Komun berezituak neskak eta mutilentzat ala ez? Eskola, generoa eta arkitektura

Letrinak Ostia Antican (Iturria: http://www.absolutitalia.com/ostia-antica-las-ruinas-de-una-ciudad-portuaria/)

Komunen diseinua birpentsatzea

Bizi naizen hirian ikastetxe bat zaharberritzen ari dira, eta hezkuntza komunitateak bere beharrak eta iritziak adierazteko aukera izan du. Alderdi askoren artean, planteatu da komunek zein diseinu behar duten, eta kontuan hartu da irakasleak generoaren inguruan (eta ikastetxean generoa tratatzeko moduaren inguruan) egiten ari diren hausnarketa prozesua. Planteamendua oso interesgarria da eta, aldi berean, oso ezohikoa. Eskola gutxitan sortzen da eraikinaren arkitekturari buruz zerbait esateko parada, normalean ez baita erabiltzaileen iritzia eskatzen. Baina, gainera, hezkuntza komunitate guztiek ez lukete agian irizpide propiorik izango arkitektura ekipoari adierazteko.

Bestalde, komunen diseinuari buruz eztabaidatzea ez da ohikoa; komunari eta pertsonen hondakinei dagokienak tabua izaten jarraitzen du hein handi batean. Eta, hala ere, uste dut eskolan aukera egon behar duela gorputza bere osotasunean tratatzeko, eta darabilgun gaiak ere orain arte jaso ez duen arreta merezi duela eta baita trataera pedagogiko kontzientea ere.

Oinarrizko irizpide bat

Nolakoak izan behar dute komunek? Ez da edonolako galdera; zalantzarik gabe, diseinu arkitektonikoak badauka zeresanik parekotasunaren aldekoak eta aniztasunarekin begirunetsuak izan nahi duten esparruetan.

Izan ere, abian dagoen obrari begira, oinarrizko irizpide bat da esparruek nesken eta mutilen arteko parekotasuna erraztea, eta baita ikasleen identitate aniztasuna –formazio prozesuan dauden identitateak– ahalbidetzea ere. Diseinu arkitektonikoak badauka zeresanik irizpide horrekin lotuta, nahiz eta maiz ez den arreta nahikorik jartzen arkitekturak ikastetxeen balioei egin ahal dien ekarpenetan.

Ikasi dugu jada eskolako patioa ezin dela soilik futbol zelai bat izan futbolean ondo jokatzen duten mutilentzat, eta beste mutilek eta ia neska guztiek ez dutela gainerako bazterrak erabiltzearekin konformatu beharrik (Subirats eta Tomé 2007), baina eskolako esparru asko berriz pentsatu behar dira oraindik. Komunek ez dute salbuespenak izan behar, guztiz kontrakoa baizik. Ez da ahaztu behar, osagai funtzionala edukitzeaz gain, sinbolikoa ere badutela, eta ez garrantzi gutxikoa, ikusiko dugunez.

Ikastetxean bi gai planteatu dira. Lehenengoa izan da ea irakasleek Haur Hezkuntzako umeei “zutik (mutila) / eserita (neska)” logikoa binarioan pixa egiten irakatsi behar dieten edo logika hori gainditu behar duten. Bigarrena izan da ea esparru bereiziak izan behar diren, alegia, “nesken komunak” eta “mutilen komunak”, orain arte bezala. Bigarren gaiari helduko diogu testu honetan, lehenengotik azkar batean pasatu ondoren.

 

Imagen

“Zutik (mutila) / eserita (neska)” dikotomia

Gai hau beste testu batean jasota dago (Barquín 2014) eta ez naiz hemen luzatuko. Esango dut soilik goian aipatutako eskolako Haur Hezkuntzaren irakasleek uste dutela egokiena eta higienikoena haur guztiei pixa eserita egiten irakastea dela (aipatutako testuan aurkituko da azalpena garatuago).

Ondorio logikoa izango litzateke, beraz, ikastetxearen diseinu berrian, esertzeko ontziak ikasle guztientzat egotea, eta ez jartzea mutilek orain arte erabilitako paretako pixontziak. Baina beste kontsiderazio batzuk ere kontuan hartu dira: irakasleen esperientzia da mutil ugarik, baita oso txikiak direnean ere, erresistentzia handia egiten dutela esertzearen kontra, eskolaz kanpoko haien ingurunean ikasi dutelako zutik egitea gizontasunaren parte dela (ezin uko eginezkoa?).

