“Baina mutilek pixa eserita egin dezakete?” Maskulinitatea, hezkuntza eta komunen erabilera

Imagen

Lehenengo galderak

Hezitzaile gehienoi egokitu zaigu ume txikiak komunera laguntzea eta behin eta berriro ikusi dugu neskek eserita egiten ikasi dutela eta mutilek, berriz, zutik. Mutilek, distantzia laburretik eta punteria onez isuri arren, mila mikrotanta bidaltzen dituzte ontziaren puntu guztietara, baita bonbaren ura heltzen ez den lekuetara ere. Irakasleok disgustua hartzen dugu maiz, gero jokaera horrek emango digun lanaren aurrean.

Baina ez da soilik umeek etxetik ekartzen duten zerbait; maisu-maistra ugarik (gehienek?) “eserita (neskak) /zutik (mutilak)” dikotomian irakasten diete pixa egiten haien ikasleei.

Zergatik? Zertarako? Eskola batzuetako klaustroekin elkarrizketan, harridura aurpegiak agertzen dira maiz galdera horien aurrean, hainbat irakasleri lehenengo aldiz planteatuko balitzaizkie bezala. Batzuek, berriz, egin izan dute topo gaiarekin, eta esperientzia interesgarriak partekatzen dituzte. Besteak beste, mutil txiki batzuen erresistentzia gaindiezina pixa eserita egiteko, eta baita ama batzuen protestak ere jakin dutenean haien seme txikiak eseri egiten direla eskolako komunean.

Gai honi buruz eztabaidatu ahal dugu eskola komunitatean edo gorputzari dagokiona eta hain zuzen bere hondakinei dagokiena tabuak dira gure artean? Nire aldetik, uste dut eskolan lekua egon behar dela gorputzarentzat bere osotasunean; darabilgun gaiak hausnarketa ireki bat merezi du –orain arte gertatu ez dena– eta baita trataera pedagogiko egokia ere.

Komun publikoak

Komun publikoak (tabernakoak edo zinemakoak) eta etxeko komunak ez dira berdinak: lehenengoetan bi esparru aurkitzen ditugu, emakumeentzat eta gizonentzat. Desberdinak, gainera. Beatriz Preciadok (2013) azaldu duenez, oinarrizko beharren zerbitzura dagoen arkitektura horrek generoa eraikitzen duen teknologia oso eraginkor moduan funtzionatzen du. Sarrerako plakak (gona edo praka, kapela edo pamela, lorea edo makila…) gure generoaren arabera dagokigun lekua seinalatzen digu. Bestalde, emakumeek gelatxo pribatu batean bi funtzioak egiten dituzten bitartean, biak eserita, gizonen kasuan bi funtzioak –genitala eta uzkizkoa– bereizten dira: elkarren begirada gerta daitekeen toki batean egiten dute pixa (zutik), eta uzkia begiradatik kanpo gelditzen den beste toki batean egiten dute kaka (eserita).

Preciadoren ustez, pixa zutik egitea maskulinitate heterosexualaren performance eraikitzaileenetarikoa da, genero sortzailea da.

Horregatik, lau pareta itxiren artean egon beharrean, taldearen begiradapeko espazio publikoan daude kokatuta: gizonen-artean-zutik-pixa-egitea partaideen arteko adiskidetasun-loturak sortzen dituen jarduera kulturala delako, gizon egiten dituelako. (115 orr.).

 Etxeko komuna eta eskolakoa

Etxean, berriz, gela bakarra dago gure hondakinez libratzeko eta komun-ontzi bakarra dauka, denek, berdin generoa, bai pixa bai kaka egiteko. Eskola batzuetan tokia etxekoaren antzekoa da, baina gehienetan komun publikoen antz gehiago dauka. 

Hala ere, bai eskolan bai etxean mutilen zutik egiten dute pixa, paretako pixatokia daukaten komun publikoetan bezala, nahiz eta etxean pixatiki hori ez dagoen eta  zakiletik konketara distantzia askoz handiagoa izan.

