Nork garbitzen du “moreago”? Garbiketa morea eta beste garbiketa batzuk: larrosa, berdea, koloreanitza…

 

055

Termino batzuek errealitaren gainean argia emateko izugarrizko gaitasuna daukate. Kontzeptu konplexuak dira, oraindik ez hiritar guztion eskura. Baina haien erabilpena zabaltzen joaten da ezinbesteko kategoria bihurtzen direlako aurrean daukagun errealitatea analizatzeko, gizarte dinamikak izendatzeko. Patriarkatua, islamofobia, diglosia, gentrifikazioa…  ahalmen handiko terminoak dira jakinaren gainean dagoen komunitate batean erabiltzen direnean. Haien bidez hainbat azalpen saihesten dugu, oinarriak dira hurrengo gogoeta eraikitzeko; Erpurutxoren zazpi legoako botak dira kontzeptuok aurrerapen azkarrak egiteko, urrutira heltzeko.

Azken aldi honetan horrelako bat etorri zaigu argi egitera: “purplewashing” edo “garbiketa morea” (euskaraz, dirudienez, estreinatu gabe; gaztelaniaz eta ingelesez oraindik ez oso arrunta).

Brigitte Vasallori irakurri diot purplewashing duela hilabete gutxi lehenengo aldiz (`lavado violeta´ itzultzen du berak gaztelaniara). Artikuluaren izenburua esanguratsua da: Burkas en el ojo ajeno. El feminismo como exclusión, eta Gasteizko gertaera bati erreferentzia egiten dio hain zuzen. Duela hilabete gutxi autobus gidari batek belo osoa zeraman emakume bati eta bere umeari zerbitzua ukatu zien eta, ondorioz, hainbat ahots altxatu ziren gidariari arrazoia emateko emakumeen eskubideen izenean: erabateko beloa ikur matxista denez, bere erabilpena arautzea eta debekatzea eztabaidatu zen aste horietan komunikabideetan.  Vasallok testuan azaltzen duen bezala, honakoa da garbiketa morea: “emakumeen eskubideak erabiltzea emakumeen kontrako biolentzia justifikatzeko”. Emakumeen defentsaren argudioarekin burkadun emakumea baztertzea da horren adibide argia.

Beste garbiketa batzuk ezagutzen ditugu

Garbiketa berdea” (greenwashing) bai aurkituko dugu Wikipedian: “erakunde batek bere jarduera ingurumena errespetatuz burutzen duela zabaltzeko egiten dituen gezur eta iruzurrezko ahaleginen multzoa da, jendaurrean bere irudi korporatiboa hobetzearren”.

“Garbiketa larrosa” ere ez da jaio berria. Pinkwashing hitza bularreko minbiziarekin lotuta sortu zen: begizta arrosa erabiltzea eta minbiziaren kontrako kanpainekin kolaboratzea publizitate estrategia bikainak dira enpresa batzuentzat, osagai kantzerigenoak dituzten produktuak ekoizten jarraitzen duten bitartean. Terminoa, baina, beste espazio batera transferitu da: erakunde batek gay eta lesbianen mugimenduari aurpegi ona jartzen dio, haren jardueraren beste alderdi batzuk –negatiboak– ahaztarazteko asmoz. Israelen LGTB kolektiboekiko jarrera progresista eta atsegina adibide klasikoa da; argi dago palestinar LGTBekin (ez besteekin) Israelek ez duela berdin jokatzen.

Printzipio progre bat perbertitzea interes propioen alde

Zer da garbiketa, beraz? Printzipio aurrerakoi bat adieraztea estrategia moduan betiere norberaren interesen alde jokatzeko asmoz. Manipulazioa osagai gakoa da (kontzientzia maila desberdinetan, uste dut). Estrategia horren bidez pertsona, ideia eta jarduera batzuk minorizatzen edo baztertzen dira.

Jarduera manipulatzailea deseraikitzeak ahalegina exijitzen du: hitz asko behar dira, solaskideari azalpen luzeak ematen zaizkio, arreta eskatzen zaio. Deseraikitzaileak desabantailan sentitzen dira maiz talde eta politikari batzuen jardueraren atzean zer dagoen agertzeko orduan; nekagarriak edo aspergarriak sentitzen dira. Horregatik hiritarroi zazpi legoako botak kontzeptuak ederto etortzen zaizkigu eta partekatu behar ditugu. Garbiketarena horietako bat iruditzen zait niri.