Horrek esan nahi du mutilen kopuru garrantzitsu batek jarraituko duela horrela jokatzen eta, ondorioz, beste guztiak eseriko diren estalkiak zikintzen, gehiago ala gutxiago. Horren ondorioz, neskak eta beste mutilak esertzeko ontziak kokatzeaz gain, eskolan beharrezkotzat jo dute paretako pixontzi batzuk ere jartzea, zutik egiten jarraituko duten mutilek horiexek erabil ditzaten.

Generoaren logika binarioa gainditzeko beharra

Beatriz Preciadok (2006) azaldu du ustez premia naturalen zerbitzura dagoen arkitektura nola hel daitekeen generoa eraikitzen duen teknologia ezin diskretu eta eraginkorragoa izatera.

Gogoratu dezagun, lehendabizi, generoa eraikuntza sozial eta kulturala dela. Pertsonak bi sexuen arabera sailkatu eta gero, sexu bakoitzari izateko eta jokatzeko era multzo bat egozten zaio, sozializazioaren bidez haragitzen dena. Umeak bi genero oposatuetan sozializatze horri hainbat eragilek laguntzen diote: familiek, eskolak, erlijioak, komunikabideek, kultur produktuek…

Marina Subirats-ek, koheziketari buruzko ikerketa klasiko baten egileak (Subirats eta Brullet 1988), azaltzen du beharrezkoa dela bi generotan hazi eta heztearekin lotutako murrizketak gainditzea. Generoek desagertu behar dute: gizarteak inposatutako jokatzeko eta aritzeko moduek, sexuen arabera gizabanako guztientzat derrigorrezkoak direnek, ez dute laguntzen bizitzen (Subirats 2013: 184). Egileak azaltzen duen bezala:

“Ez dauka zentzurik mutilei oldarkortasuna agintzeak, soilik mutilak izateagatik, haien izaeran eta borondatean egon ala ez; eta xamurtasuna eta enpatia neskei agintzeak, neskak izateagatik, nahitaez. Gizaki bakoitzak askea izan behar du bere jarrerak hautatu ahal izateko […]. Gizaki bakoitzak aukera eduki behar du garai bateko ezaugarri femeninoak eta maskulinoak, bere baitan aurkitzen dituenak, konbinatzeko, eta horretarako askatasuna behar du, berak nahi duen neurrian eta egoeretan aukeraketa hori egiteko”. (Subirats 2013: 185. Itzulpena nirea da).

Hezkuntzaren arloan, beste hainbat arlotan bezala, asko dira honako hau aldarrikatzen duten ahotsak: “Gizakiak nahi dutena izatea eta nahi duten bezala bizitzea, jaio diren sexuak markatutako paturik gabe” (Varela 2008). Azkeneko hamarkadetan garatu den Queer filosofiak etiketarik gabeko mundu bat proposatzen du, zeinetan nork bere identitatea libreki eraiki ahal izango duen.

Ez da makala hezkuntza sistemak, orokorrean, eta ikastetxe bakoitzeko irakasleek, zehazki, generoaren eraikuntzaren arloan oraindik egin behar duten hausnarketa. Bide hori auto-kontzientziatik abiatzea desiragarria da: zein neurritan erreproduzitzen ditugu nire ikastetxeak eta nik neuk genero presioak ikasleengan, edo, alderantziz, zein neurritan laguntzen diegu gure ikasleei izaera libreagoa garatzen?

Imagen

Komun publikoak generoa eraikitzeko gailuak dira

Komun publikoak (tabernakoak, zinemakoak…) eta etxeko komunak ez dira berdinak. Etxeetan gela bakarra dago hondakinez libratzeko, eta bertan komun-ontzi bakarra, zoruari itsatsita, edozeinek pixa zein kaka egiteko. Komun publikoetan, berriz, bi esparru daude, bat emakumeentzat eta bestea gizonentzat. Eta esparruak desberdinak dira, dakigunez. Emakumeek ontzia bi funtzioetarako erabiltzen dute; gizonentzako komunean, berriz, zoruko ontzia kaka egiteko erabiltzen da, eta paretako ontziak pixa egitekoak dira. Eskola batzuetan komuna etxekoa bezalakoa da, baina gehienetan leku publikoen komunekin antz handiago dauka.