Etxeko  komunean pixa zutik egiteak esan nahi du halabeharrez gizonek espazio hori zikinduko dutela, asko ala gutxi. Ez zait ahaztu ikastaro batean ikusi nuen esperimentu bat: ur botila txiki bat (zurrupatzeko gailua zuena) urdinez tindatutako urez betetzea eta, komun-ontzira zuzenduta, pubisaren altueratik hustea. Ur urdinari esker, han geunden guztiok hauteman genuen gernuaren kolore argiarekin zailagoa dena: zipriztin txikiak noraino heltzen ziren. 

Eta, hala ere, eskolan jarraitzen dugu mutil txikiei zutik egiten irakasten, komun publikoetan egiten den bezala (tabernan, museoan, akaso lanean…), eta ez diegu irakasten komun arruntetara egokitzen (etxekora hain zuzen, non askoz gehiagotan egingo duten, ziur aski).

https://i2.wp.com/blogs.lainformacion.com/strambotic/files/2012/06/mear-sentado.jpg

(http://www.dw.de/los-hombres-alemanes-orinan-sentados/a-1378555-1)

Nondik erresistentzia?

Nondik datoz mutil txiki batzuen erresistentzia handia eta guraso batzuen protesta eserita egitearen inguruan? Maskulinitate hegemonikoa –emakumeen gaineko posizio menperatzailea inplikatzen duena (ikus Connell 2003)– dago tartean. Gure gizartean eserita egitea emakumeen ezaugarria da eta gizonek “emakumeen gauzak” edo gauzak “emakumeen antzera” egiteak prestigio galera ekartzen die (estatus baxuagokoa delako). “Afeminatzeko” arriskuaz gain, “maritxutzekoa” ere badago: nahikoa gizon ez agertzearekin eta gay izatearekin.

Elisabeth Badinter-ek seinalatu zuen identitate maskulinoa oposizio edo ukazio batzuen gainean eraikitzen dela; haien artean emakumea ez izatea eta homosexuala ez izatea (Badinter 1993: 51). Itxuraren ñabardura ez da gutxienenekoa; Óscar Guasch-ek azaltzen duen bezala: “Arazoa ez da horrenbeste gay izatea, gay itxura izatea baizik. Mutiko afeminatuak daude, inoiz homosexualak izango ez direnak, baina balira bezala tratatzen dituzte. Eta agian beste batzuk badira, baina ez dirudite, eta eskolan hobeto biziraun ahal dute” (Guasch 2013: 53; itzulpena nirea da).   

Maskulinitatearen gakoa

Badago, gainera, beste elementu bat, argiki intuitzen dena, maskulinitate konbentzionalaren iruditeriarekin lotua. Esertzea makurtzea da, menperatua eta otzana izatea, ondorioei erreparatzea, arauetara egokitzea, garbiketa kontuan izatea, geroago etorriko direnekin adeitasuna adieraztea… Zutik egitea harroa da, indartsua, etxekotu gabea eta arduragabea izatea, arauen gainetik egotea, garbiketa baztertzea, geroago etorriko direnekin ez gogoratzea…; matxoa (edo “betiko” matxoa) izatea, hain zuzen.

Bi errepresentazioak genero femeninoari eta maskulinoari asignatutako izateko eta jokatzeko moduekin daude lotuta, gaur egun oraindik oso indarrean, nahiz eta generoak ez diren funtzionalak, ez duten laguntzen bizitzen, edo, Marina Subirats-ek ederto azaltzen duenez (2013: 167-168), erabat zaharkituta edo agortuta gelditu diren. 

Maskulinoaren ikuspegi hori sumatzen da gizon batzuen kexan gaia sarean eztabaidatzen denean: “Hori bakarrik falta zitzaigun. Emakumeek dena nahi dute, are gizonok bukaeraraino umiliatu eta gure maskulinitatea erabat desagerrarazi”. Balirudike zutik egitea dela, hain zuzen, gizontasunaren azkeneko gotorlekua.

Azal dezadan aldez aurretik ez dudala ezer harroa izatearen kontra; norberak ikusiko du ze jarrera aukeratzen duen. Bai uste dut, berriz, bizi-jarrerak eta komunean pixa egiteko moduak ez daukatela lotura zuzenik edo ez dutela zertan izan.

