Euskara queeragoa da gaztelania baino?

 

Binarismorik gabe, nor izango nintzateke?

Herritar batzuek uste dugu beste mundu bat posible dela, mundu bat non, besteak beste, “gizon/emakume” binarismoa ez den derrigorrezkoa. Baten batek galdetuko du: baina ez bagintuzte sailkatu emakume edo gizon moduan, zer izango nintzateke? Ba “zeu” izango zinateke, aizu, gutxi al da?

Edo, hobeto esanda, sailkapen ezari esker agian benetan zeu izateko aukera handiagoa izango zenuke.

Aukera hori ez dago hortxe bueltan. Guztiz alderantziz: esango nuke binarismoaren berpizkunde izugarria bizitzen ari garela, hein handi batean industria kulturala dela eta. Industriak patriarkatuarekin sinatutako isilpeko itunaren ondorioz, korronte nagusiko produktu gehienetan neskak inoiz baino “neskagoak” dira eta “mutilak” mutilago, eta oso heterosexualak bidez batez, ume guztien eredurako. Eta umeek inoiz baina produktu kultural gehiago kontsumitzeko beta dute gaur.

Baina Marina Subirats-ek dioen bezala:

“Lo que no tiene sentido es que la agresividad sea prescrita a los muchachos por el hecho de serlo, esté o no en su naturaleza y en su voluntad; y la ternura y la empatía en las muchachas, aunque no vaya con ellas. Cada ser humano debe ser libre para elegir aquellas actitudes que le son afines […]. Cada ser humano debe poder combinar las antiguas características femeninas y masculinas que habitan en él o en ella, y poder hacerlo desde la libertad, en las dosis y las circunstancias que le parezcan más convenientes”. (Subirats 2013: Forjar un hombre, moldear una mujer. Girona: Aresta Mujeres, 185).

Ez da makala oraindik irakasleek eta hezkuntza sistemak egin behar duten hausnarketa gaiaren inguruan (eta gurasoez zer esango dugu…). Oinarrizko galdera honako hau izan daiteke: irakasle moduan neuk ere eragiten dut nire ikasleek betiko generoak gara ditzaten, ala haien izaera askeago eraikitzen laguntzen diet?

(Edo beste modu batean esanda: irakasle moduan nola eragiten dut nire ikasleek betiko generoak gara ditzaten? Eta zer egin dezaket horrela ez jokatzeko?).

Nire ikasle batek esango lukeen bezala, “temaaaaaazo”. Beste egun baterako.

Kontuz, “emakume” kategoria beharrezkoa da gaur

Eta beste batzuk ere bai.

Binarismoa gainditzeko ortzimuga begibistatik galdu gabe, badakit feministontzat “emakume” kategoria politikoa ezinbestekoa dela momentuz, bizi garen errealitatean eta une historikoan. Kategoria horren azpian historikoki sailkatuok, kategoria horretatik abiatuta egin behar dugu askapenerako borroka, beste talde azpiratu batzuek egiten duten bezala. Desiragarria da mundu bat non ez dagoen zuririk ez beltzik, non ez dagoen disgaiturik eta gaiturik… Bitartean beltzek eta disgaituek haien aldarrikapenak defendatzen jarraitu beharko dute, derrigorrez.

Euskara eta binarismoa

Kontua pare bat hitzalditan tratatu dut azken hilabeteotan. Ez dut uste oso urrutira heldu naizenik, baina gaia nire gogoetan dagoen bezala ekartzen dut hona, ea norbaitek harago eraman nahi duen. Anjel Lertxundiren bi testuk lagunduko digute; biak Berrian argitaratutako zutabeak dira.

“Ariketa” (Berria 2008-6-25)

Taxi bat hartu behar izan dut. Agurren ondoren, liburu bat zabaldu dut, gidaria ez baitzen batere hiztuna. Handik pixka batera, taxiko telefonoak jo du. Gidariak esku libreko telefono-sistema aktibatu du. “Barkatu, kariño, lan garaian deitzea, baina disgustu handia daukat”. Gidariak, urduri, ni zertan ari naizen begiratu du atzerako ispilutik. Irakurketan guztiz harrapatuta banengo bezala egin dut nik.

Ikerrek dena suspenditu du”, esan du telefonoaren beste aldekoak. “Zerbait pentsatu beharko dugu, zuri zer iruditzen zaizu?”, erantsi du. Gidariari zer iruditzen zaion, auskalo, isilik segitzen baitu. “Hitzordu bat eskatu dut irakasleekin bihar arratsalderako” esan dio telefonoaren beste aldekoak, eta gidariak ahoa zabaldu du estreinakoz: “Bihar arratsaldean? Ezin dut”.

