Irakasle, nola tratatuko duzu Pariseko sarraskia zure ikasle musulmanarekin? (Guraso, eta zuk zure seme-alabekin?)

Kulturarteko hezkuntza delakoa zer den eta zer ez den albo batera utziko dut oraingoan, baina zerbait baldin bada, bihar eta aste honetan Pariseko sarraskiaz gelan hitz egitea da. Bai, zure gelan.

Elkarrizketa bat Charlie Hebdoren sarraskiaren ondoren

DBHko 1. mailaren gela batean irakaslea (Josune) eta ikasle musulman baten (Rachid) elkarrizketa, Charlie Hebdoren hilketen ondoren:

-Josune: Nik uste dut ezin duzuela horrela jokatu; atentatu horiek denen kontra itzultzen dira, zuen kontra ere bai. Hori ez da desberdintasunak tratatzeko modua, bizitzak balio handia dauka.
-Rachid: Eta diskriminazioa, zer? Gu diskriminatuta gaude gizarte honetan. Ez gaituzte berdin tratatzen, eta gure erlijioa ez da errespetatzen…
-Josune: Diskriminazioak ez du atentatua justifikatzen. Jendea horrela hiltzea ez da konponbidea, ez zara konturatzen?
-…

Zer ari da irakaslea esaten?

Elkarrizketa erreala da eta ados sentituko gara irakasleak adierazten dituen hainbat edukirekin, baina pasarte hori hona ekarri dut ilustratzeko batzuetan –konturatu gabe– gu (kultura kristauko irakasleok) non kokatzen garen eta tradizio islamikoko gure ikasleak non kokatzen ditugun.

Irakasleak mezu asko igorri ditu bi esalditan; bere diskurtsoak mundu bat eraiki du. Hasieratik bi talde egin ditu: gu (kultura kristaukoak, biktimak, irizpide moral altuak ditugunak…) eta haiek (kultura musulmanekoak, hiltzaileak, irizpide moralik gabeak…). Eta ikaslea bigarren horretan kokatu du. Ikaslearengana zuzendu da hiltzaileen taldekidea balitz bezala, ia ordezkaria balitz bezala. Berari esaten dio hiltzaileei botako liekeena.

Ikasleak ez du irakasleak jarritako marko hori eztabaidatu eta barruan geratu da: izan ere, etsai moduan saiatu da bere burua justifikatzen. Heldutasun eta zorroztasun handiak beharko lituzke elkarrizketa horretan zer gertatzen ari den konturatzeko eta marko horretatik ateratzeko. Ez da horren erraza ume edo gazte batentzat. Izan ere, irakaslea bera ere ez da konturatzen zer egiten ari den.

Irakaslearen adierazpenak Pigmalion efektua sor dezake, autobetetzen den profezia izan daiteke: zuk horrela ikusten banauzu, nik nire burua horrela ikusteko bidean jarri nauzu.

Nola fokatu gaia? «Zuek/Gu» markoari uko eginez

– Zure ikasle musulman hori zure taldekoa da, “gu” taldearen kidea; zure azalpenek ez dezatela kontrakoa adierazi.

– Parisko hilketen gaia tratatzeko orduan, ez zuzendu zure hitzak kultura musulmaneko ikasleengana bereziki; haiek zu bezain urrun daude hiltzaileengandik. Ni kultura kristaueko irakaslea naiz eta inork ez nau erlazionatzen mendebaleko agintari kristauek egiten dituzten sarraskiekin (Estatu Batuek Afganistaneko ospitalean egindako bonbardaketarekin, kasu). Ez nago behartuta azalpenak ematera ezta nire burua justifikatzera. Pentsa dezagun, euskal gatazka delakoaren testuinguruan, horrelako trataera eman balio Madrileko (demagun) institutu batean gelako jatorri euskalduneko ikasle bati.

-Hala ere, ikasle hori gizarteak seinalatuta sentitu daiteke eta hitz egiteko gogoa izan dezake. Eman adierazteko aukera.

