Guraso feminista izatea; zenbait aukeraketa (hamaika partxe eta erdi)

176(Denda baten erakusleiho monografikoa: Hello Kitty, Monster-High, Violeta…)

Lagun batzuek esan didate ez dela nahikoa umeei eta gazteei zuzendutako produktu kulturalak (filmak, bideoklipak, bideojokoak…) feminismoaren betaurretatik kritikatzea, alternatibez ere hitz egin behar dela.

Egia da patriarkatuaren mezuek inoiz baino eraginkorrak diruditela: ez da beharrezkoa legeak ezartzea emakumeak menperatzeko; andreak menpean mantentzeko arau ikusezinak gorputz ereduarekin eta maitasun erromantikoarekin lotuta daude nagusiki (nahikoa lan izango dute neskek bi kontu horiekin); mutilek ekintzaileak eta bortitzak izaten jarraitu behar dute (hortik ihes egitea ere ze zaila). Produktu kulturalak mezu horietarako garraio ezin hobeak dira.

Zailagoa omen da alternatibak aurkitzea, ezta? Ze aukera dauzkagu guraso feministok? Gure etxean egiten ditugun gauza batzuen zerrenda osatu dut, bi alabaren guraso garen aldetik. Erne, ez dira aholkuak; ez nintzateke ausartuko leziorik ematen. Ni neu zalantzez beteta nago;  kontziente naiz, gainera, zerrendatutako jarduera batzuek, arretaz analizatuta, zenbait ertz agertuko dituztela, eta ziur aski ez direla erabat hezitzaileak, edo zuzenak edo eredugarriak izango. Eta hala ere horiek dira topatu ditugunak eta hemen azalduko ditut, debaterako prest.

Irizpideak? Emakumezko erreferente majoak (ez konbentzionalak) umeei erakustea. Gizon interesgarriak aurkitzea ere helburu dugu. Alegia, honako bizipen hauen bila gabiltza: sedukzioa ez dela emakumeentzat bide bakarra, eta matxo alfa izateaz gain beste aukera batzuk ere badaudela gizonentzat.

(Oharra: “guraso” hitzaren esanahiak testu honetan zabala izan nahi du, umearen ardura daukan nagusia, hain zuzen).

 

ZERRENDA MARI:

(Pippi Galtzaluze)

Musika. Emakume bat daukaten talde musikalen kontzertuetara umeak eramaten ditugu, gure hirira datozenean. Anari, Saioa, Alondra Bentley, Tulsa, Gose… Emakumeak musika tresna bat jotzen badu, zoratzen gara (Mursegorekin, beraz, flipatzen dugu!). Etxean ere gustura entzuten ditugu emakumezko musikariak (Alaitz eta Maiderren hiru diskak buruz dakizkigu).

Bertsolaritza. Emakumezko bertsolariek parte hartzen duten saioetara joateko ahalegin berezia egiten dugu.

Komikiak, liburuak, zinemako filmak. Neska ausartak, independenteak, interesgarriak… agertzen diren aleak bilatzen ditugu. Ez neskak agertzen diren liburuak edo pelikulak, hori erreza da (printzesez eta maitagarri pastelosoez josita daude liburu-dendak). Estereotipoetatik kanpo jokatzen duten neskak ez dira horren errazak aurkitzeko. Eta euskaraz are gutxiago. Brave filma, adibidez, ezin genuen galdu (gaztelaniaz dago).

Komikien artean, Bone (Astiberri argitaletxekoa) gustuko dute etxekoek; hirukote protagonistaren artean neskarik ez, baina emakume interesgarri batzuk agertzen dira… Witch ere atsegin zaie; lau neska ausart eta jator, bai, baina gorputz mainstream modukoak dituzte (edonola ere, haien “alternatiba” ziren Winx hiper-konbentzionalak baino dezente hobeak dira Witcheko neskak…). Super-heroien komikiekin beti saiatu gara nesken papera azpimarratzen (Sue Storm -Emakume Ikusezina- Lau Izugarrien kasuan; Jean Grey –Neska Harrigarria– edo Ororo Munroe –Ekaitz– X-Taldearen haragitze ezberdinetan…), baina kontua zaila dago oso, Marvel mundua beti izan baita maskulinotasun hegemonikoaren gotorlekua: deseraikitze ahalegin gehiegi eskatzen du, tamalez. (Aipatutako guztiak gaztelaniaz daude).