Irakurle: egingo nuke emakumetzat hartu duzula dei egilea, gizonezkotzat gidaria, baina nik ez dizut horrelakorik markatu.

Ados, testuinguru honetan –blog honetan– irakurlea gaiztotuta dago eta ziur aski zerbait susmatuko zuen hasieratik bertatik eta ez da segadan erori. Baina ea bada beste testuinguru batean –Berria egunkarian– zenbat irakurle ez ziren eroriko… Ni, behintzat, zerraldo.

Ariketa ederra, itzultzaile maitea. Ea testu hori nola itzultzen duzun gaztelaniara, frantsesera edo genero hizkuntza batera pertsonaien generoari erreferentziarik egin gabe. Eta generodun hitzak saihesteko parafrasi deigarriegirik egin gabe.

“Generoa” (Berria 2014-3-8)

Kamiozalea joan da fabrika batera, hustu du zeraman karga, hartu du berria… Jostuna galtzerdi baten orpoa errepasatzen ari da… Agintariak hiritarrei zuzendutako diskurtsoan… Ez dut esan kamiozalearen, jostunaren, agintariaren generoa: imajinatu duzun kamioizalea gizonezkoa baldin bada, irudia ez duzu zure hizkuntzak emana, marjinazio sekulako batek egositako konbentzioek baizik.

Egun batez, kontatzen du Imre Kértesz nobelagileak, irakurle aleman batek galdetu omen zion nola idatz zitezkeen maitasun nobelak hungarieraz, hizkuntza hartan genero bakarra baitago, ez baitira maskulinoa eta femeninoa desberdintzen.

Euskaraz ere paretsu. Baina hori eragozpen bat da —maitasun istorioak kontatzeko bezala beste zernahitarako ere— ala abantaila?

Zergatik ez mundu ikuskera propio baten ezaugarrietako bat, zergatik ez sormenaren akuilu eta pagotxa, izan ordez generoa duten hizkuntzenganako morrontzak sentiarazitako ahulezia?

Ez da makala pentsaera hori, maitasun istorioak heterosexualak baino ezin direla izan. Bestalde, pertsonak bi sexu/generotan ez sailkatzeak ematen dituen aukerei oso interesgarri deritzet.

(Eta zailtasunen bat ere ez da faltako gaztelaniazko zenbait testu euskaratzeko orduan, Aiora Jaka itzultzaileak azaltzen zuen bezala. Nola eman “un amigo”? “Lagun bat” aukeratuko dugu? Edo “gizonezko lagun bat”?…  Baina hori ez da gaurko gaia).

Bitartean gaztelaniaz “las niñas y los niños”. Paradoxak eta galderak

Gaztelaniaren eta frantsesaren egitura morfosintaktikoak beste baldintza batzuk ezartzen ditu: izen askotan (ez beti) presente dago pertsonaren generoa. Lertxundiren aipatutakoetan, adibidez: camionera edo camionero, costurero edo costurera, mandataria edo mandatario…

Paradoxikoa iruditzen zait, bestalde, gaztelaniaz nora heldu garen: maskulino orokor edo generikoa ez erabiltzeko (los niños) femeninoa eta maskulinoa alternatzera hain zuzen (las niñas y los niños, los padres y madres, las médicas y los médicos…). Alternantzia proposatzen da, printzipioz, beste estrategia batzuk posible ez direnean (hitz orokorrak –la ciudadanía–, perifrasiak –las personas interesadas–…). Alternantziaren erabilera ez da korronte nagusira heldu baina testu administratiboetan eta pertsona batzuen diskurtsoan aurkitzen dugu, eta feminismoaren lerro ofizialak eta instituzioetan dagoen feminismoak praktika hori defendatzen dute eta bere hedapenarekin konprometituta daude.

Hemen pare bat zalantza formulatu nahi dut, ea inork bere iritzirik eman nahi duen:

Gaztelaniaz binarismoa etengabe azaleratzeak eraginik al du munduaren ikuskeran? (Gogora dezagun maskulino orokor edo generikoari egotzi zaiola emakumeen ikusgarritasun ezean eragitea, eta hori izan dela bere ospe txarraren arrazoia. Alegia, egitura morfosintaktikoari aitortu zaiola errealitatearekin elkarrekintza zuzena).

