Euskaldunak, emakukumeak, migranteak… Talde subalternoen kideek autodefentsa erabiltzea ulergarria da, ezta? Alegia, eguneroko erasoen aurrean (tamaina guztietakoak) onargarria dirudi erasotuek erantzuna emateak. Ala ez?
Atsegina VERSUS zakarra
Autodefentsari gertatzen zaio aktibismoari gertatzen zaiona, baina areagotuta. Talde minorizatuen aktibismoa (eta ez naiz momentu honetan bortizkeria fisikoaren bidez gauzatzen denaz) bi muturren arteko tentsioan mugitzen da: talde maioritarioari jarrera erakargarria/limurtzailea/ gogatzailea erakustea (azaltzea, ulertaraztea, konbentzitzea…) VS jarrera zakarra/haserretua/erretxina aurkezkea (esijitzea, oihukatzea, indarra erakustea…). Bi muturren arteko hari horretan hamaika puntu daude eta aktibista ez da beti posizio berean kokatuko; egoeren eta helburuen arabera jokatuko du.
Eta batzuetan bigarren muturretik gertu egongo da, eta talde maioritarioko kide askori eta are bere talde subalternoko batzuei desegokia irudituko zaie. Mugimendu feministaren historia momentu horietaz beteta dago: sufragista batzuen jokaerak (manifestazioek, sabotajeek, suteek, gizonen bileren eteteek…) hainbat herritarren gaitzespena jasan zuen eta aktibistek kartzela pairatu behar izan zuten behin baino gehiagotan. Gehiegizkoak, neurrigabeak… zirela zioen hainbatek. Itsusiak, barregarriak, desegokiak. Eta, hala ere, kontziente gara ze garrantzitsua izan zen haien borroka emakumeok bozkatzeko eskubidea lortzeko bidean. Sufragisten aktibismo “zakarra” gabe, egongo ginateke emakumeok oraindik gizonei azalpen edukatuak ematen gure arrazoien zentzuaz kontzentzitzeko?
Pribilegioak dauzkatenak historian zehar beti agertu dira horiek partekatzeko prest argudio onen indar soilarengatik? Ez gara horren inozoak. Eta hala ere, borroka feministari buruz esan da biktimarik gabeko erreboluzio bakarra izan dela, zapaltzaileen lerroetan behintzat. Tira, are Gandhi eta bere jarraitzaileen jokaerak presioa, eragozpena, egonezina ekarri zizkion zapaltzaileari. Presioa da mugimenduaren motorra.
Autodefentsaren kontrako erreakzioa
Autodefentsak bigarren polora jotzen du nabarmen, momentuan gertatu den erasoari erantzun behar zaiolako, eta une horretan ez gaude beti azalpen atsegingarriak emateko ezta bestea gure arrazoiaz konbentzitzeko moduan, hortzak erakusteko baizik.
“En castellano por favor” azaltzen duen zerbitzu publiko bateko langileari euskaldunen batek agian purrustada galanta botako dio eta agian salaketa jarriko dio. Gazte beltz batzuei diskotekaren atezainak “zuek ezin duzue sartu” esaten dienean bezala. Eta gerta daiteke hurrengo egunean kontzentrazio baterako deia egitea lokalaren aurrean.
Seinalatuak, baina, pertsona jatorrak izango dira haien etxeetan eta haien lagunartean, jende langilea, gatazketan sartzen ez direnak, bestela ohargabe pasatzen diren horietakoak (holako egoeretan horrenbeste errepikatzen den bezala), eta disgustua hartuko dute mobilizazioaren aurrean. Ez da adostasunik egongo momentu horretako jokaeraren kalitatearen inguruan. Erantzuten ari direnek eta beste batzuek zentzu osoa aurkituko diote beraien erantzunari; beste batzuentzat, berriz, esajeratua, lekuz kanpokoa, desegokia izango da. Elkar entzutea interesgarria da, baina adostasunera heltzea, zaila. Hala izan da orain arte eta hala izaten jarraituko du.
Talde subalternoen eskabideekin sentibera banaiz baina autodefentsa erantzun jakin bat zaratatsuegia iruditzen bazait, nire buruari galdetu ahal diot ea arrazoia ez ote den eroso nagoela talde maioritarioan (eta are minoritarioan), ea ze puntutaraino “zis” naizen eremu horretan, alegia, ea zenbateraino aise bizi naizen gizartearen korronte nagusiak kokatu nauen lekuan, egotzi dizkidan ezaugarriekin edo rolekin. Zis jendea ez da gertutik erasotuta sentitzen eta “neurritasuna” gordetzea erraza egiten zaio.
