Ba al da progrea lokal alternatiboetan erretzea?

Galdetzen diot nire buruari. Aspaldidanik. Gobernuak leku publikoetan debekatu zuenetik.

Zeren orduz geroztik zera gertatzen zait, hainbat lokal alternatibo eta autogestionatutan egiten diren bileretan, hitzaldietan, jardunaldietan… erretzaileek erretzen dutela.
Niri behintzat ez zait inoiz suertatu horrelakoetan inork galdetzea ea erre dezakeen. Erretzen dute eta listo. Imaginatzen dut modu batean edo bestean lokalak kudeatzen dituztenek noizbait hitz egingo zutela gaiaz (edo agian ez); edozein modutan ere hautsontziak egotea seinale argia da tabakozaleentzat. Eta ez egotea, batzuetan ere bai.

Bileraren edo jardunaldiaren hasieran ez du erretzen jendeak. Lehenengo ordu erdiz agoantatzen du. Orduan batek hartzen du hautsontzia eta zigarroa pizten du, eta gero beste batzuek, eta momentu batetik aurrera ugari dira ke adarrak, zer kontatuko dizuet… Ziur aski inor ez da smog horren erantzule zuzena sentitzen; aizu, hiru zigarrotxo erretzeagatik ez da ezer gertatzen, pentsatuko du norberak. Baten batek irekitzen du atea, edo leihoa, hotz handirik egiten ez badu, zarata asko ez bada sartzen…

Argi dago bertaratutakoak ez garela horretaz hilko, minbizi bat ez dugula garatuko astean gehien jota bi orduko pare bat bilera egiteagatik (diot nik). Etxera heldutakoan arropa kanpoan zintzilikatuko dugu, edo zuzenean garbigailuan sartu, eta berandu baino lehen dutxa bat hartuko dugu iletik usaina kentzeko. Hori ere ez da larria, ezta? Inork ez dio horri garrantziarik ematen, ezta? (Edo denoi ez zaigu horren ondo iruditzen eta molestiatzat hartzen dugu?).

Bileraren edo jardueraren ostean, arropa egurastea edo garbitzea, dutxa bat hartzea… aulki gurpildunean mugitzen den nire lagunarentzat, berak behar ez duen ahalegin estra bat da… Niri ere, daukadan asma puntuarekin, ez zait kea oharkabe pasatzen. Beste batzuei usaina bera edo zigarroen kea arnastea desatsegina (maila desberdinetan) egiten zaie…

Zer da aniztasuna errespetatzea: erretzea edo ez erretzea?

Egingo nuke ez-erretzaile askok egonezina sentitzen dutela/dugula egoera horietan. Zergatik ez da inor ausartzen ezer esaten? Errealitatearen hamaika erpinak zorrotz analizatzeko prest gauden foroetan, zer gertatzen da gure jardueraren alderdi horrekin?
Izango da progrea erretzea gobernuak debekatu duelako? (Argudio nahikoa izango da hori gertaera bat ontzat emateko?)

Agian gobernuaren kontrako errebeldia moduan ulertzen da inplizitoki. Horrek azalduko luke isiltasuna; ea nor ausartzen den ez-nahiko-progre moduan agertzen horrelako ingurune batean…

Finean, egonezin partekatu hori ez dugu hitzetara eramaten. Hori eta zenbat gauza gehiago?

Ni ere erretzailea naiz. Tabakoa duela 15 urte utzita, baina ziur aski erretzailea betirako, grinak hor dirau eta. Oraindik disfrutatzen dut norbaitek botatako ke bafada bat heltzen zaidanean kalean. Kalean diot, ez lokal itxi batean. Argitu behar dut ez nagoela lokaletan drogak kontsumitzearen kontra, nigan eraginik ez badu, noski. Garagardo bat hartzea, garagardo batzuk hartzea, tripi bat jatea, tripi batzuk jatea… Erretzeak, baina, inplikatu egiten nau. Ez dut ondo hartzen bi arrazoirengatik: 1) fisikoki nigan azaldu ditudan ondorioak dauzkalako eta 2) gogorarazten didalako pertsona batzuen gogoa ez dela adierazten ari, agian ez dela kontuan hartzen ari, eta horrek zer pentsatu ematen dit foroaren izaeraren inguruan.

Redio, izango al da ez naizela nahiko progrea?

(Nire lehengusinak horixe bera dela dio, zertarako galdetuko dut).

Esta entrada fue publicada en anitzak y etiquetada , . Guarda el enlace permanente.

