(Iturria: http://bertsolaritza2010.wikispaces.com/Maialen+Lujanbio+2009)
Ainara nire lagunarekin te berde bat hartu nuen herenegun eta bere laneko kontu batzuk azaldu zizkidan. Enpresa txiki batean egiten du lan eta gauzak ondo doazkio; ardura berrietan eroso sentitzen da eta eskumena dauka. “Ataza horietan jaun eta jabe naiz” agertu zidan pozik. Jende ekimentsuarekin konpartitzen du jarduera gainera: Elena bere bulego kideak proiektu eder bat atera du aurrera, “benetako maisu lan bat”, nire lagunaren iritziz. Ainara ere ideia berriez gainezka dabil baina zentratuta sentitzen da. Azaldu zidanez, “gai desberdinak dauzkat eskuartean baina denek txapel berbera daukate: hezkuntza eta ekologia”.
Hizkuntzan ez du Ainarak “andre eta jabe” aurkitu. Ezta “maistra lana”. Eta gaiek “txapela” daukate, eta ez zapia (eta are gutxiago gobara ;-)). Esapide horiek orain arteko gure munduari buruz hitz egiten digute. Egun hauetan “txapelketa” handi bat egon da zeinetan garaileari «txapelduna» izendatzen baitzaio eta «txapel» bat irabazten baitu. Aurtengoa Amets Arzallusek lortu du; aurrekoa, Maialen Lujanbiok («maisutasunez» aritu ondoren?). Hitzek gogorarazten dizkigute lehiaketak soilik gizonen artean –txapela eramaten zutenen artean– egiten ziren garaiak. Duela oso gutxi, izan ere.
Eta, jakina denez, «txapela buruan, ibili munduan». (Ez da kasualitatea blog honetako leloa «zapia buruan, ibili munduan» izatea).
Adibide horiek adierazten dutenez, bestalde, euskararen munduan ere maskulinoa orokor moduan ulertu da eta femeninoa soilik emakumeentzat, aldameneko hizkuntzetan bezala. Emakumeek esparru publikora iristen hasi direnean, gizonentzako terminoak aplikatu zaizkie. Alderantziz ez da gertatu.
Salbuespen interesgarria: “ama-hizkuntza”. Zenbaitetan ez dela zuzena entzun dut, gaur egun transmisioa ez dagoela amen eta emakumeen eskuetan, eta aitek eta gizonek ere hizkuntza irakasten dutela. Terminoa ez dela egokia. Ados, argudioa ulertzen dut, baina nik ez nuke “ama-hizkuntza” baztertuko. Ez emakumeok jaun eta jabe garen bitartean eta txapelketetan txapelak irabazten ditugun bitartean. Quid pro quo.
Aspaldiko Amelia! Pozten naiz jo eta ke zabiltzalako zure azterketak eta iradokizunak partekatzen gu denokin, bai blog honetan eta baita beste hedabide batzuetan ere. Aurrekoan ikusi zintudan Kike Amonarrizekin batera, ohar oso argiak egiten sexismoak euskaran oraindik ere duen eraginaz.
Nire partetik erabat eskertzekoak dira oharrak, ados nago eurekin, baina zalantza daukat txapelaren inguruan egin duzun iradokizunaz. Seguru zaude txapela gizonen, eta bakarrik gizonen kontua dela? Egin klik hemen http://bit.ly/1lcs8Yw Beharbada Euskal Herrian horrela izan da, baina munduan barrena ez, ez behintzat Mendebalean. Bai AEBetan eta baita Kanadan ere, txapela asko ikusi nituen emakumeen buruetan. Modaren esparruan ere, dezente erabili da http://bit.ly/1c4irGa
Kasu honetan nire zalantza agertzeko idatzi dizut, baina baita eskerrak emateko egiten ari zaren lanagatik, eta, nola ez, zu agurtzeko. Besarkada handi bat, eta Urteberri on!
Kaixo, Joxe! Asko pozten naiz zutaz jakiteaz, eta mila esker komentarioarengatik!
Arrazoi duzu, txapela ez da gaur zerbait arraroa emakumeengan. Baina esango nuke euskal gizartean gizon elementu tradizionala izan dela, eguneroko elementu bat gainera, gizonek bai lanera (baratzera, itsasora, obrara…) bai kalera eramaten zutena. Ostera, ez da emakumeen eguneroko jantzia izan. Emakume batzuek eraman dute, bai, baina nik uste dut erabilera hori janzkeraren “periferietan” egon dela, nolabait: modarekin lotuta (estilo ukitu bat ematen zuen) eta uniforme batzuekin lotuta (gizonen uniformeetatik eratorria), besteak beste.
Bestalde, txapel tradizionalak forma zehatza dauka, denok ezagutzen duguna; txapel hori oso emakume gutxik eraman eta eramaten dute hemen. Emakumeek erabiltzen dituztenak oso anitzak dira kolorez, materialez, formaz… Horri guztiari txapela deitu ahal diogu, baina ez da orokorrean gizonek eraman dutena eta Maialen Lujanbiok jantzi zuena txapelketa irabazi zuenean. Nik neuk Maialenek argazkian daramana ez dut ikusten oraindik erabat “neutro” moduan. Baina denboraren poderioz neutro bihur daiteke (eta ez agian gero eta emakume gehiagok erabiltzen dutelako, baizik eta gizonak eramateko ohitura galtzen ari direlako… Pena).
Txapelketa hitzak adierazten du gure gizartean nortzuk hartzen zuten parte lehiaketetan, besterik gabe. Nik ez nuke hitza arbuiatuko, inondik inora, baina esango nuke hitz eta esapide batzuek gizartearen “memoria” gordetzen dutela, ziur aski.
Besarkada handi bat eta urte berri on!
Uste dut euskarazko testuetan hizkera sexista kontrolatzen erraza dela, eta desagerrarazten ahalegindu behar dugula. «Jaun eta jabe» horretaz, kontutartuta nengoen, eta «nagusi eta jabe» erabiltzen hasi naiz, hemen esate baterako.