Ipuinetako pertsonaiak hiltzea, jatea…? Gogoeta bat eta bi liburu eder

 

 

Bi altxor hauek liburu dendan aurkitu nituen goizean, duela egun batzuk, saltoka eta pozez gainezka itzuli nintzen etxera, nire erosketa berrien poltsarekin. Ze onak, arranopola. Umeek gozatuko dituzte, baina nagusiok are gehiago. Haur literatura onarekin gertatzen den bezala, album hauek, testua laburra izan arren, irakurketa maila desberdinak eskaintzen dizkiote irakurle prestatuari.

Liburuok ez daukate zer ikusirik haien artean. Di-da aurkeztuko ditut.

Haietako bat ipuin klasikoa da, idazle klasiko batena. David McKee da egilea eta Orain ez, Beñat titulua du (Pamiela, 2019. Itzultzailea: Eva Linazasoro). Originalki 1980an argitaratu zen baina, 40 urteren ondoren, ez du inolaz ere gaurkotasunik galdu.  Liburuan ikusten dugu Beñat protagonista bere gurasoen arreta lortzen saiatzen dela, baina lanpetuta eta distraituta daude biak, eta tituluan agertzen den esaldia baino ez du jasotzen haiengandik: “orain ez, Beñat”. Harik eta  lorategian munstro bat agertzen den arte eta gauza interesgarri batzuk hasten diren gertatzen. Ez dut gehiagorik esango, zuk irakurtzeko gogoa ez galtzeko. Liburuan ez dago ikaskizun moral ebidenterik, baina obrak, metaforikoki, zerbait esaten digu umeek arreta nahikorik ez jasotzearen ondorio psikologikoen inguruan.

Bide batez, esan behar da Beñaten gurasoek rol tradizionalak betetzen dituztela, baina ikusita pertsonaia bereziki “positiboak” ez direla, agian gaurko irakurleak ez dio horri erreparatuko.

Beste ipuinak Polita du titulua, eta bere egilea Harold Jimenez Canizales da (Apila Ediciones-Denonartean, 2019). Jatorrizkoa, gaztelaniaz, 2016an argitaratu zen (liburuan ez da euskarako itzultzailearen izena agertzen). Narrazioaren protagonista sorgin bat da, eta urduri dago ogro batekin hitzordu erromantiko bat izango duelako laster. Enkontrurako bidean, aholku batzuk jasoko ditu bere irudia hobetzeko eta politago jartzeko, eta berak jarraituko ditu. Eta honaino azalduko dut, irakurlearen jakingura erabat ez asetzeko. Testuak mezu “pedagogiko” bat eskaintzen du (irakurleak deduzituko duena, ez baita diskurtsoaren bidez ematen): norberaren edertasunak eta autoestimuak ez dute zertan gizartearen konbentzioetara makurtu. Sorgina polita da bere horretan eta berak hala uste du. Mezu interesgarria da neskentzat eta ume guztientzat orokorrean. Ikaskizuna ez da, hala ere, ebidenteegia edo nabarmenegia. Izan ere, bi liburuetan dagoen umore ironikoak eta bukaerako koxkek (ez ditut azalduko) laguntzen dute didaktismoaren arriskua uxatzen

Ilustrazioen estiloa ere oso desberdinak dira, baina bi kasuetan dira erakargarriak bezain eraginkorrak.

Zer partekatzen dute, bada, horren desberdinak diren ipuinok? Bada, bietan, pertsonaia bat edo batzuk jaten dituztela!  “Munstroak jan egin zuen umea, oso-osorik” dio une batean McKeeren ipuinak. Horrelaxe, aizue, zalantzatik ez egoteko: “oso-osorik”. Canizalesen testuaren bukaeran ere, pertsonaia batzuk izango dira Sorginaren eta Ogroaren bazka, elkarrekin egiten duten pic-nic-ean. Eta inolako anbiguotasunik gabe azaltzen da hori. Leuntzerik ez, azukrerik ez.

(Bide batez, esango dugu ipuin honetan Sorgina izan dela pic-nic-erako menua prestatu duena. Horrek zentzua du istorioaren barruan, irakurleak ikusiko duenez. Espero dezagun hurrengo hitzorduan Ogroa izatea bere trebezia kulinarioak erakusten dituena).

Aitortu behar dut pertsonaiak irentsiak  izateak grazia berezia egin didala. Haur literaturaren inguruko formazio saioetan, hezitzaileek sarri agertzen dute zalantza hori: Otsoak hiru txerrikumeetatik bi irentsi beharko lituzke, kontakizun klasikoaren arabera, ala kumeek korrika ihes egin beharko lukete eta salbatu? Eta Otsoak jan beharko lituzke Txanogorritxu eta bere amona, ala hori, gaur egun, gogorregia da? Ni irenstearen alde nago, gero eta aldeago. Jakina, ipuina ez da errealistegia izan behar eta, adibidez, ilustrazioek ez dute zertan gorputz atal odoleztuak erakutsi. Umeak ez dira izutuko liburu batean pertsonaia bat merendatua baldin bada.

