Zer dio «atsoak» gure gizarteari buruz?
“Agurea” eta “atsoa” ez dira kariñozko hitzak euskaraz. Eta bien artean “atsoa” maitasun gutxiagoz erabiltzen da. Idurre Eskisabelek ederto azaltzen zuen atsoaren estigma: umeek ere laster ikasten dute izaki barregarria dela.
“Zaharra” hitza bera ere ez da neutroa pertsonekin lotzen badugu, erdeinuz tindatuta dago.
Agurea, atsoa, zaharra… horren negatiboki markatuta egoteak zerbait esaten du gure gizarteaz, euskararen gizarteaz. Eta gaztelaniaren gizarteaz, noski. Euskaldunak elebidunak gara, bi hizkutza sistema elkarrekintzan burmuin bakar batean: “viejo” eta “vieja” bezain kutsatuta daude “atsoa” eta “agurea”; ez dugu bereizketarik egiten hizkuntzen arabera, ez gara eskuzabalagoak haietako batean. Zentzu horretan gure herria mendebaldeko korrontean ezin hobeto txertatuta dago: zahartzaroa eta zaharrak arbuiatzen dituen eta gaztaroa gurtzen eta etengabe bilatzen duen ikuspegiaren menpekoak gara, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez.
Ze gizarte xelebrea gurea, non heriotzari bizkarra ematen diogun eta heriotzaren alternatiba den zahartzaroa lotsagarria iruditzen zaigun. Jakinda gainera zahartzaroari botatzen dizkiogun harriak gure gainean eroriko direla bai ala bai urte batzuen buruan, bizirik irauteko zorterik badugu.
Hizkuntzaren erabilpen ez sexistari buruzko ikastaroetan gaia agertu ohi da, eta honako dilema planteatzen dute partaide batzuek: zer egin hitz zikindu horiekin? Posible da “atso” hitza, kasu, erabiltzea eta errebindikatzea (“garbitzea”)? Horrela baliatzen badugu, hartzaileak zentzu garbian ulertuko du, edo gaurko hitzaren esanahi soziala izango da burura etorriko zaiona? Horrela izendatuek ondo hartuko dute? Ez da hobe izango hitza baztertzea? Baina zein erabili, “zaharra”? Hori ere nahiko peioratiboa da, ezta? “Pertsona zaharra” orduan, “pertsona” aurrean jarrita, bigarren mailako beste kolektibo batzuekin egiten dugun bezala (persona desgaituak, pertsona immigranteak…)? “Nagusia” eufemismoa akaso? “Hirugarren adinekoa”, gaztelaniaren erara? “Amonatxoa”, emakumeen rol erreproduktiboa azpimarratzen, bilobarik eduki ala ez?
Batzuek hitz gordinenak aldarrikatzearen alde agertzen dira, beste kolektibo batzuek egin duten bezala. Marikoia, bollera, puta… dira gaur talde bazuek erreibindikatzen dituzten izendapenak… Baina autoizendatzeko aukerak baldin badira, haien erabilera ez dago horren argi taldeen partaideak ez direnek erabiltzen dituztenean (tonoa eta helburua ere kontuan hartzekoak dira, noski). Nik nitaz “bollera” esan dezaket, baina nori onartuko diot niri horrela deitzea?
Hizkuntza mugimenduan dago. Ikusiko dugu kontu hau guztia nola bilakatzen den. Hiztunon dinamikek ohiturak mugiarazi ahal dituzte.
Adreiluak
Zahartzaroaren nazka / fobia / mespretxua nola eraikitzen da? (Eraikuntza dela, ez dago zalantzarik; beste kultura batzuetan kontrakoa eraiki da eta: zaharrekiko begirunea).
Konturatu gabe mila mezu jasotzen ditugu horri buruz, haietako asko bisualak: gazteen gorputzen balio sinbolikoa presente dago leku oro. Aldizkarien portadak, zinema izar gehienak, modeloak, kantari asko, iragarkietako gorputzak, telebista programen protagonista ugari, teleberri eta informazio programa gehienen aurkezleak…
Baina nazka edo fobia hori batzuetan argi eta argi berbalizatzera heltzen dira batzuk. Horrelako kasu batekin egin dut topo herenegun On. Revista de estilo, ocio y televisión aldizkarian (2014-3-29ko alean). Deia eta Diario de Noticias egunkarien asteburuko gehiagarria da. “El ocaso de la Alba” titulua du artikuluak hain zuzen eta Albako dukesaren kontrako testua da. Zergatik erasoa? Bada batez ere Cayetana de Alba zaharra delako.
