Instalazio ederrak Logroñoko piszinakoak: txiribuelta askoko hiru txirrista erraldoi, aldagela garbi eta erosoak, bazkatzeko gogoa ematen duen belardia, itzal ederra eskaintzen duten zuhaitzak… Eta hainbat ordutan zehar, bozgorailu guztietatik, Los Cuarenta Principales. Rhianna, Justin Bieber, Katy Perry, Lady Gaga eta abar. Ez oso baxu, hor geunden den-denok ondo entzun genezan. Siesta orduan ere bai, aikejoderse.
Ez da lehenengo aldia behartuta sentitzen naizela musika entzutera, eta Gasteiztik bertatik atera gabe. Ez naiz hitz egiten ari taberna batez edo diskoteka batez, non, nik nahi badut, hanka egin ahal dudan. Inposaketa urrutira heltzen da: osasun sistema publikoan ere egokitu zait niretzat desatsegina den musika agoantatu behar izatea! Alde Zaharreko anbulatorioan Kiss FM jartzen digute, egun osoan zehar, gure txandaren zain gauden gaixooi. Bai, ondo irakurri duzu, Kiss FM. Ez naiz ni anbulatorioan musikarik ez jartzeko formalki eskatu duen bakarra, behin baino gehiagotan (eta alferrik, esan gabe doa). Beste adibide bat: kimioterapiaren tratamendua jasotzeko Txagorritxun dagoen egongela handian ere Los Cuarenta Principales suertatu zaizkit beti (hor, baina, ez nuen eskaera formalik egin, beste kontu batzuekin nahiko entretenituta nengoen eta). Onkologiako itxaron-gelan ere, telebista piztuta eta Antena3 jarrita aurkitu dut behin eta berriro (eta Hola eta Semana aldizkari ugari mahaitxo batean). Nire lehengusinak komentatzen dit Salburuako psikiatria moduluan ere irrati-formula ipintzen dutela inolako gupidarik gabe. Ez dago ihesbiderik!
Bi kontu ez ditut ondo hartzen. Alde batetik, ni musika entzutera behartzea (gure garai honetan, gainera, non edozeinek eraman ahal duen aurikularrak dauzkan musika-makinatxo bat, nahi badu). Beste aldetik, musika mota: irrati-formula komertzialenak, estilo hori denon gustukoa izango balitz bezala.
Hori dauka mainstream musikak, musikaren industria hegemonikoak ekoizten duenak. Hegemonikoa den guztiak “naturala” dirudi, zentzuduna; gure bizitzaren partea da, gehienek onartzen dute eta ia inkontzienteki eta kritikarik gabe jarraitzen dute eta transmititzen dute (talde menperatzaileen interesak elikatzen laguntzeaz gain). Alegia, normaltzat hartzen dugu musika industrialarekin leku guztietan matraka ematea.
Senideekin eta lagunekin gaia komentatzean, denetariko iritziak entzun ditut. Kopetaraino daudenen eta gustura hartzen dutenen artean, batek zer pentsatua eman dit: musikak giroa alaitzeko duen gaitasuna kontuan hartu behar da. Nago, argudio hori osasun zentro batzuetan irrati-formulak jartzeko arrazoien artean egongo dela; eta piszinetan eta horrelako lekuetan ere bai. Gurasokeria (eta, ondorioz, infantilizazio) puntu bat badauka kontuak, nire ustez. Badirudi “alaitu” behar gaituztela, guk nahi ala ez; gure denbora entretenimendu arinez bete behar dutela. Aber, alaitzaile horiek: ea dekretoz poztu behar garen zuek esaten duzuenean eta zuek nahi dituzuen produktuekin.
Musika zalea banaizela azaldu beharko dut? Bai, banaiz, baina nahi nuke neuk aukeratu noiz entzun, eta baita ere zer entzun. Isiltasuna, bestalde, maitagarria iruditzen zait. Azpiestimatua dago gure egun hauetan, tamalez.
Eta zuri, irakurle hori? Non eta noiz tokatu zaizu inolaz ere aukeratuko ez zenukeen musika entzun behar izatea?