Aprobetxatzen dut biziki gomendatzeko Hik Hasi aldizkarian orain dela hilabete batzuk argitaratu zen artikulu bat: Literatura. Gehiegi babesten al ditugu haurrak? (2019-1-14). Bertan Juan Karlos Alonso psikologoak gogoeta erakargarri bat eskaintzen digu. Ezin dudanez oso-osorik hemen jarri, zati bat ekarriko dut, artikulu osoa irakurtzeko gogoa piztuko dizulakoan. Ipuin klasikoen jatorrizko bertsioen garrantzia azpimarratzen du Alonsok:

“Guk, heldu bezala, [haurra] gainbabesten badugu, eta dena politikoki zuzena bezala aurkezten badiogu fikzioan ere, haurrari ez diogu aukerarik ematen bere barruko sentimendu ezkor horiek era sinbolikoan proiektatzeko. Eta hor alukeria izugarria egiten diogu”. Modu bertsuan, ipuin horien bertsio samurragoak eginda “ipuin horiek deskafeinatzen baditugu, galdu egiten zaigu ipuin horien benetako funtzioa”.

Horren atzean bada, Alonsoren hitzetan, helduon partetik daukagun uste oker bat:

“Uste dugu ipuinen bidez hezi behar ditugula haurrak. Eta ez da hori. Haur literaturak eta ipuinek balio dezakete heziketan laguntzeko, baina literatura, batez ere, gozamenerako, errealitatea transgreditzeko eta norberak bere barruko lanketa egiteko da”.

Horregatik, ipuin klasikoak beste begirada batez ikusteko gonbitea egiten du. Bere esanetan,

«haur txikiei galdetzen badiegu zein ipuin nahi duten kontatzea, betikoak agertzen zaizkigu: txanogorritxu, hiru txerritxoak, zazpi antxumetxoak… Edota txotxongilo ikuskizunetan, pertsonaia zintzoak eta gaiztoak agertzen direnean, galdetzen badiegu haur txikiei gaiztoak zer egingo duen, erantzungo digute, ‘jan! Jan egingo du!’ Eta guk esaten badiegu “ez du jango, hitz egin behar dute, ados jarri behar dute”… Beste maila batean gaude eta izugarrizko altxorra galtzen dugu».

Duela gutxi, blog honetan Olatz nire lagunak beste ipuin bat gomendatzen zigun: Una caperucita roja, Marjolaine Leray (https://www.youtube.com/watch?v=ItKz94re3Zw). Ikusiko duzunez, betiko bertsioari buelta ematen zaio. Eta pertsonaia batek beste bat hiltzen du…

Begiratu bat eman, ea zuri ze inpresio egiten dizuten… Galdetu inguruan duzun umeari ea berari ze inpresio egiten dioten… Kontaiguzu, mesedez, gogorik baduzu.

Barkatu hemen moztea, baina testu honi bukaera eman behar diot lehenbailehen. Janariaz horrenbestez hitz egin ondoren, sekulako gosea sartu zait eta buelta bat eman beharko dut ea hortik zer aurkitzen dudan…

 

Esta entrada fue publicada en anitzak y etiquetada , . Guarda el enlace permanente.

6 respuestas a Ipuinetako pertsonaiak hiltzea, jatea…? Gogoeta bat eta bi liburu eder

  1. mikel ayerbe dijo:

    Gogoeta oso ona, Amelia. Eskerrik asko.

    Nire aldetik, gai honi lotutako beste hainbat adibide aipatu nahiko nituzke:

    – Batetik, ahozko euskal tradiziotik eratorririko egungo moldaketak genituzke. Horien arten, Begoña Durrutyren «Mitxitxi marriau»(2011), non J.M. Satrustegik bildutako izen bereko ipuin tradizionala album ilustratu bilakatzen duen (aurrez, Juan Kruz Igerabidek ipuin beraren beste aldaera bat bildu zuen “Zaku bete hauts” 2007ko lanean). Ipuinaren gakoa amak semea hil eta aitari jaten ematean datza, hemen azalduko ez dudan amaiera harrigarriarekin. Bide batez, Durruty-k bere web-orrian ederki aletzen ditu ipuinaren oinarrian dauden eragin tradizionalak, bai eta Satrustegiren artikulu interesgarri baterako zubia eskaini ere.
    Horrekin lotuta, «Oreina bilakatu neska» izendaturiko baladan oinarritutako Mariasun Landaren «Azken balada» (2016) moldapenean ere mahaigaineratzen den lapikoko janariak berebiziko garrantzia izango du, eta amaiera trajikoa eragingo.

