Pornoa VS Benetako bizitza. Institutuan ikasleekin pornoaz hitz egiteko proposamen bat

Sakelekoan ikusi du

Nire lagun baten semea, 11 urtekoa, larri heldu zen etxera pasa den astean. Amari kontatu zion lagun baten telefonoan sexu pasarte batzuk ikusi zituela eskolan, lagunartean. Oso bortitza iruditu zitzaion ikusitakoa. “Nagusitan hori egin beharko dut? Nola moldatuko naiz? Ez dut nire burua prest ikusten horrela jokatzeko…” azaldu zion kezkatuta, erdi negarrez. Amak elkarrizketa luze bat izan zuen semearekin. Zelako zortea ama feminista izatea.

Nire buruari galdetzen diot, bestalde, ea neska gazte batek nola biziko duen telefonoko pornoan emakumeek pairatzen duten trataera zakarra. Eta baita ere zenbat kezka sortuko diren gaztetxoen artean, helduekin partekatzen ez dituztenak… Hasieran behintzat; ohituraren poderioz denetara moldatuko dira nerabeak, ezta? Izan ere, “jakintza” horretatik abiatuta, zein beldurrekin ibiliko dira lehenengo harremanei begira? Nola jokatuko dute momentu horietan?

Datozen lerroak irakasleei zuzenduta daude, baina gurasoak ere buruan dauzkat. Gaztetxo bat bazara, zuri ere interesatu ahal zaizulakoan nago. Testu hau luzea iruditzen bazaizu eta ez baduzu osorik irakurriko, ohar bat: ez galdu Gail Dines, Cindy Gallop eta Irantzu Varelaren bideo laburrak, merezi dute eta.

 

Zertaz hitz egin?

Nerabe gehienei sexuaz hitz egin dien solaskide bakarra pornoa da, dohaineko pornoa, hain zuzen. Porno horrek ezaugarri batzuk ditu: heteronormatiboa, androzentrikoa, falozentrikoa, koitozentrikoa, nagusiki hardcorea  edo gogorra, emakumeen kontrako tratu bortitza agertzen duena. Nerabeentzat informazio iturri ia bakarra izateak zenbait ondorio ditu; besteak beste gaztetxoek irudikatzea horixe izan behar dela haien praktika sexuala.

Pornoa fantasia dela eta gazteek bereizten jakingo dutela jasotzen dugu batzuetan. Horrek ez duela haiengan eraginik izango, helduengan ez duen bezala. Ja. Tira, porno hegemonikoaren eragina noraino heltzen den ikusteko, emakumeen pubisak depilatzeko moda noraino iritsi den baino ez da ikusi behar. Porno hegemonikoan pubis depilatuak nagusitzen hasi zirenetik (sarketak hobeto grabatu eta erakusteko), emakume askorentzat eginbeharreko eta haiengandik espero den zerbait bihurtu da. Zenbat emakumek, ohitura nondik datorren ahaztuta, esaten duten horrela politagoa eta garbiagoa dutela…

Irakasle hori (guraso hori): pornoa ikasleekin hitz egin behar dugun gai bat izango da? Nik argi daukat baietz. Eta zein helbururekin? Pornografia hegemonikoak (korronte nagusiko pornografiak) emakumeei ematen dien trataera bortitza eta ez-parekoa ikuspegi feminista batetik analizatzen laguntzeko.

Hona hemen Cindy Gallop-en azalpen argia:

“Children watching porn has become inevitable, you can’t stop that happening. Yet, at the same time, parents and teachers still find it enormously difficult to have a conversation about sex. The conversation is normally about the birds and the bees: purely logistical. It needs to graduate to something like this: ‘Darling, we know you’re online, we know you’ve seen porn. Through Make Love Not Porn we’d like to explain to you that not all women like to be tied up, bound, gang banged, raped, choked and have men ejaculate all over their faces. And actually, not all men like doing that either’.” (Aipua hemendik jaso dut).

Nola landu gaia gelan? Proposamen bat

Bi edo hiru saiorako proposamena da hau (saioen iraupenaren arabera, gazteen interakzioaren arabera, sortzen diren azpigaien arabera…). Bertan gaia ez dugu bere konplexutasun osoan tratatuko; soilik bi helburu planteatzen ditugu saio gutxi horietan:

Helburuak

-Gazteak konturatzea korronte nagusiko pornoaren ezaugarriak zeintzuk diren. Produktu horietan emakumeen trataera ankerra aztertzea.