– Eta kultura musulmaneko zure ikasleak gelan adierazten badu, adibidez, “zuek diskriminatzen gaituzue”? Orain bera ari da “gu” eta “zuek” terminotan hitz egiten. Ez sartu marko horretan. Hemen batzuek diskriminatzen dutela onartu ahal duzu, hala gertatzen delako (ondotxo dakigu hori); baina ez kokatu zure burua diskriminatzaileen artean, zure ikaslearen taldean baizik: zeu ere diskriminazioaren kontra zaude, bera bezala; zuri ere mingarria iruditzen zaizu eta bera bezala prest zaude diskriminazioaren kontra borrokatzeko.

Mendebaldeko estatuek daukaten erantzukizuna ez utzi kanpoan.

– Fundamentalismoa erlijioen muturreko joera bat dela azaldu; erlijio eta ideologia guztiena, ez soilik islamarena. Kristautasunaren historiatik adibide batzuk eman ahal dituzu, tamalez.

Giza eskubideen garrantzia eta pertsona guztiekiko errespetua agertu daitezke zure diskurtsoan: oinarrizko balioak dira komunitatearen kide guztiontzat.

Eta besteekin?

Eta ez badugu kultura musulmaneko ikaslerik? Berdin da, gure ikasle guztiak ari dira jasotzen gizartean une honetan zabaltzen ari den “gu/haiek” mezua. Eman tresnak diskurtso horretatik aldentzeko eta marko sanoago bat eraiki ahal izateko.

Guraso moduan, izeba moduan, posible da etxeko ume eta gazteei tresna berberak eskeintzea.

Garai latzak datoz; gazteagoekin zintzo hitz egitea eginkizun garrantzitsua da.

Esta entrada fue publicada en anitzak y etiquetada , , , . Guarda el enlace permanente.

11 respuestas a Irakasle, nola tratatuko duzu Pariseko sarraskia zure ikasle musulmanarekin? (Guraso, eta zuk zure seme-alabekin?)

  1. Aritz Larreta Bereziartua dijo:

    Kaixo,

    Ados zuk esandako guztiarekin, Amelia, baina zalantza bat sortzen zait: kultura kristaueko zenbaitek Ekialde Hurbilean-eta egiten dituzte bonbardaketak, sarraskiak… arrazoi erlijiosoengatik ez baino arrazoi ekonomiko-politikoengatik egiten dituzte, ez? Alegia, dirua dela euren Jainkoa; aldiz, erlijio musulmana duten fundamentalistek Ala-gatik ekiten dutela esplizitoki adierazten dute. Ez dakit, baina irudipena dut, erlijio kristaua dutenek, horiek fundamentalistak izanik ere, ez luketela euren Jainkoagatik yihadisten neurriko basakeriarik egingo. Beno, esplizituki behintzat ez! Ezkutuan, akaso…

    Ez dakit zalantza argi plazaratu dudan. Nire hitzetan astakeriarik bota badut, estimatuko nizuke adieraztea.

    • abarquin dijo:

      Bai, Aritz, Parisen gertatukoa erlijioarekin lotuta ikusten dugu (eta hiltzaileek ere bai). Hiltzaileek bere burua sakrifikatzea, gainera, arrotza da gure gizartean, eta egonezin eta beldur bereziak sortzen dizkigu, nola ez. Bestalde, pertsona horien atzean dauden botere taldeen eta estatuen interesak geopolitikoak dira, mendebaldeko estuatuenak bezalakoak, eta atentatuetan inmolatzen direnak interes horien peioak dira.

      Bi ñabardura jarriko nituzke nik. Nire ustez mendebaldeko gobernuek (gogoratu suntsipen handiko armen asmakuntzaren ondorioak) eta haien aliatuek (Israelek Palestinan, Marokon Saharan…) egiten dituzten sarraskiak ez dira Parisekoa baino txikiagoak, eta maizago gertatzen dira, baina urrunago daude, komunikabideek ez dizkigute indar berberarekin aurrean jartzen eta hainbat arrazoirengatik kristau kulturakooi errazago egiten zaigu paristarrekin enpatizatzea.

      Bestalde gazteagoekin gaia tratatzean lehenengo lerrora ekarri ahal dugu ez dagoela modu bakarra Islama ulertzeko eta bizitzeko. Momentu honetan musulman asko daude etsita, behin eta berriro adierazten “Islam” hitzak `bakea´ ere esan nahi duela eta gertatutakoa Islamaren izpiritutik oso urrun dagoela.