Preciadok, komun publikoen inguruan duela urte batzuk egin zuen analisian, argi eta garbi azaldu zuen gorputzaren zaborra kudeatzeko espazioak izateaz gain, generoa zelatatzeko kabinak ere badirela

“Komun bakoitzaren atean, zeinu bakar gisa, genero-interpelazio bat: maskulinoa ala femeninoa; emakumezkoak ala gizonezkoak; txapela edo zapia; bibotea edo loretxoa, kaka eta pixa egitera joan ordez generoa berregitera joango bagina bezala. […]. Axola duen bakarra GENEROA da” (Preciado [2006] 2013: 112).

Izan ere, egileak azaltzen duen bezala, emakumeen komunetan, adibidez, edozein erabiltzailek beste erabiltzaile baten genero seinaleak ebaluatu ahal ditu (ilearen luzaera, makillaje eza, ibilera…), eta, horren arabera, pertsona horri adierazi lekuz erratu dela eta hortik kanporatu (poliziaren laguntzarekin, beharrezkoa baldin bada).

Komun publikoetan, emakumeek eserita egiten dituzte bi funtzioak, biak esparru pribatuan. Esparru publikoagoa da ispiluarena, non emakumeek generoa elkarrekin atontzen duten. Gizonen komunetan, berriz, bi funtzioak (genitala eta uzkikoa) bananduta daude: pixa esparru publikoan egiten dute; kaka, aldiz, pribatuki, uzkia begiradatik babestu behar dute eta.

Gizonen komun publikoak konplizitatea eta sexua esperimentatzeko lekuak ere izan dira eta badira, emakumeen komunak ez bezala. Edozein modutan ere, Preciadoren ustez, pixa zutik egitea maskulinitate heterosexualaren performance eraikitzaileenetarikoa da, genero sortzailea da. “Horregatik, lau pareta itxiren artean egon beharrean, taldearen begiradapeko espazio publikoan daude kokatuta: gizonen-artean-zutik-pixa-egitea partaideen arteko adiskidetasun-loturak sortzen dituen jarduera kulturala delako, gizon egiten dituelako” (Preciado [2006] 2013: 115). Egileak dioenaren ildotik, “hondakin organiko baten kanporatze bakoitzak generoa berriro sortzeko aukera gisa balio du” (Preciado [2006] 2013: 116).

Gehitu nahiko genuke intimitatearen beharra dela arreta eskatzen duen beste alderdi bat eskolako komunen diseinuan. Beatriz Gimenok (2012) azaldu du gizon eta mutilen artean egon daitekeela bakarka pixa egiteko nahia, beste gizon eta mutilen begiradetatik aparte eta konparaketatik libre; horrela adierazten dute hainbatek.

Imagen

Eta mugitzeko zailtasunak dituztenak?

Interesgarria da konturatzea mugitzeko zailtasunak dauzkaten pertsonekin normalean ez dela eskatzen genero sailkapen zorrotzik. Haientzat komun bakarra dago toki gehienetan. Eta gerta daiteke, gainera, emakumeentzako espazioan txertatuta egotea (umeen fardelak aldatzeko gailua bezala). Erabaki pragmatiko moduan uler daiteke, errekurtso asko ez inbertitzeko, baina, aldi berean, badirudi aniztasun funtzionala duten pertsonak sailkatzea ez dela besteak sailkatzea bezain garrantzitsutzat jotzen. Zergatik? Azalpena izan daiteke besteek ez dituztela sexudun moduan ikusten. Haiekin, beraz, “berdin da”. Haien elbarritasuna da lehenengo planoan –bakarrean?– jartzen dena, kito.

Paco Guzmánek eta Raquel Lucas Platerok hitz egin dute sexualitatearen arloan desgaitasuna duten pertsonen inguruan eraiki den estereotipo multzoaz: ez dutela sexu instinturik, ez direla erakargarriak edo desiragarriak, ez direla gai sexu harremanak izateko… Sexua tabu moduan irudikatzen da haien kasuan. Izan ere, Guzmánek eta Platerok azaltzen dutenez, aurreiritzi horiek “pertsona presionatzen dute, gizarteak berarengandik espero duena izaten saiatzeko: izaki asexuala” (Platero 2012: 146. Itzulpena nirea da).

