Euskal pilotan minigonaz! (Ez, lasai, mutilak ez)

Neska paletariak minigonaz!

Kasualitatea izan da. Tranbian nire parean eserita zeuden bi emakumeen arteko elkarrizketa entzun dut, halabeharrez. Batak besteari telefonoaz hartu dituen zenbait argazki erakutsi dizkio; bertan ikusten omen zen emakume paletari batzuk minigonaz jokatzen ari zirela. Ulertu dut bere alaba txikia federatuta dagoela, eta argazkiak federazioko partida femenino batzuetan atera zituela (pala eta pala argentina partidetan hain zuzen).

Emakumeak oso haserre hitz egiten zuen. Ez zekiela zein adinetatik aurrera jantzi beharko zuen bere alabak arropa hori, baina argi eta garbi ez zeukala hortik pasatzeko asmorik.

Arratsalde horretan bertan, auzoko taberna batean Pilotaraba.com aldizkariarekin egin dut topo, bostgarren alea, oraindik on-line jarri ez dutena. Eta bai, pilota goma femeninoan horrela agertzen dira neskak jantzita aldizkariaren 20, 21 eta 28 orrialdetan. Ni ere txundituta. Imagen

Imagen

Zergatik minigonaz? (Eta beste galdera batzuk)

Emakume gehienek ez dute minigonaz jokatzen frontoietan; prakak eramaten dituzte. Jakin dudanaren arabera, minigona txapelketetan erabiltzen da, nazioarteko partidetan batez ere. Une horietan ez da jokalariek aukeratzen duten uniformea, baizik eta derrigorrez jantzi behar dutena. Hain zuzen ikusgarritasun gehien daukaten kirol ikuskizunetan horrela gertatzen bada, ohitura hori beste partidetara zabaltzen joango da, beraz?

Euskal pilotan emakume jokalarien tradizioa urria da eta ia dena eraikitzeko dago. Horregatik dira garrantzitsuak lehenengo urratsak, ildoak markatuko dituztelako. Zentzu horretan oso eskertzekoa da federazio batzuk egiten ari diren ahalegin handia nesken parte-hartzea bultzatzeko. Eta praktika ona da aipatutako aldizkarian emakumezko pilotariek lekua irabaztea, txalotzeko modukoa. Argazkietan agertzen diren emakumezko jokalariek errekonozimendu osoa merezi dute, dudarik ez. Puntua, baina, honakoa da: zergatik ez eraiki parte-hartze hori genero ikuspegia kontuan hartuta? Zergatik erreproduzitu hemen ere beste esparru batzuetan gertatzen den binarizazioa? Nork behar du hori?

Minigonaren arrazoia izango al da janzkera ergonomikoa dela, alegia, erosoagoa eta hobeto jokatzen laguntzen duela? Badirudi ezetz, bestela mutilek ere jantziko lukete eta. Baina irudia bera barregarria iruditzen zaigu, ezta? Frontoiak betetzen dituen publikoak eta kirol esatariek nola hartuko lukete Martinez de Irujok edo Barriolak minigonaz jokatzea?

Gizonek ez bezala, emakumeok hankak erakutsi behar ditugu. Zergatik? Kirolari onez gain, emakumeok fisikoki atseginak izan behar dugulako gizonezko ikusle heterosexualen begietara; hankak erakustea hori egiteko modu bat da gure gizartean. Kirolariez gain, goapak eta sexiak, beraz. Pentsatuko dute batzuek eskubidea dutela emakumeentzat uniforme desberdina (beti laburragoa, pegatuagoa) proposatzeko, emakumezko kirolarien gorputzez hobeto disfrutatu ahal izateko? Horrela partidak interesgarriagoak irudituko zaizkie?

Zergatik ez proposatu,orduan, gizon jokalariek ere hankak erakustea (gizon heterosexualak ez diren hainbat ikuslek modu berean goza ditzaten partidak)? Horrela planteatuta ja ez, ezta? Izan ere, zein arraroa iruditzen zaigun…

Beste arrazoirik?

Badakit beste kirol batzuetan arropa gutxiago eramaten dutela bai emakumeek bai gizonek. Eta beste kirol batzuetan emakumeak antzeko joaten direla jantzita; tenisean, adibidez. Niri penagarria iruditzen zaidana da generoen arteko desberdintasuna sustatzea emakumeentzat ia tradiziorik gabeko kirol batean, non, hain zuzen horregatik, posible den zentzurik gabeko ohituren zamarik gabe aritzea.

