Sexua Bartzelonako metroan. Nola ikasten da konorterik gabeko emakumeez abusatzen?

«Kontzientea» izan zen?

Duela aste gutxi Liceu geltokian egindako grabazio bat zabaldu zen, non gizon bat eta emakume bat agertzen ziren sexua praktikatzen metroaren beste erabiltzaileen aurrean. Denetariko erreakzioak egon ziren komunikabideetan eta sare sozialetan. Transports Metropolitans de Barcelona-k bi personak bilatzen ditu Metroaren araudia urratzeagatik.

Lekuko batek, baina, honako komentarioa egin zuen: “La chica no estaba en un estado muy idóneo. Estaba consciente, pero cuando acabó no podía ni levantarse. El chico tuvo que ayudarla a vestirse. No sé si era una cosa muy voluntaria y deseada por ella”. Lekukoak neska agian mozkortuta zegoela aipatzen du. Eldiaro.es-eko zutabegilea den Barbijaputak ondorio hau ateratzen du: “En pleno siglo XXI, en el primer mundo, tan civilizado siempre, nadie la busca para preguntarle si ha sido objeto de una violación, si se encuentra bien. La buscan porque es ella quien ha violado algo, en este caso las normas”.

Ez dut informazio gehiago komunikabideetan aurkitu,  eta ez dakit ze segida izan duen gertaerak. Kezkagarria dena zera da: ikasi dugu emakume bat inkontziente baldin badago (gaixorik, mozkorturik, ondoezik, drogaturik, koman…), gizonek eskubidea daukatela bere gorputza erabiltzeko baimenik jaso arte itxaron gabe. Feministek nahi dutena esango dute, baina produktu kulturalek horixe erakutsi digute, modu estilizatuan, edertuan, errepikakorrean. Txikitatik. Etengabe.

Eta gainera, ikusi dugu emakumeentzat oso ondorio positiboak izan ahal dituela erabilera horrek. Egin memoria. Filmaren bat bururatzen zaizu? Haurtzarotik hasi gaitezen.

 

Konorterik gabeko emakumeak filmetan

Edurnezuri. Emakumea inkontziente dago sagar zati pozoitsu bat irentsi ondoren. Eskerrak gizon bat hortik pasatzen den eta ezpainetan muxu ematen dion, orduan esnatzen da eta. Betirako eskertuta eta ezkontzeko prest.

Loti Ederra (noski). Honi antzeko gertatzen zaio. Handik pasatzen den gizon batek konorterik gabeko emakume bat aurkitzen du eta ez zaio ahoan muxu bat ematea besterik bururatzen. Eta zein ondo etortzen zaion konorterik gabekoari, bera ere esnatzen baita. Eta aurrekoa bezala, oso eskertuta eta ezkontzeko deseatzen.

– Pedro Almodóvarren Hable con ella filma. Alicia (Leonor Watling aktorea) koman dago eta Benigno (Javier Cámara) bere erizaina da, urteetan zehar dedikazio eta maitasun handiz zaintzen duena… eta harreman sexualak ere berarekin izaten dituena, ezkutuan noski, haurdun uzteraino. Bai, ondo irakurri duzu. Baina lasai, zeren haurdunaldi horri esker, Alicia esnatuko da eta bere bizitza berreskuratuko du. Pelikulak ez du inolako diskurtso kritikorik igortzen Benignoren abusuaren inguruan, bide batez esanda. Ze majoa Benigno, bere izenak berak dioen bezala.

Ez zen lehenengo aldia Almodovarren filma batek emakumeen kontrako bortizkeria beraientzat positiboa izan daitekeela adierazten duenik. Átame-n ere ikusi genuen gizon bat (Antonio Banderas) jatorra bada eta enamoratuta baldin badago, neska (Victoria Abril) berarekin maitemintzera derrigortu ahal duela, horretarako egun askotan bahituta, bozatuta eta oheari lotuta edukiz.

– Paco Leónen Kiki, el amor se hace. Duela gutxi aurkeztu den produktu horretan hurrengo urratsa ematen da. Gizon batek bere emaztea bortxatzen du gauero, maitasunarengatik. Horretarako, emakumea drogatzen du, korderik gabe utzi arte. Emaztea gertatutakoaz konturatzen denean, aulki gurpildunetik altxatzea lortzen du… zertarako eta, erabat hunkituta, bere senarra/bortxatzailea besarkatzeko! Harrapazank. Ze polita den maitasuna. (Pelikula horren inguruan Santi Fernández Paton-en iruzkina irakurtzea gomendagarria da).