7 respuestas a Ba al da progrea lokal alternatiboetan erretzea?

  1. Batek daki dijo:

    Erabat ados!!! behin baino gehiagotan komentatu dugu bikote kideak eta nik gauza berbera!

    Erretzailea izan naiz urte luzez, orain gutxi utzi dudan arte. Tabakoaren legea indarrean sartu aurretik leku itxietan (normalean) ez nuen zigarrorik erretzen (salbuspena ziren iadanik ondo keeturik zeuden lekuak, adibidez tabernak gaueko ordu txikietan) eta arrazoia oso ximplea zen: umea nintzenean zigarroek ematen zidaten nazka gogoratu eta gainerakoei gauza berbera ekiditea nuen helburu.

    Eta zuk aipatzen duzun fenomeno hori oso zabalduta dago: txokorik alternatiboenetan erretzen da gehien, Gobernua izorratzeko aitzakian edo ustean albokoak izorraraztea “progrea” bihurtu delarik.

  2. ikasares dijo:

    Aupa amelia eta besteak!

    Gai potoloa aukeratu duzu, bai horixe!, baina behingoz jorratu behar den horietakoa. Sarritan bizi izan ditut aipatu lako egoerak. Maiz, erretzailea nintzalarik alderdi aktiboan, eragiten; askotan erretzeari utzi nionez geroztiz (ia 20 urte jada erre barik, ai ene!) alderdi pasiboan, jasaten.

    Gaiak gutxienez bi berbagai dakarzkit: bata, zuk hautatua, bestearekiko begirunearena; bestearekiko, giro “aurrerakoietan” izaten den gehiegizko polikontsumoa, eta honen adar ugari.

    “Progrea” ote den ez dakit, hitz horri zein zentzu ematen diogun. “Progre” etiketadun askoren jokaera bai izaten da ordea. Zapaltzailea ere badela ziur naiz, beste bati kalte eragiten baitio norberaren jarduera horrek, beste batenganako errespetua ukatzen duelako. Ez dut dudarik honetaz.

    Hori bai, zerbait esanez gero, “palero”, “pureta”, “cortarrollos”… eta are “zapaltzaile” (itzela azken hau) ere bazarela entzun beharko duzu ia-ia ziur. Pentsa, beste gai batean (ekonomian kasu), honela (hots, beraren nahia asetzearren besteak izorratzea) jokatzen den jendeari buruz zer esaten dugu? norberaren askatasunaren inguruan badugu zer gogoetatu, ezta?

    Beste kontu bat da, gizartea aldatu nahi dutenek, botere handi bati aurre egin nahi diotenek izatea, hain zuzen, botere horren nahirik nagusienetako bati itsu-itsuan jarraitzea. Eta, noski, ez naiz ari legezko zein legez kanpoko drogen kontsumo itzelaz soilik, baita bestelako kontsumo konpultsiboez ere (teleistaren aurrean, kirolean, sexuan,erosketetan, jatean,…), geure burua edo-eta gorputza zisko eginda uzten dituzten jarduera horiez guztiez. Zein izen eman behar diogu honi?

    Honetaz gogoeta sakona eta gordina egin behar dutelakoan nago, puritanismo hipokritarik gabe, baina zorroztasun eta zintzotasun handiaz. Zoritxarrez ez dut ikusten honetarako asmo handirik, eta aspaldiko ikuspegi ustelak bere horretan dirau: “eh txo/ño, hau guay da!”

  3. aupa: ez dut uste potoloa denik gai hau. errespetua da gakoa. kitto. norbaitek koka sudurretik sartzen badu, bere baitan nabarituko du eragina. ni aldamenean egonik ere, ez dut deus igarriko, ezpain artean dagoen mugimendua kenduta, eta abar.

    egun, erretzaile artean, errespetu falta ERABATEKOA dago. inor ez du galdetzen, adibidez eta esaterako: barkatu, erretzen badut hemen arazoa da zuendako? sekula santan. de facto, hasten dira, eta zuk zerbait erraten badiezu kalapita lortua dago. bereziki alternatiboak diren eremuetan, mekauendiosylaputavirgen, pentsatzen dut nik, hortaz. errespetua ez badago, akabo konbibentzia. ni ez nago prest bertze behin kea arnasteko. gutxiago militatzeagatik, preso dagoen lagun baten bazkariagatik, san ferminak direlako( erretzen ez dugunok ez dugu ongi pasatzeko eskubiderik? oxtia!) eta abar. Urte luuuuuzean arras normala zen bliera batean denok erratzen egotea. eta gu izorratuta, ondo gainera. normala zen aita zure aitzinean eseritzea gailetak eta kolakao gosaltzen ari zinen bitartean dicados ahoan zuela. ezin izan dut ekidin une/ egoera horiek. baina egun, pikutara joan bitez tabernetan erretzen dutenak. pikutara edo kalera. aski da!!!!