Maskulinitate hegemonikoa horrelako erritoetan gorpuzten da. Guraso eta irakasle batzuk (baita amak eta maistrak ere) maskulinitate horren zaindariak dira, (in)kontzientzia maila desberdinekin, darabilgun arloan beste arlo batzuetan bezalaxe. Horrela jarraitu ahal izango dute mutilek zutik egiten, jokaera horrek zenbat zikintzen duen arduratu gabe. Ez dago soberan gogoratzea, bestalde, emakumeak direla oraindik zikinkeria hori gehienetan garbitzen dutenak. Eta noski, haien etxeetan komuna garbitzen duten gizonen artean joera handiagoa dago eserita egiteko.

 

(http://www.fotolog.com/o_wjavierw_o/18103910/)

Emakumeek ere zutik egin dute

Naturala da generoen arteko desberdintasuna gaurko komunez baliatzeko orduan? Barruko arropa erabiltzeko ohitura, behintzat, nahiko berria da klase baxuen artean. Jose Antonio Azpiazu historialariak Euskal Herrian garai bateko arroparen eta higienearen inguruko usadioak azaltzen ditu, eta baita ere hamarkada gutxi batzuetan nola aldatu diren: “Orain dela 150-200 urteko kuleroak oso bitxiak ziren. Gerrian itxiak, eta aluaren parean irekiak […] Txiza egiteko ez zuten kuleroa kentzen emakumeek. Gure amonek zutik egiten zuten txiza” (Azpiazu 2012: 7).

Kulerorik gabe ibiltzea eta soroan edo kortan gonaren azpian hankak apur bat irekitzea pixa egiteko, hori nik neuk ikusi dut duela 30 urte Kantabrian bertan adineko emakumeen artean. Ez daukat erreferentziarik nola egiten duten oraindik nekazaritza tradizionala lantzen duten beste gizarte batzuetan, baina ez ninduke harrituko antzeko ohiturek irauteak.

Honekin esan nahi dut, gaurko komunak sortu eta hedatu baino lehen, pixa egiteko moduak ez zirela gaur egunekoak. Gaurko ohiturak eraikuntza sozialak dira, gailuen eta esparruen diseinu jakin batzuei egokituak; ez dira beti horrelakoak izan eta, aurrerantzean ere, desberdinak izan daitezke.

Eta bai, komun-ontziaren barruan pixa eserita egiteko, mutil txikiek ikasketa-prozesu labur bat egin behar dute, zakila beherantz bideratzeko, adibidez. Baina neskek ere behar dute ikasketa-prozesu bat, ekintza ez da “naturalagoa” haien artean; izan ere, haiei ere irakatsi behar zaie ipurdia eta bagina ondo zentratuta jartzen, likidoa ez kanporatzeko.

Ipuin liburu baten adibidea: “Nik eserita egiten dut. Eta zer?”

Europako herrialde batzuetan, Alemanian edo Eskandinavian adibidez, gure artean baino hedatuago dago gizonen artean pixa eserita egiteko usadioa. Kanpaina batzuk abian jarri dituzte, gainera, erabilera hori leku publikoetan zabaltzeko, eta etxeko komunetan ere oharrak jartzen dituzte etxekoei gogorarazteko eta bisitei mesedea eskatzeko.

Gure gizartean urrun gaude adibide horietatik. Gaia tratatzen duen ipuin liburu bat aipatu nahi dut adibide moduan: Nik eserita egiten dut. Eta zer?, Arantxa Iturberena (Donostia, 2001. Ilustratzailea Jokin Mitxelena da). Liburua “Eta zer?” sailekoa da; saila horren protagonistek “ezohikoak” diren ezaugarriak dauzkate eta gure gizartean aurrera ateratzen ikasten dute. Aniztasunaren aldeko saila dela esan dezakegu.

Istorioa honako hau da: Josuk, protagonistak, pixa eserita egiten du; amak bezala eta ez aitak bezala, beraz. Izan ere, aitak “komunetik metro erdira, eta normalean, erdia komunetik kanpo”, amaren disgusturako.

