Zure maitasuna… giltzarrapo bat al da?

(Testua Gasteizko Koldo Mitxelena Institutuko aldizkariaren azkeneko alean agertu da)

PARIS 2015 094 Parisera bazoaz, zeu ere txundituta geldituko zara zubietako giltzarrapoen fenomenoarekin. Zubi batzuen egitura metalikoak giltzarrapoz erabat estalita daude (zebra muskuiluez bezala), haien egonkortasuna arriskuan jartzeraino.

Zertan datza fenomenoa? Paris “maitasunaren hiria” omen da, eta bikoteak hango zubietara hurbiltzen dira beren maitasunaren testigantza uzteko. Alegia, giltzarrapoa eramaten dute (zubian bertan saltzaile bati erosita, batzuetan), errotulagailu ezabaezin batekin bion izenak eta data jarri (eta bihotz bat edo batzuk marraztu akaso, lekurik gelditzen bada), zubiaren barra batean kateatu, itxi eta giltza ibaira bota. Zenbaitek hori guztia bideoz grabatzen dute edo argazki batzuen bidez “hilezkortzen” dute.

PARIS 2015 095

Nondik dator ohitura? Ez da gazte batek asmatutako ideia bat; idazle italiar batek bere obra batean agertu zuen. Federico Moccia da idazlea, best-seller batzuen egile arrakastatsua: Tres metros sobre el cielo eta Hoy tengo ganas de ti nobelak idatzi ditu besteak beste (horiek dira gaztelaniaz daukaten izenburuak), geroago zinemara eraman zirenak eta milaka gaztek ikusi dituztenak. Produktuok ez dira nesken eta mutilen arteko berdintasunaren ordezkari borobilenak, bidenabar esanda. Harira: bigarren nobela horretan bikote bat agertzen da giltzarrapo baten bidez bere maitasuna adierazten duena. Horrez geroztik asko dira ohitura hori jarraitu dutenak, Italian zein kanpoan.

Nabarmena da hori egiten dutenak ez direla oso originalak, baina badirudi ildoak edo modak jarraitzea gustuko dugula eta guk baino lehen hainbatek egin badute, ez dugu bigarren aldiz pentsatzen, iturri publiko edo ia edozein putzutara txanponak botatzeko usadioarekin bezala. Zubien kasuan ondorioak ere ez dira makalak: milaka giltza ibaietara botatzea ez da oso ekologikoa, baina milaka giltzarrapo esekitzeak zama itzela gehitzen die zubiei, eta zati batzuk erortzera heltzen dira. Pariseko Pont des Arts zubi famatuan horrela gertatu da eta udalak egurrezko txapa batzuk jarri behar izan ditu ohitura kaltegarria oztopatzeko.

PARIS 2015 341

Baina goazen gakora: maitasuna giltzarrapo baten bidez irudikatzeak zer pentsatua ematen du. Metafora kakatsua da, barkatu esatea. Mila modu egon daitezke maitasuna sinbolikoki islatzeko: bi tximeleta edo bi txori elkarren alboan hegal egiten marraztea (apur bat pinpirin jarrita, bale), formaz aldatzen joaten den hodei bat grabatzea (hau ere nahiko kurtsia), abesti bat biontzat aukeratzea (klasiko bat)… Nahi duzuna, baina giltzarrapoa? Hori erabiltzen da zerbait ixteko, lotzeko, mugimendua oztopatzeko, joatea eragozteko. Giltza ibaira botatzeak esan nahi du, hain zuzen, giltzarrapo hori irekitzerik ez dela egongo, bikotekidearekiko lotura ez dela inoiz desegingo. Eta boluntarioa da, gainera: zuk zeuk egin diozu uko zure askatasunari.

