“Zelako putada” eta beste lore batzuk

Hizkuntzaren erabilera ez sexistari buruzko ikastaroetan azaldu ohi dut hizkuntzak ez direla sexistak, erabilerak direla sexistak. Eta baita ere hizkuntzak ez gaituela behartzen modu sexistan edo arrazistan adieraztera, baliabideak anitzak direla eta hiztunok egoki jokatzeko aukera daukagula. Hala nahi badugu, jakina: horren kontzientzia hartzen badugu eta ahalegin txiki bat egiten badugu.

Baina gero errealitatea dator eta gure aurrean jartzen da…

Hainbat esapide finkatuta daude gure hiztun ohituretan, oso adierazkorrak dira, oso erabiliak… Gure gizartearen izaerari buruz zertxobait esaten dute, bai. Baina bestalde, erreza al da ohitura horiei izkin egitea?

Putak eta marikoiak?
– Putada bat da
– Baina ze putakumea zaren!
– Nazkatuta nauka lan puta horrek
– Ez badu gustuko, ipurditik sartu dezala
– Zoaz zulotik hartzera, zoaz popatik hartzera
– Zelako marikoia zaren
– Hori marikoikeria bat da
– Marika azkena!…

Horra hor azken aldi honetan entzun ditudan zenbait esapide (baten bat neuk esanda, daitort). Prostituzioaren eztabaida konplexuan norberak bere jarrera izan dezake (ondo hartu, toleratu, erregulatu, debekatu, bezeroa zigortu…); baina, hori alde batera utzita, “zelako putada” eta “putakumea zara” moduko esamoldeak erabiltzeak ez al du prostituten estigma mantentzen laguntzen? Mundu ikuskera bat islatzeaz gain, ez al gara ikuskera hori birproduzitzen ari?

Bestalde, ipurdi zuloa erdeinuz tindatutako moldeetan behin eta berriro aipatzeak… ez al du laguntzen praktika sexual batzuk estigmatizatzen? Eta gizon homosexualen arteko harremanak mesfidantzaz ikusten? (Zeren gizarteak haiekin erlazionatzen ditu praktika horiek batez ere).

“Marikoia” moduko hitzak txantxetan esaten dira askotan, garrantziarik eman gabe, ezta? Orduan erabilera horiek ez daukate eraginik gure gizartean heteroarautik ateratzen direnen irudian?

Alua?
– Potorro bat eginda dago
– Zelako koñazoa
– Hori txuminada bat da
– Ze alua den tipoa
– Denbora osoan alukeriak botatzen…

Aluarekin lotutako adierazpen hauek (gaztelaniatik mailegatuak gehienak) zein ekarpen egiten diote aluak daukan irudi txarrari? Batez ere kontuan hartzen badugu gizonen baliakideen ospea ez dela horren okerra izaten (“horrek potroak dauzka”, “ondo jarrita dauzka”…), salbuespenak salbuespen (“zelako potrohandia den”). Edo kontuak ez dauka garrantziarik hiztunak ez direlako gogoratzen benetako erreferenteaz hori guztia botatzean?

Etniko-kulturala?
– Ijito batzuk dira
– Familia horretan ijitoen moduan dabiltza
– Ijito usaina darizu
– Txinatarren lana da hori
– Oso jeloskorra da, moro bat
– Zelako zikoitza den, katalana dirudi…

Zenbat konparazio ijitoekin, eta inoiz ez onerako… Chestertoni buruzko anekdota agian apokrifo batek kontatzen du behin batean eskatu ziotela bere iritzia frantsesei buruz. Idazle britainiarrak erantzun omen zuen: “ez ditut denak ezagutzen”. Azkarra, Chesterton.

Metafora belikoak?
– Bi txori tiro batez akatuko ditugu…
– Harri batez bi txori jotzea izango da
– Fronte asko dauzkat irekita
– Ideia horiek oso arma onak izango dira proiekturako
– Egin lehenengo galdera, benga, disparatu!…

Oraindik gogoratzen dut nola begiratu ninduen nire lagun batek bere aurrean esan nuenean: “hori horrela egiten badugu, bi txori akatuko ditugu tiro batez”. Uste dut irudikatu ninduela zuzenean bi txoritxo errugabe tirokatzen. Eta orduan nik ere horrela ikusi nuen nire burua.

Ez dakit nik…

Zorrotzegia al da erabilera hauek zalantzan jartzea? Zerekin ordezkatuko genituzke erabilerok? Hemen gure artean: saiatu zara inoiz “zelako putada” edo “zelako koñazoa” ordezkatzen adierazkortasun berbera daukan esapide batekin? Eta lortu bai? Esan nola, mesedez.

Nik, nire aldetik, txoriak tirokatzeari utzi diot…

 

Esta entrada fue publicada en anitzak y etiquetada , . Guarda el enlace permanente.

Una respuesta a “Zelako putada” eta beste lore batzuk

  1. Irakurle dijo:

    Ona!
    Bazen garaia norbaitek “putafobia” salatzekoa!
    Eta bai, haur batek berehala ikasiko du adibidez gaya izatea “okerrena” dela, bera gaya dela jakin baino urte asko lehenago. Ez inork hitz horiekin esan diolako, baizik “Ez izan marikoia”, “marikoikeriarik ez” eta horrelakoen bidez.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s