Horrek berretsi egingo luke Preciadoren ondorioa, alegia, komunak generoa eraikitzeko gailuak direla. Elbarriekin ez litzateke beharrezkoa izango, asexual moduan ikusten diren heinean.

Ume transexualak eta komunen erabilera

Beste komunak bezala, eskolako komunak ere, gaur egun diseinatzen eta erabiltzen diren eran, generoa eraikitzeko tresnak dira; hori argi gelditzen da zenbait umerekin gertatzen diren gatazka batzuetan, hain zuzen, mediuek eta gizarteak esleitu dieten generoarekin identifikatzen ez diren umeekin lotuta sortzen diren gatazketan.

Hori izan da Coy Mathisen egoera, sei urteko ume estatubatuarra, zakilarekin jaioa eta bere burua neska moduan ikusten duena. Noiz egin du jauzi gaiak komunikabidetara? Umearen eskolako zuzendariak neskentzako komunak erabiltzen jarraitzea debekatu ondoren, haren gurasoek gaia auzitegira eraman dutenenean, umearen eskubideak urratzen ari zela uste zutelako (García 2013).

Andaluzian ere fiskaltza gorenak erabaki zuen ikertzea zein trataera jaso zuten hiru umek (sei, zortzi eta bederatzi urtekoek) haien ikastetxeetan. Aztertu behar zen, hain zuzen, ea ikastetxe horietan gurasoen eskaerei jaramon egin zieten, alegia, umeak beraiek aukeratutako izenekin gelan izendatuak izateko, haien identitatearen araberako arropa edo uniformea janzteko eta identitate horrekin lotutako komuna erabiltzeko jaramon egin zieten (Rincón 2013).

Generoen araberako komunen erabilerari garrantzi handia aitortzen diote hezkuntza komunitateko partaide guztiek, ikusten dugunez. Ez soilik aipatutako umeek, baizik eta haien familiek (umeen aukeraketaren alde) eta eskolako autoritateek ere (aukeraketa horren kontra).

Badago hemen zer hausnartu: queer filosofiak emakume/gizon binarismoa (alegia, bi generoen arteko dikotomia) arbuiatzen du, eta baita une oro nork bere burua generoaren arabera sailkatzeko beharra ere. Argi dago, baina, eskoletan komun bereiziak edukitzeak gaur egun sailkapen hori egitea eskatzen duela eta binarismo tradizionala bultzatzen duela: umeak bere burua generoaren arabera definitu behar du hainbat aldiz egunean zehar, eta beste umeek eta baita irakasleek eta zuzendariek ere –aurreko kasuetan ikusi dugunez– epaitu ahal izango dute ea definizio hori “ondo eginda” dagoen neska/mutil konbentzio sozialen arabera. Horren ondorioz, batzuek jasoko duten mezua honakoa da: “hau ez da dagokizun komuna; eta gainera zuk ezin duzu erabaki nor zaren, jaio berritan adituek esleitu zizkizuten sexu eta generora egokitu behar duzu nahitaez”.

Beharrezkoa da hori horrela izatea? Ez da hobea alternatiba osasungarriagoak bilatzea, umeen garapenean genero presioak une oro ez erreproduzitzeko?

Imagen

Ikastetxearen proposamenak

Artikuluaren hasieran aipatutako eskolan hainbat erabaki hartu dira komun berrien diseinuarekin lotuta, horiek erabiltzeko irizpide multzo bat finkatu ondoren. Zeintzuk dira irizpide horiek?

