Izen horrekin hitzaldi bat emango dut Donostian, maiatzaren 6an, asteartean, 15:30-17:30 tartean, EHUko Informatika Fakultateko Gradu Aretoan, hain zuzen.
Zein da gaia?
Esan da batzuetan euskaraz ez dagoela erabilera sexistak egiteko aukerarik “genero hizkuntza” ez delako, frantsesa eta gaztelaniaren kontrara. Baina euskaran badaude hainbat alderdi “generoz” tindatuta daudenak, eta horien inguruan hausnartuko dugu, zenbait arazo sortzen baitizkigute. Izan ere, erabilera problematiko batzuk detektatuko ditugu eta alternatibak aztertuko ditugu hainbat esparrutan: hitanoaren erabileran, «gizon» eta «gizaki» hitzetan, emakumeekin lotutako lexikoan, gaztelaniatik hartutako mailegu problematikoetan, generoa daukaten izenen plural okerretan, emakumeen aipamen asimetrikoetan…
Azalduko ditudan fenomeno batzuk Euskararen erabilera ez sexista liburuxkan daude jasota. Beste batzuk blog honetan azaldu dira. Baten bat han bertan garatuko dugu, denon artean.