Badakit, halaber, emakume batzuei atsegin egingo zaiela minigonaz jokatzea, guapak sentituko direla horrela jantzita. Ederto, baina hori nahiko arrazoirik al da emakumezko jolakari guztientzat janzkera hori ezartzeko?

Antzinako argazkietan ikusi dut emakume batzuek gonaz jokatu dutela iraganean, luzeagoak edo laburrragoak erregimenaren arabera. Aurrekari horietan bermatuko gara? Ez da nahikoa arrazoi gaur egun janzkeren binarizazioa justifikatzeko. Historian zentzugabekeria asko gertatu dira eta, zorionez, batzuetan ohiturek hobera egiten dute (ez beti). Garai bateko kortseez eta gerruntzeez libratu gara emakumeok; prenda horiek gure historiaren parte izateak ez ditu desiragarri bihurtzen.

Minigona eramateak eraginik al du?

Gona motza janzteak esan nahi du emakumeek bere irudian arreta gehiago jarri behar dutela gizonek baino. Federazioen arduradunek zera jakin beharko lukete: emakume gehienok ileak dauzkagu hanketan. Eta hau ere bai: emakume ia guztiok dauzkagu ileak iztaietan. Uniforme hori zabalduta, zein emakumezko pilotari ez da behartuta sentituko goitik behera depilatzera partidu baten aurrean? Gizonek, berriz, ardurarik gabe arropa jantzi eta listo.

Kuleroa erakustea ohikoa izango da partidetan emakumeentzat. Kezka izango al da paletari batzuentzat? Nola eragingo du jokoan? Saiatuko dira jokalari gazte batzuk barne arropa ez erakusten, jokaldi oso muturrekoak ez egiten, lurrera ez erortzen? (Batez ere hilekoa baldin badute, ezin dutenean ziur egon beren kuleroak inpekable daudenik?).

Norbaitek esan dezake tenisean berdin gertatzen dela eta naturala edo normala iruditzen zaigula, ez dela ezer pasatzen. Ba horixe: goazen naturalak iruditzen zaizkigun gertaerak analizatzera, “desnaturalizatzera”. Depilazioa ez da naturala. Genero batentzat aukeraketa da, beste batentzat genero agindu bat. Kirolera itzulita, zergatik egon behar dugu emakumeok behartuta kezka estetiko gehiago izatera kirol bat praktikatzeko orduan? (Behartuta, diot; aukeratuta balitz…).

“¿Y si no estás buena?”

Eta tranbiako emakumeari entzun nion azkeneko komentarioa: “Y si no estás buena, ¿qué haces con la faldita?”. Ba horixe: gure gizarteko edertasunaren arauak ez badituzu erabat betetzen, zer? Apur bat potolo bazaude? Zure hankak ez badaude erabat edertasun kanonikoaren barruan? (gizenak, zelulitisdunak, okerrak…). Lasai jokatuko al dute neskek publikoaren epai fisikoaren aurrean bizi garen gizarte honetan, jakinda gonatxoa horretarako dela?

Minigonaren kontuak ez dakit nik asko lagunduko duen neskak euskal pilotara erakartzen…Guraso feministen sinpatiarik ere ez dut uste…

Alternatibarik?

Zein den alternatiba? Lehenengo eta behin, binarismoaz paso egitea, esango nuke nik. Nola? Aukera desberdinak egon daitezke. Kirolari guztiak berdin joatea, adibidez; eta egingo nuke gizon eta emakume askok praka erosoago moduan ikusiko dutela minigona baino. Beste alternatiba bat: abanikoa zabaltzea eta aukera desberdinak ematea (praka edo gona, luzaera desberdinekoak). Erne, aukerak denei ematea, diot: emakume batek aukeratu ahal badu gona edo prakaren artean, gizon batek ere bai, ezta? Gutxi ausartuko dira, bale, baina aukera egotea sanoa izan daiteke.