-Alternantzia alde batera utzita, euskarak eta gaztelaniak gaitasun berbera al daukate gaur binarismorik gabeko errealite bat adierazteko? (Egunerokotasunean adierazte hutsa buruhauste potolo bihurtu gabe, diot, batzuetan maskulino generikoa saihesteko atakan sentitu gaitezkeen bezala. Fernando Rey itzultzaileak emandako adibide bat aprobetxatuz, hor dago “personas de categoría infantil” xelebrea, “niños” orokorra edo “niñas y niños” alternatua ez esateko).

Honaino baino ez naiz heldu, galderak egiteraino…

Aukerak eta aukera galduak

Euskararen aukerak literaturan ustiatzen ari dira. Testu batzuetan ez dago jakiterik edo berandu jakiten dugu irakurleok (Itxaro Borda, Iban Zaldua, Ana Malagon eta abarren lanetan. Eta ez dut zeinetan zehaztuko, noski). Zenbaitetan sorpresa narradoreak maltzurki prestatu du. Beste batzuetan irakurlearen erantzunkizun osoa da ez badu pentsatu bikote bat, demagun, ez zela heterosexuala.

Beste euskaldun batzuek, berriz, ezin dute irudikatu binarismorik gabeko mundu bat. Are gehiago: haien adreilua ekartzen dute emakumeen eta gizonen arteko distantziak behar bezala gordetzeko, kontuz gero.

Mikel Gorrotxategi euskaltzainak, Patxi Salaberrirekin batera 2001eko euskal izendegiaren egileak, argudiatzen zuen duela urte batzuk izenen sexu bereizketa beharrezkoa dela: euskal izendegia argitaratu aurretik (2001ean) izen batzuk bai neskentzat bai mutilentzat erabiltzen ziren, eta ondorioz nahasmen handia zegoen justizian, irakaskuntzan eta beste hainbat alorretan. (Mikel García, Argia 2007-10-28). Nahasmen handia. Sic. Batzuek ezin izango zuten lasai bizi anabasa horretan eta ordena ezartzera etorri behar izan zuten. Eta haien esku hartzearen ondorioz Lur, Izar eta Aritza neska izenak dira, eta Hodei, Amets eta Iraultza, berriz, mutil izenak, Aiora Jakak gogorarazten zuenez. Eta kito. Ez dago bueltarik ez beste aukerarik. Horrela akabo konfusioa, nahasmenetik salbatu gaituzte. Lasai geldituko ziren gero izendegiaren egileak.

Zelako beldurra daukaten batzuek, alajaina… Zeri baina?

argazkia 2011 014

Esta entrada fue publicada en generoa y etiquetada , , . Guarda el enlace permanente.

6 respuestas a Euskara queeragoa da gaztelania baino?

  1. gibeljalea dijo:

    Gai honen inguruan, noizbait otu izan zait euskara genero gramatikalik gabeko hizkuntzak izateak abantailak badituela, baina baita eragozpen nabarmenak ere.
    Adibidez, ez gaude maskulinoa generiko edo “markatugabe” gisa erabiltzera behartuta, “denok”, “ikasleak”, “iraskasleak” eta abar erabiltzean. Bestetik, ordea, gaztelaniaz edo generodun beste hizkuntzetan, “todas y todos” esatean, femeninoa generiko edo “markatugabe” gisa sistematikoki erabiltzean, edo are blog batzuetan ikusi dudan “todes” bezalakoak erabiltzean diskurtsoari sustantzia aldarrikatzaile moduko bat, edo behintzat maskulino generikotik aldentzen dena, erantsi dakioke, zeina kasu horietan bederen euskaraz ezin den egin. Gainera, nahiz eta euskaraz “ikasleak”ek ez duen, “los alumnos”ek bezala, genero maskulinorik, nago askotan horrek ez digula ekiditen, oharkabean bada ere, “ikasleak”, “agintariak”, “gidariak” horiek guztiak gehienbat gizonez osatuak daudela irudikatzea.
    Beraz, uste dut ezin dela oro har esan euskarak “queerrago izateko” pontentzialtasun handiagoa duen generodun hizkuntzek baino, kasu jakin batzuetan hala gertatuko baita, baina ez beste batzuetan.

