Igandean El Correok Icíar Ochoa de Olano kazetariak egin zidan elkarrizketa argitaratu zuen.
Hor agertzen den guztia esan nuen nik, bai horixe; kazetariak ederto jaso zuen (eskerrik asko, Icíar). Orain bi ohar egin nahi nizkioke nire buruari.
Lehenengoa, izenburuari dagokionez. Izenburua honako hau da: «La sociedad vitoriana es elitista: no quiere que sus hijos estudien con inmigrantes». Lagun bat berehala konturatu da: etorkinak gizartearen partea dira, noski; formulazioa ez da egokia! (Biba zu, R., arrazoi osoa daukazu). Bai, ados nago: hitzetan ezin da aurreztu eta behar diren guztiak erabili behar dira; ea orain hobeto esaten dudan: «Una gran parte de la sociedad vitoriana, de origen autóctono, es elitista: no quiere que sus hijos estudien con inmigrantes». Bide batez, ñabardura bat gehitzen du formulazio berriak: jatorri autoktonoko guzti-guztiek ez dute horrela ikusten, parte handi batek soilik.
Bigarrena: «Luego hay una veintena [de escuelas] a la que acude un número relativo de hijos de inmigrantes muchísimo mayor que el número relativo de inmigrantes de la zona, y muchísimo mayor que el de la escuela de al lado, que es concertada». Hala da, baina, ñabarduretan sartuta, aprobetxatuko dut hemen ere beste bat sartzeko: ikastetxe kontzertatuek, oro har, familia etorkin askoz gutxiago dauzkate, egia da, baina ez denek; salbuespen batzuk badaude. Bestalde, eskola publiko batzuek ere erronka sozial horri bizkarra ematen diote.
Eta kito, zeren oharrak gehitzen jarraitzen badut, ez dugu inoiz bukatuko 🙂
Oso interesgarria eta beharrezkoa elkarrizketa, nahiz eta irakurri ahal izateko ia ia begiak utzi ditudan bertan, jeje. Arduratzen nau gai honek, eta segregazioaren inguruan aipatzen dituzunak oso beharrezkoak direla uste dut, eta gutxi hitz egiten dugula honen inguruan. Ni Eibar ingurukoa naiz, eta han arazo oso antzerakoa ematen ari da, eta uste dut apenas inor, ez norbanako, ez alderdi, ez elkarterik ez dabilela honen inguruan berbetan. Guraso askok beraien seme alabak beste pertsonen etxeetan (aiton-amonak, gehienetan) erroldatzen dituzte, inmigranteen seme-alabak dauden eskoletara joan behar ez daitezen. Eta noski, hau dena euskalduntasun eta euskalduntzearen izenean egiten da askotan…
Gustatu zait blogean gehitzen duzun lehen puntualizazioa ere. Atzo berdina sentitu nuen beste kontestu batean. Hauteskundeen emaitzen karietara, eskerrak ematen zebilen alderdi bat, jasotako bozka kopuruagatik. Tartean «gure herrian bizi zareten andaluzak» zoriondu zituen, «ZUEN bozka erabakiorra» izan dela esanez. «Zuen» esaten denean alderdi horrek esaten diguna zer da? Alderdian ez dagoela andaluzik? Eskertzen dutela «haien» bozka baina «haiek» ez dela «gu»? Oraindik askotan egiten dugun hankasartzea, nik neuk sarri baino maizago.
Milesker elkarrizketa jartzeagatik, eta zorionak El Correon egoki jarri dituztelako zure hitzak. Ez da marka txikia edozein egunkaritan, baina horretan… Are handiagoa!
Mila esker, Jokin! «Gure herrian bizi zareten andaluzak» esaldiak batzuetan hezkuntzan esan diren/ditudan beste batzuk gogorarazten dizkit: «Ikasle etorkinak gure eskolan» jardunaldiaz oroitzen naiz, adibidez. «Gure» horiek ze adierazgarriak diren. Eta ze oharkabe pasatzen zaizkigun…
(Egunkariak direla eta, kazetariaren trebezia ere badago tartean :-))