Anek (12 urte, Gasteizen, bere amari):
Ama, gauza bat esan behar dizut. Nik badakit etxean euskaraz hitz egin behar dudala eta ondo iruditzen zait, baina nire lagunekin beti hitz egiten dut gazteleraz, eta gure etxera etortzen direnean, nire lagunekin euskaraz hitz egin behar dudala esaten didazuenez, roilo bat da niretzat. Denbora osoan nago “euskaraz mesedez”, “euskara mesedez”, eta nire lagunek esaten dute “jope, apur bat astuna zara euskararekin, ezta?” edo esaten didate “zure gurasoak apur bat astunak dira euskararen kontu horrekin, ezta?”. Ama, benetan, roilo bat da.
Amak:
Bai, ulertzen dut, kuttuna. Dilema ederra daukazu. Lagunen gustura jokatu behar duzun ala etxeko nagusion gustura. Egia esan, nik ez dut ondo eramaten zuri gure etxean lagun euskaldunekin gaztelaniaz entzutea. Nik badakit zure lagunei gure etxera jolastera etortzea gustatzen zaiela eta nik beti pentsatu dut hemen euskaraz egiteko eskatzea ez zela gehiegizkoa, onuragarria zela haientzat. Haietako batzuek eskolan bakarrik entzuten dute, eta euskarak beste zerbaitetarako balio duela konturatzea eta erabiltzea ondo etortzen zaie haiei eta euskarari.
Anek:
Ja, nahi duzun guztia, baina nire lagunentzat eta niretzat roilo bat da. Azken aldi honetan ez ditut ekarri nahi.
Amak:
Bai, ulertzen dut ze zaila izan behar den. Izan ere, momentu honetan, niri ez zait konponbiderik bururatzen.
Amak pentsatzen eta esaten ez duena:
Datorren urtean ez duzu zailtasunik izango, lasai egon. Institutura joango zara eta, zure neba nagusiari gertatu zitzaion bezala, han ere euskara ez da gelatik aterako, baina berari bezala, zuri ere ez dizu jada inportako gure iritziak edo aurpegi txarrak, kalean edo etxean zure lagunekin gaztelaniaz entzungo zaitugunean. Bake gehiago izango duzu. Bestalde, interesatzen zaizkizun komikiak, telebistako programak, interneteko telesailak, bideoklip gehienak… ez dira euskaraz aspaldidanik.
Etxeko nagusiok ohituko gara eta halabeharrez amore emango dugu, garai hobeen esperoan (talde batean militantziak, lagun jakin batzuen eraginak, lanpostu jakin baten exijentziak, ume bat hazteko beharrak, noizbait garatutako kontzientziak… egunen batean euskarara berriro ekarriko zaituelakoan).
Jakinda, hala ere, irakaslearekin eta gurekin egiten duzuna alde batera utzita, zure euskara lozorroan egongo dela, eta euskal elebiduna izatetik erdal elebiduna izatera pasatzen ari zarela, pixkanaka.
Reblogueó esto en Izena duena, bada.
Gutxi gorabehera, gure etxean (ere) gertatzen dena.
Gero eta zailagoa ari da gertatzen miraria, hots, euskal elebidun izateko hautua egitea.
Gizartean euskararen aldeko diskurtsoa lausotu egin da, hagintariek ez diote euskararen erabilerari garrantzirik ematen, eta haurrek nahiz helduok eskura dauzkagun euskarazko baliabideak hutsaren hurrengoa dira erdarazkoen aldean.
Euskal komunitatearen desegituratze gero eta azkarragoaren aurrean gaudela iruditzen zait niri.
Kontua ez da bi hizkuntzen artean aukeratu beharra. Hirugarren hizkuntza bat hementxe bertan daukagu ingelesa da eta gaztelaniari zuzen zuzenean egiten dio «konpetentzia¨» ez euskerari. Txikitatik telebistako programak euskeraz edo bestela ingelesez ikusiz, (hau da mandoaren botoia sakatuz eta hizkuntza originalean jarriz). Musikarekin berdina, liburuekin berdina, youtuben berdina…
Umeei euskeraz edo ingelesez egiteko aukera emanez… ez da hain saila txikitatik eginez gero. Bilbo ez da Gasteiz baino askoz euskaldunagoa eta etxean funtzionatzen du eta alaba nagusiaren lagunekin berdin jokatzen dugu.
Abantailak: Ingelesa ikasi eta ingelesak ez duela euskera «jaten».
Ondo segi
Aupa Amaia eta besteak!
Gurean ere gauza bera noski. Bihotzeko mina eta zaputza sentitzeko aukera aparta. Baita ikasteko ere, ziur aski (nahiz eta oraindik ez diodan aurkitu ikasgaiaren sakona). Gu ‘datorren urteko’ egoera dugu, 12 urteko alabarekin. Euskarak eta «euskal» denak zaharkitu kiratsa ei dario, ez da «cool», beraz zertarako? Azken finean, haur-gaztetxoek, oraindik oso ideologizatuta ez direnez, primeran erakusten digute gure herriaren benetako egoera zertan den, nire ustez goibel-goibela honela jarraituz gero.
Bestetik, «ingelesak gaztelaniari kosk egiten diola eta ez euskarari» ez da nirean ikusten dudana. Gure alabak primeran egiten du ingelesez, berbaz zein letraz, eta, bai, gaztelaniari kosk egiten dio (ingelesa «cool-agoa baita gaztelania baino, baina euskarari ere bai, azken hau senide txiroena baita haietan.
Ba niri, optimistegia zarela iruditzen zait, egunen batean berriro euskarara etorriko delakoan esaten duzunean. Ez Gazteizen, ez Bilbon, ezta Tolosan ere. Ez, seguro asko, euskara galduko du eta bihotzean zulo bat geldituko zaio.