  4. belen dijo:

    zuk, erretzen zenuenean, inguruko jendea kontuan hartzen zenuen? tabernetan erretzen zenuen? bileretan? lehen ere ez erretzaileek berdin sufritzen zuten?
    Progrea al da purustada hau guztia hemen botatzea bileretan gaia serio planteatu ordez?
    Errealitatearen hamaika erpin zorrotz aztertzeko prest zaude gai honetan izan ezik?

    • Aupa Belen:

      ez zaitut ezagutzen, eta uste dut agian hobe dela zu ez ezagutzea. ni ere ez nauzu ezagutzen, bistan da. hasiko naiz.

      Sekula ez dut erre. baina tamalez, urte luuuzeetan erretzaileak pairatu, nozitu ditut, bileretan, tabernetan( normalean lehenago joaten nintzen etxera, agobiatuta eta abar). ez dakit progea den ala ez hemen bota dudana, baina hauxe da atera dena. kokotaraino nago. ez dago DEUS eztabaidatzeko. leku publikoetan ezin da erre, eta bertzeetan planteatu beharko litzateke. normalean erabakita ere ez da errespetatzen. Iruñeako peñaren bat aipa dezaket. hauxe da ERREalitatea, erreta gaudenedako.

  5. abarquin dijo:

    Eskerrik asko denoi komentarioengatik. Batek daki, Ikasares eta Hermann Datariren iritzietan konfirmatzen dut egonezina hor dagoela, ez dela paranoia pertsonal bat. Belen, zure galderak txintxo erantzungo ditut:

    -Duela 15 edo 17 urte, nik erretzen nuenean, leku guztietan erretzen genuen erretzaileok, eta nik ere bai. Garai horretan ez erretzaileek are gehiago sufritzen zuten. Kontzientzia askoz gutxiago zegoen gaur baino, eta nik ere oso gutxi neukan. (Kenduko dit horrek orain gaiaren inguruan zerbait esateko zilegitasuna?).

    -Nire “progrea” izatearen inguruan nire lehengusinak ere zalantza sendoak dauzka.

    -Nire etxean/blogean egin dut gogoeta hau. Beste leku batzuetan ez naiz ausartu eta ikusten dut beste batzuei antzeko gertatzen zaiela. Ez hori ez beste gauza batzuk esaten, ez da kontu bakarra. Baina nork uste du talde edo bilera “alternatibo” batean dena esatea edo eztabaidatzea posible/erreza denik? Taldeetan harremanak tartean daude, botere harremanak ere bai, ohitura batzuk, balio inplizito batzuk, batzuen adierazteko estiloak, norberaren irudia kudeatzeko beharra… Hamaika faktore, kideen elkarrekintzan eragiten dutenak.

    Nire post hau ez da analisi sakona, baina agian gaiak ganorazko analisi bat mereziko luke. Bilera batean 20 pertsona baldin badaude, kea gutxienez pertsona batentzat desatsegina/kaltegarria dela irudikatzea hipotesi esajeratua da? Bat baino gehiago izango dira eta badakigu, ezta? Eta zer egiten dugu horrekin?

    • Uxue dijo:

      Kaixo,

      Pilo bat eskertzen dizut gai hau plazaratzea. Ni ez naiz inoiz erretzailea izan, eta betidanik keak kalte haundi eragin dit. Nire esperientzia giro ezkertiar-solidario-bestelako mundu baten aldekoetan gogorra izan da, tabakoaren harira. Ez erretzeko eskatzera ausartu naizen bakoitzean, tentsioa nagusitu da, eta zigarroa(k) itzali badituzte ere, beste moduko ke desatsegina gelditu da airean. Lege aldaketarekin, neurri batean, gauzak asko hobetu dira. Aldi berean, esparru autogesionatuetan (gaztetxeak, soziedade gastronomikoetan…) nire burua egoera zailago batean ikusi dut, gehiengoaren (demokrazia?) erabakia baita erretzea baimentzea. Esan bezala, batzuetan amore eman, besteetan ahotsa altxatu ta nire gaizkiegotea azaldu dut; guztietan, deserosotasuna, mundua nola hobetu hausnartzen dugun bitartean…ekintza kolektiboaren bidez!!

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s