“Nivea for men” iragarkia. Maskulinitate hegemonikoaren azken oihua (Ugh).

Ez duzula iragarkia ikusi? Ba ez galdu minutu bat, eta horrela ikasiko duzu benetako gizon bat zer den, lehenagotik ez bazenekien:

Nivea “emakumeentzako” produktutzat jo da, eta gizonen merkatua oso gozoa izan behar da enpresarentzat (bezeroen kopurua bikoiztea ez da makala, ezta?). Baina nola erakarri gizonak produktu “femenino” bat erostera? Dakigunez, emakumeen kontuak bigarren mailakoak dira gure gizartean, eta gizon batek “emakume” produktu bat erabiltzen badu bere irudia kaltetuta ikus dezake. Are barregarri uzteraino. Nola lotu orduan Nivea gizonekin? Ba matxote irudia nabarmenduz, ugh.

Iragarkiko gizonek…

Haien artean lehiatzen dute eta beso-borroka egiten dute. Hitz bat ere trukatu gabe. Gizonez betetako taberna batean, moteroentzako itxura duten horietako bat. Gizon horiek ez dira bigunak; sendoak dira, zakarrak, gogorrak. Eta ez dute hitz egiten.

-Aire librean, basoan, lan egiten dute, egurgile alkondara eta guzti. Arriskutsua eta are hilgarria izan daitekeen tresna batekin: motozerra!

Abentura bizi dute. Kotxe batean doaz eta tornado indartsu bat daukate aurrean. Arriskuari izkin egiten diote? Ez horixe, bere enkontrura doaz, izukaitz. Bide batez, mila objektu pasatzen dira abiadura handiz haien gainetik, kotxea deskapotagarria da, eta gainaldea tolestuta daramate, noski; baina benetako gizon bat ez da zuhurra izango, ezta?

Emakume gauzak arbuiatzen dituzte. Aldagelako armairutxoa irekitzerakoan emakumeentzako edertasun produktu tipikoak agertzen dira hor, denak arrosa kolorekoak. Musika bat batean biguntzen da eta abestiak “I love youuuuuu” dio (badakizue, maitasuna emakumeen kontua da). Utikan emakumekeriak! Utikan milikeriak! Protagonisten aurpegi keinuak harridura adierazten du: hori guztia ez da haientzat, musika hori ez da haien musika.

Lau gizon, lau egoera. Eta ez bada argi gelditu, lau protagonistak futbolari ezagunak dira! (Dani Carvajal, Isco, Marcelo eta Gareth Bale, laurak Real Madridekoak). Jakina denez, futbola gizontasun tradizionalaren isla da. Eta gizontasun hori eraikitzeko tresna nagusienetako bat gure garuko gizartean. Isla eta tresna, ezin eraginkorragoa. Iragarki hau bezala. Tipo horiek futbolariak badira, argi dago Nivea erabiltzea ez dela emakumekeria ezta marikoikeria ere. Futbolak berme osoa eskaintzen dio produktu hau erosi nahi duen gizonari.

Gehiago esan daiteke segundu gutxiagotan?

Ze polita; gizonei produktu bat saltzeaz gain, haiei –eta beste guztioi– zer den gizona izatea transmititzen digute: gogorra, zakarra, zuhurtziagabea, ausarta, sendoa, lehiakorra, hitz-urria, ez-emakumea, emakumeen gainetikoa…

Ondo ikasi duzu, seme? Lasai egon, datozen hilabeteotan aukera izango duzu iragarkia behin eta berriro ikusteko, zure telesail gogokoen atsedenaldietan. Eta aukera izango duzu, etorkizun hurbil batean, ikasitako guztia zure bizitzan praktikan jartzeko. Alaba, zeuk ere ondo ikasi zure tasunak: arrosa kolorea, I love youuuuu, bigunkeria, bigarren maila.
Iragarki hori ez da izango zuen irakasle bakarra. Iragarki eta programa ugarik lagunduko dizuete zuen genero ikaskuntza garatzen. Konturatu gabe, lasai lasai, estudiatzeko beharrik gabe… Horrela etorkizunean biok egongo zarete egokitzen zaizuen lekuan, naturala balitz bezala.

(Urte batzuk barru, neraberazoan, ikerlari batzuen galdetegiari erantzungo diozue, eta, egunkarietan emaitzak argitaratutakoan, kazetariak, politikariak eta tertuliakideak asaldatuta agertuko dira zuek eta beste gazte batzuek emandako erantzunekin, gizon eta emakumeen ezaugarrien eta rolen inguruan, bikote harremanen inguruan… “Baina nola da posible XXI. mendeko gazteek horrelako ideiak izatea?”).

Esta entrada fue publicada en generoa y etiquetada , , , . Guarda el enlace permanente.

3 respuestas a “Nivea for men” iragarkia. Maskulinitate hegemonikoaren azken oihua (Ugh).

  1. Mikel Gereka dijo:

    Amelia,
    Beti bezain luzidoa zure idatzia!! Nola eskertzen den argitasun pixka bat hainbeste ikusentzumen deszerebratuen artean!! Segi idazten Amelia.

  2. olatz dijo:

    Primeran iragarkiak eskaintzen digunaren analisia Amelia!!
    Ez neukan ikusita oraindik eta zuk esan duzulako futbolariak direla iragarkiko lau fastasmiko hoiek. Niri, iragarkiko okerrena musikaren mozketa edota aldaketa hori iruditu zait dudarik gabe, ez bait da nahikoa beraien matxoalfatasuna erakustea, emakumeak gaitzetsi beharrak nahiko nazka eman dit.

  3. abarquin dijo:

    Mikel, pozten naiz zu berriro agurtzeaz. Besarkada bat!🙂 Olatz, zuk eta biok ez genekien fantasmiko horiek futbolariak zirela, baina iragarkia zuzenduta doan gizon ugarik bai, eta gainera ez dira edozein, Real Madrilekoak dira…🙂 Eta bai, musikarena oso nabarmena da; segundu gutxitan mezua oso indartsua da.

    Egun hauetan telebistako perfumeen iragarkiak ikusteko aukera izaten ari naiz eta ez dira makalak (ondo dakigunez). Bereziki flipatuta nago “Invictus” deitzen den koloniarekin, Paco Rabannena (ilobak esan dit ez dela berria, baina ikusi gabe neukan). Hemen: https://www.youtube.com/watch?v=yKtsFlzidxE

    Izena bera, “Invictus”, esanguratsua da: latinez `garaitua izan ez dena´ da, eta iragarkiak ideia hori garatzen du. Gorputz hipermegalandua eta aurpegiera lehorra dauzkan gizon gazte bat oihartzun klasikoetako zirko moduko batera sartzen da, eta trofeoa irabazten du. Emakumeek funtzio dekoratiboa betetzen dute iragarkian zehar, eta gizonarentzako sari sexuala dira bukaeran. Ez galdu protagonistak ikusleari bidaltzen dion begirada konplizea, aldagelan bere zain dauden bost emakumeak -bai, bost- ikusten dituenean. Matxoalfa goiena, alajaina.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s