Eskolan konturatzen direnean, ia ume guztiek barre egiten diote Josuri nesken moduan egiteagatik, eta berak gaizki pasatzen du. Gurasoengandik ez du aholkurik jasotzen, baina amarengandik mezu anbibalente hau hartua zuen jada: “Josu, maitea, niri oso ondo iruditzen zait eserita egitea, baina ez al zenuke hobe aitak bezala egiten ikastea?”

Ipuinaren bukaeran Josuk “konpromisozko” konponbidea aurkituko du: zutik egiten ikasi du eta, berak dioenez, “eskolan edota jende gehiago dagoen tokietan bakarrik egiten dut zutik. Bakarrik nagoenean eta etxean, eserita jarraitzen dut”.

Ipuina umearen honako hitz hauekin bukatzen da: “Nik orain, aitak bezala egiten dut pixa eskolan, eta amak bezala etxean. Eta pentsatu, asko pentsatzen dut nik ere. Eserita hobeto pentsatzen da, gainera, eta, batez ere, gutxiago zikintzen da”.

Laburbilduz: umeak nahiago du esertzea, eta arrazoi onak dauzka horretarako, baina erabaki du eskolan plantak egitea eta esparru publikoan mutil konbentzionalengandik espero den bezala jokatzea. Non gelditzen da “eta zer?” kontua orduan? Non, “ezohiko” berezitasunaren defentsa? Horren handia al da presioa mutilen gainean, ezen protagonistak ezin baitu arau hori baztertu ezta fantasiaren munduan ere, sailaren formatuak horrela eskatu arren? Maskulinitate hegemonikoa zama itzela da.

(http://kalmadejatellevar.blogspot.com.es/2011_06_01_archive.html)

 Aipatutako bibliografía

AZPIAZU, J. A.  (2012). “Bainuontziak zertarako erabili ez zekiten arbasoek, letxugak landatzen zituzten han” Elkarrizketa. Goiena, 2012-11-14, 7.

BADINTER, É. (1993). XY: La identidad masculina. Madrid: Alianza Editorial.

CONNELL, R.W. (2003). Masculinidades. México: Universidad Nacional Autónoma de México.

GUASCH, Ó. (2013). “Ser macho mata”. Pikara 1, 51-54.

ITURBE, A. (2001). Nik eserita egiten dut. Eta zer? (J. Mitxelenaren ilustrazioekin). Donostia: Elkar.

PRECIADO, B. (2013).  Generoa eta zaborra. Pixa egin / kaka egin. Maskulinoa / femeninoa. Genero ariketak. Feminismoaren subjektuak. Donostia: Edol. 111-117 (Itzultzailea: Ainara Sarasketa Alberdi). Testu originala: (2006).Basura y género. Mear/ Cagar. Masculino/ Femeninowww.hartza.com/basura.htm.

SUBIRATS. M. (2013). Forjar un hombre, moldear una mujer. Girona: Aresta Mujeres.

 

*Oharra: testu honen bertsio laburrago bat Hik Hasi aldizkarian argitaratu zen (Hik Hasi 183, 2013ko abendua, 33-35 orr.). Eta are laburrago bat Galde aldizkarian (Galde 3, 2013ko uda, 16-17 orr.). Eskerrik asko bi aldizkariei.

Esta entrada fue publicada en generoa y etiquetada , , . Guarda el enlace permanente.

14 respuestas a “Baina mutilek pixa eserita egin dezakete?” Maskulinitatea, hezkuntza eta komunen erabilera

  1. Ni neu dijo:

    Nik ere, ipuineko Josuk bezala, espazio “publikoetan” zutik egiten dut txiza, eta etxean berriz, eserita. Ez jendeak esan dezakeenarengatik, baizik eta orokorrean, mutil gehienek pixa zutik egiten dutenez, komunak zikinak egon ohi direlako. Bai, “a pulso” egin dezaket, neska askok egin ohi duten bezala, baina nekeza da eta kasu horietan nahiago dut nere “pribilegioez” aprobetxatu.

