Zaharra naiz (eta harro nago?!)

(http://www.rebelfrequencies.net/2011/01/patti-smith-on-success.html)

 1.

Duela gutxi 60 urte eta koskako gizon batek (unibertsitate irakasle atzerritarrak) zera azaldu zigun elkarrizketa informal batean: “ikusten dut zaharra egiten ari naizela baina ni barruan 18 urteko gazte baten moduan sentitzen naiz, eta horrela esaten diet nire ikasleei: ni zuek bezalakoa naiz, zuek bezala sentitzen naiz”.

Patetikoa. Pentsatuko dute bere ikasleek.

Beste original bat. Pentsatu nuen nik.

Barkamena eskatzen bizirik irauteagatik, hogei urteko gorputza ez izateagatik…? Ze ospe txarra daukan adinak, arranopola. Gazteek gaitzesten dute eta adinekoak gazteak direla antzezten ahalegintzen dira. Zer dauka txarrik 60 urte eta piko izateak?

Bai, galdera erretorikoa da, badakit gure kulturan ez dela batere sexya zaharra izatea, batez ere emakumea bazara. Baina zein kutrea den ideia horren menpekoa izatea, hain nabarmenki menpekoa. Eman diezaiogun ostikada zakar bat ideiari. Harrotasun pittin bat, arren.

Zahartzeko beldur hori, antza, erraietan daukagu sartuta, eta zahardadeak berarekin omen dakarren ospe-galera saihesteko, “izpirituz gazte izatea da kontua” leloaren aldaera ezberdinak adierazten ditugu behin eta berriro. Duela ez hainbeste idazle bati irakurri nion “jakinmina galtzen ez duzun bitartean gaztea izaten jarraituko duzu” formula. Ezin al da bat zaharra izan eta jakinminez egon? (Eta kontrara, gaztea izan arren, inolako jakinminik ez izatea?).

Azpian dagoena sinplea da, noski, eta eten gabe eta mila modutara komunikatzen digute/dugu: gaztea izatea ona da, zaharra izatea txarra da; zerbait bilatu behar dugu, ondorioz, nolabait gazteak bagarela sinestarazi ahal izateko; gure adina, gure gorputza barkarazteko.

2.

Euskal dantzaren ikuskizuna. Hainbat gazte taldek dantzatu ondoren, hogeita hamar eta koskako aurkezleak irribarre batez azaltzen du hurrengo taldea: “orain neskatxa koadrilla bat taularatuko da. Txalo bero bat haientzat”. 50 urtetik gorako emakume dantzariak dira denak; aurkezleak haien akats hori estaltzeko faborea egin die umoretsu. Etorkortasunez gainezka. Gehiagotasunez gainezka.

Pozten naiz talde horretako dantzaria ez izateaz. Norbaitek horrela aurkeztuko banindu, ez dakit nik ba…

Lasai egon, aurkezle: 15 urte baino ez zaizkizu falta, zeu ere horrelako mutiko bat izateko. Denbora kontua besterik ez da. Zer egingo duzu orduan: barkamena eskatu?, harri baten azpian ezkutatu?, izpiritu gaztea duzula baieztatu?…

3.

Mahai-inguru bat teknologien eta sare sozialen erabileraren inguruan. Hiru emakume feminista (bi gazte eta nagusi bat). Gazte batek azaltzen du feminista gazteak feminista nagusiengandik elikatzen direla, jarraitutasuna dagoela. Baina gehitzen du, umoretsu, “gure nagusiak” esatea oso itsusia dela. Beste gaztea ados dago; zatarra da “nagusiak” hitza. Adinekoak, aldiz, irribarre batekin arrapostu: “ez, ondo dago hori esatea, eta “zaharrak” ere esan daiteke”.

Erantzun ederra, eskerrak; feministon artean ere “nagusia” edo “zaharra” hitzak itsusiak baldin badira, akabo! Non gelditzen da gure hausnarketa gorputzen inguruko doktrina hegemonikoaren kontra?

Ikaskizuna:

Nik nagusitan Patti Smith bezalakoa izan nahi dut. Zaaaaharra. Kito.

Lehengusina:

Lehengusinak gogorarazten dit The Who taldeak My generarion abestia (1965koa) kantatzen jarraitzen duela. “Yeah, I hope I die before I get old” dio bertsolerroetako batek. Jode, Pete, Roger, motelok… eta gai izango zarete hori bekain bat mugitu gabe abesteko…

(Iturria: http://www.uncut.co.uk/roger-daltrey-says-the-who-will-make-a-new-album-this-year-news)

Koinatua:

Koinatua zerrenda bat osatzen ari da zeinetan jasotzen baitituen oraingo zahar batzuek gaztetan botatako antzeko perlak: “zaharra izan baino lehen hilko naiz”. Artistek joera handiagoa dute, antza. Norbaitek bere zerrenda osatzeko informaziorik baleuka, eman niri, mese, eta pasako diot (esan dit zerrenda utziko didala beste post bat idazteko).

Esta entrada fue publicada en anitzak y etiquetada , , , . Guarda el enlace permanente.

8 respuestas a Zaharra naiz (eta harro nago?!)

