“Egiten duen beroarekin, zergatik eramaten duzu zapia?”

-Ni Gasteizen gustura nago,  jendearekin ondo moldatzen naiz. Hori bai, batzuetan baten batek galdetzen dit: ”egiten duen beroarekin, nola ba eramaten duzu zapia?”

-Eta zuk zer erantzuten diezu? Azalpenik ematen diezu?

-Ez horixe. Nik esaten diet “nahi dudalako. Bakoitza nahi duen bezala janzten da”. Kito.

Hau entzun nion duela gutxi jatorri marokoarreko emakume bati. Gora Gasteiz ekimenak apirilaren 18an antolatutako festa izugarriaren barruan izan zen, emakumeen elkartze batean hain zuzen, non jatorri anitzeko emakumeok aukera ederra  izan genuen elkar ezagutzeko eta patxadaz hitz egiteko. Oraindik nabil han jasotako hainbat sentsazio eta ideia hausnartzen…

Nork egiten du galdera?

Galdera berak asko adierazten du. Gizartean nagusitasun egoeran dagoen emakumeak egiten dio azpiratua dagoen emakumeari, horretarako zilegitasuna sentitzen baitu. Alderantziz ez da planteatzen; ez zaigu burutik ere pasatzen emakume atzerritar zapidun batek emakume autoktono bati galdetzea: “barkatu, egiten duen freskoarekin, nolatan eramaten duzu eskotea?” edo “aizu, ari duen elurtearekin, nola eramaten duzu gona labur hori?” (Ez dakit nik galdera hori oso gogo onez hartuko nukeen, eta zuk?).

Ez; aurreko personaren janzkera modu irekian zalantzan jarri ahal izatea batzuen pribilejioa da, ez da denon aukera.

Izan ere, ondo begiratuta, galdera gehiago da komentario kritikoa benetako galdera baino. Eta emakume zapidunak emandako erantzunean, zera sumatzen da: inplizitu zegoen botere harremanaz jabetu zen eta desegoki galdekatuta sentitu zen. Ez zen agertu otzan erantzuteko prest; argi eta garbi adierazi zuenez, egoera horretan ez zen azalpena ematera makurtu.

Testuinguru jakin batzuetan non elkarren arteko errespetuzko hitzarmena dagoela ulertzen den, berriz, bai entzun ditut azalpenak, oso interesgarriak, norberak eramaten duen arroparen inguruan.

Egiten duen beroarekin, aizu…

Ze deigarria (epaigarria?) egiten zaien autoktono batzuei kanpotik etorritakoen janzkera. Emakumeena batez ere.

Alde batetik, konturatzen gara gizonak oro har “erosoago” janzten direla, eta hori nabaritzen dugu batez ere bero egiten duenean; emakumeen arropak ez dira gizonenak bezain egokiak tenperaturari aurre egiteko. Kaletik pasatzen den bikote horretan, demagun, emakumeak ehun kopuru handia darama gainean eta gizonak, berriz, praka motza eta kamiseta arina edo are tiranteduna. Autoktonook gogo txarrez jabetzen gara horretaz, eta kultura matxista batetik datozela eta ingurune matxista batean bizi direla inferitzen dugu.

Haiek egiten dutena artifiziala eta matxista da. Autoktonoena nolakoa den ez zaigu ezta burutik pasatzen; seinalea naturala eta nahiko parekidea edo modernoa iruditzen zaigula. Normala, alegia. Baina kultura mendebaldarrean ere gizonen janzkera emakumeena baino erosoagoa da (orokorrean hitz egiten badugu). Nire buruari galdetzen diot ea munduan zenbat kultura egongo den non hori ez den gertatzen, non emakumeek ez duten gizonek baino lan askoz gehiago hartzen beren buruak apaintzeko, janzteko, orrazteko, margotzeko, oinetakoak eramateko…, non emakumeen gorputzak besteen begiradei aurkezteko moduak ez diren nabarmen konplexuagoak, exijenteagoak, deserosoagoak eta are mingarriagoak gizonenak baino (askotan koloretsuagoak, anitzagoak, kreatiboagoak… izateaz gain; hori ere esan behar da eta).

Badakigu, behintzat, Margaret Mead antropologo estatubatuarrak, 1930 hamarkadan Samoan eta Ginea Berrian egin zituen ikerketen artean, kultura bat aipatzen duela, Tchambuliena, non gizonak diren bere burua apaintzen ahalegin handiagoa egiten dutenak eta denbora gehiago ematen dutenak, emakumeen arreta lortzeko helburuaz. Ez dirudi gizarte askotan gertatzen denik ezaugarri generikoen banaketan edertasunaren ikurra gizonei egokitzea; kasu horrek balio dezala bederen adierazteko edertasunarekiko identifikazio handiago hori ez dela emakumeen esentzia aldaezina.