Kikik ere ez du dikurtso kritikorik bidaltzen senarraren jokaerarekiko. Ez horixe. Kurioski, pasarte horiek benetako bizitzan gertatzen zaizkigunean emakumeoi ez digute inolako graziarik egiten. Mandy Boardman estatubatuarra erabat atsekabetuta sentitu zen konturatu zenean bere senarrak gauero drogatzen eta bortxatzen zuela (drogek egunean zehar eragiten zituzten albo ondorio latzak aipatu gabe). Gertatutakoaz jabetutakoan, berak ez zuen, hunkituta, bere senarra besarkatu; bortxatzailea epaitegira eraman zuen.

Enpin. Titulu horiek bururatzen zaizkit, holan, boteprontoan. Baina bahitzaileak agertu zaizkigunez, ezin dut bukatu beste film pare bat aipatu gabe.

 

Bahitzaile jatorrak

-James McTeigueren V for Vendetta. Bai, sumindu askorentzat mitikoa den filma, maskara zuri irribarretsua zabaldu duena. V deritzon mozorrotutako iraultzaile karismatikoak  (Hugo Weaving aktoreak) Evey izeneko kazetaria (Natalie Portman) erreskatatuko du behin baino gehiagotan gaiztoen eskuetatik. Halako batean, baina, emakumea bahituko dute eta egun askotan zehar torturatuko dute V salatu dezan (eta umiliatu, burua soildu…). Alferrik; kazetariak tinko agoantatuko du eta ez du ezer esango. Ez naiz ondo gogoratzen eta ez dut interneten aurkitzen (eta ez nago prest filma berriro ikusteko): bahitzaileak Evey bortxatzen du? Bai, ezta?

Tira, azkenik, aske geratzean, Eveyk jakingo du dena engainu bat izan dela  eta bere bahitzailea V bera izan dela, emakumearen izaera sendotzen laguntzeko asmoz. Haserre bizia sentitzen du orduan Eveyk, harik eta ulertu arte torturak bere heriotzari aurre egiteko behartu duela, eta horrez geroztik beldurrik gabe bizi ahal izango duela. Zelako liberazioa! Ze jatorra, V. Ze didaktikoa. Ze demokratikoa. Tori hezkuntza inklusibo, dialogiko eta parekidea. Horren ondoren, nola ez, Eveyk bere bihotza eta aktibismoa Vren zerbitzura jarriko ditu baldintzarik gabe.

Aitortu behar dut V for Vendettaren maskara ikusten dudanean manifa batean, egonezinik sentitzen naizela, gizon indignatu ugariren defizit feministaren isla iruditzen zait eta.

Eta bahitzaileekin sartuta, on-ona da…

Ederra eta Piztia. Guraso hori, izeba hori: pelikula hau zortzi aldiz zure umeari jarri baino lehen, gogoratu bertan gizon batek emakume bat bahitzen duela eta bere kontrolpean mantentzen duela denbora luzean zehar, azkenean emakumea bere bahitzailearekin maitemindu arte (beste Átame bat, umeentzat egokitua). Emakumearen  maitasuna eta sakrifizioari esker, gizon munstrotsu hori printze lerden eta jator bihurtuko da.

Aizu, ez al da hori tratu txarren oinarria? Ze entrenamendu eraginkorra neska eta mutilentzat etorkizunari begira, ezta? Seduktorea den produktu kultural baten bidez, hezkuntza sentimental galanta proposatzen diegu txikiei. (Ez galdu Barbijaputak fimari buruz egindako iruzkina).

 

A cup of tea

Zerrenda ederra, e?

Ulertezina irudituko zaigu benetan gizon batzuek kontuan ez izatea emakumeek baietz esaten duten ala ez? Eta gizon batzuek eta emakume batzuek pentsatzea jokaera hori “normala” dela?

Nola lagundu gazteei hori guztia desikasten?

Nik, nonbaitetik hasteko, nire ilobei bideo eder hau guatsapez bidaliko diet: te hartzera gonbidapenen inguruko azalpen ederra (azpitituluekin ikus daiteke). Azkeneko esaldiari arreta jartzeko eskatuko diet:

 Consent is simple as tea

 

Esta entrada fue publicada en generoa y etiquetada , , , . Guarda el enlace permanente.

18 respuestas a Sexua Bartzelonako metroan. Nola ikasten da konorterik gabeko emakumeez abusatzen?

  1. izar dijo:

    Ez duzu ahaztu behar Kill Bill. Uma Thurman koman dagoen bitartean askotan bortzatzen dute.