Oraindik ez da aukera galdu bat

Ez dira garai onak berdintasunerako. Ezta askatasunerako ere. Izan ere, asko dago esateko kirolarien arroparen inguruan, azken urteotan gertaera negargarri batzuk ikusi ondoren. Adibide potolo bat: FIBAk (Nazioarteko Saskibaloi Federazioak) erabaki zuen duela bi urte emakumeen ekipazioa estuagoa izango zela, eta prakak laburragoak gizonek eramaten dituztenak baino. FIBAren araudiak argi uzten zuen emakumeen prakak 10 zentimetrotara egon behar zirela belaunen gainetik, eta azala eta ehunaren artean gehienez 2 zentimetro (hori arautzea ere!). Horrela saskibaloi femeninoa “erakargarriagoa” egingo zuten ikusleentzat eta komunikabideentzat. Turkiako Galatasaray taldearen jokalari bikaina zen Diana Taurasik hainbat isun jaso zituen bere insumisio jarrerarengatik, alegia, aurreko ekipazioarekin jokatzen jarraitzeagatik.

Badmintonean ere Munduko Federazioa saiatu zen duela urte gutxi emakumeak behartzen gona eramaten (Txina, India, Malaysia eta Indonesiaren oposizioak geldiarazi zuten ekimena), kasu horretan ere kirol femeninoa “erakargarriagoa” egiteko. Erakargarriagoa, harrapazank.

Matxismoa darien eredu hauek jarraituko ditugu, ala beste irizpide batzuekin jokatu ahal dugu guk? Esango nuke garaiz gaudela, eta askoz hobea dela hasieratik eskuhartze berriak ondo diseinatzea eta ondo asmatzea. Hor dauzkagu oraindik alardeak, dezente gaiztotuta; horiek bai aukera galduak, zenbat lan eman behar diguten bideratzeko…

Beste eredu bat

Azkeneko hilabeteotan ikusi dudan argazkirik ederrenetakoa honako hau da:

https://i1.wp.com/www.photokoitz.net/wp-content/uploads/2014/01/204_GG280114233.jpgIturria: Gari Garaialde, http://www.photokoitz.net/?cat=1

Heldu batek gazte bati bizkarrean joareak lotzen dizkio (Zubietako ihauteriak, 2014ko urtarrilaren 28a). Gizon helduak neska gazteari laguntzen dio janzten, urte askotan zehar maskulinoa izan den jarduera batean parte har dezan. Ez dugu trikimailurik somatzen. Ni argazkiak hunkitzen nau, eszenari darion izpirituak. Eskerrak horrelako gauzak ere tradizioaren transmisioan (edo tradizioaren etengabeko (bir)eraikuntzan) gertatzen diren, posible diren…

Esta entrada fue publicada en generoa y etiquetada , , , , . Guarda el enlace permanente.

18 respuestas a Euskal pilotan minigonaz! (Ez, lasai, mutilak ez)

  1. Karmele dijo:

    Guztiz bat nator zurekin. Aspaldi frogatua dudan arazoa: ez daude pilotari-prakak neskentzat. Zer iruditzen? Alabak parte hartzen du herriko erraldoien konpartsan, eta praka zuriak eramaten dituzte, pilotarienak. Baina guztiek berdinak, mutilentzat egindakoak. Bilatu ditut kirol-dendetan, baina huts. Imajinatu zenbat kexu entzun ditudan gerrian izugarri estutu eta mina egiten diotelako. Niretzat harrigarria. Eta begira: neska pilotarientzat praka egokiak josi beharrean, gonatxoak! Iraingarria.

  2. abarquin dijo:

    Ba ez nekien hori ere gertatzen zenik!
    Eta ez zen posible praka zuriak (besterik gabe, ez pilotarienak) eramatea?

  3. Ab dijo:

    Oso artikulu ona. Hala eta guztiz ere, youtuben “pala emakumeak” jarri eta agertzen diren bideo gehienetan emakumeek galtza luzeekin jokatzen dute, gizonek jokatzen duten bezela. http://www.youtube.com/watch?v=L8hN3daktZ4 http://www.youtube.com/watch?v=FM5Do57Y0tk
    Nazioarteko Mundialetako bideo gehienetan minigonarekin jokatzen dute emakumeek , baina, Nafarroako mundialeko bideo honetan emakume batzuek galtza motzetan jokatzen dute, 23 segundutik aurrera, gizonek aldiz beti galtza luzeekin : http://youtu.be/lfrtP8uPKUk