Irrien lagunen klubeko materialak oso majoak iruditzen zaizkit (gure umeak nagusiegi harrapatu dituzte, pena).

 (Atal honetan iradokizunak bihotzez eskertuko dira).

Telebista. Gai potoloena da, kontuan izanda umeek pantailaren aurrean “inbertitzen” dituzten orduak.

Zein marrazki programa dago telebistan non nesken kopurua eta mutilen kopurua antzekoak diren eta neskek rol estereotipatuak betetzen ez dituzten (itxuraz eta mutilez arduratzea batez ere)? Ba al dago baten bat? Bob Esponja gustuko dugu etxean, baina ia ez dago pertsonaia femeninorik! Hora de aventuras ere majoa da, eta pertsonaia femenino xelebre asko daude, baina bi protagonistak mutilak dira! Aipatutakoak, gainera, ez daude euskaraz. Kodea Lyoko ondo dago: bi neska protagonista daude bost lagunen artean, eta euskaraz dago azkenik. (Marrazki bizidun interesgarriak bikoitzeko edota azpititulatzeko politika on bat behar dugu Euskal Telebistan!).

Shin-Chan eta Simpondarrak ez dira umeentzako programak, nagusientzako produktuak baizik, hemen umeei ikusten uzten diegun arren. Programa ironikoak dira, baina ironiarako gaitasuna mugatua da haurtzaroan eta txikiek literalki ulertzen dituzte pertsonaien ezaugarriak, jokabideak eta hitzak. Simpsondar senideen jokaerak literalki ikusita, ez dira oso eredugarriak, ezta? Shin-chan arlo horretan beldurgarria da.

Disney Channel ez dago gure telebistako aldagailuan eta oso pozik gaude: estilo amerikarreko tele-sailetan pijama party eta high school giro gehiegi dago gure gusturako; umeen hipersexualizazio eta hiperkontsumismo goiztiarrak bultzatzeko ez dugu inolako presarik. Ez, noski, Disneykoek beste presarik. Ez dugu ikusi ez lehengo Patito feo,ez Consentidos , ez Hanna Montana, ez oraingo Violeta… Zelako librada!

Pressing Catch ere ez dugu etxean jartzen, baina semeak edukiko bagenitu ziur aski hori ere ez litzateke telebistako aldagailuan egongo.

­Tira, beste familia batzuek egin dutena izan da zuzenean telebista oparitzea edo armairu batean gordetzea. Bejondeiela! Nire miresmen osoa daukate.

DVDak. Aurrekoen berdina. Bechdel testa betetzen duen pelikularik aurkitzea ez da erreza: bi emakume gutxienez egotea eta haien artean elkarrizketa bat mantentzea (gizonak ez diren gai baten inguruan).

Hemen ere neska protagonista ausartak eta interesgarriak, eta mutil xamurrak eta jatorrak bilatzen ditugu. Hayao Miyazakiren filmak majo-majoak dira: Ponyo, Totoro gure bizilaguna, Chihiroren bidaia… (denak euskaraz bikoiztuta!). Miyazakiren Nausicaa eta La princesa Mononoke gaztelaniaz daude eta horiek ere bikainak dira.

Bai, badakigu azpitituluak.com-en halako gehiago euskaratuta daudela, eta hasi gara halakoak erabiltzen, baina onartu behar da adin batera arte –10, 11 urte– azpitituluak garaiz irakurtzea kostatzen zaiela umeei.

Pirritx eta Porrotxek (eta Mari-Mototsek eta koadrila osoak) aipamen berezia merezi dute generoaren trataerarengatik. Zoritxarrez pailazoetarako adina gero eta goizago bukatzen da eta gerta daiteke zortzi urteko bati entzun behar izatea nagusiegia dela jada pailazoetarako, alajaina! Zera esango nuke: Disney Channel eta antzekoak ikusteko ohitura badute, produktu jatorragoak gozatzeko gaitasuna zapuzten zaie (are azkarrago neba-arreba nagusiak badituzte).

