Irakasle: klaseko lehenengo egunean Bartzelonako sarraskiaz hitz egingo duzu?

Laster, ikasturteko lehenengo egunean, zure ikasleak agurtuko dituzu; “zer moduz oporrak” galdetuko diezu. Baina abuztuan zerbait zirraragarria gertatu zen Bartzelonan eta ia guztiek jakin dute horretaz zerbait. Aipatu gabe pasatzen utziko zenuke?

Nik uste dut ezetz, komeni dela hitz egitea. LHn zein DBHn zein Batxilergoan…  Eta ez bada berez ateratzen, ondo legoke zuk ateratzea, galdera sinpleen bidez: Bartzelonan gertatutakoaz zer dakizue? Eta zer pentsatzen duzue?

Agian beldurra ematen dizute hor aterako diren adierazpen gordin posible batzuk kudeatzeko zailtasunek? Ikasle musulman batzuk dituzu eta ez dakizu ondo zer gerta daitekeen, eta ondoren nola tratatu gaia?

Bartzelonan gauzatutakoa munduko beste leku askotan gertatzen da maiz, badakigu. Integristek hainbat herritar erailtzen dituzte munduan zehar, badakigu. Baina hori ez da arrazoia Bartzelonakoaz ez hitz egiteko. Bartzelona hurbil dago, ikasle batzuk han egon dira, telebistan ikusi dute, familiari hitz egiten entzun diote, agian bat edo batek familia edo adiskideak ditu bertan, ulergarria da haientzat bereziki hunkigarria izatea; has gaitezen hurbil dagoenarekin eta hitz egin dezagun, ondoren, urrutiagoko gertaerez, nahi badugu.

Partekatu dezagun kezka eta pena atentatuaren inguruan. Sentitu dezagun pertsona askoren galera: bizitza galdu zutenena (ume batena ere bai, gure ikasleak bezala), eta hildakoen pertsonak maite zituztenena. Pertsonen bizitza jar dezagun balioan. Adieraz dezagun gaizki iruditzen zaigula besteak mesprezatzea haien bizitzek gutxi balio dutela sentitzeraino, haien bizitza kentzea zilegi dela pentsatzeraino. Hitz egin dezagun besteekiko errespetuaren garrantziaz, elkarrizketaren garrantziaz, elkarbizitzaren garrantziaz… Xumea da, badakit, baina gogoraraziko digu oinarrizko balioak partekatzen ditugula.

Zure ikasleen adina eta interesaren arabera, zure jakintza eta gaitasunaren arabera, posible da gaia sakontasun gehiagoz tratatzea. Ausartzen bazara, posible da galdetzea zein izan daitezkeen arrazoiak horrelako zerbait egiteko. Guztiak ez dira ados egongo, denetik entzun ahal izango duzu agian, batzuek erlijioaren kontra hitz egingo dute, edo etorkinen integrazioa zalantzan jarriko dute edo jatorri bateko etorkinak kalifikatuko dituzte… Gai batzuetan ikuspegi kontrajarriak egon daitezke, noski, baina lagundu ikasleei ikusten ez dela zuzena orokorkerien bidez (negatiboak gainera) etorkinak, musulmanak… definitzea.

Baina nagusiki ekidin behar dena hau da: musulmanak diren gure ikasleak  hiltzaileen taldean sartzea, “zuek denok musulmanok…”. Hiltzaileek islamaren izenean hiltzen zutela esan zuten, baina gure ikasle bakar bat ere, berdin zein den bere familiaren erlijioa, ez dago hiltzaileen talde berean. Ikasle guztiengandik espero dugu besteekiko errespetua, beraz, bat ere ezin izango genuke kokatu intoleranteen taldean. Eta entzuten badugu beste ikasle batzuek horrelako zerbait adierazten dutela ikaskide musulmanen inguruan, ez dezagun utzi pasatzen oharrik egin gabe. Ez ditzagun jarri gure ikasle musulmanak bere burua defendatzeko atakan, ez dute bere burua zertaz defendatu. Agerikoa da esaten dudana, baina badaezpada esan behar da, hori delako sortu daitekeen arriskua.

Ikasle guztiek izan beharko lukete sarraskiaren inguruan haien arbuioa adierazteko aukera. Estrategia sinple bat (nahi duenak parte har dezan): gutako bakoitzak zer esango lioke gazte bati horrelako zerbait ez egiteko?

Gure ikasle musulman batek adierazten baditu musulmanak orain pairatzen ari diren erasoak , jaso dezagun kezka eta formulatu dezagun hori ere bidegabea dela.

Kulturarteko hezkuntzaz asko hitz egiten da. Herritar arduratsu eta solidario izateko formazioa dela esaten da. Lagundu diezaiegun ikasleei herritar moduan kezkak eta balioak adierazten eta partekatzen, oinarrizko kohesioa eraiki dezagun.

Lehengusinak…

… esaten dit proposamen hau gehiago zehaztu beharko nukeela, ez dela sekuentzia didaktiko bat, baliabideak falta direla… Arrazoia du, minimora jo dut. Minimoa partekatzea ez da gutxi, nire ustez.

Eta irakasleok, bitartean, gure betiko helburuekin lan egiten jarraituko dugu: zer egin jatorri desberdineko umeak lagunak izateko, eskolan behintzat denak modu berean komunitatearen parte sentitzeko, jatorri eta errentaren araberako segregazioa ez gertatzeko, ikasleek jarrera kritikoa garatzeko alderdi kultural propioekin eta besteenekin, gatazken kudeaketan trebatzeko, maskulinitate bortitzaren eraikuntza desaktibatzeko…

Esta entrada fue publicada en anitzak. Guarda el enlace permanente.

Deja una respuesta

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Salir /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Salir /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Salir /  Cambiar )

Conectando a %s