  1. Auskalo dijo:

    Ez dakit ba… Neri amonak (aspaldi) irakatsi zidan “zaharrak” gauzak zirela. Orain ezinezkoa zait pertsona helduei-nagusiei-larriei “zaharra” deitzea

  2. Nire ustez, desegokia da gure artean, gaur eta hemen, oso zabaldua dagoen joera bat: adin handiko jendea edo jende zaharra izendatzeko, “aitona-amonak” erabiltzea. Hemen, adibide bat: http://paperekoa.berria.info/agenda/2012-01-10/027/001/aitona_amonak_euskaltegian.htm

    Bi aldetatik iruditzen zait gaitzesgarria: batetik, aitona edo amona “titulua” irabazi ez duen pertsona zahar biloba gabekoa gutxiesten du modu subliminalean; bestetik, adin handiko jendearekiko halako erruki eufemistiko zuri zatar bat transmitritzen du.

  3. Gotzon Egia dijo:

    Diozu: «Nik nagusitan Patti Smith bezalakoa izan nahi dut».

    Ausarkeria handia ez bada, utziko didazu Joan Baezen eredua proposatzen?
    http://tinyurl.com/pdnbprg

    Ez bakarrik alderdi estetikoan, baizik ere intelektualean.

  4. Bide batez esanda, “Aiton-Etxe” izena bi bider da iraingarria: emakume zaharrentzat eta bilobarik gabeko gizon zahrrentzat.

  5. abarquin dijo:

    Bale, Gotzon, Joan Baez barrura! Noski! (Nahiz eta bere kanta bat oso gaizki zaharkitu den, hain zuzen letra osoa jakin –eta kantatu– dudan bakarra: El preso número nueve. Urteak pasatu behar izan dira konturatzeko zer kantatzen ari ginen, zelako gauzak😉.

    Auskalo: nire amak duela gutxi gauza bera azaldu die bere bilobei (kasu honetan gaztelaniaz): bera ez dela zaharra, gauzak direla zaharrak eta ez pertsonak. Berak ere sentitzen du zahardadea ez dela harro egoteko modukoa, eta bere erara kontua arintzen saiatzen da. Esanguratsua, nire ustez. Beltzek, emakumeek, gayek eta lesbianek bezala, harrotasuna landu beharko dute/dugu zaharrok; penagarria da ze irudi dagoen gure gizartean jende nagusiaren inguruan.

    Ados, Juan Luis, aitona-amonen erabilpena desegokia da. Ez bakarrik batzuek bilobarik ez dutelako. Bilobarik izatekotan ere, ezaugarri hori izango da nagusiengan nabarmendu nahi duguna? Zergatik? Momentu oro eta leku oro izan behar dute aitona-amonak? Ez dute beste baliorik, ala? Ez da horrela pertsona osoaren izaera kamusten? Ni ama naiz, baina ez naiz ama leku eta ordu guztietan. Esparru batzuetan desegokia izango da ama deitzen badidate; gaizki hartuko dut nire ezaugarri hori nabarmentzen badute behar ez den testuinguruetan.

  6. Pruden dijo:

    Oso gogoeta ederra, Amelia.

    Eta neuk ere zerbait idatzi behar dudanez gero, esango nuke garai bateko jendeak “zaharra” eta “xaharra” ondo bereizten zuela (bigarrena, jakina, maitekorra da), eta bigarrenak pertsonentzat bakarrik balio zuela… Kontrara, “atsoa” edo “agurea” beti hitz kargatuak izan dira nire belarrian, naiz eta behin baino gehiagotan entzun izan dudan, adineko gizonezko baten ahotik, bere “atsoari” (hots, emazteari) buruzko kontuak, baina horretan ere maitekiro, esango nuke… “Nagusi”, hitza, aldiz, gaztelaniazko “jefe”-ren ekibalentea da zehatz-mehatz (nire belarrietarako behintzat) eta ez du ezer maitekorrik. Eta abar.

    Alegia, niretzat ez da erraza erabakitzea hitz bat noiz den kargatua eta zein zentzutan. Euskaraz behintzat ez. Kode eta interferentzia gehiegi aldi berean, esango nuke. Edo beharbada hori da gaztelaniaz ere gertatzen dena (noiz da “viejo” edo “vieja” maitekorra eta noiz kargatua?).

  7. abarquin dijo:

    Kaixo, Pruden!

    Nik esango nuke gaztelaniazko “viejo” eta “vieja” euskarazkoak bezain kargatuta daudela (testuinguru batzuetan eta intonazio jakin batekin modu kariñosoan erabil daitezkeen arren), gure gizarte mendebaltar honetan adin tarte horrek daukan desprestigioaz kutsatuta. Gaztetasuna (eta berarekin lotuta garatu den hiperkontsumismoa) gurtzen duen gure gizartean, zein izen eman, orduan, tarte horretan dauden pertsonei? Eufemismoak erabili? Eufemismoek (“aitona-amonak”, “adinekoak”…) adierazten dute errealitate hori itsusia iruditzen zaigula, argi eta garbi. Gure garai honetan kolektibo bat baldin badago gutxietsita, zaharrena da.

    Nik harrotasuna aldarrikatu nahi nuke, alegia, hitza “garbitu”, berataz jabetu eta harrotasunez erabili. Beste batzuek egin duten bezala (beltzek, putek, bollerek…). Izango da periodo horretara hurbiltzen ari naizela eta ez nagoela prest ez lotsatzeko ez burua makurtzeko?🙂

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s