    – Bestetik, Maurice Sendaken «Piztiak bizi diren lekuan» eta «Gaueko sukaldean» album bikainak aipatu behar. Lehenengoan, Max gaiztakeriak egiten ageri zaigu hasieran eta amak zigortu egingo du, «PIZTIA EZ BESTEA!» deitu eta Maxek, hain zuzen, «JAN EGINGO ZAITUT!» erantzun ostean. Jakina denez, zigorraren ostean Maxek piztiak bizi diren lekura bidaiatuko du eta handik ospa egiterakoan, piztiek oihu egingo diote: «ez zaitezela joan, mesedez! Jan egingo zaitugu. Asko maite zaitugu».
    Bigarrenean, aldiz, Mikel da protagonista eta bidaia oniriko batean, gaueko sukaldean datzan orez beteriko katilu batera jausiko da. Hitlerren itxurako bibotea duten Oliver Hardyren eiteko hiru gozogilek Mikel orearekin nahastu, eta eragin, oratu, prestatu eta laberatu egiten dute, ondoren jateko. Baina Mikel matxinatu egingo da eta ihes egitea lortuko du. Bere garaian, honakoa idatzi nuen album horretako elementu horiez: “Edonola ere, keinuok [Hitlerren biboteak, umea labean bizirik sartzeak…] irakurle helduaren sentsibilitatea uki badezakete ere, pentsatuz umeentzako egokia ez den liburu baten aurrean gaudela –hala nola Mikelen biluztasunak eta ipuinean zehar pitilin bistan agertzeak bere garaian sortu zituen eztabaida eta zentsurak dira horren lekuko–; egia ere bada haur irakurleei horrelako pasarteek helduek hasiera batean pentsatu baino eragozpen gutxiago sortzen dizkietela. Izan ere, haur literatura horrelako `gehiegikeriez’ blai dago, hasi Hansel eta Gretelengandik eta J.M. Satrustegik bildu eta Begoña Durrutyk ederki ilustraturiko Mitxitxi marrau lanera arte, kasu”.

    – Eta azkenik, nire ustez behintzat Alonsoren hitzak ezin hobeki ilustratzen dituen Mariasun Landaren «Iholdi» (1988) paregabeko lanetik “Sikologoa” izeneko ipuina ekarri behar:

    “Andereñoak ipuin labur bat idazteko agindu digu. Nirea gelako laburrena izan da. Honela zioen:

    «Ikastola batean haur guztiak oso txikiak ziren. Egun batean haur bat galdu egin zen eta zorri batek jan zuen. Eta inor ez zen konturatu».
    Amaiera.

    —Benetan laburra hire ipuina! —esan dit andereñoak eta kezkatua sumatu dut.

    Handik pixka batera galdetu dit ea nire ipuina gizon bati erakusten utziko niokeen eta nik baietz erantzun diot. Gizon horrek Sikologo du izena”.
    («Sikologoa», Iholdi, 1988: 38)

  2. mikel ayerbe dijo:

    Bide batez, atzora arte irakurri ez banuen ere, Juan Kruz Igerabide eta Elena Odriozolaren «Euskal Herrietako ipuin gaiztoak» liburuan «Mitxitxi marriau» ipuinaren beste moldapen bat dator, «Amak hil nau, aitak jan nau» izenburupean.

    • abarquin dijo:

      Mikel, ze interesgarria! Eskerrik asko partehartzeagatik. Ematen dituzun erreferentziak oso baliagarriak iruditu zaizkit. Tradizioa ez da izan horren politikoki zuzena, argi dago. Kontua da nolakoa den egungo ekoizpena, ea nor ateratzen den zuzenkeria horretatik, ea hartzaileak zer jasotzeko prest dauden… Beno, ikusten dut batzuk ausartzen direla oraindik “gordinkeriak” kontatzen haur literaturan…
      Ze ona “psikologo”ren pasartea!
      Besarkada!

  3. Pingback: Ipuinetako pertsonaiak hiltzea, jatea…? • ZUZEU

  4. Pingback: Elkarrizketa Amelia Barquinekin:Ipuinetako pertsonaiak hiltzeaz, jateaz… – Guraso.eus

  5. Pingback: Odon de Apraiz Ikastola » Blog Archive » BI ALTXOR

Deja una respuesta

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Salir /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Salir /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Salir /  Cambiar )

Conectando a %s