    • abarquin dijo:

      Bai, egia da, Izar; eskerrik asko aipatzeagatik.
      Desberdintasuna da pelikula horrek ez duela diskutso positiborik igortzen bortxaketaren inguruan. Izan ere, protagonista (pelikulan positibo moduan agertzen dena) komatik ateratzen denean, mendekua hartzen du. Berriz, zerrendatu ditudan film guztietan kontrakoa gertatzen da: pelikuletan konorterik gabeko emakume bat bortxatzea ondo ikusten da.

      • Jaione dijo:

        Niri «El piano» filmak ere hotzikarak eragiten dizkit: gizon batek behartzen du berarentzat pianoa jotzera eta biluztera eta bera biluzik ikustera eta maitemindu egin da (!), gainera, «konpondutako» ezkontza baten aurrean (ume bat izan zuelako bere piano irakaslearekin) eta emakume batek egindako filma da… Zer deritzozu?

      • Izar dijo:

        Bai, mendekua hartzen du, baina bortzaketa hor dago.

        Beste adibide bat: Under the dome telesaila 1×06 kapitulua. Neska jipoitu eta konortea galdu ondoren bortzatu nahi duen tipoa.

  2. Pruden dijo:

    Eskerrik asko, Amelia, oso komentario egokiak iruditu zaizkit guztiak. eta bideoa ere oso aproposa.

    Uste dut aipatzen dituzun pelikula guztietatik bat bakarra ikusi dudala (Atame) eta guztiz bat nator zurekin. Dena den, Edurnezuri eta Loti Ederraren kasuan esango nuke neurriz gora ari zarela: bai, muxua izan daiteke bortxaketa sinboliko baten metafora, baina baita maitasun jator eta interesbakoarena. Zure interpretazioa zilegia da, baina baita beste batzuk ere. Atamen, ordea, uste dut beste interpretaziorik ez dagoela.

    • abarquin dijo:

      Bai, Pruden, ulertzen dut bi ipuin horietaz esaten duzuna, eskerrik asko partekatzeagatik. Baina ez da izango irakatsi digutela zuk diozun moduan ulertzen? Hori galdetzen diot nire buruari.

      Nik gogoratzen dudana da printzea, hortik pasatzean, liluratuta gelditzen dela emakumearen edertasunagatik, eta horrek eramaten du printzesarengana hurbiltzera. Ez dio musu bat ematen badakielako horixe dela neska hori salbatzeko modua (alegia, desinteresatuki), baizik eta neskaren edertasunarekin txundituta geratu delako edo berarekin maitemindu delako (alegia, interes propioa jarraitzeko). Printzeak ez daki bere jokaerari esker lotiak konortea berreskuratuko duela. Kontua da ikasi dugula hori ontzat hartzen, are gehiago, ipuinetan ikasi dugu hori emakumeei ondo datorkiela, horri esker esnatzen baitira. «Hable con ella» pelikula da horren bertsioa helduentzat.

      Hona hemen Loti Ederraren esnatzeaz Wikipediak dioena (ez daukat originala eskura, baina pasarteak balio dezake esaten dudana ilustratzeko. Gainera umeek ez dute originala ezagutzen, Disneyren bertsioak baizik):

      “He passes the sleeping castle folk and comes across the chamber where the Princess lies asleep on the bed. Struck by the radiant beauty before him, he falls on his knees before her. The enchantment comes to an end by a kiss and the princess awakens and converses with the prince for a long time”.

      Niri zer pentsatua ematen dit. Ez dut esango musu hori bortxaketaren metafora denik, baina bai esan daiteke gizon horrek musu bat eman diola konorterik gabeko emakume bati; beraz, bere baimenik gabe.

      • Pruden dijo:

        Ez dut pelikula bi horiek ikusi, Amelia, beraz, termino orokorretan ari naiz hizketan, ez kasuak zehatz-mehatz aztertu nahian.

        Eta segitzen dut pentsatzen ipuinaren testuinguruan muxu bat agresio batekin berdintzea gehiegizkoa dela. Jakina, beste testuinguru batzuetan ez (eta mila adibide etortzen ahal zaizkigu burura zeinetan baimenik gabeko muxu bat agresio bat den, txikia, ertaina edo oso desatsegina).

        Baina niri zer pentsatua ematen didana da ikustea baimen espliziturik gabeko muxu bat, kasu guztietan, agresioa bihurtzen dela (edo daitekeela), eta ez agresio txikia, baizik eta, nolabait, bortxaketa baten metafora. Agian ez da hori zeuk zehatz-mehatz esan nahi duzuna, baina uste dut ñabardurak inportanteak direla. Bestela, dena agresio eta mehatxu den testuinguru batean sartzen gara, eta dena eta ezer ez, badakigu, sinonimo xamarrak dira praktikan.

