Hiru irakurketa (oso desberdin) prostituzioaren inguruan: Dolores Juliano, Chester Brown eta Ana Urkiza

Hiru testuen gakoetako bat prostituten estigmatizazioa da (pertsona onartezinak edota balio gutxiagokoak direla kontsideratzea). Ikuspegi desberdinak aurkitzen ditugu testuotan.

UMEENTZAKO LIBURU BAT

Umeek nagusioi galdetzen digutenean ea zer den “puta”, edo haserrealdietan hasten direnean elkarri “hijoputa” deitzen, nola azaldu hori zer den? Eta “club” zer den galdetzen dutenean, kotxean gaudela hitz hori jarrita daukan eraikin bat albo batera utzirik?

Liburu hau topatu dut liburu denda batean; duela 9 urtekoa da eta ez duzue erraz aurkituko liburu dendetan, baina biblioteka batzuetan egongo da:

Marita y las mujeres en la calle, Dolores Julianorena (marrazkiak Mabel Piérola-renak dira), Barcelona, Bellaterra, 2004.

Liburuak ez du ipuinik kontatzen: ama eta alabaren arteko elkarrizketa da; amak prostituzioari buruz azalpena ematen du, umearen galderei erantzunez. Azalpenak ulergarriak dira umeentzat: zertan datza lana, bere zailtasunak, gizartearen kontsiderazioa… Helburua da prostituzioaren estigmaren kontra jotzea, baina ez da jardueraren aldeko testu bat. Marrazkiak ez dira agian umeentzat oso erakargarriak, baina liburuak bere azalpenezko funtzioa egoki betetzen du, Dolores Juliano antropologo jakintsuaren ikuspegia partekatzen badugu, noski.

Liburua atera zenean Hetaira kolektiboaren babesa jaso zuen, baina beste talde batzuek egur galanta eman zioten. Feminismoan eta gizartean orokorrean prostituzioaren inguruan dauden iritzi kontrajarriak islatzen ditu polemika horrek.

Niri testua egokia iruditu zait eta kritika ez dut konpartitzen; liburua lagungarria da gaia umeekin ganora apur batez tratatzeko. Nik neuk etxean erabili dut eta maileguan uzteko prest nago.

NAGUSIENTZAKO KOMIKI BAT

Hurrengo testuak harridura sortu dit:

Pagando por ello. Memorias en cómic de un putero.Chester Brown-ena (gidoia eta marrazkiak). Barcelona, La Cúpula, 2011.

 

Tituluak argi uzten duenez, liburu autobiografikoa da: Chester Brown prostituten bezeroa da eta urte askotan zehar hainbat sexu-langilerekin izandako esperientzia kontatzen du. Ikuspegia oso ez-ohikoa izan da niretzat: komikigileak azaltzen du, nobia batzuk izan ondoren, ez duela maitasun erromantikoan sinisten, ez daukala gaitasun sozialik sexu esporadikoak eskatzen dituen harremanak lortzeko (alegia, tabernetan gauez ligatzeko) eta aldi berean ez lukeela betirako emakumeekiko sexurik gabe gelditu nahi. Hasten da, beraz, prostitutekin kontaktatzen: berak ezagututako emakumeak ez dira trataren biktimak, sexu-langileak baizik. Ez da inolaz ere komiki erotiko bat; prostitutekin bere enkontruak azaltzen ditu: bere jokaerak, bere zalantzak, bere gustuak, emakume horiekin elkarrizketak, bere adiskideekin elkarrizketak prostituzioaren inguruan (adiskideak nahiko kontra agertzen dira)…

Komikigileak prostituzioari buruzko hausnarketa “teorikoa” ere egiten du (liberalismo libertarioaren ildoan) eta azkeneko orrialdeetan hainbat eranskin eta ohar jasotzen ditu gaiaren inguruan, nire ustez oso interesgarriak. Orrialde horiek autojustifikazio moduan ulertu ahal ditugu, baina aldi berean esan dezakegu liburua prostituten lanbidearen estigmatizazioaren kontrako testua ere badela.

Argi eta garbi: Dolores Julianoren liburua arbuiatzen dutenei komiki hau egundoko sakrilegioa irudituko zaie. Niri, berriz, zer pentsatu eman dit eta biziki gomendatzen dut. Gaia albo batera utzita, komiki moduan ederto funzionatzen du eta oso entretenigarria da.

“EMAGALDUEN” INGURUKO ARTIKULU BAT

Duela aste gutxi, Bilbon gertatu diren hiru emakumeren hilketak zirela eta, Ana Urkizaren artikulu hau irakurri nuen:

“Galderak alderantziz”, Deia, 2013-6-10.

Artikuluak polemika bati erantzun nahi dio: ea hilketen albisteetan aipatu behar den hildako emakumeak prostitutak diren ala ez. Ana Urkizaren tesia da baietz, esan behar dela.