    Baina garrantzitsua iruditzen zait gaia eztabaidatu eta plazaratzea, geroz eta mutil gehiagok eserita eginez gero, zikintasunaren kontua (baita publikoetan ere) gutxituz joango litzatekeelako. Eta zutik txiza egiteko komunek ere, zipriztinak zabaltzen dituzte. Egin zazue noizbaiten proba ur koloreztatuarekin, edo “ausartak” eta “harroak” izanez gero, egin txiza biluzik horrelako komun batean eta esan non nabaritzen dituzuen tantak.

    Eta amaitzeko beste apunte bat: Nik inkomoditate bat soilik ikusten diot eserita txiza egiteari: bukatu ondoren, zakila “astintzea”. Egia da mugimendu hau askoz erosoagoa egiten dela zutik egonez gero, baina honek beste galdera batera narama: Zergatik mutilek ez dute txiza egin ondoren zakila komuneko paperarekin garbitzen eta neskek ordea bai? Nik egiten dut, baina ez dut mutilik ikusi hau egiten inoiz. Hain ezaguna da “por mucho que sacudas el pinganillo, la última gota siempre va al calzoncillo” esaldia, baina inork ez dio erremedioa jartzen.

    Norbaitekin gaia hemendik aurrera eztabaidatuz gero, artikulua erakutsiko diot, oso interesgarria!

  2. Miren Vives dijo:

    Gai honi buruz Maialen Lujanbiorenkin batera Pirritx eta Porrotxek abesti bat egin zuten “Patata, Patata” diskan: “Eserita, mesedez!”. Bertan halaxe diote: “neska nahiz mutil, andre nahiz gizon, eserita, mesedez!”. Hona hemen: http://youtu.be/vAT7LET7O9E?t=29m18s
    Erabat ados nago gai honekin. Asko molestatzen didate eta ulerkaitzak iruditzen zaizkit komun publiko prefabrikatuetan jartzen duten pixatokiak: espazio publikoan gizonezkoak pixa egiten ikustera behartzen gaituzte! Zuhaitzetan edo edozein aterpetan egiten dutenean ikusten ditugu, ez iezaiozue lana erraztu! http://www.lorke.es/wp-content/uploads/2011/11/ficha-aseo-h12.pdf Gainera, ziur ez daukatela eskuak garbitzeko harraskarik, ez?
    Ia ba piskanaka gizon alemaniarren antzera hasten zareten eta urte batzuk barru hau aintzinako kontua lez kontatzen dugun…

  3. Beste ni dijo:

    “Ni neu”k dioen “por mucho que sacudas…” horren ondoan, “más de tres sacudidas es…” jarriz gero, hor duan bai dilema eta zailtasunak! Nik ere papera erabiltzen dut…

  4. Pitokyo dijo:

    Agian inora ez doan datu bat: japoniar emakumeen artean badagoen (edo bazegoen) zutik pixa egiteko ohitura, eta oso trebeak omen ziren ongi zekitenak. Sentitzen dut erreferentzia bat ezin ematea orain. Pentsatzen dut erosoagoa zelako egingo zutela, Japoniako gizarte tradizionala ez baita ezaguna emakumeei eskaintzen zien rol parekidetasunagatik.
    Beraz, oraingo neskek zutik egiten ez badute, irakasten ez zaielako da.
    Edo dena higienismo kontua da?
    Eta beste galdera bat, prostata arazoak dituen gizonezko bati eskatu ahal zaio egunean ez dakit zenbat aldiz eseri dadila pixa egiteko?

  5. Pingback: hezpide.com » Blog Archive » “Baina mutilek pixa eserita egin dezakete?” Maskulinitatea, hezkuntza eta komunen erabilera

  6. Associaziopne Culturale EUks dijo:

    Eromako (Italia) eskola publiko bateko 10 urteko mutil batek 2013 urtean euskaraz egindako kantua: “Hirugarren komuna”
    http://euskanta.wordpress.com/euskanta-2013/cd-1-bat/
    Euskanta proiektu osoa hemen irakurri, entzun eta jaitsi ahal duzu. 200 gaztetxok, Eromako periferian, euskaraz egindako kantuak. Bakoitzak berea. Hitzak, musika, arregloak, ….
    http://www.euskara.it