Ez dago tramankulua irekitzerik. Eta gauzak ez badoaz ondo? Eta zuen arteko harremanak indarra galtzen badu? Eta besteak ez bazaitu ondo edo zuk nahi duzun bezala tratatzen? Eta, dena delakoagatik, pertsona horrekin ez baduzu jarraitu nahi? Giltzarrapoa jartzeak polita dirudi, “erromantikoa”; izan ere, “maitasun erromantikoaren” topiko preziatuenekin dauka harremana: zure maitasunak zalantzarik gabe betirako izan behar du; munduan pertsona bakar bat dago zuretzat destinatuta eta zure ezinbesteko osagarria da; behin bikotea lortuta zure askatasun pertsonala bukatu da; bera eta zu gauza bera zarete…

Roilo txarra, alajaina. Ondorioak izan daitezke ezin onartzea pertsona horrekin erratu zarela, erabakiak modu pertsonalean hartzeari uztea, bikotea ez apurtzeagatik tratu txarrak pairatzea…

PARIS 2015 218

Mugimendu feministak luze darama ideia horien kontra borrokatzen eta lelo eder batzuk asmatu ditu bidean: “zu gabe… ni naiz”, “ez nabil laranja-erdiaren zain… ni laranja osoa naizelako”, “ni neurea naiz”, “maite zaitut baina ez zara nire jabea”, “printze urdinak kolorea galtzen du”… Feminismoak mila modutara adierazi nahi du: “maitatzea ez da zure hegalak moztea, zure adarrak kimatzea… hegal egin ezazu, loratu zaitez”.

Aizu, nolakoa da zure maitasuna? Zerekin identifikatzen duzu? Giltzarrapo batekin? Estu eta deseroso sentitzen zara? Erdoilduta? Bada deslotu zaitez, bidali giltzarrapoa pikutara eta berreskuratu zure osotasuna/askatasuna!

(Nire gomendioa? Ez bota giltzarrapoa ibaira; aukeran bidaliozu Federico Mocciari korreoz. Ea asko jasotzen dituen, merezita dauzka eta!)

Esta entrada fue publicada en anitzak y etiquetada , . Guarda el enlace permanente.

3 respuestas a Zure maitasuna… giltzarrapo bat al da?

  1. Asun Agiriano dijo:

    Sevillako Triana zubian ere giltzarrapo mordoa ikus daitezke, bai, ideia ona iruditzen zait Moccia idazleari banan-banan bidaltzea, prest helbidea lortzeko!

    Segi fuerte

  2. abarquin dijo:

    Bai, Trianakoak ikusita dauzkat (duela hiruzpalau urte, orain askoz beteago egongo da zubia, imajinatzen dut). Euskal Herrira ez omen da heldu ohitura, nik dakidanez. Ai, Federico Moccia, zelako ideiak… Argi dago ze maitasun mota jasotzen duen bere nobeletan. Nik bere lehenengo liburuan oinarritutako pelikula ikusi nuen eta generoaren aldetik negargarria iruditu zitzaidan. Eta, aldi berean, zein erakargarria gazte jendearentzat. (Ooooondo izan, Asun!)

  3. olatz agirre dijo:

    Ideia zoragarria iruditu zait Mocciari giltzak bidaltzearena…beno, giltzarrapoa jartzekotan. Ta bestela, jarrai dezagun “maitasun erromantikoaren” kontu zikin horiek apurtzen eta gazte bakoitzari buruan sartzen “zu gabe…ni naiz” edo “zurekin edo zu gabe,,,ni naiz”.
    Aste honetan bertan, 6 urteko zenbait mutiko entzun ditut beraien artean (gure semea tartean), elkarri txantxetan “te vas a casar con XXX” “y tu con XXX” beraien tonu kantari horrekin. Nola den e, nahiz eta semeak jakin bere gurasoak ez daudela ezkonduta, (zenbait inguruko ere ez, beste zenbait bai) eta gaia atera den bakoitzean guk gure “bertsioa” kontatu, nola “ikasten” duten ezkontzarena, bikotea edukitzearena, bikoteak osatzeko modua…aiiiii, jarraitu beharko da gure “bertsioak” kontatzen, liburu egokiak aurkitzen, telebista saioak…

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s