    Euskal pilotako mundialak antolatzen dituen Euskal Pilotaren Nazioarteko Federakuntzaren erreglamendu orokorrean zera jartzen du 49. artikuluan: Como norma general, el uniforme de los jugadores será siempre:
    La camisa o polo, siempre con cuello, será blanca o roja. Los pantalones, falda, falda pantalón o bermudas para las féminas, de color blanco y las zapatillas deportivas predominantemente blancas y los calcetin es de color blanco.
    http://www.fipv.net/media/docs/2013/03/06/reglamento-general-juego-14-02-13-esp.pdf

    • n dijo:

      Ados nago gauza askorekin. Argazkietako batean agertzen nazen horietako bat naz.
      Baina kontua da nik gonakin jokatutako txapelketak nesken txapelketak izan direla, ta praka motzak o gonakin jokatzea askoz erosoagoa da.
      Behin proposau zidaten mutil ta nesken txapelketa baten jolastea, ta gonakin jolastu behar genuela. Ez zitzaidan ondo iruditu, ta nire argudioak eman ostean, ez jolastea erabaki nuen.
      Baina hainbat puntu hartu behar dira kontuan. Neskak eta mutilak jolastuz gero prakekin jolasten dugu, nik behintzat. Nesken artekoa bada, gonakin jolastea, o praka motzekin (azkenean gauza bera da, malla bat azpian baitoa) itea ondo iruditzen zait, nahi bada.

    • Jon dijo:

      Nazioarteko arautegiak hau dio 49. artikuluan: “Pantalón largo blanco, para los hombres. Falda, Falda pantalón, bermudas o vestido blanco o del color identificativo del equipo para las mujeres”. Bereizkeriak bilatzen hasi, eta emakumearena baino ez dugu ikusten. Nire ikuspegitik, araudiak aukerak ematen dizkio emakumeari: 4 jantzi aukera eta 2 kolore aukera. Gizonari, ostera, dena mugatuta: jantzi bakarra (praka luzeak) eta kolore bakarra. Ukaezina iruditzen zait, araudian mugatuta dagoena, gizona dela. Beste kontu bat da, guztiz salagarria, araudiak pertsona batzuei ematen dien aukera eta askatasunaren gainetik pertsona horiek janzkera bat izatera behartzea, eta, gainera, arrazoi halamoduzkoak erabilita behartzea (sexualak, edertasuna, erakargarritasuna, sexitasuna…).
      Aparteko iruzkin bat egin dut honetaz urriaren 14an.

  4. abarquin dijo:

    Ab: Eskerrik asko informazioarengatik eta bideoengatik! Zuk aipatutako araudia ikusia nuen eta, nire ustez, oso kontu interesgarria geratzen da agerian: formulazioa nahiko zabala dela, edo, nahi badugu, interpretazioa oso zabala izan daitekeela. “Los pantalones, falda, falda pantalón o bermudas para las féminas, de color blanco”. Uler daiteke emakumeek lau aukerak dauzkatela (komen artean daude aukera guztiak idatzita, maila berean beraz, beste sailkapenik egin gabe). Araudiak ez du zehatz-mehatz esaten ezinbestekoa denik gona labur batekin jokatzea emakumea bazara. Nondik dator, orduan, betebehar hori partida jakin batzuetan? Nork behartzen ditu jokalariak; nork esaten die gonatxo batekin jokatu behar dutela derrigorrez emakumeak izateagatik? Zeren edo noren izenean edo ze azalpen ematen die? Eta benetan galdetzen ari naiz, ea indagatzen dugun eginbehar hori nondik datorren eta nola gauzatzen den.

    n: Ados, egoerak anitzak dira eta erabakiak ere desberdinak izan daitezke; zuri ere mila esker iruzkinarengatik eta kasu desberdinak erakusteagaik. Aldi berean ikusten dut emakumezko jokalari batzuk deseroso sentitzen zaretela momentu batzuetan; ekipazio konkretu baten atzean kirola baino zerbait gehiago dagoela sumatzen duzuelako, agian. Aurreko galderak ere luzatuko nizkizuke, gaiaren inguruan apur bat gehiago jakiteko.

