«Extant» telesaila. Takoietatik inolaz ere jaisten ez den beste protagonista femenino bat

Gaur egun takoiak derrigorrezkoak dira telebistan agertzen diren andre askorentzat. Dirudienez, ia ezinbestekoak dira ETBn eguraldia iragarri behar baduzu eta emakumea bazara (gizona bazara ez), Nekane San Miguel, Mari Luz Esteban eta Isabel Otxoak duela hilabete batzuk Berrian azaldu zuten bezala.

Ez da kasu bakarra, noski. Maria Castejónek gogorarazten zigun Jurassic World filmaren emakumezko protagonistak ere ez dituela inoiz takoiak uzten, oso arrisku itzelak pairatu arren, eta protagonista maskulinoaren (eta matxo alfaren) txantxak jasotzen ditu horregatik (Píkara Magazinen). Guaparena egiteko badirudi ezinbesteko osagarri direla, beraz.

Cuatro kateko Extant telesaila ikusi dugu etxean duela aste batzuk (besterik gabeko produktua, entretenigarria –gehiago hasieran bukaeran baino–). Halle Berry da protagonista eta misio batetik etorri berri den astronauta batena egiten du. Honakoa da interesgarria eta eskertzekoa: gaztea ez den emakume bat da pertsonaia nagusia eta hori, egun, telesail eta film gutxitan gertatzen da (Berry bertako produktorea izatea lagungarria izango zen agian).

Tira, telesail osoan zehar arrisku larrian dagoen pertsonaia da. Protagonistak kezka keinua mantentzeko ahaleginetan ematen du atal bakoitza eta herioak hartuta egin behar du korrika behin baino gehiagotan. Baina ez da takoietatik jaisten une bakar batean ere. Beyoncé Single ladies kantan bezala, aizu. Niretzat Berryren pertsonaiak sinesgarritatun dezente galtzen du; ezin dut sinestu astronauta hori –oso adimentsua, berez– kontu horretan hain baboa izatea, ez baititu takoidun zapatak kentzen ezta jakinda ere bere bizitza salbatzeko ihes egin beharko duela etengabe. Kontu deigarriegia niretzat; gertakizunetan arreta guztia jartzea oztopatzeino… Halle Berry presak hartuta ikusten nuen bakoitzean oinetara joaten zitzaizkidan begiak: «ea orain ze zapatak daramatzan?» Izan ere, kontua jolas bihurtu zen etxeko saioetan: lasterraldietako pasarteetan apustuak egiten genituen bere zapaten inguruan.

Benetako bizitzan onik irauteko aukera eskasak edukiko zituen astronautak, alajaina.

Polizien telesailetan –eta egunotan pilo bat dira– agertzen diren emakumezko agenteek bezala, baita kalean patruilatzen dutenek ere. Zapata erosoak eraman beharrean, kriminal baten atzean –edo aurrean– arrakastatsuki laster egiteko modukoak, takoi galanten gainean ikusten ditugu maiz. Edozein trantzetan minimoki desorrazten direnetakoak dira pertsonaiok. Lanaren gora-beherekin makilajearen onurak galtzen ez dituztenak. Bularren arteko lerroaren hasiera une oro erakusteaz gain, telesailaren atal guztietan, egoera guztietan (laboralak zein emozionalak: komisarian eta sukaldean, ezkontzan eta hiletan).

(Azkeneko kontuaren harira, horren freskotxo dauden bulegoetan eta kaleetan, zelako beroa pasatu behar duten alkondarak eta kamisetak eramaten dituzten gizonek, ezta? Edo izango dira emakumeak une oro hotz apur bat pairatuko dutenak? Kostatzen zait sinistea denak aldi berean gustura egongo direla…).

Laburbiltzeko: takoien monolaborantza.

Aizu, bakoitzak nahi duena eraman dezan, hori argi dago. Baina insistentzia hori ere… Ze aniztasun gutxi mainstream produktuetan. Ze asperdura.

(Nire lehengusinak behartzen nau idaztera berak takoiak eramaten dituela berak hala nahi duelako eta ez zinemak ez telebistak ez ezerk horretara bultzatzen dutelako, ez horixe. Oso astuna nagoela eraginen kontuarekin, behin baino gehiagotan jakinarazi didanez… Baietz, baietz, jolin. Nik ere gauza bera esaten dut janzten ditudanean).

Esta entrada fue publicada en generoa y etiquetada , , . Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Salir /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Salir /  Cambiar )

Conectando a %s