Pippi Galtzaluze oraindik ondo ikus daiteke (haragian eta marrazkietan, azkeneko hauek euskarara bikoiztuak). Ane, Terese eta Elene hirukiak ere bai. Billy Elliot eta Quiero ser como Bekcham film ia militanteak ere oso estimagarriak dira.

Zinema klasikoa ikusten dugu noizean behin etxean (umeek western bat zer den ikus dezaten, besteak beste). Ohartu gara 1930, 1940 eta 1950eko hamarraldietako film estatubatuarretan emakumeak askoz ere interesgarriagoak eta boteretsuagoak izan daitezkeela egungo produkzio askotan agertzen direnak baino. Film batzuetan gizon eta emakumeen arteko elkarrizketak ere mamitsuagoak dira gaurkoetan baino. Hala ere, garai horretako pelikula gehien-gehienek ere ez dute inondik inora betetzen Bedchel testa, eta hor ere deseraikitze lana egin behar izaten dugu haiekin. “Glosak edo oin-oharrak ipintzen” ibili behar dugula etengabe, alegia.

Non daude lesbianak eta gayak umeentzako produktuetan? Inon ere ez. Neskak mutilekin enamoratzen dira eta mutilak neskekin, kito. Erreferenterik ez ume queerentzat. Ezta besteentzat ere (horiei ere oso ondo letorkieke). Ez naiz ari pelikula militanteei buruz non neska bat lesbiana den eta asko sufritzen duen denek eta berak ere bere egoera onartu arte (hori ere ez dago), baizik eta film bati buruz non gai nagusiak beste batzuk diren eta bi neska edo bi mutil “elkarrez gustatzen diren” edo besterik gabe enroilatzen diren, gatazkarik gabe. Hutsune hori larria da, nire ustez.

Panpinak. Ondo askaltzen ez duten panpinak edo panpina anorexikoak ez ditugu erosten, saihestu ahal badugu. Alde batetik, gorputz argalen izurritearen eragina etxean ahal den heinean murrizteko. Bestetik, kontsumismoaren grina apur bat atzeratzeko. Paris Hilton estilokoak diren andrakilak eta haien akzesorioak ez ditugu gogoko (gurasook, esan nahi dut). Polly Pocket marka da horren adibide borobila.

Aldizkariak. El País semanal, MujerHoy, Hola, Pronto… gutxi heltzen dira etxera baina umeek ez dituzte aurkituko egongelako eta sukaldeko mahaian ez komuneko aldizkari-saskian. Ireki gabe ere, azala eta kontrazala emakume estereotipatuekin hornituta daude; ez ditugu horren presente behar.

Bideoklipak. Kontu zaila. Rihanna, Miley Cirus, Britney Spears, Pit Bull, Snoop Dog… Iruditeria luxuzko prostituta eta luxuzko trafikantearena da. Ahal badut ez ditut etxean jartzen (baina leku guztietatik heltzen zaizkie). Eta pozten naiz, behingoagatik, ingeleseko maila abestien letrak ulertzeko lain ez izateaz.

Bideojokoak. Gai hau ez dut menperatzen (ez daukagu etxean). Ikerketek estereotipoak seinalatu dituzte, baina zerbait interesgarria egongo da generoan. Ea norbaitek osatu ahal duen ataltxo hau.

Nintendoa. Umeen nintendoan ez naiz sartzen (mea culpa!). Gai honi buruzko komentarioak bereziki eskertuko dira.

Gelako dekorazioa. Gai polita da, batez ere “nik berdin hezten ditut” moduko gurasoentzat😉. Hemen ere “inbertsioaren araua” aplikatzea dago. Neska txiki bat duzu eta jaio zenean bere gela dekoratu zenuen, ezta? (Pareten kolorea, altzarien estiloa, edredoia eta izaren marrazkiak, margoak…); zure umea mutila izan balitz berdin dekoratuko zenukeen gela? Alderantziz ere arauak ederto funtzionatzen du eta gauza asko esaten du gure estiloaz (jakin nahi badugu).