  7. Pingback: AMALIA BARQUIN: "BAINA MUTILEK PIXA ESERITA EGIN DEZAKETE?" | Maxixatzen

  8. abarquin dijo:

    Oso iruzkin interesgarriak! Komunen erabilera dela eta, badago oraindik zer analizatu. “Ni neuk” dioen bezala, neskek papera erabiltzen dute alua lehortzeko, baina mutil gutxik lehortzen dute zakila. Esango nuke arrazoia dela horrela irakasten diegula txikitatik, bai familian bai eskolan. Baina zergatik desberdintasun hori? Oraindik uste dugu neskak garbiagoak izan behar direla mutilak baino? Pirritx eta Porrotxen abestia ez nuen ezagutzen, oso ona iruditu zait (eskerrik asko, Miren). Pailazo hauek alor guztietan egiten duten lana ez da makala. Komun aurrefabrikatuen diseinuari buruz ere hitz egin daiteke, bai; eskuak garbitzeko aukera kontuan ez izatea esanguratsua da.
    Associazione Culturale Euskarak aipatzen duen abestia (Hirugarren komuna) ere polita iruditu zait🙂
    Pitokyok komentatzen du neskek ere zutik egin ahal dutela, horrela ikasten badute. Baliteke, baina, nire ustez, kontua da zutik egiteak gehiago zikintzen duela, besterik ez (neskek egingo balute ere bai), eta saiatu naiz azaltzen nola den posible disfuntzionala den ohitura hori irauteak. Maskulinitatearen errepresentazio tradizionalarekin lotu dut. Prostataren kontua seinalatzen du Pitokyok; esango nuke norberaren beharretara moldatu behar direla ohiturak, eta ez alderantziz. Inork zutik egin behar badu, aurrera, noski.
    Egun hauetan Ana Moralesen oso testu interesgarri batekin egin dut topo: Feminism in the restroom. Behin Brooklyneko klub sozial bateko komunak garbitzea egokitu zitzaion eta esperientzia eta horren inguruko gogoetak post horretan partekatzen ditu.
    Ikastetxeen komunen diseinuari buruz (eta batez ere ea komun berezituak egon behar diren neskentzat eta mutilentzat) beste post bat argitaratuko dut laster. Oraindik beste koska bat emango diogu gaiari. Ondo izan!

  9. Ramon dijo:

    Ni gizona naiz, gizon harro bat.

    Nahi izanez gero, emakumeek zutik txisatzen ikasi dezakezue edo nahi duzuena egin ,baina utzi gure ohiturak bakean. Higienea eskusa baldin bada mutileekin parekatzen saiatzeko…mesedez munduko emakume guztiak, moztu zuen ileak, nazkagarria baita emakumeen ileak aurkitzea komunetan. Karo, gizon batek horrelakorik aldarrikatuko balu… Se arma parda.

    Emakume askok ikasi behar dutena zera da: ez gara igualak.

    Nire ustez, horrelako jarrerarekin soilik emakumen identitatea minuspreziatzen duzue. Ezin duzue gizon edo mutil bat behartu neska izatera behartu. Gizon bat ez bada konforme sentitzen neskako gauzak egiten, bere errespetua ere beharko luke.

    Emakumeek nahi duzuena egin dezakezue zuen gauzekin, baina gizon bezala errespetua eskatzen dizuet kaltetzen ez zaituzten gure ohiturekin.

    Feminismoan hutsune bat ikusten dut eta gizona erabat kontuan hartzen ez dela da. Baby boom belaunaldia bukatzerakoan (gehiengoa gizonak dira eta munduaren norabidea erabkitzen dute) gizonekin gertatuko dena ikustea interesgarria izango da, alegia, azken urteetan inork ez baidu gizonari buruz hitz egin.

    • abarquin dijo:

      Kaixo, Ramon;
      Zergatik pentsatzen duzu artikuluan aipatzen dudan higiene arrazoia “eskusa” bat dela? Nik uste dut arrazoi garrantzitsua dela. Izan ere, saiatu naiz azaltzen zergatik populazioaren talde handi batek mantentzen duen egungo higiene estandarren aldetik funtzionala ez den ohitura bat. Azaldu nahi nuen, halaber, zergatik mutil txikiei oraindik zutik egiten irakasten diegun.