Beldurra?
Eta hala ere, esango nuke Gasteizko jaietan gertatu den gatazkaren ondorioz, datorren urtean blusa batzuek agian bi aldiz pentsatuko dutela neska bati komentario matxistak egin aurretik. Eta hala gertatzen bada, ziur aski ez da izango soilik feministen arrazoi onez konbentzitu direlako; beldurrarengatik ere izango da, erreakzioaren beldurrarengatik. Aurreko urteetan ez bezala, aurten erreakzio zaratatsua egon delako.
Ni ere, Santi Leoné bezala, ez naiz erabat eroso sentitzen autodefentsaren inguruan sortu diren lelo batzuekin (“Beldurra bandoz aldatuko da” ), nahiago dudalako beldurrik ez sentitzea inolako bandotan; beldurra zabaltzea baino, nahiago dudalako dagoena ezabatzen ahalegintzea. Baina aldi berean argi daukat mutilak eta gizonak nesken eta emakumeen erreakzioaren beldur izango balira (beste mutilen eta gizonenen beldur diren bezala), agian eraso matxista gutxiago egongo liratekeela… Ideia horren inguruan saioak eta frogak ikusten ari gara egunotan; esperimentazio garaia dela iruditzen zait.
Mugitzen ari gara, zorionez. Bukatu behar da erasoak ahotsa altxatu gabe, egoki, agoantatzeaz. Ni ere, gehienetan baketsua izateaz gain, autodefentsaren aldekoa naiz.
Ez dago ikusi nahi ez duen baino itsuagorik. Gasteizen posizioa galdu du mugimendu feministak. Burua estalita eta horrelakoekin aritu gabe ere irabazia zegoen datorren urteko jaietan blusa artaburuek bi aldiz pentsatzea komentario matxistak egin aurretik. Ekintza zehatz hori aldez aurretik prestatua zenez egin molde baten errepresentazio izan zen, ez blusa horiek egindakoari erantzun zehatza eta neurtua.
Beste galdera bat, arrazonamendu berari segituz: datorren urtean Gasteizko jaietan eraso sexistak jarraitzen badute, zer ondorio atera behar da, mugimendu feministaren ekinbidea hutsala dela? Ez, jakina. Argudio eskasa beraz ekintza hori eta hurrengo urteko «emaitzak» lotzea.
Mugimendu feministak aliantza zabalak eta sendoak egiteko aukera du, eta berari ere badagokio bere buruari era kritiko baten bidez begiratzea
Beor, banengoen ni autodefentsa eta aktibismo feministaren erantzun batzuk ez direla denen gustukoak.
Noren aurrean galdu du posizioa mugimendu feministak? Mugimendu osoak? (Noraino heltzen zen lehen horien guztien atxikimendua borroka feministarekin?). Posizioa mantentzeko zer egin behar du mugimenduak? Eragozpenik ez sortzea?
Zuk diozun arrazonamendua ez da nirea. Hauek dira nire hitzak: «esango nuke Gasteizko jaietan gertatu den gatazkaren ondorioz, datorren urtean blusa batzuek agian bi aldiz pentsatuko dutela neska bati komentario matxistak egin aurretik». Hala gertatu ahalko da, baina hipotetiko moduan adierazi dut (jope, lau modalizatzaile sartu ditut esaldian). Ederra litzateke ekintza feminista batek patriarkatuaren alderdi bat momentuan bertan eraldatzea, baina hori ez da gertatu eta ez da gertatzen; urte askotako eta feminista askoren aktibismoa izan da beharrezkoa eskubideen eta askatasunaren bidean aurrera egiteko, eta gainera kontziente gara egindako bide hori etengabe defendatu behar dugula, deskuidatzen bagara atzerapausoak ematen direlako. Baina, esan bezala, baliteke abuztu honetan egondako erreakzioak datorren abuztuan batzuengan eragina izatea.
Izan ere, nire harridura da lehenago erreakziorik egon ez izana, jakinda zelako gauzak gertatu diren jaietan aurreko urteetan («tetatinen» kontua, adibidez, zabaldua egon da urte batzuetan eta jakina zen).
Aliantzak egiteari oso ondo deritzot. Baina ez dezagun ahaztu liberazio mugimendu batez hitz egiten ari garela eta zapalduek batzuetan oihukatzen dutela. Minagatik eta haserreagatik.