-Gazteak konturatzea pornoan ikusten diren jokaerek eta benetako bizitzan praktikatzen den sexuak ez dutela zertan berdinak edo antzekoak izan.

*Helburu hauen artean ez dago, beraz, pornoa txarra dela komunikatzea, edota pornoa ikusteari uzteko proposatzea.

*Korronte nagusiko pornoa, edo porno “mainstream” delakoa aztertuko dugu, hain zuzen hori delako adin honetan gehien kontsumitzen dela, erraz aurkitzen delako eta dohainik delako.

Hona hemen sekuentzia posible bat:

Sarrera moduan

Nola ikasten da sexua praktikatzen? Beste arlo askotan ez bezala, sexua ez da zuzenean ikusi ahal dugun eta behaketaren bidez barneratzen dugun jarduera bat gure gizartean. Baina hala ere zerbait dakigu horretaz, eta beste persona batekin praktikatzen hasten garenean ideia batzuk dauzkagu egin behar/ahal/nahi dugunaren inguruan… Pelikulak eta dohainik ikusi daitekeen pornografia (bigarrena adin batetik aurrera bereziki) dira horretarako gure iturri nagusiak. Zer ikasten dugu hor? Ikasitakoak noraino balio digu sexua beste pertsona batekin praktikatzeko orduan? Bestalde, zein ideia transmititzen digu emakumeen eta gizonen inguruan? Ze trataera ematen zaie emakumeei?

Hasierako galderak (ikasleekin aurrezagutzak aktibatzeko)

-Zein adinarekin hasten dira gazteak pornografia ikusten?

-Zer ikusten dute, nola, noiz?

-Deskribatu ahal dute bertan zer agertzen den?

-Pelikula horietan denek pasatzen dute ondo? Edo batzuek beste batzuek baino hobeto? Zertan nabaritzen da?

-Zer iruditzen zaie gizonek emakumeei ematen dieten trataera?

-Hor ikusten diren jarduerak eta benetako bizitzan gertatzen direnak berdinak edo antzekoak dira, gure ustez?

-…

(Nola kudeatu elkarrizketa? Zuk ikusi zer den onena zure taldean: ahoz, lehenengo idatziz eta gero ahoz, talde txikietan eta gero handian, zuzenean talde handian…. Ohar bat: “besteen” inguruan hitz egitea errazago egiten zaie ikasle batzuei; beste batzuk, berriz, prest agertuko dira haien esperientziaz hitz egiteko).

Lanketa

-TED hitzaldi hau ikusiko dugu: Gail Dines, Growing up in a pornified culture:

Azalpenak 13 minutu irauten du. Azpitituluak jar daitezke, baita gaztelaniaz ere. Ikasleek ideia nagusiak jasotzeko proposatu ahal dugu. Ondoren, elkarrizketa:

Zer ez da ondo ulertzen? (Denen artean argitzeko, irakaslearen laguntzarekin).

-Zeintzuk dira ideia nagusiak? (Irakasleak arbelean jaso ahal ditu eskematikoki. Amaieran ikasleen ekarpenak osatu ahal ditu).

-Hizlariak azalpen luzea eman du. Ikasleak zerekin daude ados, zerekin ez?

Exajeratua iruditzen zaie entzun dutena? Gure ikasleek ezagutzen duten pornoan hizlariak deskribatutakoa ikusten da, ala desberdina da?

Beste galdera batzuk: korronte nagusiko pornoan klitoria agertzen da eta kontuan hartzen da? Zergatik? Noiz bukatzen da sexu harremana, gizonak isurtzen duenean? Gizonen isuriak ikusten dira, zergatik? Aldi berean heltzen dira orgasmora inplikatutako emakumeak eta gizonak, eta sarketaren bidez? Ohikoa da hori?…

-Ze diferentzia egon daitezke pornoa eta benetako bizatzaren artean?

Cindy Gallop-ek TED hitzaldi bat eman zuen pornoa eta benetako bizitza bereizteko, oihartzun handia izan zuena. (Hemen dago, azpitituluak ingelesez soilik; 4 minutu irauten du).

