Etxean nork kentzen dizkio zorriak umeari? Amak, aitak eta txikien gorputzak

Zaintzaren hesteak

Pasa den astean hitzaldi bat eman nuen eskola batean hezkuntza eta generoaren inguruan, gurasoen elkarteak gonbidatuta. Hogeitabi lagun bildu ginen hor, denak emakumeak. Inori ez zitzaion hori kasualitatea iruditu, nahiz eta ziur aski denek oso arrazoi onak izango zituzten azaltzeko zergatik ziren haiek hitzaldira etorritakoak eta ez haien bikote-kideak (gizonak, ia kasu guztietan).

Sozializazioa, rolak, patriarkatua, bortizkeria, binarismoa, hezkuntza, zaintza… izan ziren mintzagaiak. Gure gizartean azken hamarkadetan zer aurrerapen ikusi ditugun, eta baita zein atzerapauso ere. Egungo gizonen inplikazioa etxean eta zaintzan.

Zaintzaren alderdi zehatz bat agertu zen saioan, parte-hartzaile batzuk ekarria: gure umeen gorputzak nork zaintzen dituen. Zentzu gordinenean, esan nahi dut. Bai, parkean egotea umeak bere lagunekin jolasten duen bitartean bada gorputzak zaintzea, eta umea ohean sartzea eta muxu gozo bat ematea eta ipun bat kontatzea, ere bai. Baina hitz egin dezagun gorputzaren beste alderdi batzuen inguruan. Hitz egin dezagun kakaz, txizaz, gomitoaz, zorriez, zizareez… Utz dezagun momentu batez zaintzaren bihotza eta joan gaitezen zaintzaren hesteetara. Eguneroko kontu txikietatik atera gabe.

Saioan entzun ziren galderak honako hauek izan ziren:

Aita eta amen artean,
-Nork garbitzen dio ipurdia ume txikiari txiza edo kaka egiten duenean?
-Horren txikia ez den umeak kuleroa edo galtzontziloa apur bat (edo dezente) kakazten duenean, nork garbitzen du kulero edo galtzontzilo hori?
-Umeari tripako mina pasatzen ez zaionean, nor joaten da komunera kaka gertutik begiratzea, ea zizarerik edo beste sorpresarik aurkitzen duen?
-Nor konturatzen da azazkalak luze dauzkala eta nork mozten dizkio, bai eskuetakoak bai oinetakoak?
-Genitaletan hazkurea daukanean, nork jartzen dio ore lasaigarria?
-Gauean umeak gainean gomitatzen duenean, nork garbitzen dio gorputza, aldatzen dio pijama, eta pijama eta izarak uretatik pasatzen ditu garbigailuan sartu baino lehen?
-Nork kentzen dizkio zorriak? Nork pasatzen dio zorriak harrapatzeko orrazia eta gero azazkalarekin krask? Nork botatzen dio ilean usain sarkorreko produktua eta kontatzen ditu produktua jarrita egon behar diren minutuak?
-Umeak zauri bat egiten badu, nork aztertzen du, nork garbitzen du eta nork botatzen dio betadinea edo dena delakoa (umea oihu batean dagoen bitartean)?
-Papiloma bat ateratzen zaionean oin-plantan, nork pasatzen dio gauero pomez harria papiloma joan arte?
-Mukiak arazo bihurtzen direnean eta plastikozko hodi batez kendu behar direnean, nork maneiatzen du tramankulua?
-Umeak zakur kaka zapaltzen duenean, nork garbitzen dio zapata?
-Nork erabakitzen du izarak noiz dauden zikin eta noiz aldatu behar diren?
-Nork eramaten du umea medikuarenera gaixorik jartzen denean?
– (Jarri hemen behar duzuna).

Gorputzak

Bale, denetik egongo da, noski. Baina zer esaten digu gure esperientziak gure etxean eta besteen etxeetan ikusi dugunaren inguruan?

Bidenabar, zerrendako puntuak idazten ari nintzela, kontziente izan naiz haietako batzuk zahartzaroan gertatu ahal zaizkigula; bizitzak dio zerbitzu horietako batzuk beharko ditugula nagusiak izatera heltzen bagara. Edo bihar bertan, gure esku ez dauden egoeren arabera.

Feminismoak gorputzak jarri ditu lehen planoan; zentzu askotan. Eta esan du, halaber, pertsonala politikoa dela; gure etxeetan eta gure harremanetan gure jokaerak zeintzuk diren ere bai. Nik esango nuke gure umeen gorputzen zaintza ere badela gai politikoa, “etxekoa” izateaz gain. Esparru hori ia zapaldu gabea da oraindik gizon askorentzat.

Lehengusina

Nire lehengusinak esaten dit tranpa egiten ari naizela, aitek zorriak ez kentzeak ez duela esan nahi ez direla beste alderdi batzuetan inplikatzen, ea kotxea garajera eramatea ez den ekarpen majo bat etxe batean, batez ere emakumeak ez badu eraman nahi. Eta emakume ugarik, gainera, etxeko konponketa txikiak ere ez dituztela gustura egiten eta gizonak arduratzen direla; ea esparru hori ez duten emakumeek gehiagotan zapaldu behar. Ea zorrien kontrako produktua erostera ateratzea ez den estimagarria, nahiz eta gero umeari pertsonalki bota ez. Gehitu du ume bati nik esandako guztia gertzatzea desastre bilduma galanta dela; mukien gaia esoterikoa iruditzen zaiola. Galdetu dit, halaber, bi emakumek edo bi gizonek osatutako bikoteez eta guraso bakarreko familiez ea zer esan behar dudan. Bueno, bueno, bueno. Eskerrak badoala (ume txikia medikuarengana eraman behar du eta).

Esta entrada fue publicada en anitzak. Guarda el enlace permanente.

Una respuesta a Etxean nork kentzen dizkio zorriak umeari? Amak, aitak eta txikien gorputzak

  1. Pingback: Cuidado con derechos y Derecho a cuidar | Doce Miradas

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s