ZAILTASUN POTOLOAK

173(Beste erakusleiho bat)

Kanpotik etorritako opariak. Kudeatzeko oso zailak. Neskentzako makillajeak, hello kittyak, ipuin txepelak, jostailu klasikoak generoen arabera… Zer egin eta zer esan umeek zure aurrean eta oparitu duenaren aurrean paketea irekitzen dutenean? Trantze eskas horri buruz idatzi nuen blog honetako lehenengo posta (gaiari irtenbiderik eskaini gabe).

Estrategia majo bat: opari batzuk galtzea, jaso eta hurrengo asteetan. Senide eta lagunekin gaiaz hitz egitea ere eraginkorra izan daiteke (batzuetan).

Lagunen eta senideen etxeak. Etxean egiten ez dutena han egingo dute eta Dysney Channelez betekada galanta hartuko dute. Zer egin dezakegu? Nire ustez ezer ere ez. Bizitza gatazka gordin ez badugu bihurtu nahi (umeekin eta senideekin).

Telebista orokorrean. Botatzen duten zaborra kontrolaezina da. Adituek esaten dute gurasook umeekin batera ikusi behar dugula, baina gutako batzuek siesta egin nahi dugu bazkalostean (asteburuetan)  eta ezin dugu. Umeek iragarkiak kantatzen eta errezitatzen dizkigutenean, konturatzen gara noraino heltzen den kaptazioa.

Kromo itsaskorrentzako albumak. Garaien eta moden araberakoa da. Eskolako patioan banatzera joaten dira enpresak, eta umeek ilusioz beteta etxera ekartzen dituzten album batzuk negargarriak dira.

Eskola. Eskolako patioa, inauteriak, festibalak, liburuak, trataera… Luze joko luke horretaz guztiaz hitz egiteak. Testu bat idatzi nuen duela hilabete batzuk gai konkretu bati buruz.

ZENBAIT OHAR

(Nausicaa)

– Irudi lezake gure umeak burbuila feminista batean bizi direla, ezta? Bada ez da horrela inondik inora. Adibide bat: zineman protagonista femenino majo bat ikusten dutenerako, hogei pelikula ikusi dituzte non mutilak pertsonai nagusiak diren eta neskak apaingarri moduan agertzen diren. Bestela ez lirateke inoiz zinemara joango eta zinema gustuko dute.

– Zerrendako puntu askoren atzean debekuak daude (igarri duzue, ezta?). Edo faxismoa, lagun batzuek aho bilorik gabe esaten didaten bezala. Telebistan Maite Kuttuna, ez Violeta, ez Shin-Chan, ez La que se avecina… ez ikustea ez da umeek gustura onartzen duten zerbait. (Barazkiak edo lekariak jatea eta 23:00ak baino lehen oheratzea bezalaxe, bestalde).

Hemen nire burua justifikatzeko beharra sentitzen dut, barkaidazue😉. Motibazioaren garaian bizi gara, eta debekuek ospe txarra (edo oso txarra) daukate. Esango dudana eztabaidagarria izan daiteke gaur egun, badakit, baina nire ustez hezkuntza zera da, hezitzaileen aukeraketa kontzientea. Aukeratzeak esan nahi du elementu batzuk hartzea eta beste batzuk baztertzea. Umeen irizpideak eta nireak desberdinak izan daitezke, baina familian denok ez dugu rol berbera eta aukeraketa egitea hein handi batean nire erantzukizuna da, nagusia eta arduraduna naizen heinean. Gauza batzuk argi eta garbi kanpoan gelditzen dira, umeek gustura onartu ala ez. (Jope, apur bat arraro egiten ari zait hau guztia azaldu beharra, baina autoritarismoaren itxura emateari zelako beldurra diogun, ezta?).

Bitxia da, baina hainbat arlotan nagusiok argi ikusten dugu irizpideak ezarri behar ditugula (elikaduran, janzkeran, higienean, mugikorraren erabilpenean…), berriz kultur produktuekin horrela jokatzen badugu (Violeta kaka bat dela eta, telebista kanala aldatzen badut), orduan faxistak gara. Arranopola, benetako demokratak izateko zenbat zabor utzi behar diegu irensten gure umeei?