Ikasleekin, baina, hobe da ziur aski pantaila hauetan agertzen diren desberdintasunak zuzenean lantzea: Porn world vs Real World. (Erne, Gallopek ez du pornoaren kontra kargatzen eta ederto modalizatzen du: benetako bizitzan beste gauza batzuk ere gertatu ahal direla baino ez du esaten, baina mezu hori da gure gazteek behar dutena).

Zuk ezagutzen dituzun beste zenbait desberdintasun azaldu ahal dituzu. Hemendik atera ahal dituzu batzuk (aukeratu ikasleen adina eta esperiantzien arabera behar dituzunak): Michael Castleman (2012). The real problem with porn: it´s bad for sex. Psychology today

-Pornoan ikusten dutena imitatzen saiatzen dira gazteak?

-Irakasleak ondorio batzuk ateratzen lagundu ahal du, eta hitz esanguratsu hauek arbelean idatzi eta azaldu: heteronormatiboa, androzentrikoa, falozentrikoa, koitozentrikoa. Arlo honetan gertatzen dena emakumeek beste arloetan ere pairatzen duten desabantaila egoerarekin lotu daiteke, eta baita gizonei zerbitzua eta atsegina emateko agindu patriarkalarekin ere.

Beste aukera bat

Irantzu Varelaren bideoa (Porno, El Tornillo 2016) laburra eta dibertigarria da eta aurreko galdera gehienak erabil daitezke ikusi ondoren:

 

Azpigai posible bat

Eibarko jokalarien bideo sexuala heldu zitzaien gure gazteei pasa den urtean? Ikusi zuten? Pornoan ikusten dena eta bideo horretan agertzen dena antzekoa da? (Kritika bat hemen). Agian gure gazteek kontatu ahal digute ea horrelako produkturik sakelekora edo ordenagailura heldu zaien.

Eibarko jokalarien bideo sexuala aipatu dugula aprobetxatuta, gai bat tratatu ahal dugu. Irudietan ikusten denez, parte hartzen duen emakumeak eskatzen du ez grabatzeko, baina hala ere grabatzen jarraitu dute eta bideoa hedatu egin da. Zer egin behar dugu telefonora heldu zaigun estekan hori ikusten dugunean? Jarraitu behar dugu birbidaltzen eta zabaltzen emakume horren nahia errespetatu gabe? Zer nahiko genuke guk bere kasuan?

2016ko udan talde bortxaketa bat gertatu zen Iruñan. Bost gizon horiek emakumeari eman zioten trataerak gogorarazten digu korronte nagusiko pornoan ikusten duguna (non gizonen gozamena da helburu bakarra eta emakumea haien plazererako objektu moduan baino ez da ikusten). Erasotzaileek grabazioa haien lagunei whatsappez bidali zieten, denentzat erabat onargarria eta dibertigarria balitz bezala (bortxaketaren azalpenak ikus daitezke hemen eta  hemen).

-Porno feministaren gaia ere atera daiteke. Agian hori da ikasleek haien kabuz egin dezaketen bilaketa bat, eta hurrengo saioan partekatu.

Gogoeta idatzia

Ikasleei eskatzeko: egin gogoeta pertsonal bat landu dugun gaiaren inguruan eta ekarri idatzita hurrengo saiora irakasleari entregatzeko (hiru paragrafo gutxienez). Horrek lagunduko die ikasleei ideiak elaboratzen.

 

Zuretzako beste testu interesgarri batzuk:

(Ez, halabeharrez, ideia guztiak partekatzeko).

– Ana  Iruretagoyena (2015). Pornoa bai, feminismoa ere bai. Klitto! aldizkaria. Hemendik jasoa: http://www.klitto.eus/pornoa-bai-feminismoa-ere-bai-lizuntazikin-i/.

– Marta Pairano (2013). Haz el amor, no el porno. Diario.es. Hemendik jasoa: http://www.eldiario.es/turing/porno-efecto_coolidge-libido_0_116888577.html.

– Patricia Rodriguez (2017). Rashida Jones, la mujer que quiere acabar con el porno… tal y como lo conocemos. Huffingtonpost.es. http://www.huffingtonpost.es/2017/04/19/rashida-jones-la-mujer-que-quiere-acabar-con-el-porno-tal-y_a_22044492/.

