Argibideak neskei hezkuntza estetiko/sentimental modernoa emateko. Lau ezinbesteko tresna, lau.

1. HELLO KITTY

Murgil ezazu neskatxa ahia arrosan. Gupidarik gabe. Ito itzazu berarengan sor daitezkeen beste aukera estetiko eta bibentzial guztiak. Neskari dagokiona hauxe da: arrosa, suabea, biguna (dena pack berean). Zer den horretarako onena? HELLO KITTY noski, ahorik ez daukan katutxo emea. (Zertarako nahi du ahoa ba neska batek?).

Hello kitty markak produktu ugari dauzka: kamisetak, gonak, kuleroak, euritakoak, posterrak, arkatzak, motxilak, izarak, tartak… Mila modu dauzkazu, beraz, murgiltze ahalik eta osatuena bultzatzeko. Eta ez galdu aukera edozein neskari produktu horiek oparitzeko. (Agian konturatu zarenez, familia batzuek ez dizkiete haien neskei erosi nahi: ekarri zuk neska horiei ilusioa, gurasoen disgustu aurpegiaz paso eginez).

Marrazki bizidunak ere badaude. (ETB3n gainera! Azken aldian euskaratu diren gutxienetakoak! Zelako zortea dugun). Eta enpresak ordaindutako furgoneta bat eskolara joango da, agian, kromo itsasgarrientzako albumak banatzera, umeek bilduma has dezaten. Nagusiok lagundu ahal diegu kromo paketeak erosten, albuma lehenbailehen osatzeko.

Hello Kittytik bigarren tresnara pasatzeko zubi-lana egin dezakete honako irudia daukaten produktuek:

Hello Kitty + kaskezurra! Bikaina! Ze artistari bururatuko zitzaion aurkikuntza estetiko hori!

2. MONSTER HIGH

Neskak sei edo zortzi urte baldin badauzka, MONSTER HIGH-en ordua heldu da (munstro klasikoen “ondorengoak”). Ez, ez da goizegi: erregalatu talde horretako panpinaren bat zure alabari, ilobari…; lagunduko diozu konturatzen ze distantzia handia dagoen bere gorputza eta panpina horien gorputzaren artean, eta lehenbailehen  hasiko da eredura heltzeko ahaleginetan. Monster hauek ez dirudite oso osasuntsuak, egia da (gehienak hilda daudelako izango da, akaso), baina nori inporta zaio hori?

Jostailu garestiak dira, baina horrela neska txikiek ikasiko dute institutura makilatuta, superorraztuta, plataformekin, arropa gutxirekin… joan beharko direla. Tira, txiki-txikitatik supersexy jarriko dira. Hainbatek oso ondo barneratzen dute estiloa eta LHko bosgarren eta seigarren mailan hasten dira eskolara look sexya eramaten. Miresgarria da gaztetxo horiek zein trebeak diren shopping-a egiten! (Ez al da ba kontsumoa ekonomiaren motorea? Ba neska horiek astindu ederra emango diote etxeko ekonomiari…).

Erne, andrakila hauek ez dira Barbyak bezalakoak (horiek erizainak eta ile-apaintzaileak izan zitezkeen). Badirudi panpina hauen helburua goapak egotea baino ez dela. Sartu haien web orrian, eta ikusi, adibidez, Clawdeen Wolf-en perfila. Edo Frankie Stein-ena. Aizu, megafashion.

Marka honek, aurrekoak bezala, merchandising izugarri zabala dauka atzean (eta aurrean, eta alboetan). Erakusleiho batzuk monografikoak izatera heltzen dira:

Marrazki bizidunak ere badaude eta kromo itsasgarrien albumak ere bai, aurreko produktuarekin bezala!

Estetika pijo-siniestro horretara ohitzea lagungarria izango da hurrengo tresnara errazago pasatzeko.

3. CREPÚSCULO

10-12 urtetik aurrera CREPÚSCULO dago superondo. Liburuak eta pelikulak oso arrakastatsu gertatu dira; produktu biziki erakargarriak dira eta milaka gaztek ikusi dituzte dagoeneko.