      (Emakumeek zutik egiteak -gaur egungo komunetan behintzat- ez luke arazoa konponduko, bikoiztuko luke. Kontua ez doa hortik).

      Interesatzen zaidan beste gai bat kalean lurrera listua botatzeko ohitura da, adibidez. Ohitura maskulinoa da hemen eta orain (gizon guztiek ez daukate eta emakume gutxik badaukate). Nire ustez interesgarria da jokaera horren zergatiak bilatzea eta generoaren eraikitze prozesuak zenbait gako eskaintzen ditu.

      Nire artikuluan ez nuen gizonak erasotzeko asmorik. Uste dut testu horretan mutilen alde egiten dudala. Izan ere, iruditzen zait “Nik eserita egiten dut. Eta zer?” ipuinaren protagonistak ez duela merezi pairatzen duen genero presioa bere eskola kideen aldetik. Maskulinitate tradizionala kaltegarria da emakumeentzat, noski, baina beste modu batean gizonentzat ere zama handia da. Guasch-en testuaren titulua, “Ser macho mata”, nahiko esanguratsua da.

      Erabiltzen duzun “gu” horretan badirudi gizon guztiak sartzen ari zarela, baina esango nuke gero eta gehiago direla ohitura garbiagoak adoptatu dituztenak, pertsona otzanak edo menpekoak sentitu gabe.

      Ados nago gauza batean: nork bere etxean nahi duena egin dezala, nola ez. Arazoa sortzen da espazioak (komuna) beste batzuekin partekatzen direnean. Eta garbiketa ere partekatzen denean. Gatazka iturri galanta izaten da garbiketa bizikidetzan (familian zein estudiante pisuan zein lantokian…).

      • Ramon dijo:

        Seguruenik momentu batean edo bestean emakumea zarela demostratu behar izan duzula (mila motibo egon daitezke horretarako), Normala den moduan, emakume izateak zure indentitatea bideratu duela. Gizonok ere, nozibehinka horrelakoak egin behar ditugu eta genero maskulinoak dauzkan teknikak erabiltzen ditugu, adibidez, zutik pixa egitea.

        Seguruenik ez dugula kontziente egiten ditugun gauzak egiten eta zutik pizatzerakoan, rola (agian gizonaren instintoa ere…) martxan jartzen dela. Gizon/emakume sentitzeko mila guaza egiten ditugu egunean zehar, eta queer teoria dihoena salbu, badirudi generoak gure artean izango ditugula luzerako. Horregatik, zergatik aldatu behar da asko kaltetzen ez duen teknika bat(gizon sentitzeko teknika)? Akaso gizon sentitzeko beharrik ez dugu gizonok? Gizon sentitzearen beharra ez da(inkontzienteki) hor dago eta kontu handiz ibili beharko genuke feministok, gizonok erabiltzen ditugun teknikak aldatu nahi izaterakoan. Zutik Pizatzearen teknika aldatzen bada, beste teknika bat bilatu beharko dugu gure identitatea markatzeko. Batzuk gehiago azaleartu beharko dute beste batzuk baino, baina hau ez da soilik gizonetan gertatzen.

        Bestalde, Emakumea menpekotasunean izatea Gizon rolaren teknika bat (macho bat bezala mundu guztiak onartzeko) da kasu batzuetan. Teknika honekin genero desberdintasun bat suertatzen da eta nolanahi kaltetuak daude.

        Piza zutik egitea —> gizona naizen sentimendua
        Emakumea menpekotasunean izatea —> gizona naizen sentimendua.

        Zuk aukeratu zer onartzeko gai zaren, azken finean gizon izatearen sentimenduaren beharrari ukatu ezin diogu, bederen, ni neuk.

        Akaso, neska izan ez nahiagatik minusprixatzen dizut? Horregatik berriro diot, kalte egiten ez duten teknikak mesedez errespetatu. Gizon eta emakumeen gauzak onartu eta errespetatu behar dira. Gizonok emakumeen gauzak eta aldi berean emakumek ulertu beharko lukete momentu batzuetan guk ere gizon sentitzearen beharra dugula.