Ba al dago kulturala ez den janzkerarik, ala?

Pertsona batzuk bere kulturan generikoki egokitu zaizkien ohituretatik ateratzen dira, noski, eta emakume ez gutxik, adibidez, “gizonen” estiloak/arropak/agertzeko moduak adoptatzen dituzte neurri desberdinean. Gerta daikete norbaitek pentsatzea agertzeko era hori “naturalagoa” dela usadio konbentzionalagoak jarraitzen dituzten pertsonena baino.

Ez dago kulturala ez den janzkerarik. Eramaten dugun arropa ez dugu guk asmatu, oso orijinalak garela pentsatzen badugu ere. Dagoenaren artean aukeratzen dugu. Guk geuk diseinatuko bagenu ere, gure aurretiko erreferentzia kulturalek eraginda egongo ginateke. Eta transmititutako gustuek. Emakumeek “gizonen” janzkerak eramatea aukeraketa kulturala ere bada, erosoagoa iruditzen bazaigu ere.

Gogora etortzen zait “Soy una butch” abesti dibertigarri eta autoironikoa: “Me he cortado el pelo al estilo James Dean y es que yo hago lo que quiero, porque soy una butch”. Estilo horretara mozten badut ilea, James Deanekin lotutako irudia, sozialki partekatua, atxikitzen zait sinbolikoki (Dean “errebeldea” zen, ez konbentzionala, gaztea, erakargarria, interesgarria, arrisku zalea, artista, arrakastatsua…). Gandorra eramatekotan, berdin. Edo rastak. Larru beltzezko txamarra erabiltzen badut, balio kulturalek zipriztindutako jantzi bat janzten ari naiz. Mendiko botakoteak hiriko kaleetan zehar ibiltzea ez da takoiak eramatea baino naturalagoa den aukeraketa bat, ziur aski. Alor honetan ez dago zerotik abiatzea, erreferentziarik gabe aritzea, besteak beste janzkera balio batzuk komunikatzeko tresna ere badelako eta komunikazio oro partekatutako kode batean oinarritzen da. Giza talde edo mugimendu batzuekin konexioa adieraztea bada elementu horien funtzio bat.

Tira, janztea edo gorputza estaltzea/babestea premia fisikoa da, jakina, baina hortik aurrera dena da kulturala. Gizakiaren premia guztiak kuturaren galbahetik pasatzen dira halabeharrez, ondo dakigunez.

Eta hala ere, zein ondo orain arte beste generoari egokitu zaiona nik ere erabiltzea gogoa dudanean. (Gogoa dudanean…?)

“Nik nahi dudana egiten dut”

Nire lehengusina nire post batekin zapuztu samar geratu zen. Artikuluan gizon baten eta emakume baten janzkerak konparatzen nituen. Bulego berean zeuden biak: emakumeak arropa arina eramaten zuen eta paparra estali gabe; gizonak, berriz, trajea eta korbata. Desberdintasunari erreparatzen nion testuan naturala iruditzen zaiguna desnaturalizatzeko asmoz, eta nire lehengusina kritikatua sentitu zen, berak eskoteak, makilajea eta takoiak gustura eramaten dituelako, telefonoz argi eta garbi eta nahiko ozen adierazi zidan bezala. Bera askea zela eta horrela joaten bada gogoa duelako da. Ea nik ez eramateagatik azkarragoa nintzela uste nuen. Edo feministagoa. Edo ahalmenduago nengoela. Hori bakarrik falta zitzaigula. (Eta nik ezetz, ezetz, inondik inora). Tira, gin tonik pare batera gonbidatu behar izan nuen agrabioa apur bat biguntzeko.

Kontua da irakurtzen ari naizen liburu batean pasarte oso majo bat aurkitu dudala janzteko askatasunaren inguruan. Norberak bere buruarengan (baina ez besteengan) ikusten duen eta harrotasun puntu batez aldarrikatzen duen originaltasun hori.

Daniel J. Siegel psikiatrak zera galdetu zion prakaren gerria ipurdi azpitik zeraman mutil bati (jakinguraz eta errespetuz, egileak zehazten duen bezala): ”Zergatik daramatzazu prakak ipurdi azpitik?”. Eta mutilak: ”Prakak horrela eraman behar ditut diferenteak izan nahi duten beste guztiak bezalakoa izateko. Beste guztien berdinak izan nahi ez duten guztiak bezalakoa izaten saiatzen naiz”.  (Tormenta cerebral, 2013, Alba editorial, 132 orr.)

Lehengusinak laster deituko dit. Ea beste gin tonik pare batekin…

130

Esta entrada fue publicada en anitzak, generoa y etiquetada , . Guarda el enlace permanente.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s