Zein da kontua? Di-da: neska gazte bat da protagonista, ez oso distiratsua, autoestima baxuarekin, neska askok bezala. Baina zelako zortea, bi mutil oso berezik jartzen dute arreta berarengan eta lehiatzen dira bere maitasuna lortzeko (edozein neskaren ametsa, ezta?): otso-gizon bat eta banpiro bat. Berari banpiroa atsegin zaio batez ere. Tipoa arriskutsua da berarentzat eta mutilak horretaz abisatzen dio (odola xurgatzeko joera, badakizue), baina neska prest dago arriskuez paso egiteko bere kutunarekin egon nahi duelako (nondik egiten zait hori ezaguna?). Zorionez, tipoak ez dio (ia) minik egiten. Bikote bihurtuko dira, ezkonduko dira, ume bat izango dute…

Jende hau apur bat zurbila da. Monster Highen antzera, ez dirudite osasun oneko pertsonaiak. Azal zuria, betzulo galantak, neke aurpegiak, begirada intentsuak… Alaiak ere… ba ez dira. Baina dena ezin da, ezta?

Mutila, sakonean, oso jatorra da: ez du neskarekin maitasuna egin nahi eskontzaren gauera arte, nahiz eta neskari horrenbeste itxarotea apur bat kostatzen zaion. Gainera neska ahul sentitzen da, baina mutilak momentu oro horren ondo babesten duenez… Tira, enroilatuz geroztik, neskak ez du ez estudiatuko ez lan egingo ez ezer, zertarako; bere bizitza proiektua banpiroaren neska laguna izatea da. Eta gero ama bikaina izango da, noski. Izan ere, haurdunaldiak bere osasuna arrisku larrian jartzen duenean, argi dauka sakrifikatuko dela eta hilgo dela bere umea ekartzeko (eskerrak in extremis konponbide bat aurkitzen dutela). Abortatzeko aukera ez zaio burutik ere pasatzen.

Ze bizipen, emozio eta personai original eta apurtzaileak. Azken txilioa. Gora maitasun erromantikoa!

Produktu hau supereraginkorra da: neskak kontu honetan ganoraz murgiltzen badira, ez dira mobida politikoetan sartuko (beno, ez sozialetan, ez artistikoetan, ez kiroletan…). Amesteko eta itxaroteko joerak gailenduko dira. Neskak ohetik altxatzen badira, gaitzerdi.

Institutuko karpetak estaltzeko argazkiak zoragarriak dira.

4. 50 SOMBRAS DE GREY

Aurreko tipoa apur bat arriskutsua zen, baina neska beragatik dena egiteko prest zegoen; zubi bikaina hurrengo produktuan murgiltzeko: 50 SOMBRAS DE GREY (hiru liburuki). Salmentak izugarriak izan dira. Nobela irakurterrazak, kitzikagarriak… Subertsioaren usaina senti daiteke bere orrialdeetan (beno, zorabiatzen ari naiz…).

Formazio estetiko/emozionalean masterra lortzeko, hona hemen nagusientzako nobela batzuk gaztetxoek ezkutuan gozatzeko, gurasoen mesanotxeko tiraderatik lapurtu ondoren.

Zein da haria? Beste neska gazte arrunt bat da protagonista. Honek ere –zelako zortea– tipo berezi baten arreta lortzen du: goapoa, aberatsa, arrakastatsua. Gizonaren sexu gustuek sado-masorako joera adierazten dute (ea asmatzen duzuen nor den maso eta nor den sado bikote horretan. Bai, baina nola asmatu duzue?), eta neskak onartzen ditu, ez beti oso gustura. Baina badakizue, neskak tipoa benetan maite badu, azkenean tipoak bere izaera aldatuko du eta neskaren beharretara moldatuko da (aditu guztiek esaten dutenaren kontra, baina nork jakingo du hobeto?). Izan ere, bukaeran neska eta mutila ezkonduko dira, etxe zoragarri batez eta gizarte posizio galantaz gozatuko dute eta bi seme-alaba ekarriko dituzte (bai, berriro asmatu duzue: mutila eta neska). Ez zaie ezta txakurra falta!

Ezer ere irakurtzen ez duen nire lehengusina batek hiru nobelak irentsi ditu banan-banan eta deskantsurik gabe uda honetan hamakaren gainean. Alajaina, mirari horrek txundituta eta hunkituta nauka.

Pelikula laster etorriko da. Zelako aukera arriskutsuki bizitzeko!

NONDIK ETORRIKO DIRA?