Komentarioak egitea estrategia nagusienetakoa da. Goiko irizpideak betetzen dituzten mila produktu heltzen zaizkie gure umeei. Komentario batek zama sexista desaktibatzen lagundu ahal du (hobe umoretsua baldin bada). Zipi y Zape ikustetik ateratzen direnean, posible da galdetzea: zenbat neska eta zenbat mutil agertzen ziren pelikulan? Zergatik horren neska gutxi? Eta neskak nolakoak ziren? Azkarrak ziren edo paisaia apaintzeko zeuden? Eta mutilak? Astakiloak ziren edo jatorrak ziren? Egia da mutil bati “nenaza” deitzen diotela ausarta ez delako? Baina zer uste dute horiek, neskak ez direla ausartak, ala?… Eta abar luze bat.

Arriskua? Umeak gutaz kopetaraino bukatzea. Astunegiak izateak ez du helburua lortzen laguntzen, noski. Puntua non dagoen ez dakit nik (uste dut gainditu dudala…). Baina tira, umeek analisia egiten ikasten badute, gaitz erdi.

– Esango didazue “zertarako aukeratu horrenbeste, gero beste etxeetan edo beste esparruetan betekada hartuko badute? Zuk ez duzu El País Semanal mahaian uzten eta aiton-amonen etxean Cuore edukiko dute eskura”. Egia da, bai; egin dezakedan gauza bakarra esposizioa edo ukipena mugatzea da. Korronte nagusiko produktuak eta balioak ezin ditut ezabatu, baina ez daitezela izan heltzen zaizkien bakarrak. Behintzat etxean beste batzuk bizitzeko aukera izan dezaten.

Ez nago maitagarrien eta kulero arrosen kontra. (Beno, apur bat bai). Neska batek maitagarri eta printzesa mozorroa edukitzea oso ondo dago, nola ez, baina mutil batek ere eduki dezake, ezta? Eta neskek beste esperientzia estetiko batzuk bizitzea merezi dute, ezta?

– Nire umeentzat nahi ez dudana ez diet beste umeei oparitzen. Beste umeei opariak egiteko orduan, beti galdetzen diot nire buruari: mutila bada, gauza bera oparituko nioke neska balitz? Eta alderantziz. Horren ondoren, batzuetan beste opari bat erregalatzea erabaki dut (ez beti).

– Guraso koherentea izatea ez da posible. Ez nire kasuan behintzat. Inkoherentzia pertsonalekin beste post luze bat idatzi ahal izango nuke baina lotsa ematen dit.

Emaitzen atala. Buff. Oraindik ez naiz ausartzen ondoriorik ateratzen. Epe luzera ikusiko dugu. Nerabezaroa gurasoen kontrako matxinada garaia da eta gurasoen balioak kolokan gelditzen dira. Ikusiko dugu ekaitzaren ostean zer geldituko den tente. Esperantzarik badaukat.

GURASO FEMINISTEN ESTRESAAAAAA

Ba bai. Antena hau aterata edukitzeak lan apur bat ematen du, ezin da ukatu. Beste antena batzuk ateratzeak bezalaxe: guraso euskaltzalea izateak, mugarik gabeko kontsumoan erori nahi ez duen gurasoa izateak…

Adibide moduan Lorea Agirreren hitz batzuk ekarriko ditut hona: “Euskaldun izatea, ezkerrekoa edo feminista izatea bezala, nekeza da […]. Munduarekin etengabe pipertzen gaituen eta bizkarrean daramagun euskaltasunaren borroka hori ez da motxila astuna niretzat, altxorra baizik. Altxor hori transmititzea dut helburu, eta ondo pasa eta jakintza neureganatzeaz gain munduaren aurrean jarrera txukunago, justuago eta duinagoa izateko balioko didan borroka izatea nahi dut. Borroka zaila, baina aldi berean ederra”. (Artikulu honen lehenengo erantzunean daude hitzok).

Ze ondo azalduta. Biba zu, Lorea!

Honaino mardulioa. Iradokizunak eta komentarioak ongi etorriak izango dira!