  5. Ane dijo:

    Ni ere argazki horietan gonarekin agertzen naizen nesketariko bat naiz. Argazki hauek aurten jokatutako nazioarteko txapelketa batekoak dira, non euskal pilotariok jokatzeaz gain argentinar eta venezolar neskek ere aritu ziren. Neska hauek euren herrialdeetan gona erabiltzeko ohitura dela eta guk ere gona jantzi dugu txapelketa hauetan. Beraz, gona erabiltzea ez da gauza normalizatua eta prakak erabiltzen ditugu urte osoan zehar.

    Niretzat ere gona jartzearen kontua ez zen erraza izan hasiera batean, prakak eramako ohitura eta zuk aipatutako beste arrazoi izkutu batzuengatik. Hala ere, ez dut oroitzen prakak jarri nituen lehen aldia, baina hauek janztean ere deseroso sentitu nintzela esango nizuke, izan ere, praka hauek mutilentzat eginak dira eta, beraz, emakumeon gorputzerako ez dira batere erosoak. Aitortuko nizuke gona prakak baino askoz ere erosoagoa dela eta erabili dudan partidu guztietan erosoago jokatu dudala (eta ez dela gona, baizik eta prakak azpitik dituela). Horregatik bereziki ez zait gaizki iruditzen gonaren erabilera, beti ere bakotzaren erabakia errespetatuz. Hala ere, nire barnean kontraesanak sortzen dituen zerbait dela ere aitortuko nuke, zergatik mutilek euren gorputzera egindako prakakekin jokatzeko aukera eta neskok erosoago jokatzeko gona erabili beharra eta ez guri egokitutako prakak batzuk erabiltzeko aukera izan (eta horrekin batera hankak erakutsi eta feminitate kutsu hori indartu)?

    • abarquin dijo:

      Eskerrik asko zure ekarpenarengatik, Ane. Karmelek hasieran esaten zuena gogorarazten didate zure hitzek (eta nik arazo horretaz ez nekien ezer): “pilotari prakak” gizonentzat diseinatuta daudela eta ez direla erosoak emakumeentzat.

      Partida arruntetan eta entrenamenduetan nire lagunak praka erosoekin (maila modukoekin) jolasten ikusten ditut, baina zuri eta Karmeleri ulertzen dizuet pilotari prakak beste kontu bat direla, ez direla egokiak emakume gorputzentzat (edo gorputz batzuentzat behintzat). Gaiak gogoeta (eta diseinua egokitzea) merezi du, esango nuke.

      (Bide batez, gehituko nuke batzuetan iruditzen zaidala gizonezkoentzat ere ez direla oso erosoak praka horiek: ehunak ez dirudi malgua, makurtzean tenkatuta gelditzen da ipurdi aldean, gerrikoa batzuei apur bat estu gelditzen zaiela dirudi… Ez dakit nik oso ergonomikoak diren).

  6. Uxue Arbe dijo:

    Kaixo Amelia ta besteok,

    Eskerrik asko hausnarketagatik, kirolatik urrun xamar bizi naiz, ta gaia ezezaguna egiten zait. Oso interesgarri iruditu zait irakurtzea zer jantzi mota inposatzen/aukeratzen den, ta zenbat ñabardura kontuan hartzekoak diren, erosotasunaz gain. Neri ere beti iruditu zaizkit praka horiek oso estuak gerri aldean, nolako mugimenduak egiten dituzten ikusita, baina gainera, bakarrik gizonentzat egiten direla irakurtzea penagarria dela uste dut, hala emakumeak erosoago egoteko, hankak erakutsi behar dituzte, kasu batzutan edo askotan arreta jokutik desbideratuz.
    BEstalde, duela gutzi BErrian irakurritako elkarrizketa bat gogora etorri zait, ondoko galderarekin bukatzen zena:
    “Berdin takoiekin: imaginatu hondamendi batean nor helduko den lehenago larrialdi irteerara. Nortzuk daramate oraindik ere mugitzeko arropa eta zeintzuk begiratuak izateko jantziak?”
    (http://paperekoa.berria.info/agenda/2014-03-27/025/001:/emakumeen_errealitate_eta_bizipenenekin_loturiko_hitz_asko_falta_ditu_euskarak.htm)

    • Uxue Fernandez Lasa dijo:

      Kaixo,

      Lehenik eta behin eskerrik asko, Amelia, ez nuen asko usteko emakume pilotarien inguruko bizipenek sarean (ere) gogoetatzeko abagunea emango zidatenik eta. Bejondeizu(e)la!