Ni ere ez naiz Albako dukesaren fana. Zer esanik badago noblezia tituluei buruz, latifundioei eta europar diru-laguntzei buruz, señoritismo sevillatarrari buruz, dirudunen gehiegizko tuning kirurgikoari buruz… Baina interesgarria dena da komunikalari batzuk zirikatzen dutela zergatik eta zaharra izateagatik! Ez omen duelako egiten zaharrengandik (eta batez ere emakume zaharrengandik) espero dena: desagertzea edo oharkabe pasatzea, isila izatea, zuhurra, apala, egokia…
Izan ere, komunikabideetan hori da sarri kritikatzen zaiona: Albakoa bainatzen da bikiniz bere gorputza ezkutatu gabe, bere senar gazteagorekin paseatzen da irribarre zoriontsu batez, fantasiako urkilak jartzen ditu bere ile puztuan, soineko koloretsuak janzten ditu, saraoetan dantza egiten du… Hori guztia primeran dago hogei urterekin, baina ze urrun dagoen ganorazko adineko emakumeari dagokionetik. Hilgo balitz, askoz emakume zahar egokiagoa izango litzateke, zalantzarik ez.
Aipatutako artikuluaren hasierako laburpenean hau irakurtzen dugu: “La duquesa de Alba cumplió ayer 88 primaveras con su férrea voluntad por aferrarse a la juventud perdida, más marchita que nunca antes”. Lehenengo paragrafoan: “ni la ristra de títulos nobiliarios que tantos privilegios le han proporcionado, pueden aligerar el inexorable paso del tiempo, que le pesa como una losa. Es una ancianita a la que, a pesar de los más de 3.000 millones de euros de patrimonio que amasa, se le perpetúa el invierno de su vida”. Azkenaurreko paragrafoan: “La duquesa de Alba vive en su ocaso vital. Aunque se resista con ahinco a perder la juventud de espíritu que ha mantenido hasta ahora, es irremediable”. Artikulua azkeneko hitz hauekin ixten da: “La Fitz Stuart, que ha manejado su estirpe con mano de hierro, se atreve a desafiar el paso del tiempo. Genio y figura”.
Artikulugile berbera da hurrengo orrialdeko testuaren egilea; orain emakume lodi bati dagokio iseka jasotzea, Yorkeko dukesari hain zuzen. Izenburua nahiko esanguratsua da: “La duquesa light de Pork”. Eman kaña!
Argi dago, neskak, eta ondo ikasi: ez zaharrak, ez potoloak. Ez izan eta ez utzi besteei izaten. Ez bakean, behintzat.
Egunkarien gehigarrietan zenbat zabor.
Post scriptum (2014-4-11)
Nik jasotako beste lekukotasunen kontra, lagun arrasatear batek esaten dit bere etxean «atsoa» eta » agurea» hitzek ez dutela gutxiespen zentzurik; are kontrakoa, kariñoz erabiltzen direla (erdenuz ere bai, baina tonu jakin bat jarrita eta, adibidez, «atso zaharra» esanda). Beste etxe batzuetan ere horrela entzun du. Gehiegizka aritu naiz orduan? Hitzen tintea herrien araberakoa izango da? Jarraituko dut gaiaren inguruan galdetzen…
Beste post scriptum bat (2014-4-13)
Oso harira dator Idurre Eskisabeleren Q10 artikulua Berrian (2014-4-10). Lerro batzuk:
`[…] Esther Díaz filosofo argentinarraren hitzok leitu ditut: «Zer zentzu du urte gehiagoz bizitzeko teknologia garatzen jarraitzeak zaharrak erabat arbuiatzen dituen jendarte batean? Gazteek ez dute hil nahi, baina, halaber, ez dute zahar izatera iritsi nahi. Nola konpontzen da kontraesan hori? Perbertsioa da bizitza luzatzea eta, aldi berean, zaharrak mespretxatzea. Pentsa dezagun: nora joan daiteke zahar bat dibertitzera? Nora joan daiteke atso edo agure gordin dela entzun edo janzteko moduari buruzko kritikak aditu gabe?»´.
Ba horixe.