Formazio honi esker, neskak bizitza sentimental modernoa kudeatzeko prestatuta egongo dira. Beste produktu batzuk etorriko dira hezkuntza horri errefortzua ematera: Disney Channeleko hainbat programa ere oso onak dira, eta marrazki bizidunak, pelikulak, bideoklipak, bideojokoak, komikiak, iragarkiak, egunkarietako astekariak…

Horrela prestatuta, Emakunderen sekuentzia didaktikoei iragazgaitzak izango dira gazteak, eta zorte apur batekin Eusko Jaurlaritza generoaren inguruan eskoletan emateko prestatzen ari den programa ere gainetik pasako zaie haien ile bat ikutu gabe. Gazteei egingo zaizkien inkestetan, kopuru esanguratsu batek erantzungo du jeloskortasuna maitasunarekin lotuta dagoela eta erasoak justifika daitezkeela; nesken kopuru majo bat tratu txarren esperientziatik igaroko da zuzenean.

Ez da faltako hau galdetuko duenik: baina nola da posible gazteek horrela pentsatzea, nondik datoz ideia horiek, jokaera horiek gure gizarte aurreratu honetan?

Ba horixe, nondik etorriko dira?

Esta entrada fue publicada en generoa y etiquetada , , . Guarda el enlace permanente.

19 respuestas a Argibideak neskei hezkuntza estetiko/sentimental modernoa emateko. Lau ezinbesteko tresna, lau.

  1. Aitak zuzentzen duen etxeko zine-zikloaz gain, ze beste kontra-neurri planteatzen dituzue etxean? (aldera serioa)

  2. Miren Vives dijo:

    Oso ekarpen interesgarria. Gaia bereziki interesatzen zait, bi alaba ditut (5 eta 7 urtekoak) eta etengabe propaganda egiten ari naizela iruditzen zait: denbora baino lehen aspertuko ditudalakoan nago!
    Aspaldikoa da eta agian ezagutuko duzue: http://mendaronguraso.wordpress.com/2013/02/07/filmeak-eta-gizontasuna-peliculas-y-hombria/

    Gaia zabala da, ahalduntzen prozesutik hasi eta genero indarkeriara adar asko bait daude. Erantzunik ezean hausnarketan (eta txapa ematen) jarraitu beharko dugu. Mila esker post-agatik!

  3. abarquin dijo:

    Miren, ez nuen hitzaldia ezagutzen eta oso oso majua iruditu zait (nire errekurtso didaktikoen artean gorde dut😉. Eta bai, hizlariak azaltzen duenez, gizontasunaren gaia ere hor dago eta ez da makala. Crepúsculok eta Greyren itzalek zabaltzen duten eredu maskulinoa ere oso puñeteroa da mutilentzat, zalantzarik gabe.
    Luitxo, erantzuna edo “errezeta” eduki nahiko nuke, baina partxe batzuk baino ez ditut aurkitu. Nire esperientziatik abiatuta, zure galderari buelta bat emango diot eta zerbait idatziko dut laster.

  4. marijodeo dijo:

    Oso ona artikulua, Amelia. Elementu guztiak ezagunak zaizkit, baina bata bestearen jarraian ikusteak, gauza asko ulertzen dira bai. Gogoratu dut lagun batek komentatu zigula bere alaba hasi dela esatsen Miley Cyrus (sasoi baten Hannah Montana) “orain gaiztoa” dela, bere bideoklipen bat ikusten duen bakoitzean. Galdera egin nion:
    – Eta, zuk zer esaten diozu?
    – Zer esango diot ba? Baietz, gaiztoa dela.
    Harek ere papeleta zaila, hiru alaba dauzka.

  5. Nekane dijo:

    Ez da bakarrik nesken arazoa! Nire seme txikiari izugarri gustatzen zaio Hello Kitty eta Monster High (panpinak ere baditu)! Baina nik berarekin ere jolasten naiz edo telebista ikusten dut eta gaia lantzen saiatzen naiz

  6. Pingback: AMELIA BARQUIN: Argibideak neskei hezkuntza modernoa emateko | Maxixatzen

  7. Oso artikulu ona. Guk etxean 2 alaba ditugu eta Hello Kitty eta beste monstruo-hai itsusi pila ere…aldatzeko garaia dela uste dugu baina nondik hasi? #ttiklik

  8. Leire dijo:

    oso interesgarria, Amelia!
    Haur baten heziketan pentsatzen jartzen garenean ez baitiegu sarritan honelako “keinuek” eragin dezaketenari garrantzirik ematen. Zorionak beste behin!