1. Haur Hezkuntzako etapan irakasleek ume guztiei irakatsiko diete eserita pixa egiten. Familiekin partekatuko da irizpide hori (familia batzuek etxean beste modu batean jokatuko dutela jakinda ere).
2. Umeak ez du bere burua sailkatu behar komuna erabiltzerakoan. Beraz, ez du balioespenik jasoko eta inork ez du handik kanporatuko toki hori ez dagokiola kontsideratzeagatik.
3. Esan bezala, neskez gain, mutilak ere eseri ahal izango dira pixa egiteko. Komun horien estalkiak zutik egiten duten mutilek ez zikintzea ere kontuan hartzekoa da.
4. Zutik egiteko aukera ere egongo da, beraz, eserita egin nahi ez dutenentzat.
5. Lehen hezkuntzan erabiltzaileak intimitatean aritu ahal izango dira (kaka zein pixa, zutik zein eserita, generoa edozein izanik ere).
6. Komun aretoa toki segurua izango da. Jakina denez, ikasleen arteko erasoak esparru horretan gertatzen dira maiz (generoko erasoak, bullying homofobikoak eta mota guztietako erasoak…); diseinuak horrelakorik ez gertatzea erraztuko du.

Argi dago, bestalde, komunek erabilgarriak izan behar dutela mugitzeko zailtasunak dauzkatenentzat. Horretaz gain, diseinu berriak zerrendaren irizpide guztiei eman beharko lieke erantzuna. Aurreikusten da, beraz, ez dela egongo generoen araberako komun bereizirik (ez da kartelik egongo). Komun aretoan gelatxo indibidualak jarriko dira, bakoitza bere atearekin; gehienek zoruko ontzia izango dute, eta batzuek paretako pixontzia. Norberak aukeratuko du bere beharretara hoberen moldatzen den lekua. Guztiek erabiltzeko esparruak –ispilua eta konketenak– ez du bazter ezkuturik izango, erabiltzaileak seguruago senti daitezen.

Ziur asko beste irizpide batzuk eta beste proposamen arkitektoniko batzuk egon daitezke. Esperientzia honek balio beza adibide moduan; hausnarketa interesgarri eta ezohikoa den aldetik, agian, beste ikastetxe batzuentzat erreferentzia izan liteke.

Aipatutako bibliografia

BARQUÍN, A. (2014). “Baina mutilek pixa eserita egin dezakete? Maskulinitatea, hezkuntza eta komunen erabilera”, Kinka bloga, https://abarquin.wordpress.com/ 2014-1-15. (Bertsio laburrago bat hemen: Hik Hasi 183, 2013, 33-35).

GIMENO, B. (2012). “¿En qué váter entramos?”. Pikara magazine, http://www.pikaramagazine.com/, 2012-7-5.

GARCÍA, C. (2013). Una niña transexual de seis años gana una demanda civil en Colorado. El País, 2013-6-13.

GUZMÁN, P.; PLATERO, R. L. (2012). Passing, enmascaramiento y estrategias identitarias: diversidades funcionales y sexualidades no-normativas. In Raquel (Lucas) Platero (ed.). Intersecciones: cuerpos y sexualidades en la encrucijada. Barcelona: Bellaterra, 125-158.

PRECIADO, B. (2013): “Generoa eta zaborra. Pixa egin/kaka egin. Maskulinoa / femeninoa”, Genero ariketak. Feminismoaren subjektuak. Gipuzkoa: Edol, 111-117. Ainara Sarasketa Alberdik itzulia. Gaztelaniaz: “Basura y género. Mear/ Cagar. Masculino/ Femenino” (2006). http://www.hartza.com/basura.htm.

RINCÓN, R. (2013). La fiscalía investiga el trato dado en tres colegios a niños transexuales. El País, 2013-10-2.

SUBIRATS. M; BRULLET, C. (1998). Rosa y azul. La transmisión de los géneros en la escuela mixta. Madrid: Ministerio de Cultura e Instituto de la Mujer.

SUBIRATS, M.; TOMÉ, A, (2007). Balones fuera. Reconstruir los espacios desde la coeducación. Barcelona: Octaedro.

SUBIRATS. M. (2013). Forjar un hombre, moldear una mujer. Girona: Aresta Mujeres.

VARELA, N. (2008). Feminismo para principiantes. Barcelona: BSA.

 

Artikulu hau HikHasi aldizkarian argitaratu da (HikHasi 187, 2014ko apirila, 32-35).

Esta entrada fue publicada en generoa y etiquetada , , , . Guarda el enlace permanente.

Una respuesta a Komun berezituak neskak eta mutilentzat ala ez? Eskola, generoa eta arkitektura

  1. Pingback: Talaia » Zutunik ala jesarrita?

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s