Arabako Foru Aldundiak more eta arrosa garbitu du azken aldi honetan

Bai, bere azkeneko kanpainaren esaldi eta argazkiei erreparatzen badiegu, emakume eta LGTB kolektiboen ustezko defentsa egiteko aitzakian, atzerritarren irudia gaiztakeriekin lotzen dute, argazkietan haiek baitira emakumeen eta gayen eskubideak urratzen dituztenak (burka inposatuz, neska txikien ablazioa sustatuz, homosexualak urkatuz). Atzerritar horien figurek erraz gogorarazten dizkigute bertako gizartean bizi diren etorkinak: Gasteizko PPren hauteskunde kanpainaren arabera, integratzen ez diren eta bertakoen kontura bizitzera etorri diren horiek alegia. Jokaldi bikaina.

Ez gaitezen engaina; PP ez da inoiz nabarmendu bere aldarrikapen feminista eta homofobiaren kontrakoengatik, ezta? Javier de Andres diputatua  eskubide horien defendatzaile moduan agertzea ere… Kontrako adibideak, berriz, ez dira falta: alderdian, noski, eta Foru Aldundian bertan ere bai, haratago joan gabe. Miguel A. Navarrok, Andrés Krakenbergerek eta Juan Ibarrondok Deian argitaratutako artikulu batean honako hau gogorarazten ziguten duela egun gutxi:

“Es significativo que fuera el mismo PP que hoy se muestra tan sensible con el problema de la mutilación genital femenina en las niñas de Álava, quien en 2012 se cargara literalmente el proyecto del “Observatorio y nuevas estrategias para la formación de los/as profesionales sobre la mutilación genital femenina en Álava: “Conocer para actuar en Álava”, cuyo objetivo era realizar un abordaje preventivo de la MGF en Araba/Álava, desde la atención primaria en salud, servicios sociales y educación”.

Pertsona nagusiekiko biolentziaren kontra agertzeak ere, PPk dependentziarekin lotutako diru-laguntzak horrenbeste murriztu ondoren, lotsa falta berbera adierazten du.

campana violencia

Tira, argi dago kartel honen azkeneko helburua ez dela eskubide batzuk defendatzea, ezta?

Hala ere, batzuk segadan zerraldo erori dira eta Clara Campoamor erakundearen lehendakariak, adibidez, autobus gidariaren jarrerarekin bat etortzeaz gain, burkaren erabateko debekua eskatu du.

Beste asko, berriz, jokaldiaz jabetu dira eta manipulazioa salatu dute: Diputazioaren kanpainaren kontra irmotasunez agertu direnen artean Gasteizko Plataforma Feminista eta Gasteizko Transmarikabollo Mugimendua aurkitu ditugu, hain zuzen. Esanguratsua da, ezta? Haiekin batera, Arabako Foru Aldundiaren langileen batzordea,  Arrazakeriaren Kontrako Plataforma, Al-Indimay elkartea eta Gora Gasteiz ekimenak kanpaina berehala kentzeko exijitu dute. Kasurik ez, noski.

Beste garbiketa batzuk?

Garbiketa kulturanitzaz (koloreanitzaz?) ere hitz egin ahal dugu agian. Azken hamabi urteotan zenbat adierazpen eder egin dituzte hezkuntza arduradunek kulturaniztasunaren inguruan? Zenbat aldiz entzun diegu “kulturaniztasuna oso positiboa dela, altxor bat dela”, konbikzio handiz gainera, haien kudeaketaren ondorioz ikasturtean zehar heldutako familia etorkinen seme-alaba gehienak ikastetxe gutxi batzuetara bideratuak izaten diren bitartean (beste etorkin asko eta klase baxuko autoktonoak eskolatzen diren ikastetxeetara, bidenabar)?

Garbiketa askatasunzalea (ze koloretakoa izango da?) oso ohikoa da eta gauza askotarako balio du. Askatasunaren (eta inposizioaren kontrako) diskurtsoa azaleratzen da noizean behin euskararekin lotuta. Azkeneko agerpena: Euskadiko gazte sozialistek adierazi berri dute euskara inposatzearen kontra daudela. Dakigunez, esparru hegemonikoan daudenek askatasuna sutsuki aldarrikatu ohi dute, haien posiziotik askatasun hori gozatzeko aukera guztiak dituztelako. Minorizatuen esparrutik, berriz, aukera urriak daude askatasun berbera dastatzeko eta eskubideetan jartzen dute enfasi gehiago. Baina zaila da gero askatasunaren banderaren kontra argudiatzea, ezta?

Adreiluz adreilu deseraikitzeak ahalegin gehiago eskatzen du beti. Amorru apur bat ematen du, redio.

 “Ni ez naiz arrazista, ez matxista, ez homofoboa, ez euskararen kontrakoa…” diote garbitzaileek

Bale, bale, bale, bale. Zuk esateagatik, ezta? Hori ez da nahikoa, polit hori; ea kolektibo minorizatu horietatik zer esaten dizuten. Adi egon eta egin kasu. Nork jakingo du hobeto, e?

Esta entrada fue publicada en anitzak, generoa y etiquetada , , . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s