        Arazoaren muina, dena den, ez dut uste denik konorterik gabeko emakume bati muxua ematea (hori oso-oso gutxitan gertatzen da praktikan), baizik eta baimenaren eta agresioaren mugak zehaztea. Uste dut muxu baten kasuan ez dela konpontzen esanaz beti-beti, aurrez, baimena behar dela. Uste dut hori ez dela erreala. Baina argi izanik agresio bat ere izan daitekeela, jakina. Beraz, non jarri muga praktikan? Ez naiz gai sentitzen beste ezer esateko.

  3. emeaske dijo:

    Ona Amelia!!!

  4. Erbia dijo:

    V for Vendetta (hori baita filmaren jatorrizko izena, ez dezagun errazkeriaz euskarazkoa ez den itzulpen bat zabaldu) filmeko maskararen erabilera dela eta, bada hori baino askoz gehiago darabilgun beste sinbolo bat, ondorengo hau esan zuen matxista batek sortua:

    «La mujer es vana, es superficial, es egoísta, tiene en sumo grado todas las debilidades propias de la naturaleza humana. […] Es inferior al hombre en cabeza y en corazón. […] ¿Qué sería de la mujer si el hombre no la amara? Bestia de carga, e instrumento de su bestial pasión: nada más.»

    Ikurrinaren sortzaile Sabin Aranak hori idatzita utzi zuen. Beraz, horrek baliogabetzen al du Euskal Herriko ikurrina, matxismoz blai dagoen sinbolotzat? Hala baldin bada, maskara hori baino askoz lehenago baztertu beharreko sinbolorik badugu.

    • abarquin dijo:

      Bai, zuzendu dut V for Vendetta titulua, eskerrik asko ohartarazteagatik.

      Ikusten dut pelikula hori zerrendan sartzeak mina eman duela. Debate zaharra da –eta interesgarria bezain bukaezina– egileen izaera/ideologia/ezaugarri batzuk eta obraren kalitate/gozamenaren artekoa. Ni eztabaida horretan ez naiz sartuko orain, obretan bertan zentratzen ari banaiz, ez naiz egileez hitz egiten ari. V for Vendetta pelikulan agertzen dena azaldu dut, genero ikuspegia kontuan hartuta. Badakigu ikuspegi hori askotan ahazten dela, beste batzuei arreta jartzen zaien bitartean, baina asko gara ikuspegi hori momentu oro presente izan nahi dugunok, gure ustez asko dagoelako jokoan. Besteak beste gure umeen eta gazteen hezkuntza sentimentala. Nire ustez pelikula hori M15 mugimenduaren barruan une batzuetan ikusi genuenaren isla argia da: iraultza bai, baina feminismoa ez da behar. Iraultza justiziarik gabe posible balitz bezala.

      • Erbia dijo:

        Kontua da, Diegok beherago nik baino askoz hobeto adierazi duenez, ez dudala ikusten sexismoaren eta maskararen arteko lotura hori. Maskara, bestalde, nik behintzat ez dut lotzen M15 mugimenduarekin (nahiz eta haiek ere erabili duten), baizik eta batez ere Anonymous mugimenduarekin.

        Eta (hau burua!) lehen ez dut esan garrantzitsuena: atseginez irakurri dudala artikulu gogoeta-eragile hau. Nire ikuspegitik begiratuta hobetzeko modukoa iruditu zaidan xehetasun bat aipatzera besterik ez natzaizu etorri. Eskerrik asko!

  5. Izar dijo:

    Ahaztu zait. Edurnezuriren Disneyren pelikula Loti Ederraren bukaera berdina dauka Disneyk horrela planteatu zuelako. «Benetako» ipuinean ez dago bukaera hori, antzekoa bai, baina kasualitatezko esnaera dauka, bortzaketa baino.

  6. Diego dijo:

    Zor zaion begirunearekin, esango nuke ez dudala bat egiten zerrenda honetan V for Vendetta filma kokatzearekin. Egia da, V ez dago erabat burutik sano, eta uste dut gutako inork ez lituzkeela ontzat emango Eveyri egindako torturak. Psikologikoki elbarria dagoen pertsonai baten jokabidea da hori.

    Baina narratiboki esanahi apropos bat dute: V eta Evey elkar ezagutzen dute eta harreman ona dute, baina bakoitza bere kabuz bizi da. Hots, V-k ez du Evey ezer egitera behartu nahi. Baina, pixkanaka-pixkanaka, Evey gero eta sistemarenganako kritikoago bilakatzen da eta, egun batean, atxilotua izateko arriskuan zegoelarik, V-k bahitzen du poliziarenganatik babesteko.

