Arratsalde osoa euskaraz errotulagailu fosforito baten truke

PARIS 2015 246

Gure etxean, Gasteizen, gure umeen lagun batzuek euskaraz egin ohi dute, beste inon ez bezala. Zenbat errotulagailu, gometxa-orri, post-it bloke, borragoma koloredun eta beste gauza txiki, erakargarri eta merke oparitu ditudan ordu horien truke.

Gasteizen umeak hazteak zera esan nahi du: etxean euskaraz eta eskolan D ereduan; kalean, berriz, A eredu gorrian (edo G ereduan, hobeto esanda).

Eskolan D ereduan diogu: irakaslearekin euskaraz, kito. Beste egoera eta une oro giro hizkuntzan: gaztelaniaz, salbuespenak salbuespen. Eremu erdaldunetan gertatzen den bezala, ondo dakigunez.

Nire ama hizkuntza ez da nire umeen ama hizkuntza

Ba horixe: nire ama hizkuntza ez da nire umeen ama hizkuntza (Juan Kruz Lakasta parafraseatuz). Euskara gaztaroan ikasi ondoren, erdal elebiduna izatera heldu naiz; ahalegindu naiz, berriz, nire umeak haratago heltzen, euskal elebidunak izaten laguntzen edo ahalik eta gehien horretara hurbiltzen (etorkizunak esango du). Horretarako hizkuntzarekiko ukipena zabaltzeko ahaleginak egin ditugu etxean, kaleak ez zigulako laguntzen. Baina baita haiekin harremanetan zeuden umeen ukipena ere; kasu horretan ume horiei euskara erabiltzeko eta ikasteko beste aukera bat emateko helburu kontzienteaz, hiri batean non aukera horiek urriak diren. Eta esango nuke ez garela gutxi horrela jokatzen dugun guraso euskaldunak.

Kapital kulturala partekatzea

Izan ere, kontziente izan gara gure etxeko “kapital kultural” horretaz, eta beste ume batzuekin konpartitu nahi izan dugu, jokuan dagoena ondo jakinda. Gure hirian ume askoren euskararekiko harreman bakarra ikasgelaren barruan gertatzen da eta ez da aski hizkuntzan konpetentzia nahikoa garatzeko. Horrek ondorioak dauzka maila pertsonalean, eta ez emaitz akademikoetan soilik: ume horrek egun batean, nagusitan, euskaraz bizitzea erabakitzen badu, abiapuntu makala izango du hori egin ahal izateko. Haurtzaroan ikasten ez duena hainbat zentzutan galera da berarentzat. Maila kolektiboan, bestalde, zer esango dugu: ez da existitzen; ez dute erabiltzen gelatik kanpo eta kito. Baina hizkuntza bati maila kolektiboa kentzen badiozu, zer geratzen da?

Bakoitzak daukana partekatzen du, eta ni, bestalde, oso eskertuta nago beste familia batzuek gure umeekin partekatu dituzten altxorrengatik (Arabako paisajeak eta mendiak ezagutzera eraman dituztenak, ekintza kulturaletara lagundu dituztenak, txakurra paseatzen eta akuriekin jolasten utzi dietenak, ospakizun berezi batera haiekin joan direnak…).

Akuilagarriak

Nire kasuan partekatze horrek akuilagarria behar izan du: ondo menperatzen ez den hizkuntza batez orduetan zehar aritzea ez da berehalako plazerra ematen duen zerbait, ez da espontaneoki gertatzen den zerbait, gaztelania eraginkorrago hori eskura egonda. Egoerari buelta emateko opari txikiak ematen hasi nintzen gure etxean ordu batzuk euskaraz pasatzen zituzten umeei (haien aldetik esan nahi dut, nire presentziarik gabe).

Esan behar dut zintzotasunez jokatu dugula umeok eta nik: baten batek ezin izan zuen edo ez zuen nahi izan euskaraz hitz egin, baten bat oparirik gabe joan zen, baina hori bai, beste egun batean saiatzeko eskaintza irekiarekin.

Hau kontatzen dut jakinda sariak ematea ez dagoela ondo ikusita (agian bere ifrentzua, zigorra, gogorarazten digulako?) Aitortu behar dut “Zigorrik eta saririk gabe heztea” hitzaldia auzora heldu zenean kale egin nuela, baina momentu honetan gauza neketsuak/onuragarriak egiteko akuilagarriak eskaintzeari ez diot nik arazo handirik ikusten. Tira, ez naizela damutzen.

Eta bai, errotulagailu berde fosforito bat oparitzea eraginkorragoa izan da bost, zazpi, bederatzi urteko umeak “euskaraz mesedez” errepikatuarekin gogaitzea baino. Edo euskara euskaldunon altxorra dela, ez badugu erabiltzen galduko dela, eta horrelako argudioak behin eta berriro entzunaraztea baino. Umeek hizkuntzaren inguruko gure kezka ideologikoak ulertzeko edo partekatzeko gai balira bezala, hiriaren egoera soziolinguistikoan eragiteko interesa balute bezala, txikiek errazena eta eraginkorrena egiteko joera izango ez balute bezala, nagusiokin gustura egoteko eta gure maitasuna lortzeko guk eskatzen diegun ahalegin oro egiteko prest egongo balira bezala…

“Amelia, etxera noa. Oparia?”. “Zer moduz ibili zara?”. “Euskaraz denbora osoan”. “Ederto. Ea borragoma berde hau gustuko duzun”.

Urteen poderioz gehienek oparia eskatzeari utzi zioten, baina ez euskaraz hitz egiteari gure etxeko esparruan.

Gutxi da, baina…

Gutxi da, argi dago. Izan ere, kaleko atea itxi eta hurrengo segunduan gaztelaniara pasatzen zirela entzun dut (gehiegi sufritu gabe, zertarako). Baina egia da, halaber, gehienek nirekin euskaraz egiten dutela berdin non aurkitzen garen, bakoitzak bere mailan (gaztetxoekin beti labur). Zein da fabularen erakutsia? Ez dakit, azken horrekin geratuko naiz.

Haurtzaroarekin batera gometxen eta errotulagailuen garaia joan da eta eragiteko nire aukerak ere bai. Goizean supermerkatuan oferta oso maju bat ikusi dut (sei errotulagailu euro bat! Non zeuden eskaintza hauek duela urte batzuk?) eta kostatu zait pagotxa ez aprobetxatzea. Ea egokitzen joaten naizen. Nire lehengusinak beti egin die barre nire trikimaluei eta alboan daukat, zirikatzen, beste gauza batzuez ere idatz dezadan, gaizki ateratako beste esperimentu batzuez adibidez. Ez dut nahi, beste egun batean.

Esta entrada fue publicada en anitzak y etiquetada . Guarda el enlace permanente.

2 respuestas a Arratsalde osoa euskaraz errotulagailu fosforito baten truke

  1. Urtzi Odriozola dijo:

    Ona! Ez dakit zure inguruko haurrek edo gazteek bideojokoak gogoko dituzten, baina agian webgune hau interesatuko zaizu http://gamerauntsia.eus/
    Beste amu bat izan daiteke euskaraz jolastu eta beste gazte batzuekin bizipenak partekatzeko.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s