Azkeneko hitza

Sekuentzia didaktiko hau idatziz jasotzeko konpromiso hartua nuen azken hilabeteotan institutu batzuetako klaustroekin gaiaren inguruan hitz egin ondoren. Horra hor; edozein ekarpen ondo etorria izango da: komentarioak, beste iturri batzuk, zalantzak…

Neuk ere jorratzen dut gaia nire ikasleekin (20 urtekoak) eta, amaitutakoan, galdetzen diet, badaezpada ere, ea lanketa soberan egon den, ea haiek hori guztia “jakinda” zuten. Urtero esaten didate ezetz, gaia tratatzeak zentzua duela haientzat. Benetan, nik uste dut ez direla gutxi, adibidez, oraindik honako hau pentsatzen duten gazteak: emakume bat ez bada orgasmora heltzen sarketaren bidez eta gizonarekin batera, emakume horri zerbait arraro gertatzen zaio, ez daki ondo jokatzen, ez da “normala”. Noski, produktu kultural kontsumituenek ez dute beste aukerarik erakusten…

Izan ere, oraindik aurkitu ahal ditugu emakumeentzako testu batzuk, zeinetan orgasmoa antzeztea aholkatzen baitzaie, gizonen auto-estimak sufri ez dezan nagusiki. Irakurri, adibidez, emakumeei zuzendutako artikulu honen azkeneko lerroak (“Pareja: mentiras que le haran feliz”):

“Y por último la mentira mejor inventada de todos los tiempos. Después de una frenética noche de sexo… Bueno frenética para él porque para ti ni fu ni fa. ¿Cómo reaccionas? Fingir orgasmos está a la orden del día, mujer. No es tan grave. Y todas las mujeres lo han hecho alguna vez en su vida. Así que… ¡al agua patos!

“Si es que todo sea por él… ¡Con lo que lo quieres! Y todo lo que harías para que estuviese contento. ¿Comprendes por qué es positivo para la relación no decir siempre, siempre la verdad? ¡Créenos y comienza a aplicar ya las mentirijillas!”

Arranopola… Bai, gauza askotaz hitz egin beharko genuke…

Anuncios
Esta entrada fue publicada en generoa y etiquetada , . Guarda el enlace permanente.

10 respuestas a Pornoa VS Benetako bizitza. Institutuan ikasleekin pornoaz hitz egiteko proposamen bat

  1. Liz dijo:

    Agian akatsa litzateke porno osoa, eta are mainstream porno osoa ere, oro har heteronormatiboa, androzentrikoa, falozentrikoa, koitozentrikoa dela esatea.

    Irakaslearentzat arriskua dago, bat-batean nerabeek igual esanen dizute-eta baietz, halakorik badela, baina hori interneteko milaka porno orduetatik ataltxo bat besterik ez dela. Arrazoiarekin.

    Ikasleek darabiltzaten web orrietan, seguru asko honako azpigenerook aurkitu ahalko dituzte aise asko, sarri aurkibideetan, bideo ikusienen artean.

    – Harreman bisexualak.
    – Transgeneroak: Rocco Sifredi porno izarrak emakume transexualekin eszenak egin izan ditu.
    – “Granny”: edadean ondo sartutako gizon-emakumeak.
    – Egiazko bikoteek etxean grabatuak, edertasun kanonekin bat ez datozen gorputzekin.
    – Tutorialak: sexu-jardun jakin bat nola egin erakusten duten bideoak, oso didaktikoak.

    Eta abar, eta abar.

    • abarquin dijo:

      Eskerrik asko zure komentarioarengatik, Liz! Galdera batzuk: zuk diozunez, aukerak egon badaude (batez ere ordaintzen baduzu), baina zer ikusten dute gazteek, batez ere txikienek, zer heltzen zaie? Bestalde, aipatzen dituzun mota batzuei buruz ezin da esan androzentrikoak, falozentrikoak eta koitozentrikoak direnik hein handi batean?…
      (Nire ustez txertoa behar dute gazteek, ikusten dutena generoaren ikuspegitik analizatu ahal izateko; gauza batzuk beste batzuk baino hobeak izango dira arlo horretan, noski, baina produktu zalantzagarri asko eta asko helduko zaizkie).

