Hondarribiko alarde matxista are historikoago egitea. Hamaika aholku benetan oso beharrezko

 

EMAKUMEAK EZ ZIRELA GERRARA JOATEN!

Irailaren 8ko alardea azaldu zigun Samara Veltek Berrian. Besteak beste kontatzen du hiruzpalau neska nerabe zeudela eserita lurrean, zabor poltsak estalki gisa hartuta, Jaizkibel konpainia berdinzaleari arbuioa egiteko asmoz. Velteren galderen aurrean hau da azalpena:

“Hemen gertatu dena irudikatzen da, eta gerrara ez zen emakumerik joaten; beraz, zergatik hartu behar dute parte errepresentazioan?”

Ez da entzuten dugun lehenengo aldia, noski. Arrazoi errepikatuenen artean dago (beste horrekin batera, nola zen… “ez bazara hemen bizi, ezin duzu ulertu eta ezin duzu iritizirik eman”). Aizu, ze argudio puxka. Txukun eta bikaina, alajaina…

Izan ere, erraz ikusten denez, akats txiki batzuk izango lituzke desfile baztertzaileak, zeren, egia esan, erabat ondo ez du irudikatzen 1638ko Hondarribiko setioan benetan gertatu zena. Ea ba lagundu ahal diegun hurrengoa hobeto egiten aholku sinple batzuen bidez. Erne, plastiko beltza daramazun gazte hori!

AHOLKUAK

-Garai hartan pertsonen altuera ez zen gaur egunekoa, jende guztiak ez zuen orain bezain ondo meriendatzen. Orduko irudiak baino ez dira ikusi behar. Tira, desfilean parte hartzeko altuera maximoa: 1,65.

-Garaiko foru gudarosteetan “hijosdalgos, vecinos y moradores” zirenek baino ezin zuten hartu parte. Beraz, ez utzi desfilatzen zuriak ez direnei (ezta etorkinen seme-alabei ere, noski; zer izango da hau bestela?).

-Garai hartan egunero dutxa bero bat hartzea ez zen ohikoa, ez horixe. Orbanik gabeko arropa eramatea ere ez zen eguneroko kontu bat (are gutxiago bi hilabeteko setio baten ostean). Aber: egon gutxienez pare bat aste urazpitik pasatu gabe eta errealistago agertuko zara.

-Mende hauetan odontologiak egin duen aurrerapena izugarria da. Errealismoaren hobebeharrez, fuera enpasteak, inplanteak eta bracket-ak! Soberan daude hortzeria zuri perfektu horiek guztiak! (Silikonazko inplanteak eta gimnasioko aparatuei esker garatutako muskulaturak bereziki problematikoak dira. Piercing eta tatuaje batzuek ere urduritasun handia eragiten digute).

Zorrien, arkakusoen eta zimitzen kontrako borroka gogorra izan da beti, baina garai hartan ez zeuden gaur egun dauden produktu kimiko guztiak, aizu. Zizareez libratzea ere ez zen lan makala. Eraman gainean behar diren animalitxo saltokari guztiak historizitate apur bat irabazteko.

-Guda batera joateko praka zuri lisatu berriak? Kamuflajerako nahiko eskasa. Eta txapel gorria? Faroltxo bat etsaiarentzat. Garaiko irudiek erakusten dituzten jantziak nabarrak dira, diskretoagoak… Lokatza ia ez zen nabaritzen. Fuera praka txuriak eta ipini gerrarako zerbait egokiagoa, arren.

-Garai hartan informatikariak ez ziren gerrara joaten, ez pianistak, ez sikiatrak, ez elektrizistak, ez autobus-gidariak… Zergatik? Informatikariak, pianistak, sikiatrak, elektrizistak, autobus-gidariak ez zeudelako! Arretaz azter dezagun norberaren ogibidea, ea desfilera bidaliko dugun existitzen ez zen norbait. Momentuz aipatutako guztiak, fuera. Telebistan ikus dezaten alardea.

-Ba al dago desfilean bataiatuta ez dagoen inor? Argsssss… hereje horiek sutara!

Zer gosaldu du desfilante horrek, nespreso bat oreo batzuekin? Hori daramala sabelean desfile historiko honetan?… Arranopola, historiarekin ez dago errespeturik ez ezer.

ZALANTZA GARRANTZITSU BATZUK

-Gudan  parte hartu zuten guztiek txilibitua eramango zuten? Gu ia ziur gaude denek ez zutela txilibitua. Tira, kendu txilibitua baten bati badaezpada ere.

-Egun konpainiek daramatzaten eskopetek aire garaikideegia dute. Garaian ohikoak (eta dezente astunagoak) ziren arkabuzak eta mosketeak eraman beharko lituzkete, ardagaizko pistola, zikai, ezpata eta ganibetekin batera. Jaietan tabernaz taberna parrandan ibiltzeko hornikuntza pisu samarra, agian (eta desfilante moduan, desfilea nabarmen luzeago egingo zaizu zalantzarik gabe). Baina, aizu, egiantzekotasuna egiantzekotasuna da, ezta?

-Kantinera ibiliko zen leku batetik bestera begiratzen abanikoa leunki mugitzen zuen bitartean eta saludatzen Ingalaterrako (gaur eguneko) erregina bezala? Fuera abanikoa.

-Ikerketek esaten dute emakumeek gudetan uste ohi dena baino gehiago parte hartzen zutela… Izan ere, Hondarribikoa bezalako setio batean protagonismo hori bereziki nabarmena izan zen, erregeak hiriari berari aitortzen zion bezala, bataila osteko esker emate eta sarietarako proposamenean: “pues hasta las mujeres acudieron á todo lo necesario, gobernándose con tal valor que no se excusaron de las acciones de mayor riesgo”. Ai amaaaaaaaaaa!

AINSSSS…

Aber, apur bat zaila iruditzen zaizula hori guztia kontuan izatea? Pena apur bat ematen duela koadrilak itxura horrekin? Bada bai…

Ei, gazte, benetan diotsut, hobe lehenbailehen pasatzen bazara desfile bendinzalera; askeago eta pozago biziko zara, halako tontokeriez arduratu beharrik gabe.

 

Anuncios
Esta entrada fue publicada en generoa y etiquetada , . Guarda el enlace permanente.

6 respuestas a Hondarribiko alarde matxista are historikoago egitea. Hamaika aholku benetan oso beharrezko

  1. Edorta Agirre dijo:

    Lehen, nire ustez, hor desfilatzen zuen “madrileñoen” edo “beraneanteen”Konpainiak

  2. Ez gaitezen tikis-mikis jarri. “Madrileño” horiek perfektuki irudika zitzaketen Juan Alfonso Enríquez de Cabrera Gaztelako almirantearen gudarosteak, setioa apurtu zutenak. Beti ere Ameliak proposatutako baldintzak beteko balituzte, orobat.

  3. arlotea dijo:

    Izugarria dena da herri horretan etsai, baina hangoak ez garen askorentzat ia “heroi”, diren Hondarribiko neska, emakume eta gizon horiek izan duten pazientzia eta kemen infinitoa: 20 urte, jaun-andreok!

    • abarquin dijo:

      Bai, zelako pazientzia eta kemena. Eta alarde matxistaren aldeko argudioak dira horren eskasak…; ez dute analisi nimiñorik agoantatzen. “Historizitatea” aldarrikatzeak anakronismoz betetako ospakizun batean ez du inolaño zentzurik. Eta hala ere, hor daude…

      Irakasle moduan, nire buruari galdetzen diot: nola moldatuko dira bertako ikastetxeetako irakasleak berdintasunaren gaia jorratzen dutenean? Zelako erronka.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s