      Emakume pilotarien artean rol ezberdinetan aritu izanak ematen didan talaiatik gogoeta mamitsu, sakon eta baikor zein ezkorrak egin nitzake. Hala ere, luze joko luke, beraz, nik uste dut gai honetan (ere) erabakitzeko ahalmenaren inguruan dagoela gako nagusietako bat:
      – Nork erabakitzen ditu araudiak? Baita jantziei dagokiena ere.
      Euskal pilotako erakunde gehienetan gizonezkoak dira agintean daudenak eta erabakimena dutenak. Beraz, betaurreko moreak beharrean urdin-urdinak nagusitzen ote diren…
      – Zergatik hartzen dira horrelako erabakiak? Zein da interes nagusia? Zein irizpidea?
      Asko izan litezke: kirolariaren erosotasuna, produktua (emakumezkoen gorputz-hankak, kasu honetan) saltzea, arrakasta mediatikoa, gizonezkoen nahiak ezartzea… Tamalez, kirolariak azkenputz honetan ere, eragiteko ia tarterik gabe gaur-gaurkoz.
      – Zein litzateke konponbidea? Nola bideratu?
      Erabakitzeko aukera eta modua izatea benetan jarduten dutenek. Horretarako ezinbestekoa deritzot pilotariak batu eta gogoeta-guneak sortzeari gai hau zein beste hainbaten inguruan solas egin, sentipenak partekatu eta ildoak zehazten saiatzeko. Ahalduntzeak lagun diezaguke.

      Azken zertzelada bat. Bada Gipuzkoan emakumezko pilotarientzat egokituriko praka txuri luzeak saltzen diren leku bat bederen. Hori izan liteke erdibidea, uneko soluzioa agian, baina benetan al dira erosoak praka luze eta gona motz horiek? Nik ez dakit arropan diseinuaz zipitzik ere, baina erosoagoak irudikatzen ditut beste era batekoak balira, egia esan.

      Nire uste apalean, asko dago egiteko, baina eztabaida hau sortzea izan liteke lehen hondar alea aurrera bidean. Segi dezagun, bada!

      Ondo izan eta segi bizkor,

      Uxue

  7. Peru dijo:

    Chauvinismo feministaz nazkaturik. ¿Ba al duzue beste ezer buruan emakume euskaldunek?

  8. abarquin dijo:

    Eskerrik asko, Uxue Arbe eta Uxue Fernandez Lasa, zuen ekarpenengatik!

    Esaldi bat azpimarratu nahi nuke: “gogoeta-guneak sortzeari gai hau zein beste hainbaten inguruan solas egin, sentipenak partekatu eta ildoak zehazten saiatzeko. Ahalduntzeak lagun diezaguke”. Ze ona! Eredurik badaukagu; bertsolaritzaren arloan hamarkada soil batean ikusi dugun garapena izugarria izan da. Genero hausnarketari eta parte hartze femeninoari dagokienez zelako aurrera pausoak eman diren arlo horretan denbora gutxian!

    (Badago zer esanik praken diseinuaz eta erosotasunaz; argi dago. Pozten naiz jakiteaz norbait jabetu dela arazoaz eta bere maila txikian ari dela produktu egokitu bat eskaintzen).

    Gora emakume pilotariak!

  9. Muturrera eramanda hemen idatzitako batzuetan iradokitzen dena (Yanquee-ak halakoak dira…), baina batzuetan muturrak ezagutzea ondo dago, bide bukaeran zer egon daitekeen jakiteko
    http://www.quesabesde.com/noticias/alyssa-schukar-con-texto-fotografico_11708?utm_source=boletin&utm_medium=mail&utm_campaign=boletin_foto

    Pozten naiz nire argazkia gustatu bazaizu, baina hurrengoan iturriaz gain, egilea ere jarri bertan.

    • abarquin dijo:

      Eskerrik asko, Gari; artikulua eta argazkiak ikaragarriak dira! (Bai, muturreko adibide horrek zer pentsatu ematen digu, ea noraino heldu ahal dugun bide horretatik eta zeren izenean). Arrazoia daukazu; zure izena argazkiaren oinean oraintxe jarriko dut.