  2. abarquin dijo:

    Gaur goizean Amagoia Mujika eta Marisa Barrena aritu dira gai honetaz: “Pornoaz hitz egin behar da gaztetxoekin?” (Info 7 irratia, 2017-5-10). Hemen: http://info7.naiz.eus/en/info_i7/20170510/pornoaz-hitz-egin-behar-da-gaztetxoekin

    Beatriz Gimenok herenegun: “La violación de los Sanfermines impresionó al juez que visionó las grabaciones y ha merecido la máxima petición de pena por parte de la Fiscalía, más de 22 años para cada uno de los acusados. Esta es una de las violaciones más terribles de los últimos tiempos porque, si bien todas ellas son terribles para la víctima, en este caso se dan todas las características descritas por las investigadoras de la violencia sexual contemporánea, entre otras cosas que son violaciones marcadas por la pornografía. El informe del fiscal acerca de lo que le hicieron a la víctima describe una escena que es absolutamente corriente en la pornografía mainstream, violaciones grupales anales, vaginales y bucales a un tiempo en la que una mujer viva y sintiente parece desearlo. Cualquier niño de 10 años que ve a Superman volar en el cine sabe que las personas no vuelan pero, curiosamente, la mayoría de los hombres que ve pornografía aprende que eso es el sexo, que esas son las relaciones sexuales que las mujeres queremos o, quizá, las que nos merecemos”. (Eldiario.es 2017-5-8). Hemen: http://www.eldiario.es/tribunaabierta/juicio-manada-San-Fermin-historico_6_641545866.html

    • Liz dijo:

      AEBetako Justizia Departamentuaren txosten baten arabera, ezin izan da korrelaziorik frogatu pornografiaren eta sexu-erasoen artean. Are gehiago: interneterako sarbide hobea duten eremuetan sexu-erasoak gutxitu dira.

      Beraz, Madrilgo Podemoseko zinegotziaren baieztapena, horri buruz, nahiko gratuitoa iruditzen zait, zenbait indarkeria-gertaeren atzean bideojokoak eta heavy metal satanikoa daudela esatea bezain.

      https://www.theguardian.com/commentisfree/2011/oct/12/porn-society-government-opt-in

      Uler bedi: ez naiz ari porno industriaren alde, ezta porno komertzialaren sexismo begibistakoa ukatzen ere. Pornografia, erotismoa eta helduentzako denborapasa materialak eskoletan lantzea ere oso egokia iruditzen zait. Zentzu kritikoa garatzea da helburua.

      Arazoa da, diagnostiko okerrak egitea, gazteen preferentzia pornografikoak gidatu nahi izatea: oso nabarmentzekoa, esaterako, sekuentzia didaktikoan ikasleek ikasi beharreko hainbat hitz potolo (heteropatriarkal, falozentriko) arbelean idazteko proposamena, horrela zuzen ulertu eta erabili ahalko dituztelakoan-edo. Ez dut uste horrela kontzeptu horiek benetan barneratuko dituztenik; irakaslea kontentu edukitzea komeni denean erabiltzen bai, agian hori ikasiko dute.

      • abarquin dijo:

        Kaixo, Liz. Ekarpena eskertzen dizut, uste dut eztabaida interesgarri bat ekartzen duzula hona.

        Nire ikuspuntua. Irakasleok ikasleengan eragiten dugula? Bai, noski. Irakasleon neutraltasuna ez da posible ezta desiragarria ere, nire ustez. Kalean dauden produktu kulturalak ere ez dira neutralak, noski, eta heteropatrarkatuaren mezuak garraiatzen dituzte maiz. Ikastetxearen Hezkuntza Proiektuan jasotzen dugu, besteak beste, ikastetxearen balio bat berdintasuna dela, eta baita LGTBIQ errealitatearekin errespetua; ez gara “neutraltasun” hipotetiko bat bultzatzen ari, beraz. Bullying homofokoaren kontrako lanketa egiten dugunean, ikasleengan eragiten ari gara, nahiz eta batzuek oso dibertigarritzat jotzen duten ikaskide bati “marikoia” deitzea. Hezkuntza da aukeratzea, balio batzuk aukeratzea, besteak beste (eta metodologia bat aukeratzea, eta material batzuk aukeratzea…). Produktu kulturalak ikasleekin batera gelan analizatzea eta heteropatriarkatuaren mezuak detektatzen laguntzea ikasleengan eragitea iruditzen zait, bai, eta ondo deritzot. Norberaren plazera eta fantasiak norberarenak dira eta libre dira, noski, baina aldi berean analisia egiteko gaitasuna lantzea interesgarria da, nire ustez. Arlo askotan gertatu daiteke hori; plazera bide batetik doa baina analisi gaitasuna ere presente dago, aktibo dago. Ez da gutxi. Eta fantasia guztiak errealitatera ezin ditugula eraman badakigu, bestalde.