    Orduan, nire ustez, V-k erabakitzen du Evey laguntzea sistemari aurre egitean. Nola? Neskatoa V bezalako beldurrik gabeko pertsona ausart bat bihurtzen tortura «polizialaren» bidez, V-k berak jasandako prosezua imitatuz. Horiek horrela, torturaren helburua katarsi moduko bat sortzea da, sistema politikoarenganako urruntasuna maximizatzen. Tortura hain latza izaten da irudikatzeko zein zaila den egunerokotasunaren segurtasunarekin haustea eta disidente aktibo bat bilakatzea.

    Interesgarria izango litzateke eztabaidatzea zegatik egileek erabaki zuten prozesu mingarri hori hautatzea hori lortzeko. Hala ere, ez dut genero faktorea hemen ikusten. V-k ez du ezer pertsonala lortu nahi Evey-rengandik (eta ez, ez du bortxatzen), eta ez dut uste desberdin jokatuko duenik Evey mutil bat izango balitz. Nire ustez, egileek aukeratu zuten Evey-ren generoa irudikatzeko nola neskato umezurtz batek, prostituziora behartuta baldintza ekonomikoengatik (komikian, behintzat), ahalduntzen du bere burua.

    Azkenik, V-maskararen arrakasta ez da soilik protagonistaren eraginatik, baizik eta, filmaren amaieran jendetza biltzen delako sistemari aurre egiteko maskarra hori jantzita, anonimotasunean murgiltzen ideal berdinak partekatzen dituztela erakusten duten bitartean.

    Osterantzean, esan behar dut oso artikulu ona iruditu zaidala.

  7. abarquin dijo:

    Erbia, Diego, eskerrik asko ñabardurak ekartzeagatik. Bai, ikusi dut filmean ez dagoela bortxaketa literalik (eta pozten naiz 🙂 ). Baina, hala ere, ez zaizue iruditzen Vren Evey tratatzeko modua gizon batzuek emakumeekin erabiltzen dutena dela, gurasokeriaz eta nagusikeriaz erabat tindatua?: “nik badakit zer komeni zaizun nahiz eta mina emango dizun; eta irakatsiko dizut nahitaez, ederto etorriko zaizu eta” modukoa? Eveyrekin muturreko indarkeria erabiltzeraino.

    Ez dago «maitasunezko» asmorik Vrengan? Ezta mirestua izateko beharrik ere, harreman hierarkikorik, goitik-beherakoa?

    Benetako bizitzan zera esango nuke: bahiketaren ondoren Eveyk erakusten duen atxikimenduak Estokcholm sindromearekin ere zerikusia du. Suabe azalduta: emakume batzuk ezagutzen ditut trataera hori jaso ondoren Vrekin hain «eskertuta» egongo ez liratekenak, eta merezi duen bezala erantzungo lioketenak.

    (Jaione, El piano aspaldi ikusi nuen eta apur bat pentsatu beharko nuke, baina bai, zalantza sortu didazu…).

  8. Amaia dijo:

    «la modista» filman ere gizon batek bere emaztea bortxatzen du drogatu eta gero. Ikaragarria iruditu zitzaidan. Eskerrak, amaieran, andrea konturatzen den gizona lotsagabe hutsa dela eta berak akabatzen duen. baina bortxaketaren eszena ikaragarria iruditzen zait hala ere.

  9. Pingback: Sexua Bartzelonako metroan • ZUZEU

  10. abarquin dijo:

    Izar, Amaia, eskerrik asko erreferentzia gehiago ekartzeagatik. Zuei ere bai, Emeaske, Pruden 🙂

    Bide batez, lagun batek gogorarazten dit Almodovarren Kika filmean grazia gutxiko txiste batzuk agertzen direla bortxaketaren inguruan. Victoria Abrilen pertsonaiak (kazetari sentsazionalista batek) bortxatutako emakume bati:
    -“Que la hayan violado no justifica que sea una borde”.
    -“¿Cómo se comportó él durante la violación? ¿Amenazó con matarla? ¿Cuántas veces se corrió el? ¿Y usted llegó también al orgasmo?”

    (Uste dut Almodóvarren filmak ez direla oso ondo zaharkitzen ari).

  11. abarquin dijo:

    Oklahoman bortxaketa bat ez da delitua biktima mozkortuta baldin badago! (eldiario.es-en argitaratu da gaur).

Deja una respuesta

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Salir /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Salir /  Cambiar )

Conectando a %s