan, euskaraz pertsona bat ezagutu), baina oso frustrantea zu eta zu bezalako 4 tximino zaretelako euskara erabiltzen duzuen bakarrak. Beste gauza askoren artean erakusten duelako euskararen aldeko lanak fruituak eman baditu ere (auzo horretako jaietan orain dela 20 urte ezagutza %25 ez zen izango, eta sekulakoa da txosnaguneko gazteen %100ak euskaraz hitz egitea) emaitza ez hain frustranteak ikusteko oso oso oso epe luzekoa dela.

    Ongi bizi

  22. ibai dijo:

    Aupa Manex,

    Zehaztuz, gehiegi luzatu gabe eta EAEko soziologia bortizki sinplifikatuz.

    Jarrera zibikoa da bere burua vasco-españoltzat daukan norbaitek euskara ezagutzea eta, ohikoan erdaraz egin arren, euskaraz egiten dionari espanturik gabe euskaraz erantzutea. Eta jarrera hau gizartean orokortzea da borroka bat.

    Euskaraz dakien abertzaleak euskaraz egiten zaionean euskaraz erantzutea baina ohikoan espainolez jarraitzea ez da zibismoa, baizik eta inkoherentzia. Ulergarria, gauza guztiek dauzkatelako bere zergatiak, eta ez naiz inolaz ere inor errudun seinalatzen ari. Baina, hain zuzen, abertzaletasunaren ikuspuntutik, jarrera honi buelta ematea da beste eratzunkizun bat.

    EAEn haurrak zein eredutan matrikulatzen ari diren ikusita -2011/12 ikasturtean, oker ez baldin banago, %74 D ereduan, %22 B ereduan- uste dut esan litekeela lehenengo auziaren konponketa -EAEn, betiere- ondobidean doala eta.

    Hara hor Maneiro, espainolista amorratua, baina euskal hiztuna. Hizkuntzari buruzko bere diskurtsoak neurearen antipodetan daude. Halere, pertsonalki, gogorragoa egiten zait hainbat eta hainbat lider eta eragile abertzalek euskararekiko duten praktika jasatea, Maneiroren diskurtsoarekin bizitzea baino. Maneiroren diskurtsoaren aurkako argudiorik ez zait falta; eragile abertzaleen praktikak, berriz, desarmatuta uzten nau.

    Oraingoz, beraz, ondobidean ez doana bere burua abertzaletzat daukatenen euskararen erabilera da. Tira, hori, antza zer gertatzen zaigun ulertu ezinik gabiltzala eta, batez ere, zabaldu eta promozionatu diren eta promozionatu EZ diren hizkuntzei buruzko diskurtsoen direnak direnez, umeek -eta helduek- hizkuntzen kontuagatik sufritu egiten dutela gogotik.

    Ongi bizi zeu ere. Eta eskerrik asko, Amelia, eztabaida txokoagatik.

    Bidenabar, Sara, neuk ere uste dut badagoela zer ikasi Katalunian.

Replica a J. Cancelar la respuesta