    • abarquin dijo:

      Eskerrik asko zure iritzia partekatzeagatik, Gibeljalea. Nire ustez, gaztelaniak abantaila dauka solasean aipatzen ari garen pertsonaren sexu/generoa momentu oro jakitea abantaila moduan ikusten badugu (“he venido con un amigo”, “he venido con una amiga”). Aldiz, euskarak abantaila dauka pertsonaren sexu/generoa jakitea edo jakinaraztea ez bazaigu inporta, edo datu garrantzitsutzat ez badugu jotzen, edo sailkapen horrekin intsumisoak sentitzen bagara (“lagun batekin etorri naiz”). Personaren sexu/generoa zehaztea posible da euskaraz, baina ez da derrigorrezkoa. Berriz, gaztelaniaz, zehaztea derrigorrezkoa da gehienetan, eta ez adierazteak ahalegina eskatzen du (“he venido con una persona con la que tengo amistad / con una persona amiga mía…”).

      Bestalde, egia da “ikasleak” eta “agintariak” gizonek osatuta irudikatzen ditugula berez; gizakia, besterik ezean, gizon moduan imaginatzen dugu. Horrek zerbait esaten digu gaztelaniaren maskulino generikoari buruz: emakumeen ikusgarritasun ezaren errua berari botatzen diote, baina izango luke? Zalantza daukat. Euskaraz ez dago maskulino generikorik eta gauza bera gertatzen da: gizonak baino ez ditugula ikusten izen gehienen atzean. Non dago gakoa, orduan, hizkuntzan edo beste nonbait? Zer egin beharko genuke euskaraz, femeninoa ere beti aipatu emakumeen presentzia ikustarazteko (“gizon-emakume agintariak”, “neska-mutil ikasleak”)? Hori euskararen egituran arrotza izango litzateke, baina ez al da hori gaztelaniaz egiten duguna “las políticas y los políticos”, “los niños y las niñas” esaten dugunean? Duela hiru hamarkadan gaztelaniaren egituran arrotza zen eta askoren ustez jarraitzen du izaten.

      Niri euskara eta gaztelania konparatzea morfosintaktikoki, eta ikustea egitura morfonsintaktikoak nola interpretatzen ditugun hiztunok (interpretazio anitzak) interesgarria iruditzen zait, galderak egiten laguntzen dit, fenomeno batzuk hobeto ulertzeko bidean jartzen nau.

      Egun batean maskulino generikoaz eta sahiesteko erabiltzen diren estrategiez hitz egin beharko dugu… Ea ausartzen naizen…

      • gibeljale dijo:

        Tira, agian posible izango litzateke, koska bat gehiago estutuz, “ni (emakume edo gizon izan, bitasun sinplistatik ez ateratzearren) soziologoa naiz” beharrean, “ni (emakume edo gizon izanda ere) soziologa, filosofa, eta abar naiz” esatea (gainera Zuberoan, Baxenafarroan eta Lapurdin behintzat ez litzaieke batere arrotza egingo, imajinatzen dut).
        Baliteke arraro gertatzea, eta nola ez, baten bati tontakeria izugarria irudituko zaio, baina blogosfera feminista espainiarra denbora batez bisitatu ostean, ez al da normal-normala suertatzen “todas” eta “nosotras” generiko markatugabe gisa ikustea?
        Tira, agian gaur egun soilik errealitate paralelo batean posible liratekeen gauzak dirudite, baina ez dago gaizki kontau eztabaidatzea.
        Bukatzeko, generiko maskulinoa emakumeen ikusgarritasun ezaren errudun ote den edo ez eztabaidan, egia da maskulino generiko horrek aurretiko ordena sexista bat sendotu eta betikotzen laguntzen duela, baina ados nago erru guztia ez dela berea. Zeren, adibidez, “ume batek aitarekin istripua izan eta ebakuntza mahaiean dagoenean, zirujauak dio bere semea denez ezin duela operatu…” esaldiaren aurrean, baita euskaraz esanda ere, berdin-berdin kostatzen zaigu “zirujau”aren atzean emakume bat ikustea, nahiz eta maskulinoa ez izan, “cirujano”n bezela.
        Eskerrik asko erantzunagatik.