  9. Nora dijo:

    EITBk euskaratutako beste produktu “interesgarri” batzuk, linea berekoak: “Lola eta Virginia” eta “Berebiziko espioiak”.
    Etxean telebistarik ez dugunez, nahikoa izan da DVD horiek desagertaraztea… Etxean inork ez daki nola desagertu diren.
    Ez da oso joko garbia baina… gaitzerdi!

  10. eide dijo:

    Eskerrik asko Amelia zure blogean gurekin konpartitzen dituzu hausnarketengatik!! Gustura asko irakurri ditut denak.

  11. Aitor Oiarbide dijo:

    Mila esker Amelia, artikuloa bikaina da-eta. Lehenengo hirurak ezezagunak zaizkit, “50 sombras de Grey” ordea, ez. Neuk ez dut irakurri (asmorik ere ez!). Neska-lagunak irakurtzean, berak kontatu zidan istorioa, beno eta pasarteren irakurri ere egin nuen. Liburuaren gainean hizketan aritzean, guk biok iritzi berdinak geneuzkan, zera: batetik, aportazio berririk ba al dakar liburu honek? Bada, ezer ez!; bestetik, horrelako harreman batean emakumea menpekoa izatea eta gizonezkoa nagusia/menperatzailea ez al da lehenago ere errepikatu beste makina bat formatan?
    Beraz, zeharo ados zurekin Amelia. Gainera, irakasle naizenez DBH eta BTXko geletara eramango dut gogoeta eragiteko.
    Beno, zure artkulu interesgarri gehiagoren zain, hurrengora arte.

  12. mikel ayerbe dijo:

    Nik beste elementu bat kokatuko nuke HELLO KITTY eta MONSTER HIGH-ren artean, euskal haurren iruditeria hezitzailea osatzeko: PUPU eta LORE. Azken honek, buruan begizta bat izan beharrean bitxilore bat du eta PUPUk aldiz, tirita bat du kopetan, Victor Manuelen abesti hartan bezala “porque entre sus dedos a su padre como un pez se le escurrió”…
    Oker ez banaiz, Txinan egiten diren panpina hauek ere merchandaising esanguratsu bat parte dira, euren klub, bazkidetza, liburu, DVD, CD eta abarrekin…
    Eta hainbat eztabaida izan ditut guraso diren zenbait lagunekin: oso hezitzaileak omen direlako, pedagokikoak eta abar, gai sozialei erabat lotuak eta konprometituak. Eta zinez, ez dut zalantzarik egiten…
    Harritzen nauena da, hain hezitzaile diren PUPU eta LOREtik zeinen erraz pasatzen diren ez-hain-hezitzaile diren (eufemismo bat erabiltzearren) MONSTER HIGHren kontsumitzaile izatera, eta ez naiz umeez ari, gurasoez baino…

  13. abarquin dijo:

    Gaiari koska interesgarri bat ematen dio Idurre Eskisabelek “Printzesismoa” artikuluan: http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-10-19/004/003/printzesismoa.htm (Berria, 2013-10-19).

  14. alaitz vives dijo:

    A ze borroka darabilkiguna! artikulu ona, zorionak!

  15. Marga Mosquera dijo:

    Erabat ados nago hemen aipatu den guztiarekin, interesgarria benetan, Amelia.
    Industria editorialek eta merkatuek ez dute inoiz lokartzen. Horregatik erne egon behar dugu guztiok eta zurea bezalako begirada kritikoa eskertzekoa da. Haurtzaroa eta nerabezaroa oso momentu bereziak dira eta eta multinazionalak haiei begira daude putreak bezala eta gai dira edozein kutrekeri asmatzeko haien salmentak handitzeko. Jarraituko dugu gaia lantzen…

  16. Pingback: “Princesas Zombies”, benetan? | ¿de verdad? | Mendaron guraso izatea

  17. Elena Laka dijo:

    Mutilen hezkuntza estetiko sentimentala ere ez da makala, nahiz eta behar bada sinpletxoagoa izan: superman (eta superheroiak oro har), pressing catch, eta gero jada futbola, beti futbola.

  18. abarquin dijo:

    Albiste bat: Gazteen arteko bikote heterosexualetan gero eta toleratuago dago kontrol matxista nesken gainean (http://www.publico.es/476555/los-adolescentes-consideran-normal-el-control-sobre-la-chica-en-las-relaciones-de-pareja)
    (Harritzen gara? Ez al doa horra bideratuta korronte nagusiaren produktu kultural pilo bat?).

  19. Pingback: Txibierroak uluka #16 Txibierro histerikoak | Txapa Irratia 97.20 FM

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s