        Produktu kulturalek hitz egiten dute umeekin eta gazteekin, eta eragiten dute haiengan, nola ez. Euskal Herriko jaietan batzuetan ikusten duguna ikasia da; ez da mutilek odoletan jaiotzetik daramaten zerbait. Zeintzuk dira ikaskuntzaren iturri horiek? Ugariak dira, eta produktu kulturalek indar handia dute (telebista programek, filmek, bideoklipek, abestiek, bideojokuek, iragarkiek, aldizkariek…). Produktu kulturalen mezuak detektatzea eta deseraikitzea da gure ikasleek garatu beharko luketen konpetentzia bat, nire ustez. “Androzentrikoa” kontzeptzua ezagutzea komeni da (eta besteak ere bai), oso tresna majua delako batzuetan begien aurrean duguna ulertzeko.

        Duela egun gutxi Tres metros sobre el cielo filma ikusi dugu gelan, maitasun erromantikoaren mitoak bertan bilatzeko asmoz. Ikasle dezentek ikusita zeukaten eta berarekin disfrutatua zuten. Filma landu genuen eta ikasleek beraiek egin zuten kritika. Proposatu nien lanketa horren bidez haien disfrutean eragin dut, beraz? Bada ziur aski bai. Analisiaren ondoren ez dakit disfrutatu duten filma hori, edo antzeko bat, berriro ikusten badute (ez daukat ezer kontra), baina agian gaiago izango dira horrelako produktuak analizatzeko,eta garraiatzen dituzten mezuak detektatzeko. Gerta daiteke, halaber, gazteak konturatzea beste harreman mota batzuk posible direla eta haien bizitzan maitasun erromantiko tradizionaletik apur bat aldendu nahi izatea. Indarkeria eta tratu txarren inguruan ere gogoeta egiten dugu… Eta bai, eragiteko asmoa dago dozentearen aldetik, bai.

  3. Pingback: GURASOAK pornoa, errefuxiatuak eta herri hezitzaileak – Arrosa

  4. abarquin dijo:

    Gaur honen berri heldu zait eta agian interesatuko zaizu:

    Sofía Pérez Mendoza (2017). Manual para atreverte a hablar de porno con tus hijos. eldiario.es. (13-3-2017). Hemen: http://www.eldiario.es/sociedad/Manual-romper-tabu-porno-hijos_0_620838077.html

    Erika Lust. The porn conversation. Hemen: http://erikalust.com/porn-conversation-educating-kids-porn/

    Ohar bar:
    Erika Lusten web orrian sartu ahal izateko zure e-maila idatzi behar duzu. Horren truke, berehala jasotzen duzu mezu bat: Lustek zuzendutako pelikula porno bat ikusteko aukera oparitzen dizute. Pelikula ikusi dut, eta porno arruntenarekin konparatuta, badirudi neskek ere ondo pasatzen dutela, haien plazerrak lekua duela, klitoriak arreta merezi duela, dena ez dagoela sarketan zentratua, emakumeak ez direla neumatikoak… Hala ere, generoaren konbentzio ugari islatzen du: lau gorputz gazte eta lirain, edertasunaren arauak jarraitzen dituztenak, mutilak neskak baino altuagoak eta zakil handiekin; neskak haien artean ere enroilatzen dira baina mutilek ez diote elkarri ezta ile bat ere ikutzen; mutilen isuriketak begi-bistan gertatzen dira nesken gorputzen gainean eta horrek markatzen dut sexu-harremanaren bukaera… Ba horixe, konbentzioetatik oso urrun ere ez zaidala iruditu.

  5. Pingback: Pornoa vs benetako bizitza • ZUZEU

  6. Koldo dijo:

    Sarrera honetan ari zaretenaz aritu zen ETB-1eko SexSua saioa modu entretenigarrian, hezkuntza sexualaren inguruko ETBko lehenengo programa: http://www.eitb.eus/eu/telebista/programak/sexsua/pornoa/bideoak/

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s