  2. Pingback: “Buka dezagun maskulinoan eta femeninoan, bietara, egitearen komedia hau” | Jalgi hadi plazara

  3. Ander Ros dijo:

    Gai hauetaz dihardut egunotan lanean, tesiaren kapitulu bat itxi nahirik. Gorrotxategi eta Salaberriren izendegia xeheki aztertu dut, beraien beste zenbait testu ere bai. Ondorio garbia atera dut: Espainiako Erregistroaren legera makurtzea izan dute lehendabiziko xedea, ia xede bakarra. Aspaldiko urteotan Euskaltzaindiaren lan nagusia hitzarmenak sinatzea da. Erregistroko arduradunekin ere sinatu zuten bat izendegia argitaratu aurretxuan. Onomastikaren inguruko denaren monopolio erabatekoa izatea dute helburu, hortik bizi delako bat baino gehiago. Laster, urriaren 3-4an Amurrion burutuko den Onomastika Kongresuan salatuko dugu berriro horren inguruko ustelkeria. Izenak sexuaren arabera bereiztea kontu kulturala da, arbitrarioa. Kulturalki bi sexu bereiztu izan dira eta horren arabera bi klase nominal. Orain, sexuak bi ez baina ia 100 inguru direla dakigun honetan, legeak horretara egokitzen hasiak dira, Argentina, Laura Cantore-ren lanari esker besteak beste, buruan dela. Bertan Gobernuak berak izen unisexen zerrendak argitaratzen ditu, izendegiaren binarismo sexuala hautsiz. Argentinako Facebook-ek 54 sexuren artean aukeratzen uzten du perfila zehazteko orduan, generoa identitatea errazteko asmoz. Estatu Batuetan dago munduko askatasunik handiena izenen kontuan. Askatasun horrek beldurra eragiten die, askatasuna kontrolatzeko eta murrizteko lana galduta langabezira joan beharko liratekeelako. Hori dago Euskaltzaindiak ateratako izendegi horren atzean.

  4. abarquin dijo:

    Ez naiz ni hizkuntza baten morfosintaxia bortxatzearen oso aldekoa, Gibeljale, ez euskaraz ez gaztelaniaz. Euskaraz genero morfema erabiltzea ez dut beharrezkotzat jotzen, gizon edo emakumea zehazteko beste estrategia batzuk erabili ahal ditugulako, hizkuntzaren izaerarekin adosago. Gainera horrek pluralak egitea nabarmen zailduko luke, ezta?  (“Soziologo-soziologa guztiak”, “filosofo-filosofa ugari”…).

    Zuk diozun intuizio hori daukagu, maskulino generikoak orden sexista sendotzen duela. Niri askotan etorri zaidan galdera da ea hizkuntzarik dagoen non femeninoa den markatu gabea edo orokorra eta ea ze gizarte motak erabiltzen duen hizkuntza hori. Beste nonbait zera azaldu dut, topatu ditudala erreferentzia bakarrak honako hauek direla, bat gaztelaniaz, bestea katalanez (osorik kopiatzen ditut, ez dute gehiago sakontzen, zoritxarrez):

    Hay lenguas, como el goajiro de Venezuela, en las que el término no marcado es el femenino, de forma que anasiku, “buenas” vale por “bueno y buena” (se diría, pues, algo así como “las atletas y los atletas españoles son buenas”); sin embargo esta tribu, del grupo arawak, no discrimina menos a las mujeres, en realidad las ha reducido a la condición de cuasi esclavitud. (Ángel López García, 1999. “Las mujeres y el lenguaje”, in Mª Dolors Fernández de la Torre Madueño, Antonia María Medina Guerra eta Lidia Taillefer de Haya (ed.): El sexismo en el lenguaje, 1. alea, Málaga, CEDMA, 77-98).

    D´altra banda, en les llengués amb gènere, el masculì acostuma a ser la categoria no marcada, però fins i tot en les llengues en que el femení és la categoría no marcada (el guajiro o l´iroquès) no hi ha res que mostri que les dones són més visibles que els homes (Carme Junyent, d.g. Génre, sexe, llengua. http://www.gela.cat/doku.php?id=textos_genere).

    Horren arabera, femeninoaren erabilera ez markatua ez dago halabeharrez lotuta, antza, gizarte parekoago batekin. Ondo legoke gehiago jakitea, alegia, ea hizkuntza gehiago dauden non ez markatua edo orokorra femeninoa den, eta ea nolakoak diren gizarte horiek. Bitartean badirudi ezagutzen ditugun hizkuntza gehienetan maskulinoa dela markatu gabea.

    Ander, eskerrik asko ematen didazun informazioarengatik, oso interesgarria da. Ados nago zurekin; izendegiari mundu ikuskera binarista dario, eta askatasunari beldurra ere bai. Pena da, zeren hor hartutako erabakiek euskal herritar guztiongan daukate eragina eta gure askatasuna nabarmen mugatzen dute. Bi pertsonek (beste batzuen babesarekin, pentsatzen dut) hori egitea oso kontu potoloa iruditzen zait niri.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s