      • Mendebaldeko gobernuek… eta mendebaldeko herritarrek. Gu/Haiek bereizketaren kontra nago ni ere. Europako biztanle mendebaldetarrak dira ekintza hauen egileak, neurri handi batean. Sirian Daeshekin dabiltzan putakume asko gu bezalakoak dira, mendebaldetarrak. Kontrako norabidean baino militante gehiago doa Europatik hara. Gu, mendebaldetarrak, gara Daesh.

        Eta Islam hitzak Sumisioa esan nahi du. «Bakea ere» esan nahi du, «matxismoa ere» edo «ezjakintasuna ere» edo «okurritzen zaizun edozer ere» esan nahi duen hein berean. Erlijio bat besterik ez da: sineskeria absurdoak.

  2. gorkaazk dijo:

    Reblogueó esto en egunsentiederray comentado:
    Amelia Barquínen blogetik (Kinka – Zapia buruan eta ibili munduan) hona ekarria:

  3. Aritz Larreta Bereziartua dijo:

    Eskerrik asko argibideengatik, Amelia! Bejondeizula!

  4. gorkaazk dijo:

    Zaila egin zait alde berean «ikaslei hitza eta protagonismoa» emateko helburuari eustea eta bestetik «Zuek/Gu” markoari uko egin behar zaio» bezalako ideiei eustea.

    Horra saio baten kronika moduko bat (ene ikasleentzat idatzita baina goiko mezu honek nola edo hala inspiratua). Benetako gertakizunetan oinarritua:

    https://egunsentiederra.wordpress.com/2015/11/17/ikasgelako-debatea/

  5. abarquin dijo:

    Luistxo, ados lehenengo paragrafoarekin.

    Bigarrenari buruz, ni ez naiz fededuna (eta ez naiz beganoa, eta ez naiz…) baina besteen fedea ez da, printzipioz, niretzat arazoa eta oso errespetagarria da fede talde horretan ez dauden pertsonengan ez badu eraginik eta barruan daudenek zigorrik jaso gabe atera ahal badute taldetik. Badakigu baldintza horiek ez direla askotan betetzen gaur egungo erligio nagusietan. Ezta besteetan ere. Hori bai da arazo bat, nire ustez.

    Sumisioaren gaia iradokitzailea da. Nori sumisioa? Jainkoari (eta norbera konponduko da bere jainkoarekin eta bere tradizioarekin)? Edo bere bitartekariari (berari eta bere interpretazioari lotutako obedientzia esijitzen duena)? Bitartekaritza horretan dago gakoa. Bestalde, denok ezagutzen ditugu fededun batzuk bitartekaritza horretatik aldentzen ari direnak eta beste bide batzuk bilatzen ari direnak. Espiritualtasunerako bide horietan «sumisio» kontzeptua ez da gako bat.

    Hona hemen bitartekaritzaren adibide bat:

    Iturria: cinismoilustrado.com

    Eta beste adibide bat, aurrekoarekin oso lotuta: http://medios.mugak.eu/noticias/427995/noticia. Edo http://www.periodistadigital.com/religion/espana/2015/11/16/munilla-vincula-la-masacre-de-paris-con-la-crisis-de-refugiados-sirios-en-europa-religion-iglesia-atentado-canizares-iglesia-espana.shtml

  6. Pingback: Ikasgelako debate bat Parisko atentatuez | EIBZko liburutegia

  7. abarquin dijo:

    Lagun batek informazio interesgarri bat helarazi berri dit. Astelehen goizean, Euskadi Irratiko Faktoria programan, Baigorriko eskolaren irakasle batek azaldu zuen ze trataera emana zion gaiari bere ikasleekin.

    Elkarrizketa hemen entzun daiteke: http://audios.ak.cdn.eitb.com/multimedia/audios/2015/11/17/1814232/20151117_10152917_0008087645_002_001_FAKTORIA_AZA.mp3?_ga=1.132711942.942068279.1415373817
    (1:55-2:00 minutuetan).

    Besteak beste, honakoa azaldu zien ikasleei: “Ez da nahastu behar alemanak eta naziak, komunistak eta estalinistak, musulmanak eta Daeshekoak”.

  8. Pingback: gurasoak20151124

Deja una respuesta

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Salir /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Salir /  Cambiar )

Conectando a %s