Esta entrada fue publicada en generoa y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

16 respuestas a Guraso feminista izatea; zenbait aukeraketa (hamaika partxe eta erdi)

  1. Josu Goiko dijo:

    Badira gutxienez bi superheroi lesbiana eta gay komiki iparramerikar mainstreametan: Batwoman http://es.wikipedia.org/wiki/Batwoman eta Northstar http://en.wikipedia.org/wiki/Northstar (ingelesezko esteka honetan, behean, fikziozko LGBT pertsonaiei buruzko estekak daude).

  2. Oso ona posta eta eskertzekoa (hiru alaben guraso gara gu). Informazioa gehitzeko: badira gutxienez bi superheroi lesbiana eta gay komiki iparramerikar mainstreametan: Batwoman http://es.wikipedia.org/wiki/Batwoman eta Northstar http://en.wikipedia.org/wiki/Northstar (ingelesezko esteka honetan, behean, fikziozko LGBT pertsonaiei buruzko estekak daude).

  3. Miren Vives dijo:

    Oraingoz ZORIONAK baino ez dizut esango. Erantzuten hasten banaiz ez dut gaur bukatuko… Ados gaude gai gehienetan eta nire aportazioak ume txikiagoekin (5 eta 7) dudan esperientziatik dator, beraz, ez da oso aberasgarria izango. Segi horrela!

  4. Benetan abrumatua geratzen naiz… hain urruti nire ahaleginak hemengo zerrendatik! baina hala ere, bene-benetan eskertzekoa mezu hau. Musikaren kontuarekin geratu naiz… behin bakarrik eraman dut alaba kontzertu batera, El Columpio Asesino, benetako powergirl bat gitarran eta mikroan, uste dut inpaktatua geratu zela, onerako (taldearen izenarekin ere bai). Gehiagotan egin beharrekoa.

  5. Jaione Agirre García dijo:

    Nire aportazio txikia, zorionak eta animo esan ondoren: homosexualitatea nerabeen artean oso ondo ikusten da, bikaina den “Beautiful Thing” film ingelesean eta neska teklajole bikaina duen Sex Museum ere oso-oso talde gomendagarria!

  6. Idurre Eskisabel dijo:

    Primeran etorriko zait proposamen sorta hau. Mila esker!

  7. Ondiz dijo:

    ESKERRIK ASKO!!!!!!!!!!

  8. Ona! Zorionak artikuluarengatik. Benetan erabilgarria. Gauzarik gehientsuenen inguruan, lehenago ere, guraso gehienok hausnartu izango genuen, baina horrela jarrita, sailean, zerrenda amaiiiiiigabean, ba, inpaktanteagoa da😉

    Ados nago guztiarekin, edo gehien-gehienarekin. Eztabaidarako ere emango luke, eta seme-alaben izaerak ere eragina du hartu beharreko erabakietan, baina oro har bat nator diozun guztiarekin. Beharbada, ohar txiki bat. Ez dakit guraso feministentzako oharrak ote diren; ezta alabak dituzten/ditugun horientzako diren ere. Esango nuke seme-alabak (edo alaba-semeak) berdintasunean hazi nahi dituen ororentzat direla, baita 3 seme (astokilo, noski) dituzten haientzat ere.

  9. eiratxo dijo:

    El vestido nuevo bideoa gomendatzen dizuet, debate bat sortzeko oso baliagarria

  10. abarquin dijo:

    Eskerrik asko iradokizunengatik!

    Eiratxok proposatzen duen film laburra (Vestido nuevo) interesgarria iruditzen zait niri ere; esteka honetan aurki daiteke: http://www.rtve.es/mediateca/videos/20080626/vestido-nuevo/189412.shtml (13 minutuko iraupena du). Gaia: mutil batek soineko arrosa eramaten du klasera egun batean. 10 urtetik aurrera umeekin ikus daiteke etxean eta haiekin apur bat komentatu. Eta material erabilgarria da eskolan eta institutuan generoaren gaian lan egiteko. Nik neuk irakasle ikastetan erabili dut batzuetan, ikusi ondoren oinarrizko galdera hauei erantzuna emateko: Zein da irakaslearen erreakzioa eta zergatik? Eta gelakideena? Eta aitarena? (Zergatik jartzen dio bere txaketa gainean?). Itzuliko da mutikoa horrela jantzita beste egun batean? Horrelakorik gerta daiteke ezagutzen ditugun eskoletan?