Nire harridurarako, prostitutak zirela adierazteko ez du inoiz “prostituta” hitza erabiltzen, “emagaldua” baizik. Hiru aldiz egiten du; ez da, beraz, behin eta konturatu gabe ihes egin dion terminoa. Artikulua honela hasten da:

Hiru emakume hildako Bilbon. Eta kazetariek informazioaren erabilerari buruzko auzia buruhauste. Inork ez du zalantzan jarri hildakoak emakumeak zirela esan behar ote zuten. Baina bai bata kolonbiarra zela jakitera eman behar ote zen eta bestea afrikarra eta emagaldua.

Nire galdera honakoa da: “emagaldua” besterik gabe erabil daiteke? Ni euskaldun berri (zaharra) naiz eta batzuetan euskararekin nire sena zalantzan jartzen dut. Baina nago “emagaldu” hitza bere etimologiatik gertuegi dagoela eta niri gure izeba zaharrek erabiltzen zuten “perdida” terminoa gogorarazten dit (adibidez: “era una perdida y acabó muy mal”), eta baita ere senarra ez zen gizonekin harremanak zituzten emakumeei buruzko espainiar koplak (Concha Piquerren fana da nire ama; beno, eta ni ere bai :-)).

Egia da UZEI sinonimo hiztegiak honako baliokideak eskaintzen dituela prostitutarentzat: emagaldu, ematxar, maritzar, puta, urdanga; baina pragmatikaren arloan konnotazio ukaezinak dituztela iruditzen zait, eta esango nuke kazetaritzan termino objektibo bakarra “prostituta” dela. Besteak erabiltzeak santzio morala adierazten du.

Erratuta egongo al naiz?

Esta entrada fue publicada en anitzak y etiquetada , , , . Guarda el enlace permanente.

3 respuestas a Hiru irakurketa (oso desberdin) prostituzioaren inguruan: Dolores Juliano, Chester Brown eta Ana Urkiza

  1. Iruditzen zait “sexu-langile” ere termino objektiboa izan daitekeela, ez bakarrik “prostituta”.

  2. Pruden dijo:

    Kapritxoa izan dut “emagaldu” hitza euskal biblia batean bilatzeko, bereziki oso ezaguna den Ebangelioko pasarte bat:

    “Jesusek esan zien: «Benetan diotsuet: Zergalariak eta emagalduak zuek baino lehenago sartuko dira Jainkoaren erreinuan. ” Mt, 21,31

    Parabola baten ondorio gisa esaten du hori Jesukristok; entzule duten guztiei esaten die. Ez da erraza Jesusek prostitutei buruz pentsatzen zuena bi hitzetan laburtzen saiatzea, baina ez dirudi bereziki gaitzesten zituenik, sazerdoteak baino askoz ere gutxiago, ziur aski. Besteak beste, ez dirudi garbitasunarekin obsesionatuta bizi zenik, adibidez.

    Gaia interesgarria izan daiteke, baina hemen euskal hitzez ari ginen bereziki. Eta hau da esateko neukana, eta hortik goiko excursusa: “emagaldu” hitzak niretzat konnotazio erlijioso nabarmenak ditu, apaizen ahotan baino ez dut imajinatzen. Inpresio erabat pertsonala da, baina uste dut “emagaldu” hitza bere testu batean erabiltzen duenak hitzaren konnotazio erlijiosoaz jakitun izan behar duela. Bide batez, euskara batuko Bibliaren itzulpenean hobetsi den terminoa da, tradizio sendo bati segituz ziur aski. Berez ez dago zertan, baina niri arraroa egiten zait testuinguru horretatik kanpo entzutea.

    “Prostituta”, aldiz, Bernardo Atxagaren poema batean dago, Ruperrek kantatzen dituen horietako batean (“Kalatxoriak” uste dut dela izenburua, eta Bilboko eguneroko paisaiaz dihardu). Niri durundi egiten dit belarrian, modernoa eta nolabait neutroa iruditzen zait. Bilboko euskalkia.

    Ez zait oso ohar koherentea atera, apika, baina berdin dit. “Prostituta” da, ziur aski, dugun termino neutral xamar (“xamar”) bakarra; “sexu-langilea”-k beste konnotazio batzuk ditu, beste testu santu batzuekin konektatzen gaituztenak… baina hortxe utziko dut kontua.

    Kuriositate gisa: “emagaldu”-k 61 agerpen du euskal biblia batuan. “Puta”-k zero. “Prostituta”-k zero. Bila daitezke ere beste hainbat hitz Bibliaren hainbat bertsiotan, baina nekatu naiz kontuareki. Hemen dago helbidea:

    http://www.biblija.net/biblija.cgi?biblia=biblia&l=eu

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s