Niri ere ez zait konponbiderik bururatzen, bainan ba dago beste aukerarik:
Anek: Bai, nahi duzun guztia, ama, bainan nire lagunentzat eta niretzat rollo bat da euskaraz hitzegitea.
Amak (edo aitak), apal apal eta bihotzez: Ba bai, izarra, nahi duzuna, bainan gure etxean euskaraz hitzegiten dugu, eta kitto.
Pingback: Euskararekin astun - zuzeu.eus
Ezer baino lehen, atsekabean lagun, Amelia. Bete-betean asmatu duzu nire egoera ere.
Hala ere, matraka ematea merezi duela frogatzen duen pasadizo bat kontatu nahi nuke, Gasteiztik baita ere. Bart albiste on batekin etxeratu ziren alaba bikiak (13 urte): atletismoko beste bi neskatilarekin batera, aurrerantzean lauon artean euskaraz egitea erabaki omen dute (entrenatzailea ere hasi omen da haiekin euskaraz berbetan). Ez da erraza izango, ondoko batzuen komentarioa kontuan hartuta: «¿Que vais a hablar en euskera? Qué triste…».
Aupa Guztioi:
Zure eguneroko bizitza irakurriz, lehenengoz enbidia ere eman didazu. Nire gurasoak dueroko riberako herri txiki batzuetakoak dira, eta ondorioz: gastelaniaz hitzegiten da nire etxean txikitatik. Hala eta guztiz ere, nire neba eta ni, ikastolara eraman ziguten (orain 29 urte dazkat) eta euskaldundu ginen. Nik ikastolan, institutuan eta gero unibertsitatean hitzegin dut euskeraz; besterik ez. Orain, katalunian bizi naiz formazioa dela eta, hitzultzeko gogo amorragarriekin bestetik. Eta esan beharra daukat, nire euskaltasuna berpizten ari dudala; ahal dela nahi izanez gero. Baina batzuetan, zaila suertatzen da. Nire lagun guztiak ez dira euskaldunak, batzuk ez dute ez gurasoen partez, ez euskera txikitatik eskura izan; eta ez dut taldean euskaldun komunikazioa errazten.
Espero dut zure alaba noizbait daukan sorteaz konturatzea. Agur bero bat!
SARETUZ proiektua#tus padres son un poco pesados….
Kaixo Amelia;Errenteria -Oreretan egoitza duen Saretuz proiektua izeneko talde batetik idazten dizugu.Guk Euskara bere maila guztietan (kultura,hizkuntza…)zabaltzeko ahalegin serioan 3 bat urte daramatzagu.Ia 1600 pertsonek osatutako sare bat osatzen dugu momentu honetan eta gure jardunetako bat ,3 hilabetero, aldizkari bat argitaratzea da;»Erronka»aldizkaria ain zuzen ere.Gaurdaño,4 argitarapen ditugu kalean eta 5.ena abian degu.Zuregana jotzeko arrazoi nagusiena,»Tus padres son un poco pesaos con eso del Euskera,no? artikuluan dago.Asko gustatu zaigu(facebooken dela pare bat aste inguru elkarbanatu genuen)eta prestatzen ari garen Erronkarako edizio berrian(2000 ale) sartu nahi genuke.Horretarako zure baimena behar dugu;emango al zeniguke aukera hori ,mesedez?.Mila esker.
Bai, noski, Eneko. Ekerrik asko partekatzeagatik (eta galdetzeagatik 🙂 )
Animo guztioi. Nik semearekin arazo berdina izan nuen baina 16 urte zituenean bera hasi zen neri eskatzen euskaraz egiteko noizbait gazteleraz hasten banintzen. Orain beti euskaraz aritzen gara etxean.
Kaixo guztioi:
Aurretik doa ulertzen zaituztedala, izan ere, gogorra izan behar da horrelakoak ikusi eta bizi behar izatea, seme-alabei euskara eman eta haiek euskara bazterrean utzi. Hala ere, nik aprobetxatuko dut alde positiboa nabarmentzeko: zuen seme-alabek beste askok baino aukera bat izan dute euskaraz egiteko, alegia, familian euskaraz egitekoa. Ez dakizue nolako inbidia ematen didan niri horrek, nik ez baitut aukera hori izan; gurasoak ez dira euskaldunak eta anaiarekin, nahiz eta biok euskaldunak izan, ez dut inoiz euskaraz egin (agian ohituragatik eta ni neu ez naiz kapaza egoera hori aldatzeko). Hortaz, alde negatiboan pentsatu beharrean, pentsa ezazue zuen seme-alabak euskaldun osoak direla eta kasu gehienetan izaten jarraituko dutela.
Bestalde, nire ustez, zuen seme-alaben jarreraren zergatia izan daiteke gurasoek nahi dutenaren aurkakoa egin ohi dutela nerabeek, berdin izanda hizkuntza, jantziak, janaria, edo bestelakoak diren. Hortaz, euskaragatik ez balitz beste modu batean egingo lukete zuen aurka; zuen kasuan, ordea, euskaraz ez egiteak zuei «izorratzeko» modu eraginkorraz ohartu dira eta nerabeek ez dituzte parada horiek aprobetxatu barik uzten.
Noski, ezin dugu ahaztu gaur egun erdarek duten indarra, denok baitakigu edonon daudela (eta oso indartsu): telebista-kate gehienak, “best seller” liburuak, etab. Hala ere, saia gaitezen gauzen alde positiboa ikusten.
Eta, nola ez, animo guraso euskaldun eta euskaltzale guztioi!
Pingback: Juaristi #14 “gurasoen papera” | Jardun Euskara Elkartea