Amelia, ozenago esan daiteke, argiago ez!
Guztiz ados zurekin.
Mila esker.
Pruden
Niretzat okerrena autobus bidaietan futbol partida dagoenean gidariak irratia super altua jarrita eramatea izan da
+ 1
Reblogueó esto en egunsentiederra.
Aupa Amelia! Ba erropa dendetan. Gustoko musika den edo ez konturatu baino lehen bolumenak ematen dit kriston atzerakoa eta behin baino gehiagotan atera izan naiz kanpora bi pauso eman eta gero.
Autobuseko irratia izugarria izan daiteke, bai. Garai batean telebista ere asko jartzen zen autobuseko bidaia luzeetan, eta Frankfurt-Gasteiz bat gogoratzen dut non gidariak Alfredo Landaren pelikula bat jarri zigun, eta horren ondoren, berak telebistatik grabatutako zezenketa saio bat.
Arropa dendetakoa potentea da, Olatz, ados nago. Hango langile batzuek ez dute ondo pasako jarduera osoa txunda-txunda horrekin, askotan pentsatzen dut horrelako dendetan.
Beste atal bat izan daiteke pantanora/hondartzara/igerilekura denontzako musika ekartzen dutenena. Atzo bertan alboko gazteek regetoia gurekin partekatu zuten guk eskatu gabe.
Nahi gabeko musikarenari (hau nahigabea!) telebista katearena gehituko nioke. Haginlariarenean itxaron-gelan nagoen bakoitzean, telebista egoten da piztuta. Eta beti-beti (beti!) piztuta dagoen katean «Sálvame» ari dira ematen. Eta horixe datorkit niri gogora: Salba nazazu, arren, tortura honetatik!!
Niri ere gertatu zait leku publiko batetara joatea eta muskia entzutea, usu musika komertzialak dira. Nik usaian entzuten ez ditudanak… Bakoitza bere gustuak!!
Zurekin arrunt ados naiz, musika edozein lekuetan inposatua zaigu. Niri ere gustatzen zait isiltasunean egotea, bistan dena ez beti. Bainan osasun leku batetara joaten baldin banaiz eta eri baldin banaiz gehienetan ez dut deus entzun nahi salbu isiltasuna! Azkenean edozein lekutan arrabotsa inposatzea, ez dut uste jendea lasaitzen duenik. Niri ere musika behatzea gustatzen zait baina hautatu dudana eta nahi dudan mementoan.
Bestalde beste zerbait gehituko nuke nere ustez arazo berdinak pizten ahal dituenak: telebista. Orain edozein tabernetan edo jatetxeetan telebista atxeman daiteke! Iduri du ezin dela hori gabe bizi! Ez naiz telebistazalea baina hala ere nere ondoan bat piztua baldin bada ni besteak bezala erakarria naiz .
Orroitzen naiz arrtas batez nere mutil-lagunarekin jatetxe batetara joan ginela elkarrekin memento gozo baten pasatzeko. Telebista bat bazen pizturik. Afariaren denboran ohartu ginen kasu egin gabe telebistak erakartzen gintuela! Biziki txarra atzeman nuen gure apairu gozoan telebista gure mahaian gonbidatu zelako! Geroztik jatetxe batetara sartu aintzin telebista bat badenez ala ez so egiten dugu.
Hala, espero jendea gauza horietaz konzientzia hartuko duela egun batez baina ez sobera berant!!
Ados esaten duzun guztiarekin, M-C. Azken aldi honetan soinua eta irudiak inposatzen zaizkigu toki askotan, errealitate arruntak eta isiltasunak baliorik ez balute bezala eta estaliak izan beharko balira bezala. Estimuluen garaian bizi gara (gure umeak noraino dauzkagun hiperestimulatuta begiratzea besterik ez dago), eta badirudi estimulu horiek leku guztietan eskeini behar zaizkigula helduoi ere, ea bestela aspertuko garen, tristetuko garen… Horren kontzientzia hartzeko premia aipatzen duzu. Uste dut urrun gaudela. Eskerrik asko zure gogoeta partekatzeagatik.