        Ados egongo zinateke zure alaba eramaten duzun ikastolak egun batean ilea moztera behartzen badute? Arrazoiaa espazio komunak eta funtzionalitatea lirateke….

        Gainera, esperientzia propioagatik (80.kadan jaioa naiz), pisukide anitz izan ditut. Mutilak direnak, emakumezkoak direnak eta erdian bere burua identifikatzen duen batekin topatu naiz.

        Esan dezaket, orokorrean mutilak askoz garbiagoak garela. Garbiketa eta emakume izatearen presioagatik izan daiteke. Fenomenoa hau sakonago aztertu genezake eta ez dut esan nahi emakumeak zikinagoak direla hausnarketa txiki bat egin gabe. Seguruenik mende garaikide honetako errebeldia mota bat dela emakumeen partez, eta gerta daiteke hurrengo belaunaldietan egoera hau aldatzea….baina tira. Izadia garela onartu behar dugu eta askotan funtzionalitateak sentimenduak ahazten ditu.
        Oraingoan neska batekin nabil pisu bat konpartitzen eta badirudi bere hezitzaileek ez zutela funtzionalitatean pentsatu. Dena dela, inoiz izan dudan pisukerik hoberena dut neska hau.

        PD: Astero astero ikusten dut emakumeren bat lurrean listuka. Atzerrian bizi naiz.

  10. abarquin dijo:

    Generoak existitzen dira, noski, gizartearen presiopean eraikitzen ditugu. Baina Marina Subiratsi irakurri berri diodan bezala –queer teorian oinarrituta– ezagutzen ditugun generoak obsoleto daude, agortuta, aspaldidanik ez dute bizitzen laguntzen (Forjar un hombre, moldear una mujer, Aresta 2013). Ni ideia horrekin ados nago. Ondo legoke nork bere eraikuntza egin ahal izatea, orain arte “maskulinoak” eta “femeninoak” izan diren ezaugarrien eta joaeren artean aukeratuz, horrenbeste presio sozialik gabe. Oso urrun gaude horretatik.

    Emakume jokatu eta sentitu… Niretzat emakumea izatea kategoria politikoa da, eta identitate horrekin gehiago identifikatzen naiz emakume moduan zapalduta sentitzen naizen heinean eta beste gizaki batzuk emakume moduan –edo “behar bezalako gizonak” ez diren moduan- zapalduta dauden heinean. Solidaritate lotura da eta ekiteko motorea. Baina ez dut uste emakumeak eta gizonak esentzialki desberdinak garenik. “Zuek” eta “gu” horien arteko mugak, zeharkatzeko daude, nire ustez.

    Ezer ez da erabat naturala gizakiarengan, pixa egiteko modua ere ez da gizonentzat naturala; ikas/irakatsi egiten da. Eta bere karga sinbolikoa transmititzen zaie umeei. Pentsatu ahal duzue ea ikur moduan sentitu nahi duzuen ohitura hori, ea horri ze garrantzia eman nahi diozuen (edo noiz eta nola erabili). Kontua da maskulinitatea zer den bakoitzarentzat eta nola eraiki. Feminitatearekin gauza bera tokatzen zait niri: transmisioz eta presioz jaso ditudan ohiturak eta ezaugarriak birpentsatu behar ditut, ahal dudan heinean, ea haietako batzuk gabe askeago biziko naizen. Eta ea elementu tradizionalki maskulino batzuk lagungarriak zaizkidan eta ea nire bizitzan txertatu nahi ditudan.

    Ez dut ile luzearekin konparaketa ulertzen. Posible da ile luzea orraztea eta zaintzea (berdin pertsonaren generoa zein den) eta inon ilerik ez uztea. Hori da nire esperientzia beste pertsona batzuekin bizikidetzan. Nik dakidanez, berriz, etxeetako komunetan ez da posible zutik pixa egitea bonbaren ura helduko ez den lekuak zipriztindu gabe. Ur koloreztatuarekin esperimentua nahiko argigarria da.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s