    (Erabat ados Asier Sarasuarekin: semeak dauzkaten guraso feministek antzeko kezkak dauzkate eta antzeko gogoetak egiten dituzte!).

  11. aloña dijo:

    Zoragarrie benetan! Bazen garaia norbaitek horrelako zerbait idazteko… guraso garen batzuk behintzat egunero buruan ditugun “kezkak” dira zalantzarik gabe… zeinen ondo jarritako hitzak, eta baliagarriak. Bikain! Komentario txiki bat egin nahi nuke bide batez, esaten duzunean garai bateko pelikuletako zenbait balore hobeak zirela gaurkoak baino, badaude marrazki bizidunak ere horrela gertatzen dena, esate baterako “arturo erregea”, noski mutilak dira protagonista heroiak… tartean neskaren bat ere badagoen arren… baina mutil hoiek elkarren artean azaltzen duten laguntasuna eta errespetoa, beraien elkarrizketetan batak bestearen esana nola kontuan hartzen duen… gaur egungo marrazkietan eta ezta plazetan ere ez da ohikoa. Haur txikiak ditugu etxean eta asko kezkatzen gaituen gaia da, milesker.

  12. Mª Luisa Mugica dijo:

    Ordiziako Udalak, Berdintasunaren aldeko batzordearen bidez, azaroak 25erako honako hau prestatu du. “Mertxe Aizpurua,dentro de su faceta como cuenta cuentos, ofrecerá dos actuaciones especiales dirigidas a las niñas y niños: ‘Marizikina naiz eta zer?’, y ‘Elixabethe lehoi domatzailea’”. Baita ere contorsionista Ane Miren con ‘Gorputza uzkurtuta’.

  13. lander dijo:

    Bueno! 2 urteko alaba daukat eta ondo datorkit zerrenda jeje! eskerrikasko benetan!! bestalde gaur izan dudan zalatza bat: Alabak hello kitiren jertsea jantzi nahi zuen ( utzitako arropa asko dugu, eta ez dugu kribarik egin) nik baietz baina nire baitan pufff! Azkenean beste jertse bat aukeratu du. Ez dut uste katutxo larroxaz libratuko garenik… (amonak ere hello kittiren galtzerdiak erosi nahi dizkio… eta ez daukat diskutitzen ibiltzeko gogorik ) nik ahoa marraztuko diot katuari alabarekin batera!! orain guztiari zergaitik??? batekin erantzuten dio alabak. Ni erantzuna prestatzen nabil, jeje!!
    Animo!!!

    • abarquin dijo:

      Kar kar… Nik antzeko zerbait egin nuen behin. Alaba txikiak heredatutako kamiseta bateko Hello Kittyri ahoa eta bekainak pintatu nizkion ezabatzen ez den errotulagailu horietako batekin. Neskari ez nion ezer komentatu, egia esan, horrela etorri balitz bezala jokatu nuen. (Ohartxo bat: adinarekin erne; Chihiroren bidaia, adibidez, ez da oso txikiak diren umeentzat, beldur apur bat eman ahal die). Zorte on, Lander!

  14. Eleder dijo:

    Esker mila, oso gai eta trataera polita!
    Gaur SuperLolari buruzkoa bidali dit lagun batek.
    Hura nor dan jakinda eta gainbegirada bizkor bat eta gero zerrendatxo honetan gehitzeko modukoa dala uste dot, ziur!
    http://www.eldiario.es/andalucia/Superlola-princesismo_0_217678744.html

    Mozu potolo bat!

    @Eleder_BuM
    http://www.burumapak.blogspot.com
    http://www.bilbohiria.com/irratsaioak/berbaz

  15. abarquin dijo:

    Eskerrik asko, Eleder! Ipuinak bilatuko ditut, oso itxura ona daukate eta!
    Ondo-ondo ibili!

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s