  10. MOSI dijo:

    Gona edo galtzak.
    Bakoitzak eraman dezala nahi duena ezta?
    Eta nik gona nahiago badut? Galtza zuri gogor hoiek izterretan presioa egiten badidate?
    Eta gona eraman nahi ez badut hileak ditudalako? edo nahiz eta hileak eduki gona eraman nahi badut?
    Ama zerk molestatu zaitu benetan zure halaba gona motzarekin ikusteak? eta bera poz pozik badago?
    ene… gauza nik oso argi ikusten dut ba…

  11. Jon dijo:

    Arauzko janzkera erabakitzerakoan pertsonak ustezko sexu edertasunaren arabera bereizteari txarto deritzot. Ikusi behar, ostera, bereizketa arauditik datorren (bete beharrekoa) ala kasuan kasuko araudiz kanpoko burutazio bat den (salatu ere egin daitekeena).
    Hori esanda, gizonaren ikuspegitik egingo dut iruzkina, aurkitu dudan araudia hartuta (Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzaren araudia: http://euskalpilota.org/doc/documentos/Reglamento.pdf).
    92.2 artikuluan dio: “Pantalones largos. Las mujeres podrán elegir entre pantalón o falda”. Beraz, emakumeak aukera eta gizonak muga.
    92.5 artikuluan dio: “no podrán cubrirse la cabeza con gorros ni cualquier otra prenda, salvo el uso de txapela en plaza libre. No obstante, se permitirá que las mujeres puedan cubrirse la cabeza”. Emakumeak aukera, eta gizonak muga.
    92.1 artikuluan dio: “La camiseta siempre se vestirá introduciendo su parte baja por debajo del pantalón”. Beraz, (gona erabiliaz gero) emakumeak aukera, eta gizonak muga.
    Emakumeak askapen bide luzeari aspaldi ekin dio. Gizonok garaia pasatuta ere badugu, askapen bide luze horri ekiteko. Sinetsita nago onena ez dela ez gona, ez praka luzea; ez burua estaltzea, ez bururik ez estaltzea; ez elastikoa praka barrutik sartzea, ez gona gainetik utzi ahal izatea. Onena aukera izatea da; askatasuna da onena, azken batean. Eta hori falta jaku gizonoi.
    Eta emakumeak, araudi barruan bada (ekipoko biak berdin), inork ez ditzala behartu gauza batera edo bestera, baina gizonei ere ez diezaiela araudiak berak mugatu beste pertsona batzuek duten aukera eskubidea. Gizona izan arren zergatik ezingo naiz eder sentitu eta ezingo ditut hankak erakutsi, joko arauetan nire besteko pertsona batzuei onartzen bazaie? Sexuagatik? Hori sexu bereizkeria da, eta debekatuta dago. Ala ez?

  12. abarquin dijo:

    Mosi, ados nago zurekin, ondo ulertu badizut. Jon, zuk gaiari gizonaren ikuspegitik begiratu diozu eta araudian gizonentzat agertzen diren mugak ederto azaldu dituzu. Oso interesgarria iruditu zait zure ekarpena. Ni ere aukerak ematearen alde nago, emakumeei eta gizonei. Bada garaia kontu horri ganoraz heltzeko, orain arte inertziaz egiten ziren gauzak aztertzeko, emakumeei begira eta gizonei begira. Ikusi duzuenez, nire kezka (eta beste askorena) hau zen: zergatik inposatu horren ekipazio desberdina neska eta mutilentzat, non neskak, kirolariak izateaz gain, beste zerbaitetarako atera behar diren kantxara. Baina zuk kontuaren ifrentzua oso ondo argitu duzu.

    Bukatzeko. Duela gutxi argazki honekin egin dut topo:

    http://www.gomeratoday.com/2014/07/05/la-gomera-jugara-la-semifinal-del-campeonato-canarias-de-voley-playa-cadete/

    Hor zerbait gertatzen ari da, ezta? Analisi bat mereziko duela esango nuke, nahiz eta agian neska eta mutil horiek (ez dakit) esango duten ekipazio horiek oso ondo iruditzen zaizkiela, eta “natural” moduan ikusten dituztela. Azken finean horretarako entrenatzen ari gara